Antzinako Txina: gizarte-antolaketa

Txinako gizartea oso mailakatua zegoen eta talde bakoitzak zegokion janzkera berezia erabiltzen zuen.

  • Erregea edo Enperadorea piramidearen gorenean kokatzen zen. Agintari gorena zen, erabateko boterea zuen eta lurrak jauntxoen artean banatzen zituen.
  • Gorteko noblezia, enperadorearen familiak, buruzagi militarrek eta lur-jabe handiek osatzen zuten. Erregeak emandako lursail aberatsak zituzten gehienetan. Erregeari zergak ordaintzen zizkioten. Erregearen armadan borrokatzen zuten, armak, oinezko soldaduak eta gurdiak eraman behar zituzten. Batzuek jauregi handietan bizi ziren eta ehizan aritzen ziren.
  • Mandarinak edo gobernadoreak, obra publikoen, justiziaren eta segurtasunaren ardura zuten, heziketa goreneko ofizialak maila horretakoak ziren eta .
  • Nekazariak. Biztanleria gehiena zuten. Herri txikietan bizi ziren. Nobleen lurrak lantzen zituzten eta noble eta erregeentzako lan egin. Bizirauteko soilik geratzen zitzaien.
  • Artisauak klase sozial txikia osatzen zuten. Brontze eta jade langileak, zeramikagileak eta harriarekin lan egiten zutenak osatzen zuten. Brontzearen artisauak armaz gain, erlijio-errituetan erabiltzeko ontzi dekoratuak ere egiten zituzten.
  • Merkatariak. Batzuk oso aberatsak ziren, merkataritzak garrantzi handia zuelako. Gizarte mailan nekazariek baino estatus baxuagoa zuten, besteen lanak aberasten zituelako.
  • Gizartetik kanpo esklaboak zeuden. Agintarientzat edo aberatsentzat lan egiten zuten, baita artisautza tailerretan ere.

Emakumeen egoera

Txinako neskek mutilek baino balio eskasagoa zuten. Emakumea aitaren edo senarraren mende zegoen, etxeari eta gizonari atxikia. Haren egiteko nagusia etxeko lanak izaten ziren.

Neolitoa euskal lurraldeetan: gizartea

Gizarte-antolaketa

Neolitoko nekazari-abeltzain gizartea Paleolitoko ehiztari-biltzaile gizartea baino konplexuagoa eta hierarkizatuagoa, mailakatuagoa zen. Izan ere, Paleolitoan baliabideak (janaria, egurra, erremintak egiteko lehengaiak… ) natura ustiatuz lortzen ziren. Nekazari-abeltzainen gizartean, berriz, baliabide ekonomikoak ez ziren bakarrik naturan sortutakoak, baizik eta gizakiak ekoitzitakoak eta soroek eta ganaduek jabe konkretuak izaten zituzten, dela norbanako pertsonak, dela taldeak.

Hasieran, giza taldeetako kide guztiek lurra lantzen eta prestatzen aritzen ziren, baina geroago nahikoa jateko biltzen joan ziren heinean, soberakinak sortzen ziren, eta horrek lan-banaketa bultzatu zuen, taldeko kide guztiek ez baitzuten nekazaritzan edo artzaintzan ibili beharrik. Kideetako batzuk beste zeregin batzuk egiten espezializatu ziren; hala nola: ontziak egiten, etxeak egiten, armak… Horrela lanbide berriak sortu ziren.

Jabetza

Lurraren jabetzak garrantzi berezia hartu zuen, izan ere, lurra edukitzeak janaria edukitzea zekarren, eta, pixkanaka, hasieran denenak ziren lurrak jabetza pribatu bilakatzen joan ziren. Zenbat eta lur eta abere gehiago eduki, orduan eta aberatsagoa eta boteretsuagoa izango zen lurjabea. Pixkanaka-pixkanaka lurjabeak beste pertsona batzuk jartzen zituen eurentzat lana egiten eta lurrak lantzen.

Bizilekuak

Garai hartako gizakiak kobazuloetatik atera eta kanpoko bizilekuetan bizitzen hasi ziren; aztarnak Euskal Herriko eskualde guztietan aurkitu dituzte arkeologoek: kostaldean zein barnealdean; eremu atlantikoan zein mediterraneoan; haranetan, mendi magaletan zein tontorretan; ingurune lehorretan zein paduretan.

