Ekosistemak galtzea: ozeanoak

Gaur egun, munduko arazo orokorretako bat da ekosistemak suntsitzen ari direla: basoak hondatzen ari direla mota guztietako azpiegiturak (etxebizitzak, errepideak, industriarako lurrak…) eta bestelako ekintzak egiteko (nekazaritza…); kostaldeko ekosistemen suntsitzen ari dira (dunak, estuarioak…); eta ozeanoen eta itsasoen etengabeko kutsadura prozesua areagotzen ari da.

Guztiak oso kezkagarriak dira, bereziki, ozeanoen egoera, itsasoaren eta biziaren arteko harremana funtsezkoa baita. Ozeanorik gabe, gure planeta materia hila litzateke. Ozeanoek biosferaren % 70 baino gehiago hartzen dute, gure baliabide naturalen % 70 baino gehiago itsasoetan daude eta populazioaren bi heren kostaldetik gertu bizi dira.

Herrialde askok itsasoarekiko mendekotasuna dute, arrantzatik, itsas merkataritzatik edo turismotik bizi direlako, neurri handi batean. Gainera, ozeanoek atmosferarekin batera klima erregulatzen dute eta oreka galaraz dezaketen aldaketak (naturalak eta gizakiak eragindakoak) arintzen laguntzen dute.

Badirudi ozeanoak beti berdin irauten duten piztia erraldoien modukoak direla, aldaezinak. Baina, astiro bada ere, erabilera desegokiaren eta gehiegizkoaren lehenengo ondorioak antzematen hasi dira, eta ozeanoetako hainbat lekutan egiten ari diren azterketen emaitzak ez dira batere lasaigarriak.

Seinale edo sintoma aipagarrienak hauek dira: kutsadura areagotzea, lehen ugariak ziren hainbat arrain-sarda urritzea, itsas azaleko tenperaturaren igoera, ekaitzak ugaritzea… Eta giza jarduera kaltegarriek eragin dituzte gehienetan horiek.

Izan ere, ozeanoak diru-iturriak dira, etekin handiak ematen dituzten iturriak. Munduan hiru milioi itsasontzi inguru dabiltza arrantzan, urtean 90 milioi tona arrain harrapatzen dituzte, eta, arrantza-gune nagusietako % 70 neurriz gaindi ustiatu dituztenez, agortzeko arriskuan daude. Urtean 27 milioi arrain hil botatzen dira itsasora, saltzeko txikiegiak direlako, arrain gehiegi harrapatu dutelako edo harrapatu dituzten lekuetan jan ohi ez dituzten espezietakoak direlako. Gainera, arrasteko teknika batzuek itsasoaren hondoa suntsitu dute. Sare pelagikoek eta bolanta-sareek itsasoko animalia handiak akabatzen dituzte, eta, horren ondorioz, babesa behar duten espezieen kopurua ugaritu da, hau da, gero eta espezie gehiago daude desagertzeko arriskuan…

Hala eta guztiz ere, arrantza ez da ozeanoen aurkako mehatxu bakarra; oso kontuan hartzekoa da uretara isuritako hondakinek eragiten duten kutsadura. Petrolioa, esate baterako, itsasoen etsai handienetakoa da. Itsasoetan eraikitako plataforma handiek ikaragarri kutsatzen dute ozeanoa, itsasontziek ere bai, eta petroliontzien istripu larriek are eta gehiago belzten dituzte ozeanoak. Horiez gain, militarren saio nuklearrek erradioaktibitatea hedatu dute Atlantiko iparraldean eta Ozeano Barearen hegoaldean. Gainera, hondakin nuklearrak itsas hondora botatzen dira. Ez da harritzekoa, beraz, ozeanoak hondamendiaren lehen sintomak azaltzea, Greenpeace erakundeak salatu bezala.

Garbi dago, gizakiak ozeanoei eragindako kalteei aurre egiteko zerbait egin beharra dagoela, eta azkar. Itsasoaren Legediari buruzko Nazio Batuen Konbentzioa 1994an jarri zen indarrean, eta arau zehatzak jaso zituen (itsasketa-eskubideak, itsas eremuen mugak, itsas ingurumenaren babesa, jurisdikzio ekonomikoa…), baina ez zituen ozeanoren iraupena ziurtatzeko aginduak eman. Horregatik, Unesco erakundeak eta Nazio Batuen Asanblada Nagusiak behin baino gehiagotan oharrarazi dute ozeanoetako baliabideak ugariak bai, baina mugatuak direla, ozeanoen egoera kezkatzekoa dela eta datozen belaunaldiek erabili ahal ditzaten zaindu behar ditugula.

Suteen ondorioak

Ikerketek eta datuek azaltzen dutenez, suteak gertatzeko arriskua ez da berdina baso mota guztietan, zenbait baso eta landare-espezie beste batzuk baino sarriago erretzen dira (esate baterako intsinis pinua Pinus radiata).

