Dibertsitatean eragina duten faktoreak

Azterketa askoren ondoren, zientzialariek aurkitu dituzte bizidunen dibertsitatea handiagotzen duten hainbat faktore. Hauek dira nagusiak:

Inguruaren emankortasuna. Zenbat eta emankorragoa izan inguru bat (tropikoetako oihanak, esate baterako), orduan eta handiagoa da dibertsitatea.

Inguruko paisaiak. Zenbat eta nahasiagoa izan ingurua (mendiak, bailarak, bazterrak…) orduan eta aberatsagoa da bertako dibertsitatea. Leku lau eta berdinetan, aldiz, aniztasuna murritzagoa da.

Lehia. Egin diren ikerketen arabera, inguru batean harraparien eta harrapakinen artean dagoen lehia oso ona omen da dibertsitatea indartzeko. Irauteko lehia gogorrean bizi badira inguru bateko bizidunak, lehiarako ondoen prestaturik daudenek aukera hobea izaten dute irauteko, eta horrek eragin zuzena du bizidunen dibertsitatean.

Inguruak dituen baldintza fisikoak. Inguruaren gogortasunak (tenperatura oso hotzak edo oso beroak, iluntasun handia, lehorteak…) asko baldintzatzen du leku bateko dibertsitatea. Era berean, klima oso egonkorra izateak, edota oso aldakorra, eragin handia izan dezake dibertsitatean.

Bat-bateko aldaketa gogorrak. Aldaketa garrantzitsuren bat izan denean (glaziazioak adibidez) bizidun batzuk desagertu egiten dira eta beste batzuek betetzen dute haien lekua (beste nonbaitetik etorri edo egoera berrira ondo moldatu direlako). Kasu horietan, behera egin duen dibertsitateak berriro gora egiten du.

Gizakia. Gizakiak gero eta eragin handiago du hainbat ingurutan, eta dibertsitatean zerikusi zuzena duten aldaketa gogorrak sor ditzake.

Aipatu ditugun eragile horiek era egokian konbinatzen diren inguruetan, bizidunen dibertsitatea altua izango da, eta era desegokian konbinatzen badira, aldiz, biodibertsitate txikiko ingurua izango dugu.

Arriskuan dauden espezieak

ORNODUNAK
Zona geografikoa Ugaztunak Hegaztiak Narrastiak Anfibioak Arrainak
Europa 82 56 31 10 83
Asia eta Ozeano Barea 526 547 190 75 256
Zona Polarrak 0 6 7 0 1
Afrika 294 217 27 24 117
Ipar Amerika 51 50 47 17 148
Hego Amerika eta Karibea 275 361 77 28 132

Munduko bizidunen aniztasunari, eta, batez ere, munduan arriskuan dauden espeziei buruzko informazioa duzu hor goiko taula horretan. Bertan, biosferako hainbat zona geografikotan arrisku bizian aurkitzen diren ornodun kopurua azaltzen da (ugaztunak, hegaztiak, narrastiak, anfibioak eta arrainak). Datu horiek NBE erakundeak egindako ikerketa batean bildutakoak dira.

Informe horretan bertan ateratzen diren kontuen arabera, munduan bizi daitezkeen bizidun moten kopurua 15 milioi ingurukoa izan daiteke, eta horietatik egun zehatz-mehatz ezagutzen ditugunak, sailkatuak daudenak, pare bat milioi besterik ez dira. Gainera bizidunen aniztasuna are eta gehiago murrizteko arriskuan dagoela diote zientifikoek, eta hórrela jarraituz gero, 100 urte barru, 1.500.000 animalia eta landare espezie betiko desager daitezkeela munduan.