Neolito-Metal Aroetan bizileku ohikoena zorua lurrean sakonduz egindako etxeak ziren. Etxe mota horri ikertzaileek etxola-hondoa deitzen diote. Euskal lurraldeetan aurkitu diren etxeak ere halakoak dira. Etxe mota hura eraikitzeko, lehenbizi zorua prestatzen zen, ondoren, bueltan zurezko zutoinak jartzen zituzten, horretarako propio egindako zuloetan eta haiei eutsita gainean lastozko teilatua jartzen zen. Lastozko teilatu hori nahikoa trinkoa izaten zen urari sartzen ez uzteko, baina kea iragazten, pasatzen, uzten zuen; horregatik, etxolek ez zuten tximiniarik behar izaten. Hormak adar-bilbez egiten zituzten, maiz hurritz-adarrez, eta bilbe hori lurrez estaltzen zen, isolatzaile gisa nahiko eraginkorra zelako. Harria, batez ere, sutondoan jartzen zen.

Etxola-hondoek oin forma biribila edo biribilkara izaten zuten eta inguruko materialez eraikitzen ziren: lurrez, zurez, harriz, lastoz, etab.

Etxola-hondoen barruan ez zen, gehienetan, gelarik bereizten. Hala ere, txoko batean sua egoten zen janaria prestatzeko, beste batean lo egiteko oheak, beste batean janariak gordetzen ziren, etab. Bizitzeko, etxeez gain, beste eraikin batzuk ere izaten ziren: biltegiak, kortak, zeramika edo beste zerbait lantzeko tokiak, etab.

Etxeetan altzari eta objektuak gutxi ziren garaia hartan: zeramikazko ontziak, zurezko kaikuak eta edalontziak, labanak… Batzuetan, elikagaiak ehotzeko barku formako esku-errotak, ere izaten ziren.

Antzinako India: gizarte-antolaketa

Erregea, jaungoikoaren semea, monarkia despota eta absolutista baten buru zen.

Gainerako gizartea lau mailatan banatzen zen:

  1. Brahmanak: apaiz gorenak. Goi-mailako biztanleek osatzen zuten. Botere handia zuten eta jakintzaren zaintzaileak ziren. Haien lana ikasketak eta meditazioa ziren. Mundua sortu zuen Brahma jainkoaren ahotik sortuak ziren.
  2. Ksatriyak (Txatriak) goi-mailako gerlariak, Brahmaren besoetatik sortuak.
  3. Vaisiak edo nekazariak eta merkatariak, Brahmaren izterretatik sortutakoak.
  4. Sudrak (zerbitzariak), Brahmaren behatz-tartetik sortuak. Haien egiteko nagusia beste kastak zerbitzatzea zen.
  5. Pariak edo kasta-gabekoak (ukiezinak izena ere ematen zitzaien)

Kasta sistema zeharo itxia zen, jaiotzez ziren kasta batekoak edo bestekoak eta ez zegoen kastaz aldatzeko modurik. Ezkontza guztiak kasta berekoen artekoak izan behar zuten.

Antzinako Erroma: gizarte-antolaketa

Erromako biztanleria, oro har, oso hierarkizatua zegoela esan behar da. Hiru multzo handitan banatuta zegoen: patrizioak, plebeioak eta esklaboak. Emakumearen egoera ere, kontuan hartzekoa da.

Patrizioak. Gizartearen gailurrean zeuden. Erromako jatorrizko biztanleen oinordekoak ziren, armadako, politikako eta erlijio munduko kargu goren guztiak biltzen zituzten, eta aberastasun ikaragarriak eskuratu zituzten.

Plebeioak. Erromatar gehienak plebeioak ziren. Gehienak nekazaritzan edo artisautzan lan egiten zuten soldata txiki baten truke; nekazari txikiak, soldatapeko langileak, merkatari txikiak, artisautzako langileak… ziren gehienak. Besterik ezean, armadan sartu ohi ziren soldadu arrunt gisa.