2015 urtea ARABA BIZKAIA GIPUZKOA NAFARROA
Hektarea bat baino gutxiagoko sute kopurua 19 49 18 343
Hektarea bat baino gehiagoko sute kopurua 2 24 14 101
Suteak hondatutako basoak (ha) 3,56 204,82 90,83 434,80
Suteak hondatutako sastrakadiak (ha) 1,99 214,82 179,58 290,85

Taulan ikus daitezke Nafarroako datu kezkagarriak. Lurralde honetan 2015. urtean, suteek, baso guztien % 0,103 hondatu zuten; Bizkaian berriz, baso guztien % 0,064a. Penintsulako hainbat zonatako datuak are kezkagarriagoak dira: Galizian, baso guztien % 0,322 hondatu zen, eta Extremaduran % 0,527.

Penintsulan gertatu diren suteen jatorria aztertu da, eta hurrengo taulan gizakiek eragindakoak nork sortu dituen ikus daiteke laburbilduta:

NORK SORTU DITUEN HONDATUTAKO AZALERA (ha)
Interesa duten pertsonak 144.745
Interesa duten pertsonak 53.636
Zuhurtziagabeko nekazaritza-lanak 95.636
Zuhurtziagabeko abeltzaintza-lanak 182.393

Sute batean basoa bera, eta, horren ondorioz, baso horren ematen dizkigun ondasunak ere galtzen dira (janariak, zura, erretxinak, kortxoa, karbono zikloan CO2-aren hartzaile gisa duen eragina, kultura-ondarea…). Halaber, lurzorua babesik gabe gelditu, eta errazago higatzen da; beraz, desertifikazio-prozesua hasteko arriskua izan daiteke.

Baso-suteak murrizteko zenbait neurri

Hori ikusita, oso garrantzitsua da denon artean, eta Administrazioen laguntzaz, basogintza egokia bultzatzea sute-arriskua murrizteko, ahal den neurrian, eta biztanleriak arazo honi buruz jarrera arduratsuagoa hartzea. Izan ere, suteek eragindako kalte ekologiko ikaragarriez gainera, diru-galerak eta basoak birlandatzeko diru-inbertsioak oso handiak dira.

Kalteak ekiditeko edo murrizteko, aurreikuste-, iragartze- eta detektatze-neurriak egoki gauzatuz, neurri handi batean suteen arazoa gutxitu daiteke:

  • Aurreikustea: hiritarrak informatzea eta heztea, ezusteko suak ekiditeko; orbelak eta pinaburu lehorrak murriztea, suebakiak sortzea; eta arduratsu jokatzea, esate baterako, horretarako prestatuta ez dauden lekuetan suri ez eginez…
  • Iragartzea: zer arrisku-zona dagoen jakiteko aukera ematen duten zaintza-sareak ezartzea.
  • Detektatzea: sortzen diren suteak ahalik eta azkarren detektatzea eta itzaltzea.

Suteak eta segida ekologikoak

Sua faktore ekologiko bat da. Basoko espezieak, suteetara egokitu dira, hainbat modu eta bide erabiliz, suterik gertatuz gero bizirik iraun ahal izateko. Suteak gertatzeko, eragile abiotikoek garrantzi handia dute; klimak esaterako. Euskal Herriko baldintza klimatikoak direla-eta, batik bat itsasaldean, klima ozeanikoa den lekuetan, ez da sute naturalak gertatzeko arrisku handiko tokia eta, beraz, bertako zuhaitz-espezieak ez daude suteei aurre egiteko bereziki egokituak.

Hala ere, hainbat lekutan, etengabeko suteak izan direlako, adibidez, egoera aldatu egin da. Horrela, suteek zigortutako zenbait lekutan basoko pinuak gaina hartu dio pagoari, pagoaren berezko lurraldetan, basoko pinuak suari aurka egiteko sendotasun handiagoa duelako. Bestalde, Quercus generoko zenbait espezie (artea, artelatza, haritza…) suteak jasateko gainerako generoak baino hobeto moldatutako zuhaitzak dira.

Esan bezala, itsasaldeko isurialdeko, eta barneko mendialdeko, baldintza klimatikoak ez dira, berez, sute-arrisku handikoak, giroa hezea delako eta ez delako izaten tenperatura-aldaketa handirik. Baso horietako mikroklima hezea dela-eta, zuhaitz hosto erorkorreko basoetan suari zaila egiten zaio aurrera azkar egitea. Hala ere, ez da ahaztu behar, ohikoak ez diren baldintzetan (lehortea, gizakiak nahita piztutako sua…) suteren bat gertatzen bada, zuhaitz horiek oso ahulak izaten direla eta erabat hondatzeko arriskua dutela. Aldiz, Euskal Herriko beste zenbait landare suaren eraginari aurre egiteko askoz hobeto prestatuta daude; hala nola basoko koniferoak, sasiak, arteak…

Zenbait ingurunetan, klima beroa eta lehorra denean, lurzoru gaineko material sukoiengatik eta beste baldintza batzuk direla-eta, sua azkarrago zabaltzen da.

