Kopenhageko Biltzarraren (2009) helburu nagusia zen parte hartzen zuten herrialdeek akordio bat izenpetu eta 2012an indarrean jartzea, hots, Kiotoko Protokoloa ez bezala, juridikoki loteslea izango zena.
Proposatzen zen akordioaren helburu nagusia, funtsean, zen 2050 urtea baino lehen erdira jaistea 1990ean isuritako berotegi-efektuko gasen igorpena . Hitzarmenak epe ertaineko helburuak ere zehazten zituen: herrialde garatuek, 2020rako % 20 eta % 40 artean murriztea, alegia, beren gas-igorpenak.
Biltzarrean elkartu ziren herrialdeetako agintariek ez zuten akordiorik lortu azken gauera arte. Herrialde batzuek (Txina, AEB, India, Brasil eta Hegoafrika) gutxieneko akordioa lortu zuten gau hartan, baina garapen-bidean diren herrialde-multzo batek ez zuen onartu . Kopenhageko Biltzarrean, askoren iritziz, galdu egin zen, beste behin, aldaketa klimatikoa eteteko aukera.
Herrialde boteretsuenek 1997an ingurumenari buruz, eta batik bat berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketa kontrolatzeko helburuz sinatutako nazioarteko protokoloa da. Horretarako, bertan adierazten da herrialde bakoitzak atmosferara isur dezakeen berotegi-gas kopurua.
Protokoloa 1997ko abenduaren 11an onartu zen, Kioton (Japonia) egindako biltzarrean. 2005eko otsailaren 16an jarri zen indarrean, 2004ko azaroan Errusiak onartu eta gero. Izan ere, hitzarmena abian jartzeko, planeta osoko gas-isurketen % 55aren erantzule ziren herrialdeek onartu behar zuten protokoloa eta hori, Errusiak onartzean lortu zen. Halere Ameriketako Estatu Batuek, hots, berotegi-gas gehien isurtzen duen herrialdeak, protokoloa berretsi gabe jarraitzen zuen artean 2009an.
Zer da, baina, ozonoa? Ozonoa hiru atomo oxigenoz osatutako molekula da; gizakiarentzat kaltegarria da, arnasten badu; baina atmosferako goiko geruzetan mesedegarria, planetako bizidunentzat.
Azken hamarkadetan zientzialariak konturatu dira ozono-geruza gero eta meheagoa dela; hau da, ozono-kontzentrazioa gero eta baxuagoa dela, Antartika gainean zulo handi bat sortzera iristeraino. Hori dela-eta, handitu egin da lurrera iristen diren erradiazio ultramoreen kopurua.
Zientzialariek aztertu zuten zein zen ozono-kontzentrazioa hain nabarmenki jaistearen arrazoia eta erantzule nagusiak CFC (klorofluorokarbonatu) konposatuak eta abioi supersonikoak zirela ondorioztatu zuten. CFC-ak gizakiak sortutako konposatuak dira eta esprai, hozkailu eta aire girotuko instalazioetan erabiltzen dira, gehienbat. 1987an, nazioarteko itun bat sinatzea lortu zen, naziorik aurreratuenek 2000 urtetik aurrera produktu horien ekoizpena eten zezaten. CFC konposatuek iraupen luzea dutenez, urteak beharko dira neurri horien emaitzak ikusteko.
Urez osatutako Lurraren geruza da hidrosfera. Planetako azaleraren hiru laurdenak hartzen ditu; horregatik, hidrosfera da Lurra beste planetetatik bereizten duen ezaugarria, izan ere espaziotik behatuta, gure planeta urdina ikusten da, hidrosferari esker.
Lurrean ura, eskuarki, hiru agregazio-egoeratan aurkitzen da: solidoa, likidoa eta gasa. Zatirik handiena likido-egoeran dago: itsasoetan, ibaietan eta lurpean. Solido-egoeran dagoen zatia txikiagoa da: kasko polarretan eta glaziarretan dago, nagusiki. Gas-egoeran dagoen zatia, azkenik, atmosferan dago, lurrunduta, eta zatirik txikiena da.
