Uraren kutsadura kimikoa

Kutsadura honen jatorri nagusia nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako ongarri eta substantziak eta industria-prozesuetan isuritako hondakinak dira. Materiak izaera ez-organikoa eta organikoa izan dezake. Materia ez-organikoen artean sartzen dira pH-a aldatzen duten azidoak eta baseak, zianuroaren edo metal astunen antzeko substantzia toxikoak, eta eutrofizazioa sortzen duten substantzia nutritiboak. Materia organikoak, bere aldetik, biodegradagarria denez, beste era bateko kutsadura sortzen du: biologikoa; substantzia organiko horien deskonposizio-prozesuan uretako oxigenoa kontsumitzen da eta horrek arazoak dakarzkio ekosistemari.

Uraren kutsadura fisikoa

Kutsadura fisikoa hainbat motatakoa izan liteke: hondakin solidoek eragina, kutsadura termikoa, erradioaktiboa… Nabarmenena hondakin solidoek sortzen dutena izan arren, larriagoa da, askotan, ikusezinak diren kutsadura termikoa eta erradioaktiboa.

Kutsadura termikoaren eraginez, uraren tenperatura igotzen denean, uretako oxigeno-kontzentrazioa txikitu egiten da eta horrek kalte handia eragiten die ekosistema urtarrei.

Kutsadura erradioaktiboari dagokionez, urak daramatzan partikula erradioaktiboek bizidun guztiak kaltetzen dituzte, begiz ikusezina bada ere kutsadura hau.

Uraren kutsadura biologikoa

Kutsadura hau uretan hainbat motatako mikroorganismo kaltegarriak ugaltzen direnean sortzen da. Mikroorganismo kaltegarri horiek bakterioak, algak, onddoak edo antzeko izaki bizidunak dira; eta, elikagai ugari aurkitzen dutenean, modu esponentzialean ugaltzen dira. Mikroorganismoen ugalketa ahalbidetzen duen elikagaien ugaritasun horrek bi jatorri ditu, nagusiki: batetik, gizakiek isuritako hondakin organikoak eta, bestetik, nekazaritza intentsiboan erabilitako ongarri edo substantzia kimikoak.

Eutrofizazioa

Ura materia elikagarriz aberastea da eutrofizazioa. Materia elikagarri horiek nitrogeno, fosforo edo sufretan aberatsak diren konposatu ez-organikoak izaten dira. Oso elikagai egokiak direnez uretako landareentzat, mugagabe ugalarazten diete; ur-azalekoei, bereziki, geruza berde bat sortu eta ur barnera argia sartzen eragozteraino. Argi faltaz, planktona hil egiten da eta ur-hondoan metatzen; eta usteltze-prozesuan uretako oxigenoa kontsumitzen du. Eutrofizazioa nozitzen duten urek kolore berdea izaten dute eta kirats handia. Bertako ekosistemek, gainera, oxigeno- eta energia-eskasia jasaten dute.

Ur-araztegia

Ura erabili ahal izateko, bi motatako trataerak ematen zaizkio: batetik, naturatik hartutako ura edangarri bihurtu eta kontsumo-sareetara bideratzeko egiten dena; eta bestetik, etxeetan zein enpresetan erabilitako urak garbitu, eta ura naturari ahal den egoerarik onenean itzultzeko egiten dena.

Uraren tratamenduko araztegi-mota bakoitza leku jakin batean eraikitzen da, energia aurrezteko helburuz. Edateko uren araztegiak, adibidez, herrietako zona altuetan kokatzen dira, handik ura erraz banatzeko.Ur zikinen araztegiak, berriz, herrien irteeran edo zona baxuetan kokatzen dira, herriko ur kutsatuak erraz biltzeko.