Oso kontuan edukitzekoa da sua faktore ekologikoa dela, lehen esan dugun bezala, eta, askotan erabat naturalak direla suteak sortzen dituzten zenbait eragile: tximistak, eguzki-izpiak… Ez dugu ahaztu behar, ordea, gizakia dela, nahita edo arduragabekeriaz, suteen eragile nagusia. Gainera, gizakiok eragindako suteak naturalagoak baino maizago gertatzen dira eta bortitzagoak izaten dira. Gizakiaren eragin horren ondorioz, bizidunen estrategia eta moldaera naturalek indarra galtzen dute. Euskal Herrian esaterako, gizakiak piztutako suteak baino askoz ere gutxiago dira arrazoi naturalengatik sortutakoak, eta horien eragile ia bakarra tximista izan ohi da. Gainera, gizakiok eragindako suteen % 90 nahita piztutakoak dira, ikerketen arabera.

Basoan sutea izan ondoren hasten da segida ekologikoa. Suak landare-espezie asko hiltzen edo ahultzen ditu, eta ekosistemako gainerako komunitate biologikoak -lurzorua barne- hondamendi handia jasaten du. Hondamendi horretan espezie batzuek indar berezia dute ingurumena kolonizatzeko eta segidarako lehen urratsak egiteko.

Beraz, sutearen ondoren gertatzen diren aldaketak oso nabarmenak izaten dira. Urte asko behar dira ekosistema berriz era hasierako baldintzetara itzultzeko eta heldutasun edo klimaxera iristeko.

Maila trofikoak

Ekoizleak

Ekoizleez hitz egitean, kate trofikoen oinarriaz ari gara, besteek erabili ahal izango dituzten elikagaiak ekoizten dituztenez. Zeluletako kloroplastoetan, klorofilaren laguntzaz fotosintesia eginez, Eguzkitik jasotako energiarekin materia organikoak ekoizteko gai dira, materia ez organikotik abiatuta (ura eta gatz mineralak, lurzorutik; eta, karbono dioxidoa CO2, atmosferatik).

Nagusiki landareak etorriko zaizkigu burua, baina, lehorreko landareaz gain, ekoizleen artean fitoplanktona ere aipatu beharra dago (grekoz; fito: landare eta plankton: noraezean dabilena). Fitoplanktona ur-ekosistemetako kate trofikoaren oinarrian aurkitzen da eta lehen mailako kontsumitzaileentzat elikagai da, zooplanktonarentzat adibidez. Fitoplanktonak elika-sareetan duen garrantziaz gain, azken urteetan ekonomikoki balio handiko baliabide bihurtu da eta ugaritu egin dira berarekin lan egiten duten enpresak (kosmetikan, elikagai arloan, osasunean…)

Hala ere, badira fotosintesia egin gabe materia organikoa ekoizteko gai diren zenbait bakterio autotrofo, organismo hauek kimiosintesia egiten dute. Adibidez, ozeano-gandor inguruetan (gogoratu DBH 4.1) agertzen diren bero-iturrietan edo urpeko sumendietan bizi diren bakterioak. Ziklo biogeokimikoetan funtsezkoak dira bakterio hauek, eta itsas-hondoan bizi diren beste izaki bizidunentzako oinarrizko elikadura iturri dira.

Kontsumitzaileak

Bizidun heterotrofoak dira, hau da, kanpo-ingurumenetik ekoizleek osatutako materia organikoa hartzen dutenak. Kontsumitzaile guztiak ez dira mota berekoak. Lehen mailako kontsumitzaileak, landarejaleak alegia, ekoizleek zuzenean sortutako elikagaiez bizi dira. Bigarren mailakoak, landarejalea jaten duen haragijale edo karniboroak oro har, lehen mailako kontsumitzaileak janez elikatzen direnak eta hirugarren mailakoak, haragijaleak jaten dituzten super-harrapari edo superkarniboroak, haragijaleez elikatzen dira.

Deskonposatzaileak

Elika-sareetan, bestalde, hildako landareez edo animaliez elikatzen diren bizidunak ere badaude, onddoak eta bakterioak esate baterako. Horiei deritze deskonposatzaileak. Hauen funtzioa oso garrantzitsua da, beraiei esker materia organikoa, materia inorganiko bihurtzen dutelako, ingurunera bueltatuz ekoizleek erabil dezaten.

Espezie-barneko interakzioak

Lehia

Espezie bereko indibiduoak urria den baliabide bat eskuratzeko lehiatzen direnean: ura, argia, bizitokia, ugaltzea… Ez da soilik indibiduoen artean ematen den lehia zuzena, berrea garaian oreinek izaten dituzten talka ikusgarriak kasu, zeharkakoa ere izan daiteke. Adibidez, errekurtso berbera urritzen dutenean indibiduoek elkarren aldetik, hartza batek izokinak harrapatzen dituenean ibaiaren zati batean, ibaiaren beste alde batean ezingo ditu beste hartz batek harrapatu.

