Entzumena da gure inguruko soinuak jasotzen dituen zentzumena.
Hotsak airean zehar belarriraino iristen dira eta, gero, belarriko zulotik tinpanoraino. Tinpanoa mintz bat da eta, hots-uhinek kolpatzen dutenean, bibratu egiten du. Bibrazio horrek belarri barruan dauden hiru hezurtxo (mailua, ingudea eta estriboa) mugitzen ditu. Hezur txiki horiek kokleara bidaltzen dituzte soinu-uhinak. Koklea nerbio batzuei lotuta dago eta nerbioek garunera bidaltzen dituzte seinaleak, garunak seinale horiek interpreta ditzan.
Gizakiok ikusmena dugu zentzumenetatik garrantzitsuena. Berari esker bereiz ditzakegu gauzen kolorea eta itxura. Dena dela, guk ikusi ahal izateko behar-beharrezkoa da argia.
Argirik gabe ezinezkoa litzaiguke ikasturte honetan egin dugun bidaia miragarria egitea eta ikustea: unibertsoa, atmosfera, hidrosfera, litosfera, lurreko ekosistemak eta gizakia. Ikusi dugun guztia eguzkiaren argiari esker ikusi dugu.
Ikusmenaren organo nagusia begia da. Begiak baditu, gainera, bere hurbilean beste atal babesgarri batzuk: betazalak, bekainak, malko-guruinak, etab.
Begiaren azala edo pareta hiru geruzaz osaturik dago: esklerotika, koroidea eta betsarea (erretina).
Esklerotika. Kanpoaldeko geruza da, zuria eta gogorra, eta marruskaduren aurkako babesa ematen dio begiari.
Aurrealdetik gardena da, argiari pasatzen utzi ahal izateko, eta zati horri kornea deitzen zaio.
Koroidea. Begi-muina barrualdetik estaltzen duen mintz iluna da koroidea, eta begi-barnea ilun gordetzen du.
Koroidearen aurrealdea hainbat koloretakoa izaten da, pertsonen arabera. Irisa deitzen zaio mintz berezi horri. Irisaren erdigunean zulo bat dago, betsein edo begi-nini izenekoa.
Begi-nini hori beltza izan ohi da beti, hain zuzen argia pasatzen uzteko zuloa besterik ez delako. Begiaren barnealdea erabat beltza delako ikusten da beltza begi-ninia.
Betsarea edo erretina. Barne-barneko mintza da eta horixe bakarrik da argiarekiko sentikorra. Mintz horretan, betsarean, eratzen dira irudiak. Begi-nerbioarekin komunikatzen da betsarea, eta informazioa garunera bidaliz ikustea ahalbideratzen du.
Orain arte aipatutako hiru geruza horien barneko begi-globoaren barrunbea bi departamentutan zatiturik dago. Bata, kornearen eta irisaren artekoa, humore urtsua izeneko likidoz betea dago; bestea, betsarearen eta irisaren artekoa, humore beirakara izeneko likidoz betea.
Bi likidoen artean, juxtu begi-niniaren atzean, lente bikonbexu bat dago: kristalinoa.
Lente hori, kristalinoa, behar-beharrezkoa da, kristalinoan zehar pasatzen baitira betsareko zelulak inpresionatuko dituzten argi-izpiak.
Adina aurrera doan neurrian, askotan, kristalinoak gardentasuna galtzen du edo opaku bihurtzen da, halakoetan ikusmen-galtze bat gertatzen da, kataratak edo begi-lausoa izeneko gaixotasuna, alegia.
Usaimenaren bidez hainbat usain bereizten ditugu. Usainak bereizten dituzten zelula sentikorrak sudurzuloko usaimen mintzean (mintz pituitarioan) aurkitzen dira. Zelula horiek bidalitako kinada nerbiosoak sudur-nerbioen bidez garunera iristen dira.
Zentzumen hau oso garatuta dago zenbait animaliarengan, eta ez horrenbeste gizakiengan.
Usainen sailkapena egitea ez da gauza erraza. Honelako bat egin genezake: lurrintsuak edo atseginak, kiratsak edo usain txarrak eta usainak edo arruntak, ez txarrak ez gozoak.
Ukimenaren bidez gure inguruko gauzen forma, hotz-beroa eta bibrazioak jaso ditzakegu.
Azalak bi zati nagusi ditu: epidermisa edo kanpoaldea eta dermisa edo barnealdea. Azken atal hori da sentikorra dena. Hemen aurkitzen dira nerbioguneak eta hainbat organotxo kanpoko sentipenak jasotzeko. Ikusi hemen alboko marrazkia.
Ukimenaren sentikortasuna ez da berdina gorputz guztian. Alde sentikorrenak atzamar puntetan aurkitzen dira. Barneko organoetan ere baditugu sentipen-organotxoak, eta tendoi eta muskuluetan aurkitzen dira batik bat.
Dastamenaren bidez jaten ditugun janarien zaporeak bereizten ditugu. Janarien zaporeen sentipenak papilen bidez jasotzen ditugu, horiek kinada bihurtzen dituzte sentipenak, eta nerbioen bidez garunera bidali.
Kinada horiei erantzun ezberdinak eman ahal dizkie garunak, ahoko edo gorputzeko muskuluei esker. Honela, janari hori irents dezakegu, edo ahotik atera, gustukoa ez bazaigu.
Garunaren erabakia irenstea denean, digestioaren prozesuak aurrera dihardu, eta bai masailezurrek, bai mihiak eta bai faringeak, beren mugimenduekin, digestioko ahoko fasea osatzen laguntzen dute.
Papilak hainbat motatakoak izan daitezke beren izaera eta formen arabera. Mota bakoitzak zapore klase bat identifikatzen du (gozoa, garratza, mingotsa eta gazia).