Esklaboak. Nahiz eta Antzinaroan esklabotza ia gizarte guztietan agertu, inon ez zuen lortu Erromatar Inperioan adinako garrantzirik eta hedapenik. Esklaboak gizartearen oinarrian zeuden, baina gizartetik kanpo. Edozein familiak zituen esklaboak, bat edo beste etxe apaletan, eta ehunka edo milaka latifundio handietan. Jabearen ondasuntzat hartzen ziren, etxea, gurdia edota zakurrak bezalaxe. Esklaboei ez zitzaien inolako eskubiderik zor, erosi eta saldu egin zitezkeen, eta jabeak esklaboa hiltzeko eskubidea ere bazuen, hori ez baitzen hilketatzat jotzen. Esklaboa hiltzea zakur bat akabatzearen pareko ekintza zen.

Emakumea antzinako Erroman. Grezian baino gehiago errespetatzen zuten emakumea, askatasun gehiago ere bazuen: etxetik bakarrik atera zitekeen, jaietan senarrarekin agertzeko eskubidea zuen, ikasteko eskubidea ere bai… Baina bere lehen eginbeharra etxekoandre izatea zen: haurrak hazi, esklaboen lana bideratu eta etxeko jarduerak gainbegiratu. Legearen aurrean eskubide batzuk bazituen, dibortziatzeko eskubidea adibidez; baina ez zuen boto-eskubiderik eta ezta kargu publikoetarako hautagai izatekorik ere. Beti gizonezkoren baten mende zegoen, aitaren mendetik senarraren mendera pasatzen baitzen emakumea.

Antzinako Egipto: emakumeen egoera

Legearen aurrean, Grezian eta Erroman ez bezala, emakumeek eta gizonek eskubide eta betebehar berdinak zituzten. Maila sozialaren arabera desberdintzen ziren eskubideak, goi mailako hiritarrak (emakume zein gizon) eskubide gehiago izanik. Legearen aurreko berdintasun hori, gaztetatik nabari zen, neskek, mutilek bezala, irakurtzen eta idazten ikasteko herriko ikastetxera joateko aukera baitzuten.

Emakumeek, armadan izan ezik, beste lanbide guztietan jardun zezaketen, gobernadore, idazle, epaile edo mediku izan zitezkeen.

Ezkontzeko orduan ere, emakumea gizonaren parekoa zen, bikotekide bakoitzak ezkondu aurretik zituen ondasunak mantentzen zituen, baita bakoitzak bere abizenak ere. Emakumeek senarra aukeratu zezaketen eta banatzeko aukera ere bazuten. Alargunduz gero, bikotearen jabetzak oinordekotzan jasotzen zituen. Berak ere bere ondasunak oinordekoei uzteko aukera izaten zuen.

Dena den emakumeek, gizonezko gehienek bezala, ez zuen botere politikorik Egipton. Egipto teokrazia bat izanik, faraoiak botere guztia bere esku zuen, eta goi mailako karguek lagunduta agintzen zuen. Historian izan dira emakumezko faraoiak: Hatseput, Nefertiti, Kleopatra, baina salbuespenak izan dira 3000 urteko historian. Era berean, funtzio erlijioso eta administratibo nagusiak, oro har, gizonen eskuetan zeuden eta emakumeak gehienetan etxeko arduretara mugatzen ziren.

Antzinako Grezia: emakumeen egoera

Atenasko emakumeek ez zuten eskubide politikorik, ezta legearen aurrean ere; beraz, ezin zuten politikan parte hartu, ezta ondasunik izan ere.

Bizitza osoan adin txikiko edo esklabo baten pareko estatusa mantentzen zuen emakumeak. Beti gizonen baten mendean bizi zen: lehendabizi aitaren mende, ondoren senarraren mende eta, alargunduz gero, semea edo beste senitartekoren bat izaten zuen tutorea.

Ezkontzea eta umeak izatea zen gizartearen aurrean emakumeak zuen eginkizun bakarra, eta, oro har, 15 eta 18 urteko adin-tartean ezkontzen zen. Handik aurrera senarrarekiko leialtasuna erabatekoa izan behar zuen; aldiz, senarrak etxean bertan beste emakume bat izan zezakeen.

Emakumeen agerpen publikoak erlijioarekin lotutakoak izaten ziren, ostean ia bizitza osoa ginezeoan, emakumeentzat berezia zen gelan, igarotzen zuen.

Emakumeen artean analfabetismoa oso hedatua zegoen; izan ere, jasotzen zuten hezkuntza apurra inguruko emakumeengandik jasotakora mugatzen zen.