Familiarteko asoziazioa

Ahaideak diren banakoek osatzen dituzte. Helburua ugaltzea eta kumeak zaintzea da. esate baterako zapelatz arruntaren familiak, kumeak zaintzen dituzte emea eta ar batek osatzen dituzte.

Asoziazio taldekoia

Banakoak ez dira beti ahaideak, eta taldeak osatzeak hainbat abantaila eskaintzen dizkie, hala nola harrapariengandik defendatzea, janaria bilatzea, harreman sozialak sortzea… Arrain askok, hegaztiek edota ungulatuek sortu ohi dituzte horrelakoak.

Asoziazio koloniala

Batez ere ugalketa asexualez erreproduzitzen diren organismoek osatzen dituzte halakoak, guraso berekoak dira eta bizitza osoan elkarrekin egongo diren banakoak izango dira. Hainbat kasutan, asoziazioaren zati batzuek funtzio bereiziak har ditzake, elikadura, ugaltzea… Esate baterako, koralak elkarri atxikita bizi diren polipo kolonia handiak dira, errazago elikatzeko eta ugaltzeko.

Estatu-mailako asoziazioa

Anatomia eta fisiologia desberdinetako banako hierarkizatuek osatzen dute, eta desberdintasun horien araberako lanak egiten dituzte. Intsektu sozialen ohiko asoziazioa da, adibidez, erlauntzetan hiru banako motak aurki daitezke: langileak, erlauntza garbitu, babestu, polena bildu eta halako lanak egiten dituztenak; erlamandoak eta erreginak, azken hauek ugalketaz arduratzen dira.

Espezie-arteko interakzioak

Mutualismoa

Espezie desberdinetako bi organismok abantaila lortzen dutenean interakziotik. Bi organismoak estu-estu lotuta badaude, sinbiosi izena hartzen du; adibidez, likena, onddo baten eta alga baten elkarte sinbiotikoaren ondorioz sortutako organismo konposatua da.

Argazkian, polinizazio prozesuan parte hartzen duten bi organismo mutualista ikus daitezke. Makaon tximeletak landaretik nektarra lortuko du eta landarearen polena sakabanatuko du aldi berean.

Komentsalismoa

Espezieetako batek onuraren bat lortuko du interakziotik (elikagaiak, bizitokia…) besteei onurarik edo kalterik eragin gabe.

Erromeroa marrazoak uzten dituen janari-hondakinetatik elikatzen da; marrazoari interakzio honek ez dio beste inolako abantailarik ematen. Edota hienek, sarraskijaleak izanik, animalia ehiztariekin sortzen dituzte halako harremanak, ehiztariek animaliak hil eta jan ondoren, hienek hondarrak aprobetxatuko dituzte. Gizakion zein hainbat animaliaren hesteetan daude bakterio saprofitoak ere digeritu gabeko janariz elikatzen dira, ostalariari kalterik eragin gabe.

Harraparitza

Elkarreragin edo interakzio honetan, organismo batek, harrapariak, harrapatu eta hil egiten du beste bat, harrapakina, osorik edo haren zatiren bat janez elikatzeko. Kontzeptu erlatiboak dira. ordea, organismo bat harraparia izan daiteke, baina beste baten harrapakina. Harrapariek harrapakin ahulenak errazago hiltzen dituztenez, harrapakinen hautespen naturala egingo du. Horregatik, esan liteke lehiarekin batera hautespen naturalaren eragile garrantzitsua dela harraparitza.

Parasitismoa

Elkarreragin horretan, espezie bat, parasitoa, ostalari izeneko beste baten kontura bizi da; azken horretaz elikatzen, ugaltzen… delarik. Batzuetan ostalariak bizirik jarraitzen du nahiz eta kalteak jasan, baina beste batzuetan, hil egin daiteke haren eraginez.

Argazkian, liztor baten larbak bizirik dagoen intsektu baten larba jaten ikus daitezke. Parasitismo mota hau izurrite biologikoak kontrolatzeko erabil daiteke.

Lehia

Espezie baten egokitzapenek onak, beste bati bere presentzia murriztea eragitean dionean, bi organismoek darabilten errekurtso bat urria denean. Janaria, lurraldea, ura… mugatua den edozein errekurtsogatik eman daiteke. Oro har, espezie-arteko lehia arinagoa izaten da espezi-barnekoa baino.

Organismoen moldaerak

Bizidunek hainbat moldaera garatzen dituzte bizi diren ekosistemetara egokitzeko. Moldaera horiek fisiologikoak, portaerari dagozkionak edo beste hainbat motatakoak izan daitezke. Hona hemen faktore abiotiko mugatzaileetara moldatzeko hainbat mekanismoren azalpenak.

Lehorreko ekosistemak

1. Argia

Landare askok egunaren eta gauaren iraupenari lotuta (fotoperiodoa) erregulatzen dituzte euren prozesu biologikoak. Esate baterako, egun luzeko landareek, iluntasun-aldi laburrak nahikoa dituzte 24 orduero, loratzeko (udaberri-udan loratuko dira). Egun laburreko landareek, berriz, hamabi argi-ordu baino gutxiagorekin loratzen dira (udazken-neguan loratuko dira). Aldiz, landare neutroen kasuan, argi-ordu kopuruak ez dauka eraginik, eta, beste faktore batzuen mende dago loraketa.

