Erregistro fosila (froga paleontologikoak)

Eboluzioa gertatu izanaren ebidentziarik konbentzigarriena, geruza geologiko zaharretan organismo suntsituak aurkitzea da. Eboluzioaren frogatzat jo zen ikustea bai espezie biziak eta bai espezie suntsituak sailkatu egin zitezkeela talde taxonomiko berberetan. Esaterako, 1861eko aurkikuntza batek –Archaeopteryx delako fosila- indar handia eman zion Darwinen teoriari. Izan ere, ordura arte narrasti eta hegaztien arteko kate-maila galdutzat jo zen eta aurkikuntzari esker, uste da Archaeopteryx izan daitekeela hegaztien eta narrastien arteko kate-maila. Jakina, horixe itxaron zitekeen modifikaziodun deszendentziaren printzipioa (Darwinek saihestu egiten zuen eboluzio hitza eta horren ordez modifikaziodun deszendentzia erabiltzen zuen) onartuz. Modu berean, printzipio horrek azal dezake baita ere:

  • Zergatik handiagotuz doazen forma bizien eta suntsituen artean behaturiko desberdintasunak, forma suntsituak zaharragoak diren heinean.
  • Zergatik diren askoz antzekoagoak edozein bi ondoz ondoko estratutako fosilak, elkarren artean urrunago dauden estratu biko fosilak direna baino.
  • Zergatik Lurraren historiako edozein periodo handitan bizi izandako faunaren izaera oro har bitartekaritzat jo daitekeen, aurreko periodoko faunaren eta osteko periodokoaren artean.

Darwinek Espezieen jatorria argitaratu zuenean adierazi zuen narrastien eta hegaztien arteko trantsizio lotura espezie baten bidez egingo zela, eta lehenago edo beranduago aurkituko zela. Tesia argitaratu eta bi urte beranduago Archaeopteryx espeziaren fosila (narrastien ezkatak dituena, ilea, luma eta hegoak) aurkitu zen.

Teoria neodarwinista edo sintetikoa

Bizidunen herentziari buruzko Mendelen lanak plazaratu zirenean, Genetikak aurrerapen handia egin zuen, eta, horri esker, Darwinen teoriari buruzko hainbat zalantza argitu ziren. Horrela sortu zen neodarwinismoa edo teoria sintetikoa: teoria hori Darwinen teoriaren berrikuspena da, eta honako ideia berri hauek jasotzen ditu:

 

  • Populazioen baitako aldakortasunaren eragileak mutazioak dira, hau da, indibiduoen material genetikoan gertatzen diren aldaketak. Horiek zoriz gertatzen dira, eta azaleratu nahiz ezkutuan gera daitezke. Mutazioek iraupenerako mesedegarriak edo kaltegarriak izan daitezkeen ezaugarriak ekar ditzakete.
  • Hautespen naturalak ez dakarkie onurarik indibiduoei, populazioei baizik. Hautespen naturalak populazioaren aldakortasunari eragiten dio, hobekien moldaturik dauden indibiduoak hautatuz eta ezaugarri kaltegarriak dituztenak baztertuz.

Baina ez da beti horrela gertatzen, inguruneko baldintzak aldatuz gero, kaltegarria zen ezaugarri bat mesedegarri suertatu liteke inguruneko baldintza berrietan. Beraz, hautespen naturalak mantendu egiten du aldaketa populazioan.

Organismoen geneek aldeko ezaugarriak (onuragarriak) badituzte, organismo horiek hautatu egingo dituzte, eta gene horiek ondorengoei transmitituko dizkiete. Horren ondorioz, aldeko gene edo gene onuragarri gehiago egongo dira populazio horretan.

Eboluzioa prozesu itzulezina da; beraz, gaurko organismoek ez dute sekula euren arbasoen ezaugarrietarantz eboluzionatzerik izango.

Biologoek honako bi eboluzio mota hauek bereizten dituzte:

  • Mikroeboluzioa (populazio batean mailaka gertatzen diren aldaketa txikiak).
  • Makroeboluzioa (aldaketa ebolutibo handiak: espezie, genero, familia… berriak agertzea).

Hautespen naturalak eragiten du mikroeboluzioa. Baina nola gertatzen dira aldaketa ebolutibo handiak, hau da, makroeboluzioa?

Zientzialari askoren iritziz, mikroeboluzioaren antzera gertatzen da makroeboluzioa ere, baina epealdi luzeagoetan (hamarka milioi urtetik ehunka milioi urtera). Bide horretan egindako azterketek erakusten dute lehenengo organismoak sortu zirenetik talde handien arteko ahaidetasunak badirela, eta zehaztu ere izan dira ahaidetasun horiek.

