Klima txinatarra

Klima txinatarra 20° eta 35°ko latitudea duten lur-eremu epeletan dago, eta kontinenteetako hego-ekialdeko aldeetan aurki dezakegu. Nagusiki, Txinako hegoaldean, Taiwanen, Japonian, Ameriketako Estatu Batuetako hego-ekialdean eta Uruguai-Brasil-Argentina bilgunean.

Klima txinatarra

Klima horretan neguan tenperatura epelak (10 °C-tik gorakoak) dira eta uda partean beroaldiak (20-25 °C-tik gorakoak) daude. Batez-beste, klima txinatarrak 15-20 °C-ko tenperatura izaten du urtean. Hori bai, egunean zehar tenperatura-bitarte handia izaten dute, 14-15 °C artekoa, hain zuzen ere.

Oro har, klima txinatarra nahiko hezea dela esan daiteke. Izan ere, haizeteek itsasaldetik jotzen dute eta oso hezeak iristen dira lehorrera, prezipitazioak areagotuz. Horregatik, klima txinatarra, zenbaitentzat, klima tropikal montzoikoaren luzapena besterik ez da. Prezipitazio horiek irregularrak eta kopuru handikoak dira: 1.000 mm/urteko inguru. Eurite horiek urte guztian zehar banatzen badira ere, udan izan ohi dira handienak. Klima txinatarrak ez du urtaro lehorrik izaten.

Lurraldeetako landaredia tropikoetako eta alde epeletako landare hosto erorkorren nahasketa dela esan daiteke. Horrela, banbuak bezalaxe, haritzak ere aurki ditzakegu, esate baterako. Azpimarratu behar da ginseng moduko sendabelarrek duten garrantzia. Landare apaingarriak ere oso zabalduta daude: adibidez, oinlodia txinatarren lore nazionala da.Klima txinatarrak animalien aberastasun handia erakusten du eta horietako batzuk klima txinatarreko eremuan bakarrik aurki daitezke: panda hartza, tigre txinatarra, faisai marroia, ibis gorriaPanda ugaztun zuri-beltza da. Banbu-kimuz elikatzen da eta 135 kg-ko pisua har dezake. Gaur egun, 1.500 inguru besterik ez dira geratzen, eta munduan galtzeko zorian dauden animalien ikur bilakatu da.

Klima mediterraneoa

Klima mediterraneoa

Izena Mediterraneo itsasotik jasotzen du, haren inguruan kokatzen baita nagusiki. Baina badira munduko beste hainbat lurralde klima mediterraneoa dutenak: Hegoafrika, Txileko erdialdea, Kalifornia eta Australiako hego-ekialdea.

Klima mota horretako tenperaturak, oro har, nahiko epelak izaten dira, 18 °C ingurukoak, batez-beste, egunean zeharreko tenperaturak bitarte handia izaten dute: 14-15 °C artekoa. Neguko hilabeteetako tenperaturak nahiko gozoak izaten dira, 6-7 °C inguru. Udan, aldiz, bero egiten du, oro har, 23-24 °C, eta hilabete beroenean tenperatura ez da 22 °C-tik jaisten.

Ez du euri askorik egiten (300-500 mm inguru). Udan, ia tantarik ez. Izan ere, klima mediterraneoaren ezaugarri nagusietakoa udako lehortea izaten da. Noizean behin ekaitzak eta euri-jasak (tximista askokoak, baina ordu gutxi irauten dutenak) izaten dituzte. Prezipitazioen bat-batekotasuna da klima horren berezitasun nagusia. Gehienak udaberrian eta, batez ere, udazkenean gertatzen dira; orduan, uholdeen arriskua izan ohi da. 

Horren guztiaren eraginez, ibaiek ez dute emari handirik eta nahiko irregularrak dira, urtaroen arabera aldatu egiten baitira. Gehienetan, ibaiak motzak izaten dira, baina badira uhaldi eta agorraldi, lehorte-aldi handiak dituzten ibai handiak ere: Ebro, Rodano…

Lehortea udako beroaldiarekin batera izaten dutenez, klima mediterraneoko lurraldeek ur falta handia izaten dute uda erdialdean eta bukaeran. 

Uda lehorreko eta negu hezeko klima honek oso landaredi berezia sortzen du, baso mediterraneoa deiturikoa. Ura gordetzeko gai diren edo lehortean ondo irauten duten zuhaitzak eta zuhaixkak dira nagusi. Azpimarratzekoak dira pinu, arte eta antzeko zuhaitzen basoak eta zuhaixka usaintsu tipikoak: makia eta garriga, besteak beste. Esan behar da, ur eskasiagatik eta gizakiaren eraginez, bereziki, oso hondatuta dagoela klima horri dagokion landaredia.

Klima mediterraneoaren fauna aberatsa da: azeriak, ahuntzak, hegazti harrapariak, katagorriak, sugeak… Gizakiaren eraginak galtzeko zorian jarri ditu, besteak beste, hainbat hegazti harrapariren eta katamotzaren moduko animaliak.

Klima ozeanikoa

Klima ozeanikoa ekuatorearen bi aldeetan kokatzen da, 40 eta 60 graduren artean, gutxi gorabehera. Ipar hemisferioan Europako eta Ipar Amerikako mendebaleko itsasertzetan nabarmentzen da. Hego hemisferioan, aldiz, Txile eta Argentinako hegoaldeko itsasertzetan eta Australiako eta Zeelanda Berriko hego-ekialdeko kostan.

Klima ozeanikoa itsasertzetan aurki dezakegu. Ingurune horiek mendebaleko haizeen eragina jasaten dute. Ozeanoa zeharkatzerakoan haizeak hezetasunez kargatzen dira eta lehorrera iristean, hezetasun hori kondentsatu egiten da eta euri bihurtu. Horixe da, epeltasunaz gain, klima honen ezaugarri nagusia: prezipitazioen erregulartasuna. Euria askotan egiten du (700/2.000 mm/urteko). Horren eraginez, ibaien emaria handia izan ohi da urte osoan. Ibai ezagunenak Rhin, Sena eta Danubio dira.

Ozeanoen eraginez, tenperaturak ere leunak izan ohi dira klima ozeanikoan, nahiko epelak edo freskoak: 7-15 °C, batez-beste. Tenperaturak ez dira oso beroak izaten udan, ezta oso hotzak ere neguan. Ez da aldaketa nabarmenik izaten urtaroen artean, eta urtean zeharreko tenperatura-bitartea erdi-mailakoa dela esan daiteke (10 °C ingurukoa).

Baso hosto erorkorreko bioma deiturikoan tenperatura leunek eta etengabeko euriteek, hosto erorkorreko basoak sortzen dituzte. Horietan, haritzak, pagoak eta gaztainondoak daude. Zuhaitz horiek hostoa galtzen dute hotzaren etorrerarekin batera. Basoen artean landarerik gabeko gunetan,  belardiak sortzen dira. Belardiek hazkunderako baldintza oso egokiak aurkitzen dituzte klima ozeanikoan (hezetasun handia eta tenperatura leunak) eta ganaduaren oinarrizko elikagai bihurtu dira.

Faunari dagokionez, hosto erorkorreko baso horietan, ugaztun asko (hartzak, azeriak, basurdeak…) bizi da. Belardietan, aldiz, sagua, satorra eta bestelako karraskariak ikus daitezke. Bai basoan eta bai belardietan, hegaztiak ugari dira.

Oro har, esan daiteke klima ozeanikoa duten lurraldeetan, oso nabarmena izan dela gizakiaren eragina. Lehen, lurralde horiek basoz estaliak zeuden eta gizakiak nekazaritza-eremu bihurtu zituen. Horrek, jakina, bioma horretan bizi ziren animalia asko desagertzea eragin du.Gaur egun, klima ozeanikoak hainbat giza okupazio maila eragin ditu: 

  • Europako mendebaldea biztanlez beteta dago eta hiri eta industriagune ugari aurki daitezke. 
  • Amerikako leku batzuetan, biztanleria eskasagoa da eta oraindik ia ustiatu gabeko basoak dituzte. 
  • Australiako hainbat eremutan, azkenik, belardi handiak dituzte, eta horrek abelazkuntza eragin du, artzaintza bereziki.

Klima kontinentala

klima kontinentala

Klima honen ezaugarri nagusia izaera aldakorra da, bai tenperaturari dagokionez, baita prezipitazioei dagokienez ere. Klima kontinentala,  ozeanoen eraginik ez duten latitude ertainetan dauden eskualdeetan ematen da; bereziki, ipar hemisferioko kontinente barruko, 45-65° koordenatuen artean. Itsas bazterretik urrun egoteak edo haizeak eta prezipitazioak kontinentearen barnealdetik jasotzeak eragiten du eskualde horietako klima hori.

Klima honen ezaugarri nagusia izaera aldakorra da, bai tenperaturari dagokionez, baita prezipitazioei dagokienez ere. Klima kontinentala,  ozeanoen eraginik ez duten latitude ertainetan dauden eskualdeetan ematen da; bereziki, ipar hemisferioko kontinente barruko, 45-65° koordenatuen artean. Itsas bazterretik urrun egoteak edo haizeak eta prezipitazioak kontinentearen barnealdetik jasotzeak eragiten du eskualde horietako klima hori.

Ipar hemisferioko kontinente nagusien barrualdean agertzen da gehienbat: Siberia aldean, Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadako eta Europako barnealdeetan, Asiako erdialdean, Txinan… 

Klima kontinentala gogorra izan arren, haren eraginpean kokatzen dira munduko hiriburu eta hiri nagusietako asko: Mosku (Errusia), Astana (Kazakhstan), Ulan Bator (Mongolia), Chicago, Montreal, Pekin, Viena, Milan, Praga, Kiev…

Lurralde horiek asko berotzen dira udan (30 °C baino gehiago) eta, aldiz, hoztu neguan (0 °C azpitik, izozte handiak). Alde handia dago egunaren eta gauaren artean: egunean zehar tenperatura-bitartea oso handia izaten da, 20 °C artekoa. Lurraldearen eta kokapenaren arabera urteko batez besteko tenperatura asko aldatzen da; 10-15 °C-koa izan ohi da,.

Gehienetan, lurralde horietan euri gutxi egiten du, prezipitazioak nahiko urriak dira, kontinenteen barnealdean kokatzen direnez, ozeanoen eta itsasoen hezetasunetik urrun geratzen baitira. Batez beste, 700 mm euri egiten du urteko. Prezipitazioen banaketa nahiko irregularra da, eta, batez ere, udan egiten du, ekaitzen ondorioz. 

Prezipitazioak, urriak izan arren, ibaiak emari handikoak izan ohi dira, oso eremu zabaleko ura jasotzen baitute. Horrela, hedadura handiko arroak sortzen dira: Rhin, Danubio…

Klima horretako landaredia oso aldakorra da. Leku hezeenetan, belardia da nagusi, baina haritz-basoak ere topa genitzake; lehorrenetan, berriz, estepa deitzen diren belar-eremu zabalak daude. Estepa horiek oso aproposak dira abelazkuntzarako eta, bereziki, zereal-laboreetarako: lur aberatsak izateaz gain, oso lauak izan ohi dira, makinaria erabiltzeko aukera ematen dutenak. Horregatik, lehen belardi ziren eremu asko eta asko gaur egun nekazaritzarako moldatu dira. Horrek, jakina, animalia askoren desagertzea eragin du, bisontea kasu.

Klima kontinentaleko lurraldeen iparraldean taiga basoak aurkitzen dira. Taigako zuhaitzak gehienbat papergintzan erabiltzen dira gaur egun.Klimaren gogortasuna dela eta, hor dauden animalia askok emigratu egiten dute. Neguan gelditzen direnak aldiz, hibernatu egiten dute. Jatorrizko animalia asko galdu den arren, klima kontinentalean berezko fauna zabala aurki dezakegu oraindik: arranoak, saiak, koartzak eta mota askotako hegaztiak, oreinak, altzeak, kastoreak, lepahoriak, katagorriak, erbiak…