Animaliek ere argi-orduetara egokitzen dute euren jarduera fisiologikoa: askok egunez dihardute, eta beste batzuek, ostera, gauez.

2. Ura

Basamortu ingurunetan bizi ahal izateko:

  • eta urik ez galtzeko, zuhaixka askok substantzia iragazgaitzez estalitako hosto txikiak izaten dituzte; beste zenbait landarek hostoak arantza bihurtzen dituzte; beste batzuek, ostera, zurtoinetan edota hostoetan biltzen dute ura.
  • animalia askok ohitura gautarrak dituzte, eta egunaren lehenengo orduetan eta iluntzean baino ez dute aktibitaterik, hots, hezetasuna handiagoa eta tenperatura baxuagoa denean.

Ohian tropikaletan, aldiz, ur asko dago; zuhaitzek ertz zorrotz eta handiko hosto handiak izaten dituzte, soberako ura botatzeko.

3. Tenperatura

Tenperatura baxuetara moldatzeko hainbat moldaera izaten dituzte bizidunek:

  • landareek hazi eta erraboil bihurtuta igarotzen dituzte urtaro gogorrak; edo hostoak galdu, eta ahalik eta gehien murrizten dute beren jarduera.
  • animaliak lozorroan sartzen dira, edo migratu egiten dute. Horretara hobekien moldatutako organismoak endotermoak dira (hegaztiak eta ugaztunak).

Urtaro beroetan, organismoek berriro aktibatzen dituzte bizi-zikloak:

  • landareak loratu egiten dira, eta fruituak izaten dituzte.
  • animalia asko ugaldu egiten dira… Bero handiegia badago, animaliek ohitura gautarrak hartzen dituzte, intsolazio handieneko orduak saihesteko. Halaber, erregulatu egiten dute tenperatura: izerdituz edo arnasestuka…
 

Uretako ekosistemak

1. Ura

  • Gazitasunari eusteko, prozesu fisiologiko bereziak dituzte.
  • Mugitzeko, gorputz fusiformeak, hegatsak eta halakoak dituzte.
  • Olatuen bultzadari eusteko, malguak dira (esate baterako algak) edo substratura atxikitzeko mekanismoak dituzte (esate baterako lapak).

2. Argia eta tenperatura

Zenbait organismok

  • zona abisaletan bizitzeko, argizko organoak dituzte.
  • poloetan bizitzeko, gatz-geruzak, lumak eta ilea dituzte, baita tenperatura erregulatzeko ahalmena ere.

Gizakiaren etorkizuna

Gero eta gehiago dira Lur planetan gizakiak arazo eta kontraesan asko pilatu dituela eta horiek gainditzerik ez duela izango dioten biologo, soziologo eta ekologoak. Horiek diotenez, arazo horiei erantzun egokia ematen ez bazaie, bizidun-espezie askoren bizia (gizakiona barne) arriskuan egon daiteke lurrean.

Gizakioi hainbeste erosotasun ekarri dizkiguten aurrerapenek, eta horrek berekin dakarren industriaren eta teknologiaren garapenak, arrisku asko sortu dituzte, aldi berean. Gaur egun baditugu arazo kezkagarri franko: klima-aldaketa (zientzialari batzuen ustez, planetako batez besteko tenperatura igotzeak hondamen ikaragarria ekarriko lioke gizakiari), oihan eta basoetan egiten ari den soiltzea (ohian tropikaletan…), animalia eta landare ugari desagertzea, zentral nuklearretako ihes erradioaktiboak… Arazo horiek nahiko ez balira, energia fosilen (ikatza, petrolioa…) iturriak ez dira mugagabeak, eta kutsadura dezente sortze dute, gainera.

Gizakiok espezie gisa izan dugun arrakastak berak sortutakoa da beste arazoetako bat: gizaki gehiegi bizi gara munduan. Biztanleria neurriz kanpo hazi da azkenaldian (progresio geometrikoan) eta horrek arazo larriak sor ditzake (denontzat janaririk ez egotea, lehengaiak agortzea…).

Kutsadurak eragindako kalteen artean larriena urarena da. Edateko uraren eskasia gero eta handiagoa da, eta kezkagarria izan daiteke, hurrengo urtetan urak garbi edukitzen saiatzen ez bagara.

Hipotetikoki, gerra nuklearra hasiko balitz, Lur planetan egun bizi diren izakietatik asko (gizakia barne) desagertzeko arriskua legoke.

