Ekonomia euskal lurraldeetan Aro Modernoan: nekazaritza

Nekazaritza-arloan, euskal lurraldeetako eremu atlantikoan gehien lantzen ziren landareak garia, artatxikia, sagarra eta barazkiak (batez ere baba eta ilarra) ziren. Garaiko teknikekin nekazarien produkzio-ahalmena mugatua zen eta ekoizpena errentak ordaintzera eta autokontsumora bideratuta zegoen nagusiki. Eremu atlantikoan nekazaritza-jarduerak, nagusiki baserrietan gauzatzen ziren. Euskal lurraldeetako alde mediterraneoan gari, garagar eta mahastien artean banatzen ziren lurrak.

Aro honetan garrantzi handia izan zuten Amerikatik ekarritako labore berriek: patata, artoa, tomatea… Nahiz eta XVII. mendean ia Europa osoan demografia eta ekonomia geldialdia gertatu, euskal lurraldeetan eragin txikiagoa izan zuen krisiak, funtsezkoa gertakari batengatik: artoaren iraultza. Artoak alde on nabarmenak zituen:

– Landatutako hazi bakoitzak errendimendu handia zuen: gariarena halako hiru.

– Lurrera egokitzeko ahalmenari esker, landutako azalera handitu egin zen; izan ere, beste zereal batzuk landatzeko egokiak ez ziren lurrak erabil zitezkeen

– Artoak lugorria pixkanaka desagertzeko aukera eman zuen. Artoaren eta gariaren arteko txandaketari esker, urtean bi uzta zituzten euskaldunek: bata, gariarena, eta bestea, artoarena.

Nekazaritzarekin oso lotua zegoen abelazkuntza. Kostaldean behiak eta idiak nekazarien laboreei lotuak zeuden: lurra lantzeko erabiltzen ziren, egur-ikatza edo mea garraiatzeko… Lan horiek betetzeko gauza ez zirenean, gizenduz, haragitarako erabiltzen ziren.

Aro Modernoko kultura eta filosofia-mugimenduak: ilustrazioa euskal lurraldeetan

Ilustrazioak euskal lurraldeetako kulturan eta garapen orokorrean eragin handia izan zuen. Hemengo historian, aurreneko aldiz, zenbait pertsonak zalantzan jarri zuen elezahar eta tradizioetan oinarritutako kultura, eta logika eta arrazoimena lehenetsi zituzten, garapen zientifikoari garrantzi handia emateaz gain. Dena den, biztanle gehienek eta elizak tradizioari heldu zioten; izan ere, elizak arrazoimena fedezko sinesmenaren aurkako mehatxua zela uste zuen.

Euskal lurraldeetako Ilustrazioaren pertsonarik garrantzitsuenetakoa Frantzisko Xabier Maria Munibe izan zen; Peñafloridako kondea, alegia. Haren jauregian, zenbait ilustratu (Azkoitiko Zalduntxoak) biltzen zen, eta, 1765ean Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten. Elkarte horren helburuak honako hauek ziren:

– Kultura eta artea sustatzea.

– Zenbait ohitura zuzentzea eta ezjakintasuna deuseztatzea.

– Hezkuntzaren bidez, aurrerapen teknikoak eta zientifikoak sustatzea.

– Nekazaritza, industria eta merkataritza garatzea.

– Euskal Herriko probintzien arteko lotura estutzea.

Bergarako Errege Mintegia euskal lurraldeetako prestakuntza humanistikoa eta goi-mailako prestakuntza teknikoa emateko sortu zen Ilustrazioaren garaian. Besteak beste, Fausto eta Joan Jose Elhuyar anaiak aritu ziren han irakasle. Anaia horiek wolframa aurkitu eta kobrea lortzeko prozedurari buruzko ikerketak egin zituzten.

Aro Modernoko kultura eta filosofia mugimenduak: ilustrazioa

XVIII. mendea Argien Mendea edo Ilustrazioaren garaia izan zen. Ilustrazio hitzaren bidez, ezaugarri nagusitzat giza arrazoimenaren boterearen sinestea zuen joera filosofikoa deskribatzen zen. Intelektual ilustratuek adierazten zuten, gizartearen funtzionamendu ona eta gizakiaren zoriona lortzeko, arrazoiaren arauek zuzendu behar zutela gizakiaren bizitza.

Politikaren arloan, ilustratu gehienak absolutismoaren aurka zeuden, baina uste zuten herria ez zegoela bizitza politikoan parte hartzeko moduan. Formula politiko honi Despotismo ilustratua deitzen zaio. Despotismo ilustratuaren planteamenduak ezin hobeto laburbiltzen ditu esaldi honek: Dena herriarentzat, baina herririk gabe.

Aro Modernoan erlijio-sinesmenak: katolikoen eta protestanteen arteko desberdintasunak

Katolikoen eta protestanteen arteko desberdintasunik handienak, doktrinari (sinesmenaren oinarriak), kultuari (ospakizunak) eta antolaketari zegozkion.

