Neguko solstizioa

Ipar hemisferioan, abenduaren 21-22an izaten da neguko solstizioa. Egun horretan, Lurraren errotazio-ardatzaren ipar poloa Eguzkiaren aurkako noranzkoan orientatzen da. Gertaera horrek baditu zenbait ondorio gure planetan. Ipar hemisferioan. hauek:

–     Urteko egunik laburrena eta gaurik luzeena dituen eguna da.

–     Eguzki-izpiak zerumugarekiko inoiz hartzen duten altuerarik txikienera (irudizko altuera) iristen dira ipar hemisferioan. Horregatik, eguzki-izpiek angelu txikia sortzen dute Lurrarekin eta inoiz baino izpi gutxiago iristen dira azalera-unitate bakoitzeko.

–     Ipar poloan, Eguzkia ez da ateratzen egun osoan, 24 orduko gaua izaten da, eta egoera hori zenbait egunez luzatzen da.

Hego hemisferioan, ekainaren 21-22an gertatzen da neguko solstizioa, eta abenduan ipar hemisferioan izandako egoera bera gertatzen da hego hemisferioan.

Udako solstizioa

Ipar hemisferioan, ekainaren 21-22an gertatzen da udako solstizioa. Egun horretan, Lurraren errotazio-ardatzaren ipar poloa Eguzkirantz orientatzen da. Gertaera horrek baditu zenbait ondorio gure planetan:

–     Urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena dituen eguna da.

–     Kantzerreko tropikoan (23º 26’ 22’’ko latitudean), Eguzkiak zerumuga altuena, hots, zeruaren irudizko punturik altuena hartzen du eta une horretan eguerdian hain zuzen, eguzki-izpiak elkarzut iristen direnez Lurrera, gauzek ez dute itzalik egiten.

–     Ipar poloan, Eguzkia ez da ezkutatzen egun osoan, eta egoera hori zenbait egunez luzatzen da.

Hego hemisferioan, abenduaren 21-22an gertatzen da udako solstizioa eta ekainean ipar hemisferioan izandako egoera bera gertatzen da hor ere.

Udazkeneko ekinokzioa

Ipar hemisferioan, irailaren 21-22an izaten da udazkeneko ekinokzioa. Ekinokzio-egun horretan, Lurraren errotazio-ardatza albo batera orientatuta egoten da (beti bezala), baina Lurraren eta Eguzkiaren arteko irudizko marrak eta ardatzak sortzen duten planoak 90º-ko angelua marrazten du Lurrak, Eguzkiaren inguruan mugitzean, osatzen duen planoarekiko. Egun horretan, ekinokzioan, egunak eta gauak 12na orduko iraupena dute planeta osoan. Udazkeneko ekinokzioaren aurretik, eguna gaua baino luzeagoa izaten da ipar hemisferioan, eta ekinokzioaren ondoren, eguna gaua baino laburragoa izatera igarotzen da.

Hego hemisferioan, martxoaren 20-21ean izaten da udazkeneko ekinokzioa.

Udaberriko ekinokzioa

Martxoaren 20-21ean izaten da ipar  hemisferioan udaberriko ekinokzioa. Ekinokzioaren egun horretan, Lurraren errotazio-ardatza albo batera orientatuta egoten da (beti bezala), baina Lurraren eta Eguzkiaren arteko irudizko marrak eta ardatzak sortzen duten planoak 90ºko angelua neurtzen du Lurrak, Eguzkiaren inguruan mugitzean, osatzen duen planoarekiko. Egun horretan, ekinokzioan, egunak eta gauak 12na orduko iraupena dute planeta osoan.

Udaberriko ekinokzioaren aurretik, eguna gaua baino laburragoa izaten da Ipar hemisferioan eta, ekinokzioaren ondoren, eguna gaua baino luzeagoa izatera igarotzen da.

Hego hemisferioan, udaberriko ekinokzioa irailaren 21-22an gertatzen da.

Ilargi-eklipsea

Ilargia Lurrak egiten duen itzalaren barruan kokatzen denean gertatzen da Ilargi-eklipsea; hau da, Lurra Eguzkiaren eta Ilargiaren artean kokatzen denean. Ilargi-eklipsea ilbetean bakarrik gerta daiteke, horixe baita Lurra Eguzkiaren eta Ilargiaren artean kokatzen den garaia.

Ilargia ilgoran hilero egoten bada ere, eklipseak ez dira hilero gertatzen, Lurraren eta Ilargiaren orbiten artean inklinazioa dagoelako eta, ondorioz, Ilargia gehienetan ez da itzaletik igarotzen. Ilargi-eklipseak, halere, eguzki-eklipseak baino maizago gertatzen dira. Horren arrazoia itzalen tamaina da, Lurrak Ilargiari egiten dion itzala Ilargiak Lurrari egiten diona baino handiagoa delako.

Ilargi-eklipsea osoa edo partziala izan daiteke; azken hori gertatzen ari den bitartean, Ilargia ez da guztiz ezkutatzen, kolore gorrixka hartzen du baizik.

Eguzki-eklipsea

Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean egokitzen denean, gertatzen da Eguzki-eklipsea. Eguzkia Ilargia baino 400 aldiz handiagoa den arren, Lurretik 400 bider urrutiago dago eta Lurretik begiratuta berdintsua egiten zaigu bien itxurazko tamaina.

Ilargia Eguzkiaren eta Lurraren erdian lerrokatzean, Lurrera kono-itxurako itzala iristen da, eta itzal horretako zonalde bakoitzean modu desberdinean ikusten da eklipsea. Eguzki-eklipse osoa ikusten dute itzalaren erdian kokatuta dauden pertsonek; juxtu itzal-konoaren ertzean kokatzen direnek, berriz, eraztun-eklipsea ikusten dute.

Ilargia hilero igaro arren Lurraren eta Eguzkiaren artean, eklipse gutxi gertatzen dira. Horren zergatia Ilargiaren eta Lurraren orbitek egiten dituzten planoen arteko inklinazioan dago: eklipsea gertatzeko, Ilargia Eguzkiaren eta Lurraren artean igarotzeaz gain, Eguzkiaren eta Lurraren errotazio-plano beretik igaro behar du, kasu horretan bakarrik egongo baitira lerrokatuta hiru astroak.

Mareak

Mareak itsasoaren mugimendu ziklikoak dira eta kostaldean izaten dute eragin nagusia. Latitude txikiko zonaldeetan, bi itsasgora eta bi itsasbehera izaten dira eguneko; aldiz, 62ºtik gorako latitudeetan, itsasgora eta itsasbehera bana izaten dira eguneko. Aipatu dugun marea-kopuruaz gain, latitudearen arabera aldatzen da mareen indarra ere: ekuadorretik zenbat eta gertuago egon, gutxiago antzematen dira marea-aldaketak.

Ilargiaren eta Eguzkiaren grabitate-indarrak dira itsasoko ur-masa erraldoi hori mugitzen dutenak. Eragin handiena Ilargiak du, Eguzkia baino txikiagoa izan arren, gertuago baitago Lurretik. Hurrengo animazioan ikusten denez, Ilargia Lurreko leku jakin baten aurrez aurre denean, itsasgora gertatzen da leku horretan, Ilargiaren grabitateak ura erakarri egiten duelako. Ilargia aurrez aurre eduki ordez, Ilargiarekin 90°ko angelua duten Lurreko tokietan itsasbehera dago. Azkenik, Ilargia aurrez aurre izan ordez. Lurraren atzealdean, beste aldean, duten tokietan ere itsasgora gertatzen da. Fluidoen propietateei esker gertatzen da hori horrela.

Euskal Herriaren gutxi gorabeherako latitudeak erreferentziatzat hartuta, mareak nola gertatzen diren aztertuko dugu:

1) Ilargia Lurraren parean dugunean, itsasgora dago.

2) Handik sei ordura (gutxi gorabehera) Lurrak itzuli laurdena egin du eta Ilargiak 90°ko angelua du aurreko egoerarekiko eta, ondorioz, gure kostaldean itsasbehera dago.

3) Beste sei bat ordu gehiago igarotzean, Ilargia gurekin lerrokatuta egongo da berriro Lurraren beste aldean eta gure kostaldean, horregatik, itsasgora izango dugu, berriz ere.

Errealitatean, sei ordu baino pittin bat luzeagoak dira tarteak, Lurrak bira ematen duen heinean Ilargiak ere bere translazio-ibilbidea egiten baitu.

Eguzkiak itsas mailan duen eragina erabakigarria ez izan arren, mareen intentsitatea handitu edo txikitu egiten da Eguzkiaren posizioaren arabera; horrek eragiten ditu marea hilak eta marea biziak.

 

Urtaroak

Baldintza klimatikoak nahiko homogeneoak mantentzen diren denbora-tarteak dira urtaroak. Gu bizi garen latitudean, lau urtarotan banatzen da urtea: udaberria, uda, udazkena eta negua. Ekuatore inguruan, berriz, bi urtaro bereizten dira soilik: lehorra eta hezea.

Urtaroak Lurrak egiten dituen mugimenduen ondorioz sortzen dira: Lurraren errotazio-ardatza eta translazio-planoa elkarzutak ez direnez, eguzki-izpien inklinazioa aldatu egiten da garaiaren arabera.

Udaberria udaberriko ekinozioarekin batera hasten da: Eguzkiak gero eta altuera handiagoa hartzen duenez, eguzki-izpiak zuzenago iristen dira eta eguraldiak hobetzeko joera hartzen du.

Udako solstiziora iristean, Eguzkiak gehieneko altuera lortzen du eta, egun horretatik aurrera, uda hasten da. Oro har, tenperatura altuenak udan izaten dira, eguzki-izpiak nahiko zuzen iristeaz gain, Lurra aldez aurretik berotuz joan delako (udaberrian eta uda-hasieran) jasotako beroaz.

Udazkena udazkeneko ekinokzioarekin batera hasten da: egunak eta gauak luzera bera duten egunetik aurrera gaua eguna baino luzeagoa eginez joaten da eta tenperaturak, gero eta baxuagoak, eguzki-izpiak gero eta etzanagoak iristen direlako.

Eguzkiak zerumugan altuera minimoa hartzen duen egunean izaten da neguko solstizioa eta hasten da negua. Urtaro honetan gertatzen dira urteko tenperaturarik hotzenak, eguzki-izpiek lurrarekin angelu txikia sortzen dutelako eta lurrak udan pilatutako beroa jada galdu duelako. Neguak aurrera egin ahala, gaua laburtuz joaten da eta eguna, luzatuz.

Ordu-sektorea

Lurreko lekuetan ordu-aldaketa era praktiko eta erregularrean arautzeko egin den zatiketa da. Lurra hogeita lau zati berdinetan banatuko bagenu, sektore bakoitzak 15 ºko longitudea duela, ordu-sektoreen banaketa egingo genuke. Sektore horiei, ordea, arrazoi politikoak eta geografikoak tarteko, forma irregularra ematen zaie errealitatean eta herrialdeen mugetara moldatzen dira. 

Lurraren mugimenduak

Nahiz eta guk ez nabaritu, Lurra etengabe mugitzen ari da. Abiadura-sentsaziorik eduki ez arren, pentsatzen jarriz gero, konturatzen gara gertaera batzuk errepikatu egiten direla etengabe: egunero Eguzkia atera eta sartu egiten da; urtero hotz egiten du garai berean eta, sei hilabete igaro ondoren, berriro ere bero. Gertaera horiek eta beste asko azaltzeko, Lurrak egiten dituen bi mugimenduetan (errotazioa eta translazioa) oinarritu behar dugu.

Errotazio-mugimendua

Errotazioa da Lurrak bere ardatzaren inguruan egiten duen mugimendua: 24 ordu behar ditu itzuli osoa egiteko. Errotazio-mugimenduaren ondorio nagusia gauaren eta egunaren arteko txandaketa da. Lurra, izan ere, mendebaldetik ekialdera mugitzen denez, Eguzkia ekialdetik mendebaldera mugituko balitz bezala ikusten dugu, jakin, badakigun arren, berez, Eguzkia dela eguzki-sistemaren erdigunea.

Eguzkiak Lurraren zati bat argiztatzen du uneoro eta beste zati bat ilunpetan geratzen da; horregatik, planeta guztirako ordutegi bera eduki ordez, gizakiak 24 ordu-eremutan banatu du Lurra.