Badirudi animalia adimentsuak garatutako zibilizazioa zenbat eta aurreratuagoa izan, sor ditzakeen arazoak eta zibilizazioa bera hondatzeko aukerak ere, hainbat eta gehiago direla. Gizakiok, lehenago aipatu ditugun gure munduko arazo horiek konpontzeko, berehala hartu behar ditugu egoerari aurre egiteko neurriak. Hala diote, behintzat, jakitunek: gizakiok bizirik irauteko arazo horiei erantzuna ematea nahitaezkoa dela; denek, oro har, kontuan hartu behar ditugula, eta bakoitzari erantzuna emateko bideak jarri. Ez dugu ahaztu behar arazo horiei erantzuna ematen diegun neurrian iraun ahal izango dugula bizirik.

Bestalde, ez dugu eboluzioa ahaztu behar: Darwinek iragarritako hautespen naturalaren arabera, ingurunera egokien moldatutako izakiek bakarrik iraungo dute. Eta nork jakin dezake gizakia izango den geu aldatzen ari garen inguru honetara hobekien moldatuko den biziduna?

Gure ingurune ekologikoan bizi diren animalia asko menderau baditugu ere, badira gure mendean hartu ez ditugun beste batzuk. Birusak, adibidez, tamainaz txikiak izan arren, oso etsai latzak izan daitezke gizakiontzat. Birusen kontra ditugun sendagai bakarrak txertoak dira, oraingoz; baina birusek aldaera eta espezie berriak sortzeko izugarrizko erraztasuna dutenez, kalte izugarriak ekar diezazkigukete. Birusek desagerraraziko ote dituzte gaur egun planetan dauden bizidunak? Birusak izango ote dira eboluziorako bide berria markatuko dutenak? Horixe diote batzuek.

Norantz doa gure espeziea?

Gaur egungo gizarteak berehala konpondu beharreko hainbat arazo larri ditu, alde batetik; baina aurrerapenak direla-eta, unibertsoko beste planeta edo leku batzuk kolonizatzera ere irits daiteke etorkizunean. Gizakia Lurretik kanpo irtengo balitz, moldaketa-prozesu bat jasan beharko luke eta horrek aldaketa fisiologikoak eta psikologikoak ekarriko lizkioke, gizakia Lurraren biran, orbitan, luzaroan egon izan denean egindako behaketek erakutsi dutenez.

Homo sapiens sapiens delakoa beste azpiespezie berri batean bilakatuko litzateke, beharbada, denborarekin; azpiespezie berri horri Homo sapiens cosmicus deitu beharko genioke. Hipotesi bat besterik ez da, noski, baina behaketetan oinarrituta dago. Dena dela, aldaketak belanauldi askoren buruan gertatuko lirateke, gertatzekotan.

Lurretik kanpo bizi beharko lukeen gizaki horrek aurre egin beharko liokeen arazorik larriena grabitaterik ezarena izango litzateke. Gure giharren eta gainerako sistemen garapena Lurreko grabitateari moldatua dago, orain arte gizaki guztiok grabitatearen mende egon baikara beti, baita orekaren zentzua, odol artikulazioa, etab. ere.

Hori dela eta, espazioan bizitzera ohitutako gizakiak zenbait aldaketa izango lituzke: gorputzeko likidoen beste era bateko banaketa (odol gehiago “igoko” litzateke bular aldera eta burura); aurpegi biribilagoa izango luke; begi gorrituak; aurpegiko zainak dilatatuak; lepoa, eskuak eta besoak handituak; hanketako giharrak atrofiatuak (ez baitute grabitatearen aurkako indarrek egin beharko); bihotza txikiagoa; bizkarrezurra zuzena; ornoen arteko distantziak handiagoak; diafragma gorago kokatua; aldaka eta ipurdi txikiagoak; eskeleto deskaltzifikatua, maila batean (osteoporosis espaziala); odolean globulu gorri gutxiago (anemia espaziala)…

Gaixotasunei dagokionez, besteren artean, azaleko disfuntzio (erradiazio gehiago dago espazioan) eta giltzurrunetako harri (kalkulu) gehiago izango lituzke, baita bakterioek sortutako infekzio larriagoak ere (inmunologia-sistemak espazioan ez duelako berdin funtzionatzen eta bakterioak grabitaterik gabe erasotzaileagoak direlako).

Donald Johanson paleontologoaren ustez, gaur bertan 1.000 lagun espaziora bizitzera joango balira, eta bertan eboluzionatuko balute, hemendik 500.000 urtera horrelakoa izango litzateke espazioko gizakia: gu baino txikiagoa, lepo luzeagokoa, sendoa, beso argalekoa eta garezur handiagokoa.

Baina ez pentsa zientzialari guztiak ados daudenik ikuspegi horrekin. Beste zenbaiten ustez, gure espeziea desagertu egingo da, lehenago edo geroago, eta beste espezieren bat hedatuko da Lur osoan, eboluzioaren ateak beti irekirik baitaude. Azken batean, hipotesi bat baino gehiago daude gizakiaren eboluzioari eta etorkizunari buruz.

Informazio genetikoaren transmisioa gurasoengandik ondorengoenganaino

Ugalketa sexuala duten izakietan, gizakian, adibidez, gameto izeneko bi zelula sexualen elkarketaren bidez gertatzen da ugalketa hori.

