Gizakion nutrizioa

Gizakiok digestioaren bitartez bihurtzen ditugu janariak asimilagarri gure gorputzerako, baina hori gure nutrizioaren atal bat besterik ez da.

Mantenugaiak, energia-iturri bihurtzeko, oxigenoarekin erre behar dira zeluletan (zeluletako metabolismoa). Oxigeno hori lortzeko, arnas aparatuak arnasa hartzen du. Zirkulazio-aparatuak, bere aldetik, oxigenoa eta mantenugaiak eramaten ditu zeluletara.

Zeluletan gertatzen da mantenugaien errekuntza edo konbustioa. Horrek sorten du gorputzak beharrezko duen energia. Baina errekuntza horretan hondakinak sortzen dira, eta hondakin horiek gorputzetik kanporatzeko dugu iraitz-aparatua (aparatu escretorea).

Prozesu hori zehatzago ulertzeko, eta aparatuak koordinatuta lan egiten dutela ikusteko, hiru fase aipatuko ditugu: elikagaien garraioa, zeluletako metabolismoa eta hondakinen kanporatzea.

Elikagaien garraioa

Mantenugaiak hesteetatik odolera pasatzen dira, eta odolak garraiatzen ditu gorputzeko zelula guztietara. Odolak, bestalde, arnas aparatuak biriketan jasotako oxigenoa ere garraiatzen du. Mantenugaiak odolaren plasman egoten dira eta oxigenoa, berriz, globulu gorrietan.

Zeluletako metabolismoa

Zirkulazio-aparatuaren bidez, odola gorputzeko zelula denetara era bakoitzera iristen da. Zelularen barnean mantenugaiek oxigenoarekin erreakzionatzen dute (mantenugaien zelula barneko errekuntza). Errekuntza horretan sortzen da zelulak lan egiteko beharrezko duen energia, baina hondakinak ere sortzen dira, bide batez. Erreakzioan sortutako hondakin horiek (urea, azido urikoa, karbono dioxidoa…) pilatzen direnean, toxikoak bihurtzen dira zelulentzat, eta zelulek kanporatu egin behar dituzte. Zeluletan gertatzen den aldaketa horri deitzen zaio zeluletako metabolismoa.

Hondakinen kanporatzea

Zeluletako metabolismoak hondakinak sortzen ditu, eta hondakin horiek odolera pasatzen dira. Hondakin horietako bat, karbono dioxidoa, odoleko globulu gorrietara pasatzen da, eta  zirkulazio-aparatuaren bidez, biriketara heldu. Arnasketan, odolak karbono dioxidoa kanporatu eta oxigenoa jasotzen du.

Zeluletan sortutako gainerako hondakinak, zirkulazio-aparatuaren bidez, giltzurrunetara heltzen dira, eta urarekin batera, gernua osatzen dute. Gernu hori ureterretatik kanporatu, maskurian pilatu eta kanpora isurtzen dugu pixa egiten dugunean.

Laburtuz, gure gorputzaren nutrizioa ez da elikatzea bakarrik, prozesua konplexuagoa da. Nutrizioan, jateaz gain, elikagaien garraioa, zelulen metabolismoa, han sortutako hondakinen kanporaketa eta gasen trukaketa ere gertatzen dira.