Klima mediterraneoa

Klima mediterraneoa

Izena Mediterraneo itsasotik jasotzen du, haren inguruan kokatzen baita nagusiki. Baina badira munduko beste hainbat lurralde klima mediterraneoa dutenak: Hegoafrika, Txileko erdialdea, Kalifornia eta Australiako hego-ekialdea.

Klima mota horretako tenperaturak, oro har, nahiko epelak izaten dira, 18 °C ingurukoak, batez-beste, egunean zeharreko tenperaturak bitarte handia izaten dute: 14-15 °C artekoa. Neguko hilabeteetako tenperaturak nahiko gozoak izaten dira, 6-7 °C inguru. Udan, aldiz, bero egiten du, oro har, 23-24 °C, eta hilabete beroenean tenperatura ez da 22 °C-tik jaisten.

Ez du euri askorik egiten (300-500 mm inguru). Udan, ia tantarik ez. Izan ere, klima mediterraneoaren ezaugarri nagusietakoa udako lehortea izaten da. Noizean behin ekaitzak eta euri-jasak (tximista askokoak, baina ordu gutxi irauten dutenak) izaten dituzte. Prezipitazioen bat-batekotasuna da klima horren berezitasun nagusia. Gehienak udaberrian eta, batez ere, udazkenean gertatzen dira; orduan, uholdeen arriskua izan ohi da. 

Horren guztiaren eraginez, ibaiek ez dute emari handirik eta nahiko irregularrak dira, urtaroen arabera aldatu egiten baitira. Gehienetan, ibaiak motzak izaten dira, baina badira uhaldi eta agorraldi, lehorte-aldi handiak dituzten ibai handiak ere: Ebro, Rodano…

Lehortea udako beroaldiarekin batera izaten dutenez, klima mediterraneoko lurraldeek ur falta handia izaten dute uda erdialdean eta bukaeran. 

Uda lehorreko eta negu hezeko klima honek oso landaredi berezia sortzen du, baso mediterraneoa deiturikoa. Ura gordetzeko gai diren edo lehortean ondo irauten duten zuhaitzak eta zuhaixkak dira nagusi. Azpimarratzekoak dira pinu, arte eta antzeko zuhaitzen basoak eta zuhaixka usaintsu tipikoak: makia eta garriga, besteak beste. Esan behar da, ur eskasiagatik eta gizakiaren eraginez, bereziki, oso hondatuta dagoela klima horri dagokion landaredia.

Klima mediterraneoaren fauna aberatsa da: azeriak, ahuntzak, hegazti harrapariak, katagorriak, sugeak… Gizakiaren eraginak galtzeko zorian jarri ditu, besteak beste, hainbat hegazti harrapariren eta katamotzaren moduko animaliak.