  KATOLIKOAK PROTESTANTEAK
DOKTRINA Salbamena fedearen eta ekintza onen bidez lortzen da. Salbamena fedearen bidez soilik lortzen da.
  Zazpi sakramentu: bataioa, jaunartzea, aitortza, sendotza, ezkontza, apaiztea, oliadura Bi sakramentu: bataioa eta jaunartzea
  Ama Birjina eta santuak gurtzea Fededunek ez dute ez Ama Birjinarengan ez santuengan sinesten
KULTURA Meza da ospakizun nagusia. Mezaren ordez, Biblia irakurtzen da, sermoiak eta kantuak.
  Elizkizun handiak Ospakizun xumeak
  Elizkizunak elizetan egiten dira, aldarea buru dela. Irudiak gurtzen dira. Ospakizunak tenplu soiletan egiten dira, aldarerik eta irudirik gabe.
  Kultua apaizen eskuetan dago eta ezkongabe egon behar dute. Artzainek fededunak gidatzen dituzte eta ezkon daitezke.
ANTOLAKETA Erromako aita santua elizako buruzagi nagusia da. Ez zaio aita santuari men egiten.
  Eliz hierarkia handia dago (apezpikuak eta kardinalak). Ez dago ez apezpikurik ez kardinalik.

 

Aro Modernoan erlijio-sinesmenak: Kontrarreforma katolikoa

Erreforma protestantea Europan oso azkar zabaltzen ari zela ikusita, agintari erlijiosoek hura geldiaraztea erabaki zuten. Horretarako, bi bide aukeratu zituzten: batetik, protestanteei jazartzea, eta bestetik, eliza bera berritzea.

Elizako sinesmenetatik urruntzen zirenei jazartzeko, aita santuak Inkisizioa berrezarri zuen 1542an, Italian eta Espainian batez ere. Inkisizioa eliz auzitegia zen, heretikoak harrapatzeko eta zigortzeko.

Elizako hierarkiak elizaren barnean berrikuntza mugimendua sustatu zuen; horri Kontrarreforma esaten zaio. Elizako akatsak zuzentzea zuen xede eta, batez ere, fede katolikoaren sinesmen arauak babestea. Trentoko kontzilioak finkatu zuen Kontrarreforma; bilkurak 1545etik 1563ra egin ziren.

Kontzilioak doktrina katolikoaren dogma edo oinarrizko sinesmen nagusiak berretsi zituen. Fedea garrantzitsua zela aldarrikatu zuen, baina salbamena ekintza onen bidez ere lortu beharra zegoela. Horrez gain, elizako administrazioa eta diziplina berritzeko borondate garbia ere azaldu zuen. Horrela, hainbat neurri hartu ziren: induljentziak saltzea debekatu zen, apaizgaitegiak sortu ziren, apaizen prestakuntza egokia ziurtatzeko; apaizak bizitza eredugarria eramatera eta zelibatoa gordetzera (apaizak ezkontzea ez zuten baimendua).

Kontrarreformako ideiak hedatzeko ordena edo talde katoliko berriak sortu ziren; esaterako, Jesusen Lagundia, San Ignazio Loiolakoak 1537an sortutakoa.

Aro Modernoan erlijio-sinesmenak: Erreforma protestantea

Zenbait pertsonek abusuzko jarrera haiek guztiak kritikatu eta benetako erlijio-sinesmen baten alde egin zuten, Bibliaren irakurketan oinarrituta. Testuinguru horretan, 1517an, Martin Luther eliza kritikatzen hasi zen, doktrina edo sinesmen katolikoa eta elizako hierarkia salatuz. Luther-en Erreformak funtsezko hiru oinarri zituen: fedeak ekarriko du salbamena eta ez ekintza onek; apaizgo unibertsala eta Bibliaren autoritatea. Beraz, fededun bakoitza bere buruaren apez izango da eta bere kasa interpretatuko du Biblia, kontzientziaren arabera, elizaren interpretazioari men egin beharrik gabe. Luther-ek hedatu zuen protestantismoa. Eta bere ideiak azkar zabaldu ziren Alemanian, Suedian, Danimarkan, Norvegian, Herbehereetan, Ingalaterran eta Suitzan.

Aro Modernoan erlijio-sinesmenak

Erdi Aroaren bukaera aldean, gizarteko talde askotan nola halako haserrea zegoen, elizak hartua zien ibilbideak eraginda. Hainbat arrazoik eragin zuten haserre hura:

– Elizako goi-hierarkia neurrigabeko luxuz bizitzeak.

– Eliz karguen salerosketak, ez erlijio sinesmenak eraginda, diru irabaziak lortzeko baizik.

– Bekatuen barkamena diruz lortu zitekeen (bulda eta induljentzia agiriak erosiz).

