Enpresak kokatzeko faktoreak

Arrazoi bat baino gehiago egon daiteke enpresa bat leku jakin batean kokatzeko; adibidez, kokapena erabaki daiteke industria motaren eta bere ezaugarrien arabera.

Beste faktore batzuk

Lehengaiak: industria batek lehengai asko behar baditu, haietatik hurbil egotea oso garrantzitsua izan daiteke, batez ere mineralak erabiltzen dituzten industrientzat.

Langileak: egiten den produktuaren arabera, langile gehiago edo gutxiago beharko dituzte, eta trebatuak edo trebatu gabeak. Adibidez, enpresa batek arropak egiten baditu, normalean aparteko trebakuntzarik gabeko langile ugari beharko du; beraz, hobe hiri handi batetik gertu egotea. Goi teknologiako enpresa batek, berriz, langile gutxiago beharko ditu, baina trebatuak; horren ondorioz, hobe izango luke ikerketa zentroetatik gertu egoten.

Merkatua: gaur egun garraioa merkeagoa da, eta, beraz, ez da hain garrantzitsua merkatuetatik gertu egotea. Hala ere, jateko galkorrak edo gai merkeak sortzen baditugu, merkeagoa izan daiteke hiri handi baten ondoan egotea eta garraioan dirua alferrik ez gastatzea.

Energia: garai batean, ibai batetik gertu egotea aukeratzen zuten askok, energia eskura edukitzeko. Gaur egun, berriz, malgutasun handiagoa dago; hala ere, enpresa batek energia asko kontsumitzen badu, oso kontuan hartuko du zein energia mota erabili (eolikoa, hidroelektrikoa, eguzki-energia…) edota hainbat herrialdetako tarifak begiratuko ditu kokapena erabaki aurretik.

Garraioa: oinarrizkoa da lehengaiak eta langileak fabrikara eramateko, baita produktuak merkatuetara eramateko ere. Produktuen tamaina eta pisua direla eta, garrantzitsua izan daiteke garraio sare batetik gertu egotea.

Utzi erantzuna