Ur zikinak (hondakin-urak) tratatzeko araztegietan egiten den prozesua hurrengo pauso hauetan laburbil daiteke:

Aurre-tratamendua: araztegian sartu aurretik, ura burdin-sare batetik iragazten da, garraiatzen dituen solido handienak kentzeko (egurrak, plastikoak eta beste hainbat hondakin solido…).

Lehen tratamendua: hainbat dekantazio-ontzi erabiliz, urari itsatsi zaizkion osagaiak (arinak eta pisutsuak) kentzen zaizkio; hau da, ura ontzi handietan geldirik utziz gero, osagai astunak hondora joaten dira eta kendu egin litezke handik, arinak (flotatzen duten gaiak: koipea etab.), berriz, ur azaletik (gainetik) kentzen dira.

Bigarren tratamendua: ura hainbat bakterio bizi den ontzi edo putzu handietara bidaltzen da, bakterioek uretan den materia organikoa hartziduraz edo oxidazioz deskonposa dezaten. Ondoren, dekantatu egiten da berriro, sortu diren materia-hondarrak hondotik kentzeko.

Hirugarren tratamendua: prozesu berezi batzuen bidez (malutapena), urek disolbatuta dakarten fosfato eta nitratoak kentzen dira.

Prozesu horren amaieran, ura naturari itzultzeko eran dago.Giza kontsumorako erabili nahi bada, berriz, klorazioa, ozonizazioa edo antzeko beste prozesu batzuk egin behar zaizkio, uretan mikroorganismo kaltegarririk geratzen ez dela ziurtatzeko.

Uraren kutsadura

Naturan den urari ezaugarri kimiko eta fisikoak aldatzean, kutsatu egiten da. Ura kutsatzeko era asko dagoen arren, kutsadura-iturri handienak hurrengo hiru multzo hauetan bana daitezke: hirietan sortutako kutsadura, nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokiona eta industriari lotua.

Hirietan sortutako kutsadura: Hiriak gero eta handiago egiten ari dira eta, populazioa handitu ahala, biderkatu egiten da hondakinen arazoa ere: hondakin solidoak, estolda-urak… Hirietako hondakin horiek, bere aldetik, inguruko urak kutsatzen dituzte, batzuetan hondakinak uretara jaurti direlako zuzenean eta, bestetan, ura filtratu egiten delako zabortegietara.

Nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokiona: elikagaien eskaria handitu dela-eta, nekazaritzaren produktibitatea ere handitu egin behar izan da. Arazo horri eman zaion irtenbidea ekoizpena handiagotzea izan da, hainbat substantzia kimiko erabiliz: ongarriak, pestizidak, herbizidak… Substantzia horietako zenbaitek, azkenean, inguruko uretan amaitzen dute eta kutsadura kimikoa eragiten; areago: horien arteko batzuk hainbat mikroorganismoren elikagai direnez, kutsadura biologikoa ere sorrarazten dute. Abeltzaintzan ere gero eta ustiategi handiagoak eraikitzen dira eta horietako hondakin organikoek, askotan, kutsatu egiten dituzte inguruko urak.

Industriari lotua: hainbat gai eta tresnaren egungo eskaera asetzeko, gero eta lehengai, energia eta produktu landu gehiago behar dira. Horretarako egiten diren prozesu industrialetan, kutsatzaile kimiko ugari isurtzen da uretara. Bestalde, industriak dira kutsadura termikoaren erantzule nagusiak; hots, horiek dira uren tenperatura igotzearen eragile nabarmenenak, eta hori oso kaltegarria da, bereziki, ekosistema urtarretan.

Euri azidoa

Nekazariak betidanik egon dira zeruari begira, euria noiz egingo zain, ereindako haziek edota landatutako landareek ura behar-beharrezkoa dutelako. Industrializazioaren ondorioz, euria, Ipar Amerika eta Europa erdialdean gehienbat, oparotasun-iturri izatetik arazo izatera igaro da, euri azidoak (euriarekin, elurrarekin, lainoekin eta abarrekin batera erortzen dena) kalte egiten dielako uztei, basoei, ekosistema urtarrei eta eraikinei beraiei ere.

