Koordenatu geografikoak

Koordenatu geografikoak toki jakin bat Lur planetaren azaleran kokatzeko erreferentzia-sistemak dira. Koordenatu geografikoen sistema nola erabiltzen den adierazteko, mapen gainean sare moduko bat osatzen duten alegiazko lerro batzuk marrazten dira. Lerro horiei meridiano (iparretik hegora doaz) eta paralelo (ekialdetik mendebaldera doaz) izena ematen zaie, hurrenez hurren.

Meridianoen artean ezagunena, Greenwich meridianoa da: Ipar poloan hasi eta, Hego polora bidean, Londrestik igarotzen den lerroa (Londres baitan, Greenwich izeneko tokitik pasatzen da eta hortik datorkio izena). Meridiano hori abiapuntutzat hartzen da gainerako meridianoak kokatzeko; horregatik, 0º-ko balioa ematen zaio. Ez da berezko zero puntu bat, kartografo ingelesek beren mapetan abiapuntu gisa erabiltzen zutena baizik. Ingelesek egindako mapak garai batean oso ospetsuak zirenez, denbora igaro ahala, ontzat eman zen mundu osoan 0 puntua bertan kokatzea.
Paralelorik ezagunena Ekuatorea da: mundu-bola bi zati edo hemisferiotan banatzen duena. Ekuatorea gainerako paralelo guztiak kokatzeko erreferentziatzat hartzen da (0 puntu gisa). Ekuatoretik iparraldera dagoen planeta zatiari Ipar hemisferioa deitzen zaio, eta Ekuatoretik hegoaldera dagoen zatiari, Hego hemisferioa. Beste paralelo ezagun batzuk Kantzer tropikoa, Kaprikornio tropikoa eta zirkulu polarrak dira.
Meridiano eta paraleloetan oinarrituz, toki baten latitudea eta longitudea ateratzen da; hots, toki hori planetaren baitan kokatzeko erreferentziak. Adibidez Donostia 43º19’N-ko latitudean eta 2º00’ W-ko longitudean dago. Horrek esan nahi du Greenwich meridianotik 2º mendebaldera (W) dagoela, eta Ekuatorearekiko Ipar hemisferioan (N), 43º19’tara.

Mapa topografikoak

Lurralde baten erliebea zehatz adierazten duten mapei mapa topografikoak deitzen zaie. Erliebea, hau da, mendien altuera edo haranen sakonera, sestra-kurben bidez adierazten da. Sestra-kurbak altuera bereko puntuak elkartzen dituzten lerroak dira. Kurba berean dauden puntu guztiek altuera bera dute. Sestra-kurba bakoitzak, beraz, altuera-neurri bat adierazten du.

Mapa topografikoari begiratuz, ingurune jakin bat laua ala menditsua den jakin liteke; bai eta maldak nolakoak diren ere. Altuerak begirada-kolpe bakarrean hobeto antzemateko, sestra-kurben arteko tarteak koloreztatuta ager litezke mapan (beti hala izaten ez bada ere). Normalki altuera baxuena adierazten duten sestra-kurbak ―itsas mailatik gertukoak― berde ilunez koloreztatzen dira eta, altuera igo ahala, koloreak aldatuz doaz.Ohikoa izaten da, adibidez, altuera igo ahala, berde ilunetik berde argira igarotzea eta, ondoren, horira, laranjara, marroira, grisera eta, azkenik, morera. Horregatik itsas aldeko lautadak mapa askotan berdez irudikatzen dira eta mendi-tontorrak, gris- edo more-kolorez.
Sestra-kurbetatik abiatuz, erliebearen profilak egin litezke. Kirol munduan asko erabiltzen dira, batez ere mendiko eta txirrindularitzako ibilbideak adierazteko.