Espezie baten kromosomen kopuruak belaunaldiz belaunaldi berdin iraun dezan, gametoek zelulen kromosoma kopuruaren erdia eduki behar dute, hau da, zelulak diploideak (2n) direnean, gametoak haploideak (n) izan behar dira: Giza espeziean, gametoek (obuluak eta espermatozoideak), bakoitzak 23 kromosoma dituzte, zigotoa eratzean (bien artean) 46 kromosoma izan ditzan.

Ugalketa sexualean, gameto arraren (espermatozoidea) eta gameto emearen (obulua) arteko ernalketa geratzen da, eta, horri esker, aldakortasun genetikoa areagotzen da, kromosoma-bikote bakoitzeko bat arrarena eta bestea emearena izaten baita.

Ugalketa sexualean, gametoen nukleoak elkartzen dira, eta zigotoa eratzen da; zigoto horretatik abiatuta, enbrioiaren garapenean zatiketa jarraituen bidez, izaki berri bat sortzen da. Izaki berri horren ezaugarriak kromosometatik jasotako aginduen araberakoak izango dira.

Gametoak ez dira gainerako zelula berrien antzera mitosi bidez eratzen, hala eratuko balira gameto diploideak bailirateke. Gametoak eratzeko, meiosi izeneko prozesua gertatzen da gonadetan, hau da, obulutegian eta barrabiletan.

Prozesu horretan, zelula diploide bakoitzaren kromosomen kopurua (2n) erdira murriztu eta gameto haploidea (n) eratzen da. Zelula diploide bakoitzetik lau zelula haploide ateratzen dira, elkarren segidan gertatzen diren bi zatiketaren ondoren.

Lehengo zatiketaren aurretik, DNA bikoizten da. Lehenengo eta bigarren zatiketaren artean ez da DNA bikoizten. Zatiketa zelular horietako bakoitzean lau aldi bereizten dira: profasea, metafasea, anafasea eta telofasea.

Ikus dezagun nola geratzen den meiosiaren lehenengo zatia:

Meiosiko lehenengo zatiketan ez dira kromatidak bereizten, kromosoma homologoak baizik. Hala, zelulatik sortutako bi zelula alabek kromosoma kopuru erdia izango dute, eta gainera, homologo bakoitzeko kromosoma bat izango dute.

Meiosiaren bigarren zatiketa hori mitosiaren berdina da, eta bikoiztu diren kromosomen kromatidak bereizteko gertatzen da.

Ikus dezagun orain nolakoa den gametoen meiosia. Nola gertatzen da hori gizakian?

Barrabiletan espermatozoide haploideak eratzen dira etengabe. Obulutegietan, berriz, zelula diploide bakoitzetik obulu haploide bakarra eta degeneratu egiten diren hiru zelula (korpuskulu polarrak) eratzen dira.

Obuluak sexuaren X kromosoma eramango du beti; eta espermatozoidea, berriz, X edo Y izan daiteke. Horregatik, espermatozoideak erabakiko du ondorengoaren sexua. Hala, obulua ernaltzen duen espermatozoidea X bada, neska jaioko da; eta, aldiz, Y bada, mutila jaioko da.

Honako eskema honetan duzu laburtuta nola osatzen diren espermatozoideak barrabiletan:

Eta honako eskema honetan nola osatzen diren obuluak obulutegian:

Milioika espermatozoide joaten dira obulua ernaltzera; erdiek X daramate eta beste erdiek Y. Bakar batek ernalduko du obulua. Hortaz, neska edo mutila jaiotzeko probabilitate bera egongo da.

Geneak kromosomen osagaiak

Biologiako ikerketek erakusten digute kromosometan geneak daudela, baina zer dira gene deituriko kromosomen osagai horiek?

Kromosoma batek gene asko eduki ditzake, eta kromosoma desberdinek gene desberdinak dituzte, ezaugarri desberdinak kontrolatzen dituztenak.

Geneak DNAren zatiak dira eta herentziazko ezaugarri jakin baten informazioa gordetzen dute. Espezie baten herentziazko ezaugarri guztiak zehazten dituen geneen multzoari genoma deritzo. Giza genoma, adibidez, zelula bakoitzaren barruan dauden 3.000 miloi nukleotidoen zerrenda da.

Zenbait bizidun, gizakia barne, espezie diploideak (2n) dira, hau da, haien kromosomak bikotetan elkartzen dira. Espezie diploide guztietan, gizakion espeziean ere bai, beraz, kromosoma homologoek gene berak dituzte, leku berdinetan. Hau da, banako batek ezaugarri bakoitzarentzat bi aukera izango ditu, eta kromosoma bikotekideek elkarren artean duten joeraren araberakoa izango da ezaugarria.

Adibidez, azalaren pigmentazioa bada aztertzen dugun ezaugarria, ikusiko dugu bi eratara ager daitekeela kasu bakoitzean: pigmentua fabrikatzea ala ez fabrikatzea. Beste gene batzuek, berriz, agertzeko bi era baino gehiago izan ditzakete. Pertsona baten altuera, esaterako ez da altua edo baxua izaten, hainbat neurritakoa baizik.