Etsai nagusia, gizakia

XIX. mendeaz geroztik, garapena itsu-itsuan helburutzat hartzeagatik, gizakia espezie askoren etsai bilakatu dela esan daiteke. Gizakiak eragiten duen kalte handiena azpiegiturak (bideak, zubiak, aireportuak, turismo-guneak, industria-eremuak…) eta hiriak handitzeagatik animalien habitatak deuseztatzea da. Adibidez, egurra atera edo nekazaritza-eremuak handitzeko oihanak neurri gabe ustiatzen dira, eraikuntza berriak egiteko eremu hezeak idortzen dira, koral-errezileak ustiatuz, benetan aberatsak, baina, era berean, oso sentikorrak diren ekosistemak hondatzen dira.

Ehiza eta komertzioa dira espezieak desagertzearen bigarren arrazoi nagusia. Animalia basatiak kontinente guztietan dira elikagai-iturri garrantzitsu eta neurri gabeko ehizak eta arrantzak ikaragarrizko hondamendiak sor ditzakete. Bestalde, parke zoologikoetarako, laborategietarako eta konpainiarako animalia bizien salerosketa izugarria dago, baita elikatzeko edo larrua baliatzeko erabiltzen diren animalia hilena ere. Komertzio legalaren parean, urtean 15 miliar euroko salerosketa ilegala garatu da. Harrigarria badirudi ere, trafiko hori droga eta arma-trafikoaren ondoren garrantzi handienekoa da.

Bestelako jarduera batzuek, zeharkako ondorioak eragiten dituzte. Horietakoak dira, esaterako, suteak, goi tentsioko lineak, turista gehiegi ibiltzea, kirol batzuk eta espezie inbaditzaileak libratzea.

Airearen poluzioa, eta are gehiago urarena, animalientzat mehatxu handia izan daitezke, zuzenean heriotza masiboa eragiten dutelako edo zeharka elikagaiak desagertzea eragin dezaketelako. Poluitzaile nagusiak pestizidak, marea beltzak eta metal astunak dira.

Goiko taulak adierazten duen moduan, arriskuan azaltzen den ornodun espezie kopurua oso handia da. Arriskuan dauden ornodun horietako batzuen egoera oso kezkagarria da: katamotz iberiarra, esaterako, Europan desagertzeko zorian dago. Baina ez da bakarra. Beste espezie asko ere egoera berdintsuan daude, Euskal Herrian esate baterako ugatza, eguzki-arranoa, zuhaitz-igela, Pirinioetako hartza, bisoi europarra, ibai-kabuxa, apoarmatu istilzalea… Aipatu behar da espezie horiek guztiak legearen babespean daudela.Taula horretan garbi ikusten da gizakiaren eragina txikia den lekuetan (polo inguruetako zonak) arriskuan dagoen ornodunen kopurua ere txikia dela.

Elkarteak berak, aldizka, arrisku bizian dauden espezieen zerrenda ere kaleratzen du. 2.000ko zerrendaren arabera animali ornodunei begira egoera hau plazaratu zen: ugaztunen % 24, hegaztien % 12, narrastien % 25, anfibioen % 20 eta arrainen % 30 legoke arriskuan. Banaketa geografikoari dagokionez, herrialde batetik bestera egoera aldatu egiten dela dirudi. Ugaztun eta hegazti mehatxatu gehien Indonesian, Indian, Brasilen eta Txinan omen daude.

Euskal Herriko espezie mehatxatuen katalogoan (landare eta ornodunak), Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 293 espezie mehatxatua azaltzen dira, eta Nafarroan berriz 100 espezie. Espezie batzuk bi katalogoetan azaltzen dira, eta zenbaitetan mehatxu arriskua desberdina izan daiteke ere.

Espezie bat desagertzeko arriskuan dagoela esateko hainbat datu hartu behar izaten dira kontuan, besteak beste, banaketa geografikoa, populazio maila, ezaugarri biologikoak, ugaltzeko berezitasunak eta dituen mehatxuak. Orokorrean, banatze eremu txikia, indibiduo gutxi, berezitasun eta sentsibilitate handia eta ugaltze-ziklo luzea dituzten espezieek desagertzeko aukera handiagoa izan ohi dute.