Adibidez, badakigu ugaztunek (duela 195 milioi urte) eta hegaztiek (duela 170 milioi urte) narrastietatik eboluzionatu zutela; narrastiek anfibioetatik eboluzionatu zutela (orain dela 300 milioi urte) eta anfibioek arrainetatik eboluzionatu zutela (duela 350 milioi urte).

Kreazionismoa eta fixismoa

XIX. mendearen hasierara arte, teoria fixistak eta kreazionistak egon ziren indarrean. Teoria horien arabera, izaki bizidunak aldaezinak dira eta ezagutzen ez dugun Jainko batek banaka-banaka sortu zituen.

K.a. IV. Mendean, Aristoteles filosofo eta jakintsuak (K.a. 384-322), hierarkia zehatz baten arabera antolatu zituen organismoak: bakunenak beheko mailetan zeuden, eta besteak, gero eta gorago, konplexutasun-mailaren arabera. Mailarik altuenean gizakia kokatu zuen.

Linneo (Carl von Linne, 1707-1778) naturalista eta jakintsua fixismo eta kreazionismoaren aldekoa zen. Bere garaian ezagutzen ziren landare-espezie guztiak deskribatu eta espezie horiek sailkatzeko sistema bat asmatu zuen. Berak sortu zuen gaur egun erabiltzen den bizidunen latinezko izendegia. Bizidun bakoitza izendatzeko latinezko bi hitz erabiltzen dira: generoarena eta espeziarena (adibidez Homo sapiens).

 

Georges Cuvier (1769-1832) frantses irakasle eta zientzialaria izan zen. Bera izan zen fosilak aztertzen dituen zientziaren sortzaileetakoa eta paleontologiaren aita esaten diote, baina gogor egin zuen teoria eboluzionisten aurka. Espezie desagertuen fosilak nola sortu ziren esplikatzeko, katastrofismoaren alde egin zuen. Teoria horren arabera, Jainkoak behin baino gehiagotan sortu behar izan zituen animalia-espezieak. Zenbait katastrofe edo kataklismo jarraituren teoria da: katastrofe edo hondamen bakoitzaren ondoren (adibidez Uholde Nagusiaren edo Unibertsalaren ondoren), Jainkoak espezie berriak sortzen zituen. Lehengo izakien arrastoak (hondamen bakoitzaren ondoren sortuak ez, aurretik zeudenen hondakinak baizik) ziren fosilak. Hala ere, bizi izandako izaki guztien arrastorik ez dago; batzuk desagertu egin ziren, eta ez dago horien fosilik. Cuvierren ustez, 27 sorkuntza edo kreazio izan ziren.

Anatomia konparatua ere Cuvierrek asmatua da. Bi bizidunen eraketaren berdintasunak eta berezitasunak aztertzen ditu anatomia konparatuak, bizidun horiei arretaz behatuz eta bien arteko balizko ahaidetasuna agerian jarriz.

Eboluzionismoa edo teoria eboluzionistak

XVIII. mendera arte, zientzialariek uste zuten bizidun-espezie guztiak banan-banan sortuak izan zirela (kreazioa) eta finko eta aldaketarik gabe iraungo zutela betiko (fixismoa). Geroztik, eboluzioaren teoria onartzen hasi ziren adituak, eta bizidunak, nahiz eta gurasoen antza izan, denboran zehar aldatuz doazela onartu zuten gehienek.

Jean-Baptiste Lamarck (1744-1829 / Jean Baptiste de Monet, Lamarckeko zalduna) frantses naturalista eboluzioari buruzko ideia arrazoituak aurkeztu zituen lehena izan zen, eta 1800. urtearen inguruan lamarckismoa deitu izan zaion teoria zabaldu zuen. Bere lan nagusia Philosophie zoologique da.

Lamarckismoaren arabera, organismo bizidun orok jatorri naturala du. Lehenengo organismoak berez sortu ziren; gainerakoak, berriz, hasierako haiengandik eboluzionatuz.

 

Bizidun guztiak aldatu egiten dira ingurunearen eraginez. Inguruan gertatutako aldaketek behar berriak sortzen dizkiete espezieei, eta behar horiei erantzuteko organo jakin bat erabili beharrean izaten dira. Hala, erabiltzen dituzten organoak garatu egiten dira (hau da, igerian egiteko erabiltzen zuten gorputz-adarra hegats bilakatuko zaie denborarekin). Eta erabiltzen ez diren organoak, aldiz, atrofiatu egiten dira (isatsa, esaterako, ezertarako erabiltzen ez denean, atrofiatzen joango da).

Kontuak kontu, Lamarck izan zen izakien eboluzioari buruz teoria arrazoituak babestu zituen lehenengoa, eta adibide ugari erabili zituen teoria hori sendotzeko, jirafena horien artean ezagunena. Bere ustez, jirafen arbasoak hanka eta lepo txikiko animaliak ziren, eta zuhaitzetara iristeko ahalegin handiak egitera beharturik zeuden. Arraza horretako animaliek ohitura horri denbora luzean eutsi diotenez, aurreko hankak atzekoak baino luzeagoak egin zaizkie eta lepoa izugarri luzatu zaie. Horri esker, atzeko hanken laguntzarik gabe, jirafek burua altxatu eta sei metroko altueraraino irits daitezke.

Baina teoria horrek badu akats bat: banakoak eskuratutako ezaugarria ez da, besterik gabe, transmititzen hurrengo belaunaldira, ez baita geneetara pasatzen. Dena dela, lamarckismoak eta gisa horretarako beste teoria batzuek teoria berriak onartzeko prestatu zituzten garai hartako zientzialariak; ideia berri horien loraldia Charles Darwinen Espezieen jatorria obrak (1859) ekarri zuen. Liburu horrek garrantzi berezia izan zuen eboluzioaren teoria onartzeko, Alfred R. Wallace naturalistak ere Darwinen teoria bertsuak agertu bazituen ere garai berean.

Wallace galestarra XIX. eta XX. mendearen hasieran bizi izan zen. Esan bezala, Darwinen garai bereko da eta eboluzioaren teoria garatu zuela modu paraleloan. Izan ere, Darwinek Wallaceri asko eskertu zion beren arteko gutun bidezko harremana Darwinek plazaratu zuen teoria hobetzeko. Bai, eboluzioaren teoriak bi aita dituela esan dezakegu. Imajina ezazu zein garrantzitsua izan zen Wallacen lana espezieen aldakortasuna deskribatzen, ezen Asia eta Ozeania banatzen dituen muga biogeografiko garrantzitsuak bere izena daraman: Wallace lerroa hain zuzen ere.

 

Charles Darwin britainiar naturalista (1809-1882) izaki bizidunen eboluzioaren teoria azaldu zuen Espezieen jatorria: hautespen naturalaren bidez liburuan. Teoria ontzat ematen da gaur egun ere, baina berrikusi eta osatu egin dute ikertzaileek.

Gaztetan bost urteko bidaia egin zuen Beagle itsasontzian, mundu osoan zehar, eta bidaia horretan hasi zen florari, faunari eta geologiari behatzen. Behaketa horietatik bere teoriaren oinarriak atera zituen:

  • Populazioetan, bizirik iraun dezaketenak baino izaki gehiago jaiotzen dira, elikagaiak eta espazioa mugatuta baitaude. Beraz, bizirik irauteko lehia dago.
  • Populazioetan, aldakortasuna dago, hau da, populazio bereko izakiak ez dira berdin-berdinak elkarren artean, aldakortasun intraespezifikoa dute (Darwinek ez zekien aldakortasun horren arrazoiak zein ziren, garai hartan ez baitzuten genetikako ezagutzarik).
  • Naturak aldakortasun horretan eragiten du. Izan ere, ingurunearen baldintza jakin batzuei egokitzeko banako egokienak hautatzen ditu ingurune bakoitzean. Gainerakoak baino hobeto egokitu direnak hobeto ugaltzen dira, eta ondorengoei transmititzen dizkiete aldeko ezaugarri horiek.

Darwinek hautespen naturala edo egokienaren biziraupena deitu zion aldaera onuragarriei eusteko eta kaltegarriak baztertzeko prozesu horri.

Eboluzioaren teoria horretan oinarrituta, gaur egungo zientzialarien arabera, milioika urtetan zehar, eta oso forma sinpleetatik abiatuta, eboluzionatu dugu bizidun guztiok. Eboluzio horretan, itsasoan sortutako molekula organikoak izan ziren lehen izakiak; horien eboluzioz, bizidun zelulabakarrak sortu ziren eta, eboluzioz baita ere, ondorengo landare eta animalia guztiak, gaurko milioika espezieetara iritsi arte.

Hautespen naturala

Bere kasa eta inguruaren eraginez naturak baimendu eta babestu egiten ditu zenbait moldaera berri. Naturak egiten duen berezko hautaketa horri hautespen naturala deitzen zaio.

Jo dezagun, esate baterako, ingurune jakin batean aldaketa klimatikoak gertatzen direla. Bizidunek, oro har, ez dituzte batere ongi jasaten horrelako aldaketak, ez baitira ondo moldatzen horietara. Baina aldaketek luzaroan irauten badute, gutxien moldatuak daudenak desagertzen joango dira eta, aldiz, baldintza klimatiko berrietara hobekien moldatzen direnak gehiago ugalduko dira. Populazio bateko aldaera berezi bati bidea errazten dionean, natura hautespen naturala bultzatzen ari dela esaten dugu.

Inguruneak espezieari zenbat eta presio handiagoa egin, orduan eta bizkorrago nabaritzen da hautespen naturala. Bestalde, denbora luzean aldaketarik izan ez duen ingurune batean baldintzak aldatzen badira, hautespen naturalaren eragina askoz bizkorragoa izaten da, beste inon baino.