Lurrean gertatzen diren tenperatura-aldaketen ondorioz, ura erraz igarotzen da agregazio-egoera batetik bestera eta, gainera, planeta osoan zehar mugitzen da; horrela osatzen da uraren zikloa. Ura da planetan mugitzen den substantzia ugariena, eta eragin handia du kliman eta erliebeen sorreran. Azken batean, planetako ur-kantitatea konstantea denez, urak ziklo itxia betetzen du.
Ura ezinbesteko osagaia da bizidun guztientzat: bizitza bera ere uretan sortu zen. Lurreko urak bi multzo nagusitan sailka genitzake: ur gaziak eta ur gezak . Hidrosferako ur-multzo handiena itsasoetan dagoenez, ur gazia guztiaren % 94 da. Geratzen den % 6a ur geza da eta berori da izaki bizidun gehienok, itsasokoek izan ezik, kontsumi dezakeguna. Ur geza kontinenteetan aurkitzen da.
Ur geza kopuru mugatuan dago, beraz; baina gizakiok gero eta erabilera handiagoa ematen diogunez, ondasun urria bihurtu da. Hori dela-eta, istiluak sortu izan dira zenbait herrialderen artean, ur gezaren kontura; adibidez, Sudan eta Egiptoren artean, Niloko uren harira; edota Aragoi eta Valentzia zein Murtziaren artean, Ebroko uren harira. Gizartearen garapenak uraren kontsumoa handitzeaz gain, gero eta ur gehiago kutsatzea ekarri du. Arazo horri aurre egiteko, ur-araztegiak eraiki dira leku askotan (Euskal Herriko herri gehienetan, adibidez), erabilitako urak, naturari itzultzerakoan, ahalik eta egoera onenean egon daitezen.
Atmosferan modu naturalean gertatzen da berotegi-efektua, eta ezinbestekoa da Lurrean bizitza garatzeko. Atmosferan dauden ur-lurruna, karbono dioxidoa (CO2) eta metanoa (CH4) dira, besteak beste, efektu hori gauzatzen duten gas ugarienak. Gas horiek igarotzen uzten diote Eguzkitik datorren argi-erradiazioari eta, argiak Lurrean jo ondoren, aipatu gasek xurgatu egiten dituzte islatzen diren izpi infragorriak eta atmosfera barruan mantendu. Horri esker, lurrazalaren batez besteko tenperatura 15 ºCkoa da; berotegi-efekturik gabe, berriz, –18 ºCkoa izango litzateke.
Gaur egun, ordea, giza jarduerak isuritako gasen ondorioz, berotegi-efektua gehiegi hazi da, arazo larria bihurtzeraino.
Eta zerk eragin du gehiegizko berotegi-efektu hori? Atmosferan dauden berotegi-gasen kontzentrazio gero eta handiagoak, alegia; hau da, milaka urtetan lur-azpian sortu diren erregai fosilen zati handi bat gizakiak erabili duelako azken 150 urteotan, errekuntza-prozesuen bidez energia lortzeko. Errekuntzetan sortzen den gas nagusia karbono dioxidoa denez, atmosferara gero eta karbono dioxido gehiago isuri dugu eta bertako karbono dioxidoaren kontzentrazioa handitu egin da.
Bide horretatik jarraituz gero, ondorio larriak pairatuko ditugu, poloetako izotzak, besteak beste, urtu egingo baitira eta itsas uren maila igoarazi. Ondorioz, gaur egungo kostaldeak, munduko leku populatuenak, desagertzeko arriskuan egon litezke. Are gehiago, kliman ere aldaketak ekarriko lituzke: batez besteko tenperaturen igoera eragin, haizeen norabideak aldatu, tenperatura-bitartea handiagotu…
Horren aurrean, nazioarteko erkidegoak Kyotoko Ituna sinatu zuen 1997an, berotegi-efektua sortzen duten gasen emisioak murrizteko helburuz.
2009an Kopenhageko Klima-Aldaketari buruzko XV. Biltzarra antolatu zen, juridikoki loteslea izango zen itun berri bat hitzartzeko asmoz. Azkenean, hitzarmenari buruzko interpretazio ugari dauden arren, iritzi zabalduena da beste aukera bat galdu dela.
