Botere-banaketa

Demokraziatan, aginte edo botere politikoa hainbat erakunderen artean banatua dago. Botere-banaketa, estatuaren funtzioak banatzeko eta ordenatzeko era da. Honi esker, botere edo funtzio nagusi bakoitza erakunde publiko desberdin bati esleitzen zaio. Botere-banaketa, estatu modernoen ezaugarri nagusietakoa, hiru botere independentetan gauzatzen da: botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala.

  • Botere legegilea
Botere legegilea

Botere legegilearen eginkizun nagusiak dira legeak onartzea, ezereztea edo aldaraztea, zergak ezartzea, arazo politikoak eztabaidatzea eta argitzea eta gobernua bera kontrolatzea, hiritarren iritzia kontuan hartuta beti. 

Botere legegilea, herritarrek  aukeratzen duten parlamentuak du.

Ganbera bakarrean antola liteke (EAEko Legebiltzarra, esaterako) edo bi ganberakoa

(Espainiako Kongresua eta Senatua).

  • Botere betearazlea 
Botere betearazlea edo gobernua

Botere betearazleak, estatuaren eguneroko kudeaketaren ardura du bere gain. Funtzio

nagusia barne- eta kanpo-politika zuzentzea du, legeak betetzen direla bermatzea, defentsa eta 

oinarrizko zerbitzuak ziurtatzea…

Botere betearazlea, gobernuak du. Parlamentuan gehiengoa lortu duen alderdiak osatzen du 

gobernua eta herriaren nahiaren egiletzat hartzen da. 

  • Botere judiziala
Botere judiziala

Botere judizialari dagokio legeak ondo betetzen diren epaitzea, lege-hausteak epaitzea eta 

hiritarren eskubideak bermatzea. Horregatik eta ondorioz, aurreko beste bi botereetatik bereizita 

dago, erabateko askatasuna ziurtatzeko. Botere judiziala bermatzeaz epaileak arduratzen dira.

Askatasuna

Askatasuna kontzeptu zabala da. Gizakiak hainbat ataletan ( justizia, adierazpena, erlijioa…) bere nahierara jarduteko eskubidea litzateke. Gai ezberdinei buruz iritzia emateko eskubidea, erlijio bat edo beste jarraitzeko eskubidea lirateke bi adibide.  

Frantziako Iraultzaren ondorioz, askatasuna, justizia eta berdintasunaren kontzeptuekin lotu ohi da. Horren ondorioz askatasuna litzateke legeen aurka ez dagoen edozer egiteko edo esateko eskubidea.

Arlo politikoan, borondatearen erabaki askearekin lotuta dago, hiritarren askatasunarekin eta norberaren eskubideekin.

Askatasuna, erabat lotuta dago giza-eskubideekin, pertsonari aitortzen zaizkion zenbait oinarrizko balore edo ahalmenekin.

Alderdi politikoak

Pentsamoldez kideko diren pertsonek osatzen duten erakundea da alderdi politikoa. Alderdi politikoa erakunde politiko egonkor eta iraunkor bat da, eta bere helburuak lortzeko, botere politikoaz baliatzen da, hauteskundeetan lortutako ordezkarien bidez. 

Alderdi politikoek demokrazian herritarren interesak bideratzeko helburua dute eta horregatik euren parte-hartzea demokraziaren oinarria izan ohi da.Alderdi bakoitzak bere ideologia propioa du, ekonomia, gizartea, hezkuntza eta hainbat arlori buruzko bere iritzia eta interesak ditu.

Gaur ezagutzen ditugun moduan, alderdi politikoak XIX. mendean sortu ziren, herri-partaidetzaren eta demokrazia ordezkatzailearen garapenarekin batera. 

Prozesua honokoa da: 

  • Herritarrek agintean parte hartzeko ordezkariak bozkatzen dituzte herri, autonomi, estatu edo Europako mailako hauteskundeetan.  
  • Hauteskundeen aurretik kanpaina bat egiten da. Bertan, alderdi bakoitzak bere egitasmo politikoa azaltzen die herritarrei, agintea lortzen badute zer ekintza egingo dituzten agertzeko. 
  • Ondoren, herritarrek alderdi politiko horien artean egokien irizten diotenari ematen diote botoa. 
  • Botuen arabera sortzen dira ordezkarien ganberak eta gehiengoa lortu duen alderdiak agintea eskuratzen du. Alderdiak, beraz, aginte politikoaren eta biztanleen bitartekoak dira.

Demokrazia

Demokrazia

Demokrazia egitura politiko bat da. Bere oinarrizko ideia zera da: boterea herriaren esku dago eta pertsona guztiak askeak eta berdinak dira legearen aurrean. Beste hitzetanhiritar guztiak, eskubide eta betebehar berberak dituzte, inolako bereizketarik gabe.

Demokraziaren sorrera Antzinako Greziari lotuta dago. Garai haietan, herriko gizonak erabakiak hartzeko biltzen hasi ziren. Gaur egun demokrazia estatu-egitura politikorik zabalduena da eta munduko estatu nagusiak demokrazian antolatzen dira.

Erregimen politiko honen funtsezko ezaugarriak herritarren arteko berdintasuna,  norbanakoaren askatasuna, herritarren-partaidetza, eta botere-banaketa lirateke.  

Berdintasunak, esan nahi du, pertsona guztiek eskubide berberak dituztela politikan parte hartzeko. Pertsona guztiek dute bozkatzeko eskubidea. Pertsona bakoitzak, boto bat eman dezake.  

Demokrazia eta askatasuna  elkarrekin doaz. Gizarte demokratiko modernoetan ezinbestekoak dira hiritarrek dituzten eskubide zibil, politiko eta sozialak. 

Gaur egun, ezinezkoa litzateke herritar guztiek erabaki guztietan zuzenean parte hartzea, eta ondorioz sistema demokratiko gehienek ordezkaritzaren bidez funtzionatzen dute. Horri demokrazia ordezkatzailea esaten zaio. Hala, hauteskundeetan hautatutako ordezkariekin  bideratzen da herri-partaidetza..   

Botere-banaketa litzateke demokraziaren beste oinarria. Botere politikoa, hiru botere independenteetan banatzen da: botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala.

Herri bakoitzeko demokraziaren oinarriak bertako  Konstituzioan idatzirik daude.

Laburbilduz, demokrazia gehiengoaren agintea dela esan daiteke, beti ere gutxiengoaren eskubideak errespetatuz.