Mapen ikurrak

Mapetan kolore, sinbolo eta letra jakin batzuk erabiltzen dira hainbat gauza adierazteko (altuerak, ibaiak, errepideak, herri txiki nahiz handiak, mendien zein probintzien izenak…). Ikur horietako batzuk erraz lotzen dira errealitateko elementuekin (ibaiak, adibidez, marra urdinez irudikatzen dira, normalean), baina beste batzuen esanahia ez da hain erraz antzematen (errepideak, adibidez, errealitatean gris kolorekoak izaten dira, baina mapetan kolore gorriz edo horiz ager litezke). Ikurrak, beraz, mapetan erabiltzen diren zeinu, kolore eta kode konbentzionalak dira. Ikur horien azalpena maparen ertz batean, laukitxo batean, agertu ohi da.

Kartografia

Mapak egiteaz eta aztertzeaz arduratzen den zientzia da kartografia (grezierazko khartis [=mapa] eta graphein [=idatzi] hitzetatik dator). Lurralde jakin baten irudia mapa gisa adierazterakoan, kartografiak zenbait auzi ebatzi behar ditu: zein proiekzio-mota erabiliko den, zein eskala emango zaion mapari, errealitateko zein gauza irudikatuko den mapan eta zein, ez (ibaiak, mendiak, errepideak, muga politikoak, hiriak…). Kartografiak, teknika eta estetika konbinatuz, errealitate bat mapa gisa adierazten du, beraz, errealitate hori modu bisualean uler dadin. Kartografian aritzen direnei, hau da, mapak egiten dituztenei, kartografo deritze.

Mapen eskala

Eskalak mapen hegal batean agertzen dira, zenbaki-zatidura gisa (esaterako, 1: 250.000) edota erregela itxurako segmentu gisa. Eskalen helburua da mapako neurriak errealitatekoak baino zenbat aldiz txikiagoak diren adieraztea; proportzio bat erakusten dute, beraz. Eskalen adierazpena bi eratakoa izan daiteke:

  • Grafikoa. Erregela moduko segmentu zatikatu bat izaten da. Segmentu bakoitzak neurri bat adierazten du (10 kilometro, adibidez), eta horixe da mapako neurrien eta errealitateko neurrien arteko harremana.
  • Zenbakizkoa. Mapako unitate-neurri bakoitzak errealitatean zenbat unitate dituen adierazten du. Mapa batean 1: 88.000.000ko eskala agertzen bada, adibidez, horrek esan nahi du mapako zentimetro bat errealitatean 88.000.000 zentimetro direla, hau da, 880 kilometro.

Eskalak, beraz, baliagarri dira mapako neurriak errealitateko zer distantziari dagozkion jakiteko.

Lurraren irudikapena: mapak

Gizakiak antzinatik aritu dira beren bizitokia den mundua irudi bidez adierazteko eginahalean. Horretatik sortu ziren mapak: gure planeta nahiz horren eskualde bat grafikoki agertzen duten irudikapenak. Arazoa da lurra esferikoa dela eta mapak, aldiz, lauak, normalean. Hiru dimentsioko ingurune bat (Lur planeta), beraz, bi dimentsioko azaleran (mapa batean) agerrarazi behar da; hor dago lehen zailtasuna.

Historian hainbat soluzio garatu dira. Mapagintzak edo kartografiak, izan ere, mende askotako ibilbidea du. Erdi Aroan edota lehenago egiten ziren mapetan ez zen Lurraren biribiltasuna kontuan hartzen, biribila zela jakin arren. Garai hartan, Lurraren zati txiki bat marraztu ohi zen mapetan ―Europa, adibidez―  eta, halako lurralde bat marrazteko, aski zen Lurra laua balitz bezala hartzea. Izan ere, nola kezkatu planetaren biribiltasunaz, Europatik urrun ziren lurraldeak ―Amerika, adibidez― ezezagunak baziren? Erdi Aroan, beraz, ez zioten jaramonik egin arazo horri. Gauzak aldatzen hasi ziren XV-XVI. mendeetan. Garai horretan, europar itsasgizonek esplorazio-bidaia handiak egin zituzten: Afrikako kostaldea inguratu, Indiara iritsi, Amerika aurkitu eta planeta osoari bira eman zioten. Hala, beharrezkoa ikusi zuten lur osoa mapa bakar batean marraztea. Eta orduan azaleratu zen planeta biribila mapa lau batean agerraraztearen zailtasuna. Arazoari irtenbidea aurkitzeko, XVI. mendean bertan egin ziren lehen proposamenak eta ordutik gaurdaino kartografoek hainbat mapa-proiekzio aurkeztu dituzte. Proiekzio bat bera ere ez da perfektua. Batzuk ezagunagoak ditugu besteak baino.

Mapen osagaiak

Hiru dimentsioko mundua bi dimentsioko mapa batean adierazteko zailtasuna ez dator planetaren forma orokorretik soilik. Mendiak edo haranak ere hiru dimentsioko formak dira, eta zailtasunak daude mapa lau batean adierazteko. Kartografoek, horregatik, erliebea irudikatzeko teknikak asmatu dituzte. Izan ere, mapa batean ez da kontinenteen forma agertzen soilik, mendi edo bestelako elementu geografikoei buruzko informazioa ere jaso lezake baizik: ibaiena, muga politikoena, errepideena… Mapa-motaren arabera, era bat edo besteko informazioa agertuko da; eta elementuen esanahia azaltzeko, ikursistema bat erabiltzen da. Nolanahi ere, mapetan ez dira errealitatean diren elementuak soilik irudikatzen (ibaiak, mendiak…), sarritan koordenatu izena duten eta toki bakoitza Lur planetaren baitan kokatzeko balio duten irudimenezko lerroak ere adierazten dira.

Mapa batean irudikatzen den lurralde-eremua handia (planeta osoa edo kontinente bat, adibidez) edota txikia izan liteke (probintzia bat, adibidez). Mapako neurrien eta egiazko neurri geografikoen artean dagoen proportzioa ezagutzeko, mapetan eskala adierazten da. Halaber, arau batzuk ere betetzen dira ohiz mapetan. Iparraldea, adibidez, goiko partean jartzen da mapa gehienetan eta hegoaldea, beheko partean. Baina hori ez da arau natural bat, kartografoek finkatu duten ohitura baizik.

Mapa-motak

Ikusten denez, mota askotako mapak daude eta, egiterakoan, hainbat arau jarraitzen da. Oso lurralde-eremu txikiak agertzen dituzten mapei, bestalde, edota hiri bat edo etxe bat agertzen dutenei plano deitzen zaie, normalean. Erliebea zehaztasun handiz agertzen duten mapak, berriz, (mendien mapei) mapa topografikoak izenez ezagutzen dira. Mapak biltzen dituzten liburuei, berriz, atlas izena ematen zaie.
Azkenik, badira hiru dimentsioko mapak ere. Halakoetan ez dago proiekzioaren arazorik, baina, urrutiko lurraldeak konparatzeko, ez dira mapa lauak bezain erosoak. Hiru dimentsioko mapa klasikoena munduko bola da. Gaur egun, ordea, ezagunagoak dira ordenagailuetan ikus ditzakegun hiru dimentsioko bola birtualak, sateliteko argazkiak eta erliebea konbinatzen dituztenak. Halakoek aukera ematen diote erabiltzaileari, planeta birtualean zehar mugitzeko eta, hainbat angelu eta distantziatan kokaturik, zehaztasun handiko irudiak eskaintzen dituzte. Google Earth edo Nasa World Wind ditugu mota horretako bola birtual ezagunenak.