Estratosfera da atmosferako bigarren geruza eta 12. km-tik 50. km-raino hedatzen da. Geruza horrek betetzen duen egiteko nagusia Eguzkiak igorritako izpi ultramore kaltegarriak iragaztea da. Horretarako, ozono-kontzentrazio (O3) handiagoa duen geruza batez osatuta dago: ozono-geruza. Izpi ultramore batek ozono-molekula batekin talka egiten badu, ez da Lurrera iristen.
Geruza horretan, izpi ultramoreen eta ozonoaren arteko talka horietan askatzen den energia tarteko, tenperatura, troposferan ez bezala, igo egiten da, altuera irabazteaz batera.
XX. mendearen amaieran, zientzialariek ikusi zuten ozono-geruza gero eta meheagoa egiten ari zela, gizakiak eragindako kutsaduraren ondorioz. Gertaera horri ozono-geruzaren zuloa esaten zaio.
Troposfera lurrazalarekin kontaktuan dagoen atmosfera-geruza da eta tropopausa da bere goi-muga; han tenperatura –56 ºCra iristen da. Tropopausaren kokapena aldatuz doa latitudearen arabera: ekuatore ingurua zonalde beroa denez, 12. km igo behar dira troposfera amaitu eta tropopausa aurkitzeko; poloetan, berriz, nahikoa da 6. km igotzea, tenperatura –56 ºCra iristeko.
Troposferan pilatzen da atmosferako gasen % 80. Troposferan gora egin ahala, gas-kantitatea ere gero txikiagoa egiten da, gasen proportzioek konstante irauten badute ere. Bizidunen kopurua ere, horri loturik, murriztu egiten da, toki garaietako oxigeno-kopurua ere urrituz doalako.
Troposferan dago atmosferako hezetasun (ur-lurrun) guztia. Troposferan gora egin ahala, era berean, tenperaturak behera egiten du: 0,60 ºC 100 m bakoitzeko, gutxi gorabehera.
Troposferan gertatzen dira, halaber, ezagutzen ditugun fenomeno meteorologikoak.
Lurra inguratzen duen atmosfera gasez osatuta dago eta, gasa materia denez, atmosferak masa du. Atmosferak, guztira, 4 trilioi eta erdi kilogramoko masa duela kalkulatzen da. Baina guri interesatzen zaiguna zera da: masa horrek zenbateko indarra egiten duen, alegia, azalera-unitate bakoitzeko; hau da, zenbatekoa den presio atmosferikoa.
Torricelli izan zen, 1643an, presio atmosferikoa neurtu zuen lehenengoetakoa. Horretarako, ertz bat itxia eta beste irekia zuen beirazko hodi bat merkurioz bete eta, ertz bat irekia zuela, ontzi batean sartu zuen. Hodiak 1,20 m luze neurtzen zuen eta, tututik merkurio apur bat atera arren, hodi barruan beti 760 mm-ko altuera markatzen zuen merkurio-zutabea geratzen zela ikusi zuen. Torricellik ondorioztatu zuen atmosferaren presioak eusten ziola erortzen ez zen merkurioari; hau da, merkurioz betetako ontzian indar bera egiten zutela merkurio zutabeak zein atmosferak. Horregatik, 1 atm eta 760 mm merkurio baliokideak dira.
760 mmHg = 1 atm
Torricelliren esperimentuari jarraituz, Pascalek, 1648an, frogatu zuen, altuerara igotzean, presio atmosferikoa txikiagoa egiten dela. Izan ere, zenbat eta leku altuagoan egon, gaineko gas-zutabea txikiagoa denez, indar gutxiago egiten baitu azalera-unitate bakoitzeko. Nazioarteko SI sisteman presioa neurtzeko erabiltzen den unitateari pascal (Pa) izena eman zaio, zientzialariaren omenez. Pascal bat da newton 1eko indarrak metro koadro 1en egiten duen presioa.
101.325 Pa = 760 mmHg = 1 atm
Presio atmosferikoaren kontzeptua 1654an zabaldu zen jendartera, Magdeburgoko esferaerdien esperimentuari esker.
Atmosfera da Lurra inguratzen duen gas-geruza: lurrazalean kokatzen garen izakiok inguratzen gaituen gas-itsaso baten modukoa da. Atmosferari esker, Lurra berezia da eguzki-sistemako gainerako planeten artean: oxigeno (O2) gasaren gordailua da, bertan erabakitzen da planetako eguraldia eta izpi kaltegarriak iragazten ditu.
