Erdi Aroan, euskal lurraldeetan, biztanleriaren gehiengo oso zabala herri txikietan bizi zen. Izatez, erromatar garaiko hirietatik gaur egun arte iraun duten bakarrak bi diren bitartean (Iruñea eta Baiona), Goiz Erdi Aroan sortu ziren nekazari herri ugarietatik gehien-gehienak egundaino mantendu dira. Goiz Erdi Aroko herrixken sorrera VIII. mende aldera hasi zen, eta IX.-XI. mendeetan indartsu segitu zuen. Batzuetan erromatarren garaiko biztanlegune zaharren bat, edo villa zaharren bat hartzen zen oinarri edo abiapuntu gisa, baina beste askotan ezerezetik abiatuz sortzen ziren herri berriak, ordura arte baso edo larre izandako eremuak lantzen hastean. Goiz Erdi Aroaren amaieraz geroztik, berriz, apenas sortu den bizigune berririk. Izatekotan ere lehengoak zabaldu eta eraldatu dira, batzuetan herrixka izatetik hiribildu izatera igaroz. Baina biztanlegune berririk apenas sortu den. Beraz 1000. urterako finkatuta zeuden, funtsean, gaur egun ezagutzen ditugun herriak. Nahiz eta, jakina, gaur egungoa baino biztanleria askoz apalagokoa izan.
Euskal kostaldean ordurako baziren Plentzia (B), Gorliz (B), Bermeo (B), Mundaka (B), Forua (B), Lekeitio (B), Getaria (G), Zarautz (G) eta beste herri batzuk, artean oso txikiak eta apalak, seguru asko Arabako herrixken heinekoak edo txikiagoak. Barnealdean aipa litezke Momoitio (B), Gerrika (B), Durango (B), Tolosa (G) eta beste batzuk. Zalantzarik gabe herrixka gehiago ere baziren, baina horiek dira oraingoz arkeologoek segurtasun apur batekin dokumentatu dituztenak X.-XI. mendeetarako. Beste batzuk berriz, hiribildu izendapena jaso eta hurrengo mendeetan asko hazi ziren (Gasteiz, Bermeo, Getaria, Zarautz, Durango, Tolosa…). Baina bai batzuk eta bai besteak Goiz Erdi Aroko beren baitako herri txikiak ziren, ez auzo soilak, ezta hiribilduak ere, eta ez zegoen jakiterik gerora bakoitza zer bihurtuko zen.
Goiz Erdi Aroko herri txikien neurriak aldaketa gutxien izan duen lurraldea ziurrenik Arabako Lautada da. Han, Gasteiz kenduta, inguruko herri txiki gehien-gehienak ez dira demografikoki askorik hazi, nahiz eta, herri horietako etxeak etengabe berritzen eta eraldatzen joan diren. Eta antzeko zerbait esan daiteke Iruñerriko herri txikiez, eta hein apalagoan Ipar Euskal Herri barnealdeko herri txikiez. Aldiz, Arabako Errioxako herriak, nafar Erribera aldekoak, eta Bizkai-Gipuzkoakoak asko aldatu dira, nagusiki hiribilduen sorreraren ondorioz (geroagoko industrializazioa ez aipatzearren).