Prezipitazioen faktore eragileak

Troposferaren osagaiak berdintsuak dira lurrazal osoan. Baina prezipitazio kopurua ez da hala izaten. Leku batzuetan, ekuatore aldean, adibidez, ia egunero egiten du euria, eta basamortuetan, berriz, oso gutxitan. Egoera honen aurrean, galdera asko egin geniezazkioke geure buruari. Basamortuez, esate baterako. Nola izan daiteke Peru eta Txileko kostaldean, itsasotik hurbil, munduko basamorturik lehorrenetakoa egotea? Ez al dira horra iristen itsasertzeko prezipitazioak? Edo, zergatik dago tropikoetatik hain urrun Gobi desertua, basamortuak berez tropiko inguruetan egoten badira? Galdera ugari egin daiteke, eta ez basamortuei buruz bakarrik. Nola banatzen dira prezipitazioak lurrazalean? Zein dira prezipitazioen faktore eragileak? Azkeneko galdera horri erantzuna eman nahiz abiatuko gara gure azterketan. Hauek dira prezipitazioen banaketan kontuan izan behar ditugun faktoreak:

  1. Altuera
  2. Latitudea
  3. Kontinentaltasuna
  4. Itsas korronteak

Konbergentziazko prezipitazioak

Prezipitazio-mota hauek ekuatore inguruan gertatu ohi dira. Izan ere, ekuatore-parean egiten dute topo Kantzer eta Kaprikornio tropikoetatik datozen haizeek, alisio izenekoek. Haize horiek hezetasuna ekartzen dute eta, elkar jotzen dutenean, eurite handiak sorrarazten dituzte.

Prezipitazio konbektiboak

Gure inguruan uda partean eta ekuatore aldean maiz agertzen diren prezipitazioak dira prezipitazio konbektibo hauek. Bero handia denean, airea asko berotzen da eta berotutako aire hori lehen baino arinagoa izanik, oso azkar igotzen da. Altuera handietaraino heltzen da azkar-azkar berotutako aire arin hori. Han goian, tenperaturak oso hotzak izan ohi dira, eta aire beroak berarekin daraman ur-lurruna berehala kondentsatzen da. Kondentsazio horrek prezipitazio handiak sorraraz ditzake, bai eta ekaitz handiak eragin ere askotan. Aire-korronte handi horietan ur-tantak gora eta behera ere has daitezke eta igoera bakoitzean izoztu eta txingorra edo harria sortu. Eskeman ikus dezakezu nola osatzen diren prezipitazio konbektiboak.

Prezipitazio ziklonikoak

Behe-presioko guneetan, hau da, depresio edo borrasketan, horietan sortzen diren fronte hotz eta beroak tarteko, prezipitazioak sortzen dira. Prezipitazio horiek dira prezipitazio ziklonikoak. Eskeman ikus dezakezu depresio horietako bat (D) eta berari lotuta agertzen diren bi fronteak: fronte hotza eta fronte beroa. Baina hor adierazten dena hobeto ulertzeko, troposferaren sekzio bat egingo bagenu, beheko beste eskema horren antzeko zerbait ikusiko genuke: fronteak lurrazalaren puntu batetik pasatzean osatzen duten sekuentzia, alegia.

Prezipitazio orografikoak

Prezipitazio hauek airea mendian gora igotzen denean sortzen dira. Airea mendian gora igoz doan neurrian, hoztu egiten da eta berarekin daraman hezetasuna asetasun-punturaino heltzen da. Orduan, ura kondentsatu egiten da eta prezipitazioa hasi. Airea mendiaren beste aldera pasatzen denerako, galdu du erabat bere hezetasuna. Maldan behera jaistean, berotu egiten da aire hori eta lehen hoztu den baino azkarrago, gainera. Hori dela-eta, mendi barreneraino heltzen denean, beste aldean baino lehorrago eta beroago dago airea; askoz beroago, zenbaitetan. Fenomeno honi foehn efektua deitzen zaio. Mendi altuak dauden lekuetan gertatzen da eta zenbait lekutan, Patagonian adibidez, basamortuak ere sortzen ditu: aireak Andeetako mendilerro luze eta garaia igotzen du eta, Ozeano Atlantiko aldera jaisterakoan, ez du hezetasun-tantarik edukitzen. Euskal Herrian ere suma liteke fenomeno hori. Haizeak hegoaldetik jotzen duenean, mendiak igo eta iparraldeko maldetan behera hasten denean, asko berotzen da. Horregatik, hego-haizea denean, beroa handia izaten da.