Hautespen artifiziala

Hautespen naturaletik at badira beste hautespen mota batzuk ere. Gizakiak, esaterako, espezie batzuen barruan era askotako aldaerak edo barietateak lortu ditu, hautespen artifiziala erabiliz.

Hautespen artifizialaren adibide adierazgarria da txakurrarena. Gizakiak bere ekintzetarako (ehiza, zaintza, laguntza, konpainia, garraioa…) egokia izan zitekeen txakur mota hautatzeko ahaleginak egin ditu milaka urtean zehar, eta horrela lortu ditu, hautespen artifizialez, hainbat txakur-arraza, bakoitza ekintza jakin batzuetarako bereziki egokitua edo moldatua.

Txakurrak (Canis familiaris) ahaide hurbilak ditu, bai otso europarra (Canis lupus), bai Indiako otsoa (Canis pollipes) edo Afrikako txakala (Canis aureus, Canis mesomelas…), eta baita Ameriketako koiotea ere (Canis latrans), eta nekez esan liteke horietako zeinen antz handiagoa duen. Kontuak kontu, txakurraren hainbat aldaeratatik abiatuta, eta espezie horretako banakoen moldaeraz, elkarren oso bestelakoak diren txakur-arraza asko sortu dira. Honako irudi honetan ikus ditzakezu arraza horietako batzuk eta elkarren artean dituzten ahaidetasunak.

Hautespen artifizialaren bidez, ekintza bakoitzerako txakur mota egokiena hautatuz joan izan da gizakia, urteetan zehar. Artzain-txakurrak, esaterako, lan horretarako baldintza edo gaitasun egokiak dituzten txakurren artean hautatu ditu gizakiak. Gainera, artzaintzan jardun izan duten zenbait lurraldetan hainbat motatako edo arrazatako artzain-txakurrak sortu dira: alsaziar artzain-txakurra, alemana, euskalduna…

Euskal artzain-txakurra ia galtzeko zorian egon bada ere, gaur egun arraza horretako bi aldaera berreskuratzeko bidean daude: Aizkorriko artzain-txakur iletsua, eta Gorbeiakoa.

Laguntzako txakur batzuen artean, eritasun genetikoak izan dira hautaketarako eta arraza berria sortzeko oinarria: Basset arrazako txakurrei, adibidez, hanketako hazkuntza-kartilagoa oso gazte direla desagertzen zaie, eta berezitasun genetiko horren ondorioz, hanka-motzak dira denak.

Baina gizakiaren hautespena ez da txakur-arrazak lortzeko soilik erabili. Gauza bera gertatu da gainerako etxeko abereekin edo laguntzako animaliekin: esne asko ematen duten behiak, arrautza ugari jartzen dituzten oiloak, artile sendo eta ugaria ematen duten ardiak, lagunarteko katu otzanak… Gizakiak sortu ditu arraza horiek guztiak, ehunka edo milaka urteren buruan, bete behar zituzten funtzioetara ahalik eta hobekien egokitzen ziren animaliak hautatuz eta jatorrizko arraza basatietatik bereiziz.

Animaliei buruz esandako gauza bera esan genezake hainbat landare-espezieri buruz ere. Gainera, landareen ezaugarriak hautatzea lan errazagoa izaten da animalienak hautatzea baino, berezitasun adierazgarriak hautatzeko garaian, sexurik gabeko ugalketa ere erabiltzea posible izaten baita landareetan.

Hautespen artifizial hori gogoan hartzeko kontua bada ere, ez dugu ahaztu behar gizakiak egiten duen hautaketa horrez gain, badagoela naturak berez egiten duen hautespen natural bat, hau da, ingurune jakin batean bizitzeko moldatzen diren aldaera jakin batzuk bultzatzen dituen berezko hautaketa.

Bi hautespenen arteko aldea nabarmena da: gizakiak hautespen artifiziala bultzatzen duenean, berariaz egiten du, nahita, eta nahi duen bidetik. Hautespen naturalak, aldiz, inguruneko baldintzen arabera dihardu.

Kontuak kontu, ez da ahaztu behar, azken urteetan, gizakiak gero eta eragin handiagoa izan duela ingurune naturaletan. Intsektiziden erabilera iraunkorrak, esate baterako, inguruneetako biozenosiaren (bizidunen artean) baldintzak goitik behera alda ditzake, intsektuentzat, adibidez. Hala, intsektu ugari hilko dira, eta ekosistemetan aldaketa gogorrak gertatuko dira; baina sarraskiaren ondoren bizirik irauten duten intsektuak intsektizida horri aurre egiteko moldatuagoak egongo dira, zailduagoak, eta hurrengo belaunaldiak hala jarraituko du, intsektizida gero eta errazago jasanez.