Euri azidoa erortzean, izenak dioen bezala, ur horren azidotasuna ohi baino handiagoa da. Azidotasun horren jatorria industriak, zentral termikoek eta ibilgailuek isuritako gasetan dago, erregai fosilak erretzean sortzen diren nitrogeno (NO, NO2, N2O5 …) eta sufre oxidoak (SO2, SO3 …) atmosferara isurtzen baitira. Gas horiek ur-lurrunarekin erreakzionatzean, azido nitrikoa (HNO3) eta azido sulfurikoa (H2SO4) sortzen da eta txikiagotu, euri-uraren pH-a, hau da, euria azidoagoa egiten dute.

Kutsadura horren ezaugarrietako bat da euri azidoa gas kaltegarriak isuri diren lekutik oso urrun eror daitekeela. Horregatik, nahiz eta herrialde aberatsek sortutako kutsadura izan, planeta osoak jasaten ditu ondorioak. Europan, adibidez, Erresuma Batuko zentral termikoen kutsadurak eragindako euri azido gehiena Norvegia eta Suediako basoetan erortzen da.

Kutsadura hori eteteko bidea gas-isurketak kontrolatzea da eta azken urteetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira euri azidoa murrizteko.

Izpi-ultramoreak

Lurrak hainbat izpi-mota jasotzen du Eguzkitik; eta erradiazio (izpi) horietako batzuk dira izpi ultramoreak. Gizakiok ez ditugu izpi ultramoreak ikusten. Izan ere, ikus ditzakegun izpi-mota laburrenak dira kolore morearenak: are eta laburragoen artean daudenez izpi ultramoreak, ez ditugu ikusten. Beste animalia batzuek (erleek, esaterako) badute izpi horiek ikusteko ahalmena eta hainbat gauzatarako erabiltzen dute: janaria lokalizatzeko, adibidez.Guk ez ditugu izpi ultramoreok ikusten, nahiz eta bai jasan gizakioi eragiten digun ondorio nagusia: azal-erreketak, alegia.

Ozonoa

Ozonoa hiru oxigeno atomoz osatutako molekula da. Usain atsegin eta kolorerik gabeko gasa da. Estratosferan izpi ultramoreak xurgatzen dituelako da ezaguna. Eragin onuragarri hori, ordea, ez da ematen troposfera deritzon geruzara jaitsiz gero. Ozonoaren oxidazio-gaitasunagatik, kaltegarria da bizitzarako, kontzentrazio jakin batetik gora. Bestalde, oxidazio-gaitasun handi horri esker, desinfektatzaile gisa erabiltzen da ur-araztegietan eta medikuntzan.

Kopenhageko biltzarra

Kopenhageko Biltzarraren (2009) helburu nagusia zen parte hartzen zuten herrialdeek akordio bat izenpetu eta 2012an indarrean jartzea, hots, Kiotoko Protokoloa ez bezala, juridikoki loteslea izango zena.

Proposatzen zen akordioaren helburu nagusia, funtsean, zen 2050 urtea baino lehen erdira jaistea 1990ean isuritako berotegi-efektuko gasen igorpena . Hitzarmenak epe ertaineko helburuak ere zehazten zituen: herrialde garatuek, 2020rako % 20 eta % 40 artean murriztea, alegia, beren gas-igorpenak.

Biltzarrean elkartu ziren herrialdeetako agintariek ez zuten akordiorik lortu azken gauera arte. Herrialde batzuek (Txina, AEB, India, Brasil eta Hegoafrika) gutxieneko akordioa lortu zuten gau hartan, baina garapen-bidean diren herrialde-multzo batek ez zuen onartu . Kopenhageko Biltzarrean, askoren iritziz, galdu egin zen, beste behin, aldaketa klimatikoa eteteko aukera.