Itsasertzeko prezipitazioak

Itsasotik datozen aire epel eta hezeek eta kontinente gainean dauden aire hotzagoek elkar jotzen dutenean gertatzen dira prezipitazio hauek. Eskeman marrazturik dator nola gertatzen den prezipitazio-mota hau. Bertan garbi ikus dezakezunez, itsasotik heldutako airea hoztu egiten da, lurreko aire hotzarekin talka egiten duenean, eta prezipitazioak sortzen dira.

Ihintza, izotz zuria eta antzigarra

Euria, zirimiria, elurra, txingorra, harria… Prezipitazio-era asko aipatu ditugu, baina baditugu, horiek ez bezala, ezkutukoak direnak ere. Prezipitaziotzat har ditzakegu, beste batzuen artean, ihintza, izotz zuria eta antzigarra ere. Lurrean, landareen hostoetan eta gauza hotzen gainaldean gauez edo egunsentian eratzen diren ur-tanten multzoari deitzen diogu ihintza. Aireko lurrunaren kondentsazioz osatzen da eta autoen kristaletan, landareetan… ikus dezakezu gauez hotz egin duen egunetan. Tenperatura 0 °Ctik behera jaisten bada, ur-tantak izoztu egiten dira eta orratz, luma eta antzeko kristalak osatzen ditu. Izotz zuria deitzen zaio horri eta, normalean, oskarbi eta hotz dagoenean osatzen da. Neguko gau oso hotzetan, lurraren eta batez ere landare eta zuhaixken gainean izotz-geruza zuri eta guztiz mehea osa liteke, sarritan kristalezko adarrez apaindua. Horri deitzen diogu antzigarra, eta mendietan edo oso hotz egiten duen lekuetan sor liteke.

Elurra eta txingorra

Biak prezipitazio solidoak eta ur izoztuz osatutakoak badira ere, ez dira, osaketari dagokionez, era berean sortuak. Elurra ur-kristal soilez osaturik dagoen bitartean, txingorra prozesu luzeago baten ondorioz sortutako ur izoztua da. Txingorra hodeien barne-dinamika berezi baten ondorioa dela esan genezake. Hodeien baitan gora igotzen diren aire-korronteak egon daitezke, bai eta horietatik urrun ez dauden eta behera jaisten diren beste korronte batzuk ere. Izoztu diren ur-tantak behin eta berriz gora eta behera hasten badira korronte horietan, bidaia ugari egin ditzakete. Igotzen diren bakoitzean, ur jelatu edo izotz-geruza bat itsasten zaie eta, denboraren poderioz, txingor-alea handituz eta astunago eginez joaten da. Baina txingor-alea ezin da etengabe handituz joan eta aire-korronteetan gora-behera ibili. Alearen pisua handiegia denean korronteak gora jasotzeko, lurrera erortzen da: txingorra edo kazkabarra ari du. Ale horien neurria ohikoa baino handiagoa denean, harria deitzen diogu. Marrazkian ikus dezakezu nola sortzen den txingorra.

Euria eta zirimiria

Prezipitazioak likidoak edo solidoak izan daitezke, ura erortzen den egoera fisikoaren arabera. Prezipitazio likidoen artean eta, oro har, prezipitazio guztien artean, euria da ezagunena. Lehendik jakingo duzun bezala, euria atmosferan dagoen hezetasunaren kondentsazioz sortutako tantek osatzen dute. Kondentsazio hori aireko tenperaturaren jaitsierak eraginda gertatzen da. Osatutako tantak oso txikiak direnean, zirimiria deitzen diogu prezipitazio-mota horri. Baina prezipitazio guztiak ez dira likidoak izaten, solidoak ere izan daitezke: elurra, txingorra…

Prezipitazioak

Prezipitazio hitza entzundakoan, euria datorkigu berehala burura. Baina ez da hori prezipitazio-mota bakarra. Horrez gain, kontuan hartu beharko genituzke, esate baterako, elurra eta txingorra edo kazkabarra ere. Izan ere zer da, funtsean, elurra edo txingorra? Ur izoztua, ur solidoa, besterik ez.

Prezipitazio-kopurua neurtzeko, plubiometroa izeneko tresna erabiltzen da.

Prezipitazioak bi ikuspegitatik sailka daitezke: erori diren moduaren arabera edota sorrarazi dituzten fenomenoen arabera.

Prezipitazio-motak erortzen diren motaren arabera:

Prezipitazio-motak sorrarazten dituzten fenomenoen arabera: