Zenbait perretxiko pozoitsuak dira eta hauetako batzuk hilgarriak. Perretxiko bat jangarria ala pozoitsua den jakiteko ez dago arau orokorra. Modu bakarra ezaugarri morfologikoen bidez ongi ezagutzea da:
- Ezaugarri makroskopikoen bidez: forma, kolorea, hanka, hodiak, eztenak, tolesturak, eraztuna, bolba, ezkatak esnea…
- Ezaugarri organoleptikoen bidez: usaina, zaporea eta ukimena.
- Ezaugarri makrokimikoen bidez: erreaktibo kimikoen bidezko mami eta azalaren aldaketak.
- Ezaugarri mikroskopikoen bidez: esporak, trama, basidioak, zistidioak, hifak…
Aipatutako puntuetatik aparte, oso interesgarria da bibliografia on bat eskuratzea (onddoen liburuak, gidak, generoen monografiak…).
Perretxiko biltzaile batentzat eta hauek jateko asmotan badabil, nahikoa litzateke ezaugarri makroskopiko eta organoleptikoak ezagutzea, habitat identifikatzea eta onddoen libururen bat edukitzea (onddoen gida…).
Beckerren ustez, Europan identifikatu diren 3.500 espezie desberdinetatik, 20ren bat jateko kalitate handikoak lirateke, beste ehunen bat nahiko onak lirateke plater desberdinak egin ahal izateko, berrogeiren bat pozoitsuak, eta gainontzeko guztiak, mingotsak, saminak, gogorregiak, bigunegiak eta okaztagarriak, balio garriak zientzialari eta mikologoentzat bakarrik direnak.
Urola kosta bailaran azaltzen diren onddo espezie guztietatik jangarriak eta kalitate maila desberdina duten perretxikoak aipatzen ditugu (Nahiz espezie gehienak bibliografia desberdinetan jangarritzat eta maila berdinean aipatuak izan, egindako sailkapena subjektiboa izan daitekeela kontuan hartu).
Bikainak | Oso onak | Onak |
Kuletoa, Gorringoa | Txanpinoiak | Errotaria |
Onddo beltza | Makal ziza | Tripakia |
Onddo zuria | Esnegorriak | Galanperna |
Udaberriko ziza | Karraspinak | |
Ziza horia | ||
Gibelurdinak |