Testuinguru horretan, XVI. mendean, eliza katolikoa aldatzeko Erreforma protestantea mugimendua sortu zen. Eta horri aurre egiteko XVI. mendearen erdialdean sortutako Kontrarreforma edo eliza katolikoak garatutako barne-erreforma.

Aro Modernoko gizarte-antolamendua: hirugarren estamentua

Oso gizarte talde desberdina zen. Talde horretan sartzen ziren, adibidez, bai burgesik aberatsenak, bai nekazaririk apalenak. Ezaugarri hauek zituzten den-denek: ezin zuten kargu politikorik izan; ez zuten inolako pribilegiorik; eta estatuko ia gastu guztiak haien zergen bidez ordaintzen ziren. Hirugarren estamentuaren barruan, goi-burgesia talde berezia zen: burges garrantzitsuenek osatzen zuten, eta eragin handiko oso talde boteretsu bilakatu zen. Kasu batzuetan, nobleziaren parekoa izan zela esan daiteke.

Merkataritzak eta hiriak handitzeak burgesiaren eragina hazi egin zuen. Bereziki Europa iparraldean, baina baita Euskal lurraldeetan ere, artisau eta merkatarien kopuruak eta garrantziak gora egin zuen. Talde horretan sartzen ziren, aipatutakoaz gainera, bankariak, lantegi-jabeak, inbertsiogileak, errege etxean administrari-lanetan zihardutenak, legegizonak… Burgesiari dagokionez, batzuetan emakumeak ere aritzen ziren jarduera zehatz batzuetan, adibidez, oihalgintza eta garraio-lanetan. Horiekin batera aipatzekoak ziren, alargundu ondoren haien senar ohien lanbideekin jarraitu zuten emakumeak.

Mendeek aurrera egin ahala, bi gauza eskatu zituen burgesiak: batetik, nobleziaren pribilegioak ezeztatzea; eta bestetik, beraiek bizitza politikoan parte hartzeko eskubidea izatea. Burgesia botere ekonomikoaren jabe bihurtu zen hainbat gunetan, baina, hirugarren estamentukoak zirenez, herrialde gehienetan burgesek ez zituzten hainbat kargu eta pribilegio jaso. Dena den, noble txirotuekin ezkonduz edo erregeari, diru-beharrean zegoenean, tituluak erosiz, noble bihurtu ziren asko eta asko.

Baina hirietako biztanle gehienak behe-mailako eskulangileak ziren.

Nekazaritza zen ekonomiaren oinarri nagusia, eta lurraren jabetza gizartea antolatzeko irizpide nagusietakoa. Bestalde, iraupen-ekonomiaren barruan nekazariek zuten egoera oso desberdina zen lur-jabea, maizterra edo jornaleroa izan. Europako lurraldeetan, lurren jabetza oso esku gutxitan bilduta zegoen; noble eta erakunde erlijiosoen eskuetan gehienbat, baina euskal lurraldeetan batez ere, lurren jabetza oso sakabanatua zegoen. Batzuk lur-jabeak ziren eta besteak maizterrak.

Lur-jabe ugari egoteak lurren hedadura txikia izatea eragin zuen. Horrek bi ondorio izan zituen: alde batetik nekazari haiek beste jarduera batzuekin osatu behar izatea haien jarduerak (burdinoletan, adibidez). Eta bestetik, maiorazkoaren sistemaren bidez lurren jabetza gero eta esku gutxiagotara biltzeko joera. Nekazari maizterren egoera, bestalde, okertu egiten zen krisi garaian, presio handia egiten zietelako lur-jabeek, jauntxoak oro har, errentak igota.

Horren guztiaren ondorioz, nekazari askok emigratu egin behar izaten zuen, Amerikara, Iberiar penintsula erdialdera, hirietara… Era berean, egoera okertze horrek XVII. mendean matxinada ugari eragin zituen.

Aro Modernoko gizarte-antolamendua: kleroa

Kleroak, nobleziak bezala, gizarte-maila pribilegiatua zuen. Estamentu horretako jendeak, nobleziak bezala, zerga-salbuespenak zituen, bai eta abantaila judizialak ere; esate baterako: epaiketa eta auzitegi berezietarako eskubidea zuten. Baina alde handia zegoen goi-kleroaren (apezpikuak, artzapezpikuak, kardinalak, etab.) eta behe-kleroaren (fraideak eta erretoreak) artean. Goi-kleroa familia nobleetako edo familia aberatsetako pertsonek osatzen zuten. Behe-klerokoen bizitza-baldintzak, aldiz, herri xehearen baldintzen antzekoak ziren.

Apaiz gehienak nekazariek ordaindutako hamarrenetatik bizi ziren. Euskal lurraldeetan behe-kleroa maiz jauntxoen mende egoten zen; izan ere, askotan, nobleak ziren eliza edo ermiten jabeak, eta hamarrenak jaso eta soldata ordaindu ohi zioten apaizari.