Lurraren errotazio-ardatza translazio-planoarekiko elkarzuta izango balitz, egunak eta gauak iraupen bera izango lukete urte guztian zehar; baina, denok dakigunez, egunaren luzera aldatu egiten da urtaro batzuetatik besteetara. Horren arrazoia da errotazio-ardatzak 23,5º-ko inklinazioa duelako translazio-planoaren elkarzutarekiko.

Translazio-mugimendua

Translazio-mugimendua Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen itzulia da; 365,256 egun behar ditu, zehazki, itzulia osatzeko.

Esan bezala, translazio-planoaren eta errotazio-ardatzaren arteko 23,5º-ko inklinazioak eragiten ditu urtaroak. Izan ere, inklinazio hori dela tarteko, eguzki-izpiek lurrarekin sortzen duten angelua aldatuz doa urtean barrena. Ipar hemisferioan, esaterako, izpiak zuzenago iristen dira udan eta bero gehiago ematen dute. Neguan, berriz, etzanagoak (makurragoak) iristen dira eta bero gutxiago ematen dute. Izpien inklinazio horrek sortzen ditu urtaroak, eta ez, askok uste duten bezala, Eguzkiaren eta Lurraren arteko distantzia-aldaketak; hau da, udan ez gaude Eguzkitik gertuago eta neguan urrunago (Lurra eta Eguzkia elkarrengandik hurbilen daudenean, negua da ipar hemisferioan eta uda, hego hemisferioan.

Lurraren egitura esferiko dela kontuan izanik, hainbat egoera eman litezke, latitudearen arabera. Hala, ekuatorean, Eguzkiak antzeko angeluz jotzen du urte osoan; horregatik, ia ez dira bereizten urtaroak eta eguna/gaua erlazioa nahiko konstantea da urtean zehar. Poloetarantz hurbilduz goazen heinean, gero eta gehiago nabarmentzen dira aldaketak, poloetako egoera muturrekoenera iritsi arte. Polo inguruetan, izan ere, eguneko 24 orduetan egun argiz egon ohi dira hainbat denboratan (gauerdiko eguzkia deitzen zaio fenomeno horri); eta eguzkirik gabe, beste hainbatetan. Svalbard herria (Norvegia) da jendea bizi den Europako iparraldeko azken herria; bada han eguzkia ez da ezkutatzen (ezta gauez ere) apirilaren 19tik abuztuaren 23ra arte. Are eta iparralderago, oraindik eta nabarmenagoa da gauerdiko eguzkia, eta Ipar poloan bertan, sei hilabetez egun eta sei hilabetez gau izaten da.

Ilargiaren mugimenduak

Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten dituen mugimenduen antzera, Ilargiak ere translazio-mugimendua egiten du Lurraren inguruan, baita errotazio-mugimendua ere bere ardatzaren biran. Mugimendu horiek direla-eta, ilargia ez dugu beti era berean ikusten. Gizakiok esaten dugu ilargiak faseak (ilargialdiak) dituela: ilbetea, ilbehera, ilberria eta ilgora. Ilargialdiak Lurretik begi-bistaz ikusten direnez, eragin handia dute gizakiaren bizitzan: egiazko eragina bezala, baita ustezkoa ere.

Ilargiaren errotazio- eta translazio-mugimenduek periodo bera dute: 27,32 egunekoa; Lurretik 29,5 eguneko periodoa ikusten da, tarte horretan Lurraren posizioa ere aldatu egin delako.

Ilargiaren bi mugimenduok sinkronizatuta egotearen ondorioz, Lurretik Ilargiaren aurpegi bakarra ikus daiteke.

Ilargiaren mugimenduak eragin ikusgarriak ditu Lurrean: itsasoetako mareak, eguzki-eklipsea eta ilargi-eklipsea mugimendu horien ondorio dira.

Hala ere, Ilargiaren mugimenduak mito ugari sortu ditu gizarte guztietan, nahiz eta inolako oinarri zientifikorik ez izan. Mito batzuek diote ilbetean kriminalitatea handiagoa dela, jaiotza-tasa handitu egiten dela edota emakumeen hilekoarekin lotura duela. Ilargialdiek eragin ona ala txarra izan dezaketelako sineskerak ere ugariak dira: landatzeari edota uzta biltzeari buruz, zuhaitzak kimatzeko nahiz mozteko uneari buruz, abereei ilea mozteko edo hiltzeko uneari loturik…