Azterketa askoren ondoren, zientzialariek aurkitu dituzte bizidunen dibertsitatea handiagotzen duten hainbat faktore. Hauek dira nagusiak:
• Inguruaren emankortasuna. Zenbat eta emankorragoa izan inguru bat (tropikoetako oihanak, esate baterako), orduan eta handiagoa da dibertsitatea.
• Inguruko paisaiak. Zenbat eta nahasiagoa izan ingurua (mendiak, bailarak, bazterrak…) orduan eta aberatsagoa da bertako dibertsitatea. Leku lau eta berdinetan, aldiz, aniztasuna murritzagoa da.
• Lehia. Egin diren ikerketen arabera, inguru batean harraparien eta harrapakinen artean dagoen lehia oso ona omen da dibertsitatea indartzeko. Irauteko lehia gogorrean bizi badira inguru bateko bizidunak, lehiarako ondoen prestaturik daudenek aukera hobea izaten dute irauteko, eta horrek eragin zuzena du bizidunen dibertsitatean.
• Inguruak dituen baldintza fisikoak. Inguruaren gogortasunak (tenperatura oso hotzak edo oso beroak, iluntasun handia, lehorteak…) asko baldintzatzen du leku bateko dibertsitatea. Era berean, klima oso egonkorra izateak, edota oso aldakorra, eragin handia izan dezake dibertsitatean.
• Bat-bateko aldaketa gogorrak. Aldaketa garrantzitsuren bat izan denean (glaziazioak adibidez) bizidun batzuk desagertu egiten dira eta beste batzuek betetzen dute haien lekua (beste nonbaitetik etorri edo egoera berrira ondo moldatu direlako). Kasu horietan, behera egin duen dibertsitateak berriro gora egiten du.
• Gizakia. Gizakiak gero eta eragin handiago du hainbat ingurutan, eta dibertsitatean zerikusi zuzena duten aldaketa gogorrak sor ditzake.
Aipatu ditugun eragile horiek era egokian konbinatzen diren inguruetan, bizidunen dibertsitatea altua izango da, eta era desegokian konbinatzen badira, aldiz, biodibertsitate txikiko ingurua izango dugu.