Gauza bera esan daiteke arratoiak akabatzeko erabiltzen diren pozoiez edo bakterioen aurka erabiltzen ditugun antibiotikoez: bizirik irauten duten arratoiak edo bakterioak gogorragoak izango dira eta gero eta botika gogorragoak erabili beharko ditugu horiek akabatzeko.

Moldaera intraespezifikoa: mutazioak

Bizidunen zelula guztietan DNA dago, eta, molekula horren bidez, herentzia genetikoa gurasoengandik ondorengoengana transmititzen da, proteinen sintesirako daraman informazioari esker. Transmisio horretarako, zelula erdibitu egiten da, eta, zelulen zatiketaren unean, DNA bere buruaren kopiak eratzeko eta zelula berriak osatzeko gai da.

Bizidunen DNAn aldakuntzak gerta daitezke, aldakuntza genetikoak. Oro har, bizidunaren organismoa bera arduratzen da aldaketa genetikoa jasan duten zelula horiek baztertzeaz, baina aldaketak bere horretan irauten badu, mutazioak agertzen dira.

Mutazioak, oro har, ez dira egokiak, eta bizidunengan anormaltasunak eragiten dituzte, bizirik irauteko zailtasunak besterik ekartzen ez dituzten aldaketak. Baina noiz edo behin gerta daiteke mutazio horietakoren bat baliozkoa izatea, inguruneari aurre egiteko egokia izatea; halakoetan, bizidunak, bizirik irauteaz gain, abantailak izango ditu ingurunera moldatzeko. Gainera, mutazio horiek ondorengoei transmitituko dizkie.

Garbi ikus daiteke, beraz, ez direla gauza bera inguruneak eragindako moldaerak eta mutazioak sortutakoak, haiek ez bezala, mutazioak heredatu egiten baitira. Mutazioa norabide egokian egin duen banako hori populazioko gainerako bizidunak baino hobeto moldatuta egongo da ingurunera eta, beraz, helduarora iristeko aukera gehiago eta ugaltzeko probabilitate handiagoa izango ditu. Horrela, hurrengo belaunaldian mutazio abantailatsu hori dutenen proportzioa handiagoa izango da populazioan, eta aurreko belaunaldian baino oraindik aukera handiagoa izango dute bizi, hazi eta ugaltzeko; gauza bera gertatuko da ondo bideratutako mutazioa izandako bizidunekin, ondorengo belaunaldietan.

Beraz, bizidunengan, noizbehinka, eta mutazioen bidez, moldaera bereziren bat sortzen da, eta moldaera hori duten bizidunek ugaltzeko aukera gehiago izaten dute.

Bere kasa eta inguruaren eraginez naturak baimendu eta babestu egiten ditu zenbait moldaera berri. Naturak egiten duen berezko hautaketa horri hautespen naturala deitzen zaio.

Jo dezagun, esate baterako, ingurune jakin batean aldaketa klimatikoak gertatzen direla. Bizidunek, oro har, ez dituzte batere ongi jasaten horrelako aldaketak, ez baitira ondo moldatzen horietara. Baina aldaketek luzaroan irauten badute, gutxien moldatuak daudenak desagertzen joango dira eta, aldiz, baldintza klimatiko berrietara hobekien moldatzen direnak gehiago ugalduko dira. Populazio bateko aldaera berezi bati bidea errazten dionean, natura hautespen naturala bultzatzen ari dela esaten dugu.

Hona hemen adibide batzuk: elurretan bizi diren animaliek ile asko dute, hautespen naturalak ile luzekoak hautatu baititu; klima beroetako animalia handien ez dute ia ilerik; klima beroetako gizakiek, melanina (larruazala babesteko substantzia bat) sortzeko erraztasun handiagoa dute leku epel edo hotzetan bizi direnek baino, eta horregatik batzuk azal beltzekoak izango dira eta besteak azal zurikoak…

Aldakortasun intraespezifikoa: inguruaren eragina eta faktore genetikoak

Askotan zaila gertatzen zaigu Lurreko bizidun guztiok jatorri berbera dugula sinestea; baina ez dugu ahaztu behar milioika urtean zehar bizidunen egiturak aldatuz joan direla ingurune jakin bakoitzean bizirik iraun ahal izateko. Era horretan, ingurunearen eraginez, bizidunok hainbat espezietan (milioika) banatu gara, eta bizitzeko era anitz sortu dira (bioaniztasuna edo biodibertsitatea).

Inguruneko faktoreek, bai abiotikoek, bai biotikoek, eragin zuzena dute bizidunengan. Eragin horrek era askotako ondorioak izan ditzake:

  1. Inguruneko faktoreek eragindako aldaketa adaptatiboa edo moldaera.
  2. Inguruneko faktoreek jaiotza-tasan, heriotza-tasan eta migrazio-tasan eragiten dituzten aldaketak.
  3. Inguruneko faktoreek espezieen banaketa geografikoan duten eragina.

