Baldintza klimatikoak nahiko homogeneoak mantentzen diren denbora-tarteak dira urtaroak. Gu bizi garen latitudean, lau urtarotan banatzen da urtea: udaberria, uda, udazkena eta negua. Ekuatore inguruan, berriz, bi urtaro bereizten dira soilik: lehorra eta hezea.
Urtaroak Lurrak egiten dituen mugimenduen ondorioz sortzen dira: Lurraren errotazio-ardatza eta translazio-planoa elkarzutak ez direnez, eguzki-izpien inklinazioa aldatu egiten da garaiaren arabera.
Udaberria udaberriko ekinozioarekin batera hasten da: Eguzkiak gero eta altuera handiagoa hartzen duenez, eguzki-izpiak zuzenago iristen dira eta eguraldiak hobetzeko joera hartzen du.
Udako solstiziora iristean, Eguzkiak gehieneko altuera lortzen du eta, egun horretatik aurrera, uda hasten da. Oro har, tenperatura altuenak udan izaten dira, eguzki-izpiak nahiko zuzen iristeaz gain, Lurra aldez aurretik berotuz joan delako (udaberrian eta uda-hasieran) jasotako beroaz.
Udazkena udazkeneko ekinokzioarekin batera hasten da: egunak eta gauak luzera bera duten egunetik aurrera gaua eguna baino luzeagoa eginez joaten da eta tenperaturak, gero eta baxuagoak, eguzki-izpiak gero eta etzanagoak iristen direlako.
Eguzkiak zerumugan altuera minimoa hartzen duen egunean izaten da neguko solstizioa eta hasten da negua. Urtaro honetan gertatzen dira urteko tenperaturarik hotzenak, eguzki-izpiek lurrarekin angelu txikia sortzen dutelako eta lurrak udan pilatutako beroa jada galdu duelako. Neguak aurrera egin ahala, gaua laburtuz joaten da eta eguna, luzatuz.