Onddoen aniztasuna

onddoak-aurrebista.jpg

Gure planetako izaki bizidunak sailkatzeko zientifikoek egin dituzten bost erreinuetatik ugarienetako bat osatzen dute onddoek: 100.000 espezie inguru. Onddoak mundu guztian zabalduta daude eta ingurugiro-baldintzarik berezienetan ere garatzen dira, nahiz eta gehienek beste animalia edo landare batzuengan egin garapen hori.

Onddoek ezin dezakete fotosintesirik egin, eta, horregatik, ez dira beren janaria osatzeko gai eta beste bizidunengandik (onddo bizkarroi edo parasitoak) edo horien hondakinetatik (onddo saprofitoak) jaso behar izaten dute elikagaia. Norberak sortu ezin eta beste bizidun batzuetatik elikadura lortzen duten bizidunen elikatzeko modua heterotrofoa da.

Onddo-espezie batzuk parasitoak dira, lehen esan dugun bezala, eta kalteak sortzen dituzte hainbat bizidunetan, baina beste onddo asko saprofitoak dira, hau da, deskonposatzen ari diren gai organikoen kontura bizi direnak, eta horiek onuragarriak dira eragiten duten aldaketengatik. Planetako garbiketaeragilerik nagusienak dira onddoak, bakterioekin batera, eta horiei esker lortzen da hildako izakiak usteldu, desegin eta berriz erabiltzeko eran deskonposatzea.

Honez gain, badira beste aplikazio batzuetarako erabiltzen diren onddo batzuk. Legamiek, (onddo mikroskopikoa eta zelulabakarrak) esate baterako, garrantzi handia dute zenbait janari edo edariren osakeran; beste onddo mikroskopiko batzuk antibiotiko izeneko sendagaiak egiteko erabiltzen dira. Lizunak ere onddoak dira, ogian eta fruta usteletan askotan azaltzen direnak. Kontu izan onddoez ari garenean, kasu gehienetan behintzat, perretxikoez jarduten dugula, perretxikoak baitira onddoen kanpoaldeko zatia, guk errazen ikus dezakeguna, eta ezagunena egiten zaiguna.

Onddoak nonahi

Ia edonon azal daitezke onddoak, eta hemen dituzu, adibide gisa, onddoak agertzen diren hainbat leku: basoak, zelaiak, padurak, dunak, labore lurrak, herriko kaleak, baserri eta etxe barruak (arropak, alfonbrakā€¦), egurra, papera eta beste hainbat material organiko pilatzen diren tokiak…

Hurrengo  zerrenda adierazkorra eta argigarria izan daiteke aipatzen dugun onddoen banaketa zabal hori ikusteko.

  1. Zuhaitzen onddo bizkarroiak. Horietakoak dira zuhaitz askoren enborretan hazten diren ardagaiak, ostren itxurako onddoak.
  2. Onddo baten eta alga baten elkarketa naturalaren ondorioz, likenak sortzen dira. Egun, aditu desberdinek onddoen erreinuaren barruan kokatzen dituzte.
  3. Basoko onddoak, guretzat ezagunenak direnak. Askotan zuhaitzekin sinbiosian bizi dira. Onddoen harizpiak zuhaitzen sustraietaraino iristen dira eta hainbat elikagai zurgatzen diete.
  4. Onddoak industrian. Legamiak eta Penicilliuma bezalako onddo mikroskopiko eta zelulabakar batzuk hartzidura industrialetarako eta antibiotikoak fabrikatzeko erabiltzen dira hurrenez hurren.
  5. Zerealen izurriteak. Herdoil-onddoa izurriterik beldurgarrienetariko bat da zereal askorentzat.
  6. Organismo degradatzaileak. Onddoak dira, bakterioekin batera, lurzoruetako hondakin organikoen degradatzaile nagusiak.

Utzi erantzuna