Ezaugarri bat kontrolatzen duen gene bakoitzak agertzeko dituen era edo aldaera bakoitzari alelo deritzo. Aleloak gene beraren forma alternatiboak edo aldaerak dira. Kromosoma homologoetan, kokaleku berdin-berdina dute eta ezaugarri berdin-berdinak kontrolatzen dituzte.

Ikus dezagun nola gauzatzen diren banako baten ezaugarriak.

Bi kromosoma homologotan gene berak daudenean, gene horiek ezaugarri zehatz batekiko daramaten informazioa bikoitza izango da, berdinak ala desberdinak izan bikoteko osagaiak.

Ikus dezagun, adibidez lehenago aipatu dugun ezaugarri bat: azalaren pigmentazioa. Esan dugunez, bi eratara ager daiteke: pigmentua fabrikatzen duena ala fabrikatzen ez duena. Pigmentua fabrikatzeari, alegia, melanina sintetizatzeari, M deituko diogu, eta ez sintetizatzeari, berriz, m. Bizidun batean bikoteak osatzen direnean, aukerak hauek izango dira:

 

MM Ezaugarri horrekiko (melanina sintetizatzea) homozigotoa edo purua dela esaten da, bikotearen bi osagaiek melanina sintetizatzearen ezaugarria badute. Bikote hori duenak, melanina sintetizatuko du, noski.
mm Ezaugarri horrekiko (melanina ez sintetizatzea) homozigotoa edo purua dela esaten da, bikotearen bi osagaiek melanina ez sintetizatzearen ezaugarri badute. Bikote hori duenak ez du melanina sintetizatuko, noski.
Mm / mM Bi ezaugarrien osagaiak dituzte, eta heterozigotoak edo hibridoak direla esaten da. Melanina sintetizatuko dute.

Ikusi dugun bezala, melanina ez sintetizatzeko, bi osagaiak melanina ez sintetizatzearen ezaugarriak dituena (mm, alegia) izan behar da. Izan ere, bikoteko osagaiek ez dute, biek, indar bera izaten.

Bietatik gene dominantea edo gainartzailea heterozigotoetan indar gehiagoz agertzen dena da. Banako batean baldin badago, ezaugarri hori azaleratuko da. Oro har, letra larriz adierazten da. Gene errezesiboa edo azpirakorra heterozigotoetan azaltzen ez den ezaugarria izaten da. Letra xehez adierazten da.

Ezaugarri gainartzaileak edo dominanteak ezaugarri hori agerikoa egiten du. Errezesiboa, aldiz, ezkutatu egiten da gainartzailearekin batera dagoenean. Ikus dezagun hori adibide baten bidez: ile iluna izan daiteke II (homozigotoa, biak ile ilunaren ezaugarria dutenak) edo Ii (heterozigotoa, bat bakarra izan arren ile ilunarena, ezaugarri hori gainartzailea delako). Ile horia, berriz, ii (homozigotoa, biak ile horiaren ezaugarria dutenak) izango da, beti.

Gene kodominanteak heterozigotoetan indar bera dutenak dira; kanporatzen den ezaugarria bietako tarteko bat izaten da (horrela gertatzen da, esaterako pertsonen altuerarekin). Izaki baten gene-taldeek, baita azpirakorrak eta kanporatzen ez direnak izanik ere, izakiaren genotipoa osatzen dute. Eta genotipo horren agerpenari edo kanporatzeari (kanpoko itxura), berriz, fenotipoa deritzo.

Ile ilunaren adibideari jarraituz, har ditzagun bi pertsona heterozigotiko (Ii). Nolako ilea izango dute bikote horren seme-alabek? Ile horia izan al dezake seme edo alabaren batek? Zer proportziotan?

 

  I i
i II Ii
i Ii ii

Genotipoa: 1 II, 2 Ii, 1 ii

Fenotipoa: 3 ile ilun (% 75), 1 ile horia (% 25)

 

Fenotipoa genotipoa inguru zehatz batean agertzeko era da, inguruak ere baldintzatzen du-eta. Adibidez, pigmentuaren sintesia handiagoa izango da eguzkitan denbora luzez dagoen pertsonarena, eguzkitan ez dagoenarena baino.

Kariotipoa organismo baten osaera kromosomikoa da, kromosoma homologoen segida, tamaina handienekotik txikienekora ordenaturik.

Gogoratu: bizidun gehienetan kromosomak binaka antolatzen dira (diploideak, 2n); baina badaude 3n, 4n, 5n direnak, poliploideak deritzenak. Kariotipoa marraztu edo egiterakoan, kromosoma “normalak” (diploideak) hartzen dira kontuan.

Kromosoma horien artean hainbat motatako kromosomak bereizten dira, horien forma eta tamaina kontuan hartuta.

Ikusi honako infografia honetan azaltzen direnak: