Kiotoko protokoloa

Herrialde boteretsuenek 1997an ingurumenari buruz, eta batik bat berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketa kontrolatzeko helburuz sinatutako nazioarteko protokoloa da. Horretarako, bertan adierazten da herrialde bakoitzak atmosferara isur dezakeen berotegi-gas kopurua.

Protokoloa 1997ko abenduaren 11an onartu zen, Kioton (Japonia) egindako biltzarrean. 2005eko otsailaren 16an jarri zen indarrean, 2004ko azaroan Errusiak onartu eta gero. Izan ere, hitzarmena abian jartzeko, planeta osoko gas-isurketen % 55aren erantzule ziren herrialdeek onartu behar zuten protokoloa eta hori, Errusiak onartzean lortu zen. Halere Ameriketako Estatu Batuek, hots, berotegi-gas gehien isurtzen duen herrialdeak, protokoloa berretsi gabe jarraitzen zuen artean 2009an.

Urte horretan bertan Kopenhageko Klima Aldaketari buruzko XV. Biltzarra egin zen, Kyotoko protokoloa gainditzeko asmoz.

Ozono-geruzaren zuloa

Ozono-geruza estratosferan dago eta atmosferan ohi baino ozono-kontzentrazio (O3) handiagoa du.

Zer da, baina, ozonoa? Ozonoa hiru atomo oxigenoz osatutako molekula da; gizakiarentzat kaltegarria da, arnasten badu; baina atmosferako goiko geruzetan mesedegarria, planetako bizidunentzat.

Eginkizun nagusia Lurra babestea du Eguzkitik datozen erradiazio ultramoreetatik; izan ere, eguzki-izpiak, ozono molekulekin talka egitean, ez baitira Lurrera iristen.

Azken hamarkadetan zientzialariak konturatu dira ozono-geruza gero eta meheagoa dela; hau da, ozono-kontzentrazioa gero eta baxuagoa dela, Antartika gainean zulo handi bat sortzera iristeraino. Hori dela-eta, handitu egin da lurrera iristen diren erradiazio ultramoreen kopurua.

Zientzialariek aztertu zuten zein zen ozono-kontzentrazioa hain nabarmenki jaistearen arrazoia eta erantzule nagusiak CFC (klorofluorokarbonatu) konposatuak eta abioi supersonikoak zirela ondorioztatu zuten. CFC-ak gizakiak sortutako konposatuak dira eta esprai, hozkailu eta aire girotuko instalazioetan erabiltzen dira, gehienbat. 1987an, nazioarteko itun bat sinatzea lortu zen, naziorik aurreratuenek 2000 urtetik aurrera produktu horien ekoizpena eten zezaten. CFC konposatuek iraupen luzea dutenez, urteak beharko dira neurri horien emaitzak ikusteko.

Berotegi-efektua

Atmosferan modu naturalean gertatzen da berotegi-efektua, eta ezinbestekoa da Lurrean bizitza garatzeko. Atmosferan dauden ur-lurruna, karbono dioxidoa (CO2) eta metanoa (CH4) dira, besteak beste, efektu hori gauzatzen duten gas ugarienak. Gas horiek igarotzen uzten diote Eguzkitik datorren argi-erradiazioari eta, argiak Lurrean jo ondoren, aipatu gasek xurgatu egiten dituzte islatzen diren izpi infragorriak eta atmosfera barruan mantendu. Horri esker, lurrazalaren batez besteko tenperatura 15 ºCkoa da; berotegi-efekturik gabe, berriz, –18 ºCkoa izango litzateke.

Gaur egun, ordea, giza jarduerak isuritako gasen ondorioz, berotegi-efektua gehiegi hazi da, arazo larria bihurtzeraino.

Eta zerk eragin du gehiegizko berotegi-efektu hori? Atmosferan dauden berotegi-gasen kontzentrazio gero eta handiagoak, alegia; hau da, milaka urtetan lur-azpian sortu diren erregai fosilen zati handi bat gizakiak erabili duelako azken 150 urteotan, errekuntza-prozesuen bidez energia lortzeko. Errekuntzetan sortzen den gas nagusia karbono dioxidoa denez, atmosferara gero eta karbono dioxido gehiago isuri dugu eta bertako karbono dioxidoaren kontzentrazioa handitu egin da.

Bide horretatik jarraituz gero, ondorio larriak pairatuko ditugu, poloetako izotzak, besteak beste, urtu egingo baitira eta itsas uren maila igoarazi. Ondorioz, gaur egungo kostaldeak, munduko leku populatuenak, desagertzeko arriskuan egon litezke. Are gehiago, kliman ere aldaketak ekarriko lituzke: batez besteko tenperaturen igoera eragin, haizeen norabideak aldatu, tenperatura-bitartea handiagotu…

Horren aurrean, nazioarteko erkidegoak Kyotoko Ituna sinatu zuen 1997an, berotegi-efektua sortzen duten gasen emisioak murrizteko helburuz.

2009an Kopenhageko Klima-Aldaketari buruzko XV. Biltzarra antolatu zen, juridikoki loteslea izango zen itun berri bat hitzartzeko asmoz. Azkenean, hitzarmenari buruzko interpretazio ugari dauden arren, iritzi zabalduena da beste aukera bat galdu dela.