Hala ere, ildo nagusi horien azpian ezjakintasun handia egon daiteke eta, hain zuzen, horregatik da hain zaila espeziea benetan arriskuan dagoen edo ez zehaztea. Adibidez, maiz, espezie kopurua kontatzea lan zaila izaten da, eta kasu batzuetan ezinezkoa ere gerta daiteke animaliaren tamaina txikiagatik edo oihanean barna sartzea zaila delako. Afrikako elefantearen kasuan, esaterako, kalkuluak 500.000 eta 800.000 indibiduo artean daude. Hala ere, arazo nagusia espeziearen bizi-ohiturak definitzea izaten da. Besteak beste, jateko ohiturak, gaixotasunekiko sentsibilitatea eta ugaltze-zikloa izaten dira garrantzitsuak, baina, zoritxarrez, hutsune eta ezjakintasun handia dago oraindik ere.

Baina noiz esan daiteke espezie bat desagertzeko arriskuan dagoela? Ondorio horretara heltzeko, indibiduo kopurua eta desagerrarazi dezakeen mehatxua identifikatu behar dira. Ondoren, probabilitateak kalkulatu eta mehatxuaren aurrean espezieak duen sentsibilitatea neurtzen da. Lan luze eta pazientzia handikoa gerta daiteke guztia, baina, aldi berean, beharrezkoa, gizakiaren eragina neurtu eta aurrerantzean hartu beharreko neurriak definitzeko behintzat. Gero neurriok errespetatuko diren ala ez, hori besterik da.

Perretxiko jangarriak eta pozoitsuak

Zenbait perretxiko pozoitsuak dira eta hauetako batzuk hilgarriak. Perretxiko bat jangarria ala pozoitsua den jakiteko ez dago arau orokorra. Modu  bakarra ezaugarri morfologikoen bidez ongi ezagutzea da:

  1. Ezaugarri makroskopikoen bidez: forma, kolorea, hanka, hodiak, eztenak, tolesturak, eraztuna, bolba, ezkatak esnea…
  2. Ezaugarri organoleptikoen bidez: usaina, zaporea eta ukimena.
  3. Ezaugarri makrokimikoen bidez: erreaktibo kimikoen bidezko mami eta azalaren aldaketak.
  4. Ezaugarri mikroskopikoen bidez: esporak, trama, basidioak, zistidioak, hifak…

Aipatutako puntuetatik aparte, oso interesgarria da bibliografia on bat eskuratzea (onddoen liburuak, gidak, generoen monografiak…).

Perretxiko biltzaile  batentzat eta hauek jateko asmotan badabil, nahikoa litzateke ezaugarri makroskopiko eta organoleptikoak ezagutzea, habitat identifikatzea eta onddoen libururen bat edukitzea (onddoen gida…).

Beckerren ustez, Europan identifikatu diren 3.500 espezie desberdinetatik, 20ren bat jateko kalitate handikoak lirateke, beste ehunen bat nahiko onak lirateke plater desberdinak egin ahal izateko, berrogeiren bat pozoitsuak, eta gainontzeko guztiak, mingotsak, saminak, gogorregiak, bigunegiak eta okaztagarriak, balio garriak zientzialari eta mikologoentzat bakarrik direnak.

Urola kosta bailaran azaltzen diren onddo espezie guztietatik jangarriak eta kalitate maila desberdina duten perretxikoak aipatzen ditugu (Nahiz espezie gehienak bibliografia desberdinetan jangarritzat eta maila berdinean aipatuak izan, egindako sailkapena subjektiboa izan daitekeela kontuan hartu).

Bikainak Oso onak Onak
Kuletoa, Gorringoa Txanpinoiak Errotaria
Onddo beltza Makal ziza Tripakia
Onddo zuria Esnegorriak Galanperna
Udaberriko ziza Karraspinak  
Ziza horia    
Gibelurdinak    

Onddoen aniztasuna

Gure planetako izaki bizidunak sailkatzeko zientifikoek egin dituzten bost erreinuetatik ugarienetako bat osatzen dute onddoek: 100.000 espezie inguru. Onddoak mundu guztian zabalduta daude eta ingurugiro-baldintzarik berezienetan ere garatzen dira, nahiz eta gehienek beste animalia edo landare batzuengan egin garapen hori.

Onddoek ezin dezakete fotosintesirik egin, eta, horregatik, ez dira beren janaria osatzeko gai eta beste bizidunengandik (onddo bizkarroi edo parasitoak) edo horien hondakinetatik (onddo saprofitoak) jaso behar izaten dute elikagaia. Norberak sortu ezin eta beste bizidun batzuetatik elikadura lortzen duten bizidunen elikatzeko modua heterotrofoa da.

Onddo-espezie batzuk parasitoak dira, lehen esan dugun bezala, eta kalteak sortzen dituzte hainbat bizidunetan, baina beste onddo asko saprofitoak dira, hau da, deskonposatzen ari diren gai organikoen kontura bizi direnak, eta horiek onuragarriak dira eragiten duten aldaketengatik. Planetako garbiketaeragilerik nagusienak dira onddoak, bakterioekin batera, eta horiei esker lortzen da hildako izakiak usteldu, desegin eta berriz erabiltzeko eran deskonposatzea.

Honez gain, badira beste aplikazio batzuetarako erabiltzen diren onddo batzuk. Legamiek, (onddo mikroskopikoa eta zelulabakarrak) esate baterako, garrantzi handia dute zenbait janari edo edariren osakeran; beste onddo mikroskopiko batzuk antibiotiko izeneko sendagaiak egiteko erabiltzen dira. Lizunak ere onddoak dira, ogian eta fruta usteletan askotan azaltzen direnak. Kontu izan onddoez ari garenean, kasu gehienetan behintzat, perretxikoez jarduten dugula, perretxikoak baitira onddoen kanpoaldeko zatia, guk errazen ikus dezakeguna, eta ezagunena egiten zaiguna.

Onddoak nonahi

Ia edonon azal daitezke onddoak, eta hemen dituzu, adibide gisa, onddoak agertzen diren hainbat leku: basoak, zelaiak, padurak, dunak, labore lurrak, herriko kaleak, baserri eta etxe barruak (arropak, alfonbrak…), egurra, papera eta beste hainbat material organiko pilatzen diren tokiak…

Hurrengo  zerrenda adierazkorra eta argigarria izan daiteke aipatzen dugun onddoen banaketa zabal hori ikusteko.

  1. Zuhaitzen onddo bizkarroiak. Horietakoak dira zuhaitz askoren enborretan hazten diren ardagaiak, ostren itxurako onddoak.
  2. Onddo baten eta alga baten elkarketa naturalaren ondorioz, likenak sortzen dira. Egun, aditu desberdinek onddoen erreinuaren barruan kokatzen dituzte.
  3. Basoko onddoak, guretzat ezagunenak direnak. Askotan zuhaitzekin sinbiosian bizi dira. Onddoen harizpiak zuhaitzen sustraietaraino iristen dira eta hainbat elikagai zurgatzen diete.
  4. Onddoak industrian. Legamiak eta Penicilliuma bezalako onddo mikroskopiko eta zelulabakar batzuk hartzidura industrialetarako eta antibiotikoak fabrikatzeko erabiltzen dira hurrenez hurren.
  5. Zerealen izurriteak. Herdoil-onddoa izurriterik beldurgarrienetariko bat da zereal askorentzat.
  6. Organismo degradatzaileak. Onddoak dira, bakterioekin batera, lurzoruetako hondakin organikoen degradatzaile nagusiak.