Ingurune-eragile horien ondorioz, moldaerak, hau da, aldaketa morfologiko eta fisiologiko egokiak, ager daitezke bizidunengan. Baina bizidunek ingurunera egokitzeko egiten dituzten moldaera indibidualak ez zaizkie ondorengoei transmititzen (ezaugarri genetikoak bakarrik transmititzen dira).

Gainera, ezaugarri genetikoak aldatzeko era bakarra populazioaren barruan sortutako ezaugarrien aldakortasuna da, eta ez inguruneak banakako batean sortutako unean uneko aldaketak.

Ikus dezagun loreontziaren infografia:

Loreontzi batean geranio bat (A) duzu eta bi adaxka (A1 eta A2) hartzen dituzu beste bi loreontzitan jartzeko.

Adaxkak zertxobait indartzen direnean, bakoitza ingurune berezi batean jarriko duzu.

A1 adaxka leku eguzkitsuan, argi asko eta tenperatura beroa dagoen leku batean; eta A2 adaxka argi urriagoa eta tenperatura hotzagoa dagoen beste batean.

Landare horietako bakoitzak bere portaera izango du. A1 sendo eta berde haziko da; eta A2, berriz, askoz luzeagoa, argalagoa eta horixka izango da, eta kolore gutxiago izango du. Landare bakoitza inguruneko baldintzetara moldatuko da.

Orain, landare bakoitzaren haziak jaso eta haziak baldintza berdinetan landatzen badituzu, antzeko landareak aterako zaizkizu.

Laburbilduz, inguruneak bultzaturiko moldaketak ez zaizkie, besterik gabe, ondorengoei transmititzen edo, beste era batetara esanda, inguruneak sortutako azaleko moldaera horiek  ez dira aldaketa garrantzizkoak bizidunen espezie berriak sortzeko garaian. Horretarako, belaunaldiz belaunaldi banako batzuetatik besteetara heredatzen diren aldaketak dira garrantzitsuak. Eboluzioaren subjektuak populazioak dira, eta ez banakako organismoak.

Biziaren sorrera: sinesmenak eta teoriak

Biziaren sorrerari buruz sinesmen eta teoria ugari izan dira, historian zehar. Horietako batzuk beheko taulan azaltzen dira.

GARAIA / ITURRIA SINESMENA EDO TEORIA
3.000 urte K.a. – Antzinako Egipto Ra Jainkoak (eguzkiak) kaos ilun eta urtsu batetik sortu zuen mundua.
600 urte K.a. – jainismoa, budismoa Munduak ez du ez hasierarik ez amaierarik. Bizi-energiak edo -indarrak dira biziaren iturria.
500 urte K.a. – Biblia Jainkoak sei egunetan eratu zuen mundua: 1) argia (eguna eta gaua),
2) zerua eta urak, 3) Lurra eta bertako landare eta zuhaitzak, 4) Eguzkia, ilargia eta izarrak, 5) hegaztiak eta arrainak, 6) Lurreko bizidunak, eta horien artean, lehenengo bi gizakiak: Adam eta Eva. Gero, Noeren garaian, Lurreko bizidun guztiak desagertu egin ziren uholde handi baten (Uholde Unibertsala) ondorioz, Noeren ontzian zeudenak izan ezik.
350 urte K.a. – Lehen filosofo grekoak Prozesu naturalek, eta ez jainkoek, eratzen eta kontrolatzen dute mundua.
600 urte K.o. – islamismoa Alak, Jainko bakarrak, sortu zituen zerua, Lurra eta izaki bizidun guztiak.
Erdi Aroa – Europa Jainkoak eratu zuen mundua, eta bertako landare eta animaliak gizakiaren zerbitzura jarri zituen.
Erdi aroa – filosofia islamiarra Averroesen filosofia: munduaren eraketa etengabe ari da gertatzen.
XVI. mendea Sinesmen erlijiosoak zalantzan jartzen hasten dira. Landare eta animalia ezezagunenak aurkitu eta lehenengo ikerketa zientifikoak egiten dira.
XVIII. mendea Lurraren adina Bibliak diona baino zaharragoa izan behar duen susmoa hartzen dute. Aurkitzen diren fosilen artean, desagertutako espezie batzuk daudela ikus daiteke. Lurra prozesu naturalen bidez aldatzen bada ere, dena jainkoak gidatuta izan daitekeela uste dute (Buffon, Linneo…).
XIX. mendea Mundua Jainkoak eratu duela eta Berak kontrolatzen duela da ideia zabalduena. Eboluzioari buruz lehen ideiak azaltzen dira (Lamarck). Darwinek bere teoria formulatzen du: bizidunek forma bakunetatik konplexuetara eboluzionatzen dute, ez Jainkoaren eraginez, hautespen naturalaren eraginez baizik, eta hobekien moldatuta daudenek irauten dute bizirik, eta euren ezaugarriak ondorengoei transmititzen dizkiete.
XX. mendea Genetikaren zientzia agertzen da. Geneak eta DNA ikertzen dira. Eboluzioaren teoria onartzen da, oro har. Badaude Biblian azaltzen dena sinesten dutenak ere (kreazionistak).

 

Biziaren sorrera eta garapena

Zientzialariek azkenaldian egindako kalkuluen arabera, orain dela 4.600 milioi urte inguru sortu bide zen Lurra, eta duela 3.800-3.400 miloi urte, garai hartako fosil mikroskopikoen datazioak erakusten duenez, agertu bide ziren Lurrean (itsasoan) lehenengo zelulak biziak, garai hartan gure planetak zituen egoera fisikoei eta kimikoei moldatuta.

Baina sortu zen bizia Lurreko itsaso haietan?

Gaur egun egiaztatuta dago izaki bizidun guztien jatorria beste izaki bizidun batzuengan dagoela.

Baina berezko sorreraren ideiak luzaroan egon ziren indarrean. Ideia horien arabera, igelak, sugeak eta krokodiloak lokatzetatik sortzen ziren eta izaki bizidunak sortzeko errezetak ere eman zituzten.

Francesco Redi

XVII. mendean berezko sorreraren ideiak baztertzearren, Francesco Redi italiar zientzialariak esperimentu baten bidez frogatu zuen haragi usteletik ateratzen diren har zurien jatorria ez zela haragia, euliek haragian jartzen zituzten arrautzak baizik. Saiakuntzaren ondorioz, estali gabeko ontzian euliek jarritako arrautzetatik harrak sortzen ziren; estalitako ontzian ez zen harrik sortzen (mikroorganismoen eraginez haragia usteldu egiten zen, ordea).

Francesco Redik berezko sorrera ezeztatzeko egindako esperimentua.

Aurrerago, XIX. mendean, Louis Pasteur (1822-1895) frantsesak egiaztatu zuen mikroorganismo txiki-txiki horiek ere ez zirela berez sortuak. Pasteurrek mikroorganismo horiek airean zeudela eta elikagaien gainean garatzen zirela frogatu zuen. Mikrobiologian aitzindaria izan zen. Hasieran argiaren polarizazioaren inguruko ikerketak egiten hasi zen. Gero germenekin egin zuen lan, eta mikroorganismoek hartzidura laktiko eta alkoholikoan daukaten funtzioa frogatu zuen. Hortik abiatuta pasteurizazio eta esterilizazio teknikak garatu zituen. 1885. urtean amorruaren aurkako txertoa lortu zuen. Bi urte beranduago bere izena daraman institutua fundatu zuen.

Hauxe da Pasteurrek mikroorganismoak airean zeudela eta elikagaien gainean garatzen zirela frogatzeko egindako esperimentua.

Aleksandr Oparin biokimikari sobietarraren ustez (1924), egitura kimikoen eboluzioaren eta birmoldaketen bidez sortu ziren lehen bizidun zelulabakarrak; hau da, bizirik gabeko kimikatik sortu zen bizia.

Hala ere, hipotesi hori ez zen 1953. urtera arte frogatu; urte hartan, Chicagoko Unibertsitateko Stanley Miller eta Harold Urey zientzialari estatubatuarrek biziaren historiarentzat berebiziko garrantzia izan zuen saiakuntza famatu bat egin zuten, frogatzen zuena molekula organikoen sintesia posible zela molekula inorganikoetatik abiatuta. Saiakuntza horretan, Lurrak gaztea zenean izan zezakeen atmosfera (orduko gas-nahastea) eta baldintza fisiko-kimikoak (Eguzkitiko irrada ultramoreak, ekaitzek sortutako tximistak…) laborategian sortzen saiatu ziren, metano, amoniako, ur eta hidrogenozko nahaste bat luzaroan deskarga elektrikoen eraginpean jarrita.

Oparinek hori baino lehenago aurreikusi eta iragarri zuenez, erreakzio horren hondakinetan konposatu organiko ugari aurkitu zituzten, aminoazidoak, horien artean. Aminoazidoak dira biziaren oinarrizko osagaiak, adreiluak.

Horrelako saiakuntzetatik abiatuta, zientzialariek biziaren sorrerari buruzko hainbat teoria osatu dituzte eta, gaur egun hedatuen dagoenaren arabera, atmosfera hartan osatutako aminoazido-molekulak itsaso epeletako putzuetan pilatzen hasi ziren. Aminoazidoetatik proteinak eta azido nukleikoak osatu ziren gero, eta horietatik, gai horiek erregulatzeko eta bikoizteko gai bihurtu ziren izakiak. Hortik aurrera, noizbait piztu zen bizia, eta horren eboluzioa izango genuke geroztiko bilakaera.

Bide hori erakusten duten aztarnak fosiletan aurkitu daitezke, neurri batean, eta badira fosil horien artean bereziak diren batzuk, estromatolito izenekoak.

Denbora askoan arrokak zirela uste izan zuten adituek, baina, mikroskopioz aztertuta, nukleorik gabeko milioika eta milioika izakiren hondakinek osatuta daudela frogatu dute ikertzaileek. Ezagutzen diren hondakin fosil zaharrenak dira (3.500 miloi urte) eta biziarentzat oinarrizkoak izan daitezkeen izakiek (zianobakterioek, alga berde-urdinek) osatuak dira.

Gaur egun ere, zenbait leku berezitan (Australiako zenbait lekutan, adibidez) aurki daitezke estromatolitoen osagai diren bizidunen antzeko izakiak. Bizidun horiek fotosintesi anaerobikoa (oxigenorik gabekoa) egiten dute, eta, prozesuko hondakin modura, oxigeno gasa isurtzen da atmosferara. Ustez, Lurraren atmosferaren osaera alga zianofizeoen eraginez aldatu zen; gure atmosferako oxigenoa bizidun horiek eratua da.

Estromatolitoetatik abiatuta, hainbat bizi-forma joan ziren sortzen, betiere une bakoitzean Lurreko baldintzek hautespen naturala bideratuta. Halako batean, duela 1.700tik 1.000 miloi urtera bitarteko epean, lehenengo zelula eukariotak agertu ziren: nukleodunak eta bikoizteko ahalmenaz hornituak. Zelula eukariotak zituzten bizidunak aerobikoak ziren; hau da, oxigenoa zegoen lekuetan bizitzeko gaitasuna zuten.

Dena dela, ez da ahaztu behar fotosintesia egiteko gai ziren bizidun anaerobikorik gabe ezinezkoa zela atmosferan oxigenoa eta bizidun aerobikoak sortzea.

Hurrengo 400 milioi urteetan, zelula eukariotak zituzten bizidunak azkar dibertsifikatu eta bizidun zelulaniztunak agertu ziren.

Pirinioen sorreraren laburpena

Pierraillederivative work: PePeEfe CC BY-SA 3.0

Iberia plakak eta Europak talka egin zutenean eta elkarren aurka bultzaka hasi zirenean, bien arteko ildoan Pirinioak sortu ziren. Kasu horretan, ez zen izan Iberia plakaren iparraldeko alderik zabalena kontinentearen aurka talka egin zuena, Iberia plakaren ekialdeko erdia baizik. Talka horretan lurrazalari zer gertatu zitzaion ulertzeko, kontuan hartu behar da plaken muga kontinentaletako lurrazalak mehetu zirela, Bizkaiko golkoa sorrarazi zuen distentsioaren ondorioz. Mehetzeak lurrazala ahuldu zuen eta, horri esker, gune ahul hori deformatu ahala, Iberia plakak iparralderantz higitzeko tartea izan zuen.

Lehen fase horretan, egungo Katalunia aldean lurralde zabalak urgaineratu ziren eta eskualde piriniarrean irla-kateak ugaritu ziren. Bitartean, Bizkaiko golko aldeko subdukzioa gelditu zen. Egoera horrek iraun zuen tartean, irla berriak sortu eta zaharrak higatu eta urperatu ziren, eta irla-kateak lotu eta poliki-poliki lehorraldearekin batu ziren. Une horretan, Iberia eta Europaren arteko golkoa luzea eta estua zen, eta Katalunia aldean ixten zen. Plaken arteko talka eta elkarren aurkako bultzadak jarraitu zuen eta, bigarren fasean, estaldura ez ezik, zokaloa ere tektonikaren eragina jasaten hasi zen. Horrela, hainbat faila sortu ziren, esaterako, Orotz-Betelukoa, eta baita zamalkamenduak ere. Bultzadaren indarrez, Iberian orogenia hertziniarrak utzitako zenbait faila berraktibatu ziren. Zamalkamendu eta failamendu nagusiak, hala ere, Pirinioak altxatzearekin batera gertatu ziren.

Faila horietan desplazamendua handi samarra izatera heldu zen. Lizarrako failan, esaterako, 15 km-ko desplazamendua gertatu zen, ekialdeko ertza iparralderantz mugitu zenean. Azkenik, Pirinioak altxa ondoren, egun eskualde horretan dagoen banaketa geologikoa finkatu zen.

Banaketa horren arabera, Pirinio aldean ardatz eskualdea deritzoguna dago eta bertan arroka plutoniko eta metamorfikoak dira nagusi.

Ardatz eskualdetik iparrera iparpiriniar eskualdea dago eta, hegoaldean, hegopiriniar eskualdea. Bi eskualde horietan arroka sedimentarioak dira nagusi. Faila nagusiak, Iruñeko failak, alegia, hegopiriniar eskualdea eta Euskal-Kantauriar arroa banatzen ditu.