Muga horiek izanda, bere eginkizuna etxeko lanetara mugatzen zen, etxea eta umeak zaindu eta etxekoen arropak ehuntzen zituen. Etxeko ekonomian laguntzeko artisautza-lanak egiten zituen eta barazki edo fruituak ekoiztu, senarrak saltzeko.

Antzinako Grezia: gizarte-antolaketa

Greziako gizartean zegoen ezberdintasuna pertsona bakoitzak legearen aurrean zuen egoerak eragindakoa zen. Oro har, hiri gehienetan, salbuespenak salbuespen, bazegoen oinarrizko bereizketa bat: esklaboak eta askeak. Bereizketa horrez gain, pertsona askeen artean beste bat ere egiten zen: hiritarrak eta atzerritarrak.

Esklaboa bere jabearena zen (“tresna hiztuna”), ez zuen inolako eskubiderik. Dena den, arau batzuk egin ziren tratu txarretatik babesteko. Mota askotako jarduerak egiten zituzten, eta askotan esklaboek eta askeek batera egiten zuten lan, baita gaur egun funtzionario publikoen zeregin bezala hartuko genituzkeenetan ere.

Askeen artean hiritarren eta atzerritarren arteko bereizketa zen nabarmenena.

Atzerritarra, jatorria gora behera, hiri batean hiritarra izan gabe bizi zen edozein pertsona aske zen. Pertsona horiei, Atenasen esate baterako, metekoak deitzen zitzaien. Zerga bereziak ordaindu behar zituzten, eta ez zitzaien onartzen hiritarrei aitortzen zitzaien eskubide politikorik eta juridikorik. Ezin zituzten lurrak eskuratu (horregatik beren jarduera ekonomiko nagusiak artisautza eta merkataritza ziren), ezta bizitza publikoan parte hartu ere.

Hiritarra zen benetako protagonista. Hari aitortzen zitzaizkion hiritartasunari lotuta zeuden eskubideak eta betebeharrak: lurrak erosi ahal izatea, bizitza politikoan parte hartzea, kargu politikoak lortzea, etab. Eta betebeharren artean, besteak beste, gerrako gastuak ordaintzea eta soldadutza zeuden.

Atenasen ondo bereizten ziren hiritarrak, atzerritarrak eta esklaboak. Lehenak ziren eskubide politiko guztien jabe, baina beste biak ere aintzakotzat hartzen ziren, Atenasentzat funtsezkoak zirelako. Greziako demokraziaz hitz egiten dugunean, demokrazia hori hiritarrentzako baino ez zela jakin behar dugu.

Dena dela, puntu honetan emakumeen egoerari buruzko argibideak eman behar ditugu. Hiritartasuna aitortzen bazitzaien ere, emakumeak ez ziren inola ere benetako hiritar bezala hartzen, nahiz eta Atenasen, esate baterako, pertsona bati, hiritarra izateko, bere ama ere hiritarra izatea eskatzen zitzaion. Greziako zenbait etxetan ginezeoa zeukaten, emakumezkoentzat bereizten zen gela edo gelamultzoa. Horren ondorioz, bizitza publikotik aparte mantentzen ziren emakumeak, nahiz eta bazegoen salbuespenik.

Metal Aroa euskal lurraldeetan: gizartea

Gizarte-antolaketa

Baliteke gure artean Neolito-Metal Aroetan  tribu, leinu  edo antzeko taldetan antolatuta egotea. Leinuak edo tribuak giza talde antolatuak ziren, eta gehienetan bertako kideek familia loturak izaten zituzten.

K.a. 2000 bukatzean, Europa mendebaldeko eta erdialdeko hainbat giza talde hona iristeak bertako biztanlerian eragin zuen, eta gizarte konplexuagoak sortu ziren. Garai haiek, dirudienez, ez ziren oso baketsuak izan; izan ere, sortu ziren herrixka gehienak haranen arteko pasaguneak, zintzurrak edo estuguneak kontrolatzeko asmoz eraiki zituzten; aztarnategiek era berean  argi uzten dute biztanleak lurralde osoan barreiatuta zeudela bi isurialdeetako herrixkatan.

Jabetza

Lurren jabetze prozesua gatazka-gai bilakatu zen. Zenbat eta lur eta abere gehiago eduki, orduan eta aberatsagoa eta boteretsuagoa izango zen lur-jabea. Arabako La Hoya herrixkan zeuden hainbat eratako etxeek adierazten dute gizartean nolabaiteko mailaketa bat zegoela.

Herriak

Garai haietako herrixkak harresiz inguratuta agertzen dira, gehienak haranen arteko pasaguneak, zintzurrak edo estuguneak kontrolatzeko asmoz eraiki zituzten; erraz defendatzeko asmoarekin eraiki ziren, erliebegunerik aproposenetan, harresi egokiak altxatzeko.

Arabako eta Nafarroako biztanleria, oro har, herrixka harresituetan bizi zen. Garaiera gutxiko muinoetan eraikitzen ziren herrixkak, ibaietatik eta iturburuetatik hurbil. Herrixka hauetan kaleen egitura antolatua antzeman daiteke.

Bizilekuak

Etxeak lurra sakonduz egiten ziren, bi oinplanori jarraituz: laukizuzenak eta zirkularrak (Araban, bakarrik).

Etxe mota hori eraikitzeko, lehenik, zorua prestatzen zen. Horretarako lurra metro erdi inguru sakontzen zuten, eta lurra zapalduz trinkotasuna ematen zioten zoruari. Oinarrietarako harria erabili zuten. Hormak adarrez egiten zituzten, maiz hurritz-adarrez, eta lurrez estaltzen ziren, isolatzailea zelako; hegoaldean adobea (lokatzez egindako adreiluak) ere erabiltzen zuten. Ertzetan zurezko zutoinak jartzen zituzten lurrean zuloetan zutik jarrita. Haien gainean teilatua jartzen zen, gehienetan lastozkoa, zurezko egitura batean eutsita. Lastozko teilatu hori nahikoa trinkoa izaten zen urari sartzen ez uzteko.  Metal Aroko eraikinetan metalezko piezak erabiltzen ziren, iltzeak, grapak eta errematxeak.

Etxebizitza laukizuzenek barne-banaketa izan ohi zuten, eta supazterrak (suaren inguruan jartzen ziren mahaiak), aulkiak eta beste hornidurak izaten zituzten. Gehienetan ez zen gelarik bereizten, txoko batean sua egoten zen janariak prestatzeko, beste batean lo egiteko oheak, beste batean janariak gordetzen ziren, etab.

Bizitzeko etxeez gain, beste eraikin batzuk ere izaten ziren: biltegiak, kortak, zeramika edo beste zerbait lantzeko tokiak, etab. Labeak etxetik kanpo, pareta baten alboan, adobea erabiliz eraikitzen ziren.

Etxeetan altzari eta objektu gutxi ziren garai hartan: zeramikazko ontziak, baita zurezko kaikuak eta edalontziak ere. Batzuetan elikagaiak ehotzeko barku formako esku-errotak ere izaten ziren.

Paleolitoa euskal lurraldeetan: gizartea-antolaketa

Gizarte-antolaketa

Ez dakigu zehatz Paleolitoko antolaketa soziala nolakoa zen; horregatik, gaur egun, oraindik ere, munduan garai hartako antolaketa bera duten tribuekin, hala nola, eskimal edo boskimanoen antolaketarekin konparatuz egiten dira ikerketak.

Pentsa liteke ez zela antolaketa oso hierarkizatua (mailakatua) izango, nahiko berdinkidea baizik.

Oinarrizko giza taldea banda zela dirudi. Banda giza talde txiki bat zen, gehienetan, kanpaleku berean bizi ziren pertsonez osatua. Talde bakoitzean hamar-berrogeita hamar pertsona artean bizi omen ziren, taldeko kide gehienak elkarren senideak, baina ez guztiak. Taldeek ezaugarri komunak zituzten inguruko beste zenbait, eta banden artean tribua osatzen zuten. Tribu bereko taldeek hizkuntza, erlijio eta kultura bera eta harreman estuak zituzten elkarren artean. Aldiro, taldeak elkarrekin hainbat ekintza egiteko elkartuko ziren: ehizaldi handiak egiteko, beste tribu batzuen aurka borrokatzeko, ospakizun berezietarako…

Botereari dagokionez, ehiztari-biltzaile gizarteetan ez zen egoten botere maila oso handia biltzen zuen buruzagirik, pertsona helduek izan ohi zuten agintea.

Jabetza

Jabetzari dagokionez, pertsonak zituen objektu pertsonalak, hala nola, arropak, ontziak, lanabesak… jabetza pribatukotzat hartzen ziren; mendiak, basoak, errekak eta halakoak, aldiz, jabetza kolektibotzat, baina, betiere, talde jakinen jabetzakoak ziren, ez edozeinen jabetzakoak; adibidez: ez zituzten jabetzak partekatzen inguruko beste talde batzuekin.

Paleolitoko ehiztari-biltzaileen artean ondasun materialak metatzeko aukerak urriak ziren eta baliabide ekonomikoak, gehienetan, guztienak ziren: ehiza, fruituak eta lehengaiak naturan zeuden, ez zuten jabe pribaturik izaten, eta taldeko edonork ustia zitzakeen. Gainera, ibiltariak zirenez, zaila izaten zen behin bildutakoa edo ehizatutakoa luzaroan gordetzea. Horregatik, ehiztari-biltzaile gizarteetako kideek antzeko ondasunak, antzeko bizimodua eta antzeko estatusa izaten zuten, eta beren artean ez zen ohiko hierarkia handirik sortzea.

Bizilekuak

Batik bat, haitzuloak erabiltzen ziren bizilekutzat. Hegoaldera begira zeudenak aukeratzen zituzten, argitasun eta eguzki gehiago zutelako. Ikusgarritasun ona ere nahi izaten zuten, ingurua kontrolatzeko.

Haitzuloaren barnealdean egokitzapenak egiten zituzten, ahalik eta erosoen bizitzeko: zorua lautu, gune lokaztuak lehortu…

Haitzuloak, bereziki neguan, babesleku erakargarriak ziren garai haietan, kontuan izaten badugu barnealdean tenperatura konstantea izaten zutela, 14 ᵒC inguru, urte osoan. Hala ere, kanpoko argiaz baliatzeko bizimodua haitzuloaren sarreran egiten zen. Haitzuloaren barnealdeko leku ilunetara gizakiak gutxitan sartzen ziren, soilik margotzeko eta grabatuak egiteko erabiltzen zituzten, leku magikotzat baitzituzten.

Haitzulo horietako batzuk urte osoan okupatzen zituzten, edo urteko hilabeterik gehienetan behintzat. Baziren denbora-tarte batean soilik okupatzen ziren haitzuloak ere, animalia espezie jakin bat ehizatzeko edo lehengairen bat lortzeko.

Aire zabaleko bizilekuei buruz oso gutxi dakigu, euskal lurraldeetan gisa horretako aztarnategi banaka batzuk aurkitu baitira. Pentsa liteke Europako beste lekuren batzuetan aurkitu direnen antzekoak izango zirela. Indioen denden antzekoak zirela uste da, oinarri zirkularrean paratutako makilek sostengatutako larruzko estalkiez babestuak.

Erromanizazioa euskal lurraldeetan: gizartea

Gizarte-antolaketa

Euskal lurraldeetako biztanleen eta erromatarren arteko harremanak onak izan omen ziren. Erromatarrek ez zuten arazo berezirik izan euskal lurralde guztiak konkistatu ondoren, beren biztanleak kontrolpean edukitzeko.

Erromatarren eta baskoien arteko harremanak adiskidetsuak izan ziren, eta horri esker baskoiek beren lurrak zabaltzea ere lortu zuten; adibidez, Ponpeio eta Sertorioren arteko gerran (K.a. 82-72), Pompaelo (Iruñea) fundatu zuen Ponpeiok. Ondoren, jasotako laguntza saritzeko Calagurris eta Cascantum eman zizkien baskoiei, eta badirudi Jaka eta inguruko lurraldeak ere baskoien eskuetara pasatu zirela.

Erromatarrak nagusitu zirenetik K.o. IV. mendera arte ez dugu inolako gerraren edo matxinadaren berririk; alderantziz, hemengo biztanleak erromatar armadan sartu ziren, eta Ingalaterrako edo Germaniako gerran ibili ziren. Nahiko ezaguna da karistiarrek, barduloek eta baskoiek osatutako armada taldea, “Cohors II vasconum”.

Erromatarrek euskal lurraldeetako biztanle guztiak izen beraren mendean bateratu zituzten. K.o. II. mendetik aurrera, aurreko barduloak eta autrigoiak baskoi bilakatu ziren.

Euskal lurraldeetan, gutxi edo asko, erromatar ereduko elementu politikoak, sozialak, ekonomikoak zein kulturalak, errotu egin ziren. Bertako eliteak (goi-mailako jendeak) erromatar boteretsuak imitatu zituen, baina herritar gehienek erromatarren hainbat ohitura bereganatu bazituzten ere, bertako ohiturak mantendu zituzten.

Jabetza

Lurra zen aberastasunaren seinale eta jabetza izugarriak lortu zituzten.  Lurra, konkisten ondoren, soldadu-ohiei, erromatar nekazariei eta erromatarrekiko leial izandako euskaldunei banatzen zien.

Era horretara, modu askotako nekazariak sortu ziren, gehienak lur-jabe txikiak ziren eta batez ere etxerako ekoizten zuten. Lur-jabe handiek botere ekonomiko eta politiko handia zuten. Baziren lur-jabe txikiak ere, maiz lur-jabe handien lurretan lana egitera behartuta aurkitzen zirenak. Gehienetan, lurra esklaboen bitartez lantzen zuten, horrela etekin ekonomiko handiak ateratzen zituzten. Oro har, esklaboak lurra lantzeagatik ez zuten ordainik jasotzen, mantenua (jana eta jantziak) eta bizilekua bakarrik.

Herriak eta hiriak

Saltus, iparraldeko esparruan erromanizazioa ez dirudi oso sakona izan zenik. Egun hainbat hiri sortu zituztela ezagutzen dugu, hala nola: Lapurdum (Baiona), Oiasso (Irun), Forum (Forua), Menosca (Zarautz edo Getaria?), etab.

Ager, Ebro ibaiaren arroan, ordea, erromatarren eragina oso handia izan zen. Gure artean erromatarrek sortu zituzten harriz egindako lehen hiriak. Calagurris (Calahorra) eta Graccurris-ekin (Alfaro) batera badira beste batzuk ere: Pompaelo (Iruñea), Veleia (Iruña Oka), Andelos (Muruzabal Andion, Mendigorria), Cara (Santakara), Cascantum (Cascante), Ilumberri (Irunberri)…

Hiri horietan, foroaz (hiri erdiguneko plaza modukoa) gain, teatroak, termak (bainuak), anfiteatroak, tenpluak eta azokak ere eraiki zituzten, eta baita hirietara ura garraiatzeko ubide edo akueduktuak ere.

Erromatar garaiko hirien funtzio nagusia politikoa zen. Hiriak botere gunea ziren, goi-mailako jendea bizi zen tokia, eta nekazaritza-eremua gobernatzeko gunea. Aberastasuna ez zen hirian sortzen: hirian gastatu egiten zen.

Bizilekuak

Hiri edo nekazari ingurunetako etxebizitzak oso desberdinak ziren.

Hirietako eraikinak zurez, harriz eta morteroz egiten ziren, batzuetan adreiluz ere bai, eta teilatua buztinezko teilekin estaltzen zuten. Erromatar ereduko etxeak ez ziren kanpotik oso ikusgarriak izaten. Leiho gutxi eta txikiak izaten zituzten, garai hartan ez baitzen beira erabiltzen leihoetan. Etxe gehienek barruko atari bat zuten, atariak etxeari argitasuna ematen zion, eta gelak haren inguruan antolatzen ziren.

Maila sozialaren arabera, barruan hainbat apaingarri eta luxu izan zitzaketen; adibidez, zoruan jartzen zituzten mosaikoak, hainbat koloretako teselaz (kubo formako harriak) egindako marrazki ikusgarriekin.

Landa-edo nekazari eremuan baziren erromatar ereduko etxalde handiak, villa deituak, eta etxe apalagoak.

Villa gehienak erreka, ur-putzu edo antzeko tokietatik gertu egoten ziren, etxerako eta lurrentzat ura lortzeko. Inguruko paisaia ederra izaten zen eta galtzadetatik gertu zeuden.

Herritar xumeak etxoletan bizi ziren. Etxe biribil txiki hauek lastozko teilatua eta lurrez estalitako adarrez egindako hormak zituzten nagusiki. Etxolen barruan ez zen, gehienetan, gelarik bereizten. Txoko batean sua egoten zen janaria prestatzeko, beste batean lo egiteko oheak, beste batean janariak gordetzen ziren, etab.