Mineralak

Arroken osagaiak dira mineralak, eta lurrazalaren zati garrantzitsu bat osatzen dute. Mineralek kristal itxura izan dezakete, baina ez beti. Kristalik gabeko mineralak ere badaude.

Lurrazaleko arroak asko hainbat mineralen nahasketa dira. Esate baterako, granitoa (arroka magmatikoa) hiru mineralez osatua dago: kuartzoa, mika eta feldespatoa.

Mineralek garrantzi handia dute gizakiontzat, gauza askotarako erabiltzeaz gain, hainbat gai (metalak horien artean) ateratzen baititugu mineraletatik. Batzuetan, gai horiek (metalak eta) mineraletan era puruan egon daitezke (urrea, kobrea…), baina gehienetan teknika bereziak erabili behar izaten dira mineraletatik ateratzeko.

Edozein mineral ezagutu ahal izateko bere ezaugarriez balia gaitezke: gogortasuna, kolorea, gardentasuna, magnetismoa, etab. Geologoek, aipaturiko ezaugarri horiek ez ezik, beste batzuk ere erabiltzen dituzte. Esate baterako, egitura, esfoliazioa, dentsitatea…

Arroka sedimentarioak

Tenperatura aldaketen, uraren, haizearen, jelaren, gizakiaren edo beste zenbait eragileren ondorioz meteorizatu edo aldatu, xehatu eta txikitu egiten dira mendietako arrokak. Arroka zati hauek maldan behera joan ohi dira, urek garraiaturik, gehienetan. Azkenean, sedimentatu egiten dira, nagusiki itsasoan. Jalkin edo sedimentu horiek pilatuz doaz itsasoaren hondoan, geruzak osatuz, eta gainean dituzten geruzen pisuak beheko sedimentuak trinkotu egiten ditu, eta denborarekin arroka sedimentarioak sortzen dituzte.

Oro har, arroka sedimentarioak hiru taldetan sailkatzen dira sedimentuen osagaien arabera, ondoko taulan ikusten den moduan.

Arroka mota hauek (sedimentarioak) paregabeko paisaiak eratzen dituzte. Horren adibide garbia dugu Zumaiako flysch-a. Zumaiako arroka sedimentario horietan argi eta garbi nabarmentzen dira sedimentazioko geruzak, eta kareharria eta hareharria nola txandakatzen diren geruza horietan.

Arroka metamorfikoak

Beste arroka batzuetatik eratorritako arrokei esaten zaie arroka metamorfikoak. Izan ere, tenperatura oso altuek edota presio handiek eraldatu egin ditzakete arrokak. Horrelako eraginen ondorioz eraldatutako arrokei metamorfikoak deitzen zaie.

Sumendi baten berotasunak, esate baterako, edozein arroka (bai sedimentario, magmatiko nahiz metamorfiko) alda dezake, metamorfizatu.

Buztin-harriek (sedimentarioak) jasaten duten presioa handia denean, gainean sedimentu-geruza asko dituztelako edo, eta tenperaturak ere altuak, arbelak (arroka metamorfikoak) eratzen dira.

Arroka ez buztintsuek, adibidez kareharriek (sedimentarioa) ere, presioaren eraginez antzeko eraldaketa-prozesua jasan dezakete. Presio eta tenperatura handiaren eraginpean kareharriak marmola (arroka metamorfikoa) eratzen du.

 

Arroka magmatikoak

Mantuko materialak oso tenperatura altuan eta presiopean egoten dira, eta magma izeneko harrimultzo urtua osatzen dute. Urtutako arroka horiek gora igotzeko, hau da, lurrazaletik kanpora irteteko joera dute pitzadura bat aurkitu eta sumendiak eratzen dituztenean. Mantutik igotako magma hori hozten denean, arroka magmatikoak eratzen dira.

Arroka magmatiko hauen artean, bi motatakoak aipa genitzake: bolkanikoak eta plutonikoak.

  • Arroka bolkanikoak

Arroka magmatiko batzuk lurrazaleko kanpoaldean eta bat-batean hozten dira sumendiaren ahotik irtendakoan. Horrela osatzen dira arroka bolkanikoak.

  • Arroka plutonikoak

Beste arroka mota batzuk, ordea, ez dira lurrazaleko kanpoaldean isuritako magmarekin osatzen. Kasu hauetan, magma lurraren barnean geratzen da, eta bertan poliki-poliki hoztu eta solidotzen. Horrela osatutako arrokei arroka plutoniko deritze, eta, askotan, kristal ederrak izaten dituzte arroka poliki-poliki hozten ari den bitartean osatuak.

Arroka motak jatorriaren arabera

Lurrazalaren funtsezko osagaiak dira arrokak. Arrokak ez dira beti begi bistaz ikusten paisaian, landaretza garatzen duen lur-geruzez estaliak egoten baitira behin baino gehiagotan. Baldintza gogorrak direla medio landaretzak garatzeko ahalmenik ez duen lekuetan bakarrik ikus daitezke begi bistaz lurrazaleko arrokak: mendietan (haizkorrietan), labarretan, errepideetako ezpondetan, eta abar.

Arrokek gure planetako zati solidoa osatzen dute. Horrez gain, beste hainbat tokitan ere badaude arrokak: Ilargian, beste planeta batzuetan; meteoritoak ere arrokak dira…

Arrokak mota askotakoak dira; adibidez, arroka mota ezagunak dira honako hauek: granitoa, kareharria, marmola, arbela…

Arrokak material solidoak dira ia beti. Petrolioa da solidoa ez den arroka bakarra. Baina arroken egitura (gogortasuna, kolorea…) hainbat eratakoa izan daitekeenez, eta beren eratzeko modua ere desberdina izan denez, hainbat arroka mota bereizten dira jatorriaren arabera, edo beren osakera dela medio.

Arrokak hainbat mineralez osatuak daude. Horietatik, mineral batzuek, funtsezkoak, ezaugarriak ematen dizkiete arrokei, eta besteak, osagarriak, ager daitezke edo ez, inguruaren edo arrokaren jatorriaren araberakoak baitira. Arroka mota bakoitzak bere ezaugarri bereziak izaten ditu.

Konparaketa ezagun batek arroka baino gogorragoa dio, eta horrekin adierazi nahi izaten dugu zerbait suntsiezina dela, arroka bezain gogorra eta iraunkorra; baina arrokarik gogorrenak ere etengabeko aldaketa naturalaren eraginpean daude, eta izotzak, urak edo haizeak arraila ditzake, edota sakonera handietan tenperatura altuek eta presio handiek eraldatu ere bai.

Lurrazalean gertatzen diren hainbat fenomenoren eraginez, zenbait arrokak presio gogorrak jasaten dituzte, eta presio horiek deformatu egiten dituzte. Presio horien eraