Ihintza, izotz zuria eta antzigarra

Euria, zirimiria, elurra, txingorra, harria… Prezipitazio-era asko aipatu ditugu, baina baditugu, horiek ez bezala, ezkutukoak direnak ere. Prezipitaziotzat har ditzakegu, beste batzuen artean, ihintza, izotz zuria eta antzigarra ere. Lurrean, landareen hostoetan eta gauza hotzen gainaldean gauez edo egunsentian eratzen diren ur-tanten multzoari deitzen diogu ihintza. Aireko lurrunaren kondentsazioz osatzen da eta autoen kristaletan, landareetan… ikus dezakezu gauez hotz egin duen egunetan. Tenperatura 0 °Ctik behera jaisten bada, ur-tantak izoztu egiten dira eta orratz, luma eta antzeko kristalak osatzen ditu. Izotz zuria deitzen zaio horri eta, normalean, oskarbi eta hotz dagoenean osatzen da. Neguko gau oso hotzetan, lurraren eta batez ere landare eta zuhaixken gainean izotz-geruza zuri eta guztiz mehea osa liteke, sarritan kristalezko adarrez apaindua. Horri deitzen diogu antzigarra, eta mendietan edo oso hotz egiten duen lekuetan sor liteke.

Elurra eta txingorra

Biak prezipitazio solidoak eta ur izoztuz osatutakoak badira ere, ez dira, osaketari dagokionez, era berean sortuak. Elurra ur-kristal soilez osaturik dagoen bitartean, txingorra prozesu luzeago baten ondorioz sortutako ur izoztua da. Txingorra hodeien barne-dinamika berezi baten ondorioa dela esan genezake. Hodeien baitan gora igotzen diren aire-korronteak egon daitezke, bai eta horietatik urrun ez dauden eta behera jaisten diren beste korronte batzuk ere. Izoztu diren ur-tantak behin eta berriz gora eta behera hasten badira korronte horietan, bidaia ugari egin ditzakete. Igotzen diren bakoitzean, ur jelatu edo izotz-geruza bat itsasten zaie eta, denboraren poderioz, txingor-alea handituz eta astunago eginez joaten da. Baina txingor-alea ezin da etengabe handituz joan eta aire-korronteetan gora-behera ibili. Alearen pisua handiegia denean korronteak gora jasotzeko, lurrera erortzen da: txingorra edo kazkabarra ari du. Ale horien neurria ohikoa baino handiagoa denean, harria deitzen diogu. Marrazkian ikus dezakezu nola sortzen den txingorra.

Euria eta zirimiria

Prezipitazioak likidoak edo solidoak izan daitezke, ura erortzen den egoera fisikoaren arabera. Prezipitazio likidoen artean eta, oro har, prezipitazio guztien artean, euria da ezagunena. Lehendik jakingo duzun bezala, euria atmosferan dagoen hezetasunaren kondentsazioz sortutako tantek osatzen dute. Kondentsazio hori aireko tenperaturaren jaitsierak eraginda gertatzen da. Osatutako tantak oso txikiak direnean, zirimiria deitzen diogu prezipitazio-mota horri. Baina prezipitazio guztiak ez dira likidoak izaten, solidoak ere izan daitezke: elurra, txingorra…