Atmosferaren osagaia airea da. Airea hainbat gasen nahaste homogeneoa da; osagai nagusiak nitrogenoa (% 78) eta oxigenoa (% 21) dira. Gainerako % 1 argonak, karbono dioxidoak, ur-lurrunak, hidrogenoak eta beste gas batzuek osatzen dute. Aire horrek presioa egiten du planeta guztiaren gain (gas horiek, materia direnez, masa dute eta masa horrek presioa eragiten du). Presio horri presio atmosferikoa esaten zaio.
Atmosferak eragin nabarmena du kliman: haizea, adibidez, atmosferako presio-aldeengatik sortzen da eta hodeiak, berriz, atmosferan dagoen hezetasun eta tenperaturaren aldeak eragiten ditu.
Atmosferaren osaketa eta tenperatura aldatu egiten dira altuera aldatzeaz bat. Mendizaleek, esaterako, hotzaren eta oxigeno-faltaren aurrean, neurri bereziak hartu behar izaten dituzte, garaiera handiko lekuetara iristen direnean.
Atmosfera, bere aldetik, hainbat geruzatan banatzen da:
• Troposfera: lurrazalarekin kontaktuan dagoen geruza da eta, batez beste, 12 km-ko altuerara iristen da. Geruza horretan daude bizidunak (biosfera) eta bertan erabakitzen da eguraldia.
• Estratosfera: atmosferaren bigarren geruza da eta 12. km-tik 50. km-ra hedatzen da; estratosferan dago izpi ultramoreak iragazten dituen ozono-geruza.
• Mesosfera: 50. km-tik 80 km arteko altuerara iristen den geruza da; espaziotik datozen meteoritoak geruza horretan desegiten dira eta izar iheskorrak sortzen.
• Termosfera edo ionosfera: 80. km-tik 500. km-ra hedatzen den geruza da. Termosferan Eguzkitik datozen gamma eta X izpiek ioi bihurtzen dituzte atmosferako atomoak. Irrati-uhinak geruza horretan islatzen dira eta komunikazio-sateliteak ere bertan mugitzen dira.
• Metasfera edo exosfera: Atmosferako azken geruza da, 500. km-tik gora hedatzen da eta bertako gasen konposizioa oso bestelakoa da troposferakoaren aldean: osagai nagusia atomo arinak dira; nagusiki, hidrogenoa.
Atmosferaren konposizioa konstantea izan ez bada ere historian zehar, oreka baten barruan egon da beti, naturak dituen mekanismoei esker. Gizakiak XIX. mendean egindako iraultza industrialarekin batera, atmosferaren oreka apurtzen hasi zen, gas-isuriak gero eta handiagoak zirelako. Atmosferak baliatu izan dituen autorregulazio-mekanismoek gaur egun ezin diete jada aurre egin isurtzen diren gas guztiei eta, ondorioz, airearen gero eta kutsadura larriagoa daukagu. Kutsadurak eragindako ondorio larrienetakoak berotegi efektua, ozono-geruzaren zuloa eta euri azidoa dira.
Eguzki-sistemako hirugarren planeta da Lurra. Bere ezaugarriak direla-eta, bizitza garatzeko baldintza guztiak betetzen ditu: batetik, Eguzkiarekiko distantzia egokia du, lurrazaleko tenperaturak beroegiak edo hotzegiak izan ez daitezen; bestetik, atmosferako ozono-geruzari esker, izpi ultramoreak ez dira lurrazalera iristen; eta, azkenik, berotegi-efektuari esker, tenperaturak goxo mantentzen dira, aldaketa handiegirik gabe. Era laburrean esateko, Lurra da eguzki-sisteman ura likido-egoeran duen planeta bakarra; eta guk ezagutzen dugun erako bizitza uretan sortu zen.
Lurrean lau geruza edo esfera bereizten dira; hiru egoera fisikoekin lotzen dira eta laugarrena, bizidunok osatzen dugu. Hona, jarraian, horietako bakoitzari ematen zaion deitura: gasa (atmosfera); likidoa, ura (hidrosfera); solidoa, lurra (litosfera, geosfera) eta bizidunak (biosfera).
Atmosfera planeta inguratzen duen aire-geruza da.
Betetzen dituen egitekoei esker, atmosferak bizitza ahalbidetzen du Lurrean. Izan ere, bizidun askok, geu barne, atmosfera behar du bizitzeko: arnasten dugun oxigenoaren gordailua da, Eguzkitik datozen izpi kaltegarrietatik babesten gaitu eta Lurreko tenperaturaren batez bestekoa 15 ºC inguruan mantentzen du.
Atmosferaren osaketa eta tenperatura aldatu egiten dira altueraren arabera. Atmosfera bera, bestalde, bost geruzatan banatu ohi da.
Hidrosfera Lurreko urek osatzen duten geruza da. Geruza horrek lurrazalaren hiru laurdenak estaltzen ditu. Berau da, hain zuzen, Lurra gainerako planetetatik bereizten duena. Hidrosferari esker, gainera, Lur planeta urdin-urdina ikusten da espaziotik.
Hidrosferako ura hiru agregazio-egoeratan aurki daiteke: solidoan, likidoan edo lurrunduan. Agregazio-egoera batetik bestera igaroz, uraren zikloa osatzen da.
Hidrosferaren % 94 ur gazia da eta gainerako % 6 ur geza.
Geosfera planetaren zoru solidoa da: arrokek eta zoruetako lurrek osatzen dute. Geosfera da beste geruza guztien (hidrosfera, atmosfera eta biosfera) euskarri fisikoa.
Geosfera lurrazaletik Lurraren nukleoraino hedatzen da eta 6.370 km-ko lodiera du. Osagaien konposizio kimikoaren arabera, hurrengo hiru geruza hauetan banatzen da: lurrazala, mantua eta nukleoa.
Biosfera da planetako bizidunen multzoak osatzen duen geruza.
Lurzorua da aurreko lau geruzen arteko elkarreragina ematen den lekua. Lurzorua oso lodiera txikiko geruza ez-jarraitua da (azaleratutako lurretan soilik dago agerian) eta solidoz, likidoz, gasez eta bizidunez osatzen da. Lurzoruaren oreka nahiko hauskorra da.
Lur planetak bi mugimendu egiten ditu: bata Eguzkiaren inguruan (translazioa deritzo); eta bestea, bere ardatzaren inguruan (errotazioa). Mugimendu horiek dira Lurrean gertatzen diren aldaketa askoren eragileak: gauaren eta egunaren arteko txandaketarena, esate baterako, edo urtaroena. Horrez gain, Lurraren kokaguneak baldintza oso zehatz batzuk betetzen dituenean, eklipseak sortzen dira.
Lurrazalak hartzen duen formari erliebea deritzo. Erliebea ez da gauza finkoa: eragile geologikoen eraginez, aldatuz doa, denbora joan ahala. Eragile geologikoak bi multzotan banatzen dira: kanpo-eragileak eta barne-eragileak. Kanpo-eragileek (ura, haizea…) erliebea eraldatzen dute lurrazalaren kanpoaldetik. Barne-eragileek, aldiz, Lurraren barneko energia baliatuz, erliebeko elementuak sortzen dituzte.
Kanpo-eragileen dinamikak aspaldidanik ezagutzen dira. Barne-eragileei dagokienez, berriz, ondorioak aspaldidanik ezagutzen badira ere, zaila izan da gertaera horiek zerk edo nola sortu diren azaltzea, harik eta XX. mendearen hasieran plaken tektonikaren teoria plazaratu zen arte. Teoria horri esker, hain zuzen, azalpen egokiak eman ahal izan dira barne-eragileek sortzen dituzten dinamikei buruz.
Lurrak historia luzea du. Gogoratu Lurraren sorrera, jakintsuek kalkulatzen dutenez, orain dela 4.500 milioi urte inguru gertatu zela. Denbora-tarte horretan guztian Lurrean izan diren aldaketek hainbat arrasto utzi dituzte. Geologiak arrasto horiek aztertzen ditu eta, lortutako informazioan oinarrituz, Lurraren historia idazten saiatzen da.