Mapen ikurrak

Mapetan kolore, sinbolo eta letra jakin batzuk erabiltzen dira hainbat gauza adierazteko (altuerak, ibaiak, errepideak, herri txiki nahiz handiak, mendien zein probintzien izenak…). Ikur horietako batzuk erraz lotzen dira errealitateko elementuekin (ibaiak, adibidez, marra urdinez irudikatzen dira, normalean), baina beste batzuen esanahia ez da hain erraz antzematen (errepideak, adibidez, errealitatean gris kolorekoak izaten dira, baina mapetan kolore gorriz edo horiz ager litezke). Ikurrak, beraz, mapetan erabiltzen diren zeinu, kolore eta kode konbentzionalak dira. Ikur horien azalpena maparen ertz batean, laukitxo batean, agertu ohi da.

Kartografia

Mapak egiteaz eta aztertzeaz arduratzen den zientzia da kartografia (grezierazko khartis [=mapa] eta graphein [=idatzi] hitzetatik dator). Lurralde jakin baten irudia mapa gisa adierazterakoan, kartografiak zenbait auzi ebatzi behar ditu: zein proiekzio-mota erabiliko den, zein eskala emango zaion mapari, errealitateko zein gauza irudikatuko den mapan eta zein, ez (ibaiak, mendiak, errepideak, muga politikoak, hiriak…). Kartografiak, teknika eta estetika konbinatuz, errealitate bat mapa gisa adierazten du, beraz, errealitate hori modu bisualean uler dadin. Kartografian aritzen direnei, hau da, mapak egiten dituztenei, kartografo deritze.

Mapen eskala

Eskalak mapen hegal batean agertzen dira, zenbaki-zatidura gisa (esaterako, 1: 250.000) edota erregela itxurako segmentu gisa. Eskalen helburua da mapako neurriak errealitatekoak baino zenbat aldiz txikiagoak diren adieraztea; proportzio bat erakusten dute, beraz. Eskalen adierazpena bi eratakoa izan daiteke:

  • Grafikoa. Erregela moduko segmentu zatikatu bat izaten da. Segmentu bakoitzak neurri bat adierazten du (10 kilometro, adibidez), eta horixe da mapako neurrien eta errealitateko neurrien arteko harremana.
  • Zenbakizkoa. Mapako unitate-neurri bakoitzak errealitatean zenbat unitate dituen adierazten du. Mapa batean 1: 88.000.000ko eskala agertzen bada, adibidez, horrek esan nahi du mapako zentimetro bat errealitatean 88.000.000 zentimetro direla, hau da, 880 kilometro.

Eskalak, beraz, baliagarri dira mapako neurriak errealitateko zer distantziari dagozkion jakiteko.

Metalak

Metalak elementu kimikoak dira. Kristal-egitura geometrikoak eratzen dituzte, eta beroaren eta elektrizitatearen eroale onak dira. Distira berezia, metal-distira, izaten dute, leuntzen (pulitzen) direnean batik bat.

Lurrazaleko arroka desberdinetako osagai izaten dira. Prozedura kimiko anitzen bitartez, metala gainontzeko ganga edo hondakinetatik bereiztea lortzen da.

Gogoratuko duzun bezala, arrokak mineral desberdinez osatuak daude. Bestalde, mineral bat elementu bakarrez edo gehiagoz osatua egon daiteke. Urrea, adibidez, egoera puruan dagoen minerala da (elementu bakarrez osatua) eta hematitea konposatu kimiko bat da (elementu bat baino gehiagoz osatua).

Metalak mineraletatik lortzen dira, erauzketarako hainbat prozedura erabili ondoren. Mineraletatik ateratako metalak lortu ondoren, operazio eta tratamendu ugari egiten zaizkie (prentsaketa, ijezketa, ebaketa, zulaketa…), eta horien bidez ematen zaie metalei erabiltzeko behar dituzten ezaugarri egokiak.

Gaur egun metalak eta metalezko tresnak ezinbestekoak egin zaizkigu gizakioi.

Beheko eskema horretan ikus dezakezu laburturik bi metalek (urrea, mineral purua; hematitea, mineral konposatua) gizakiontzat erabilgarri egin aurretik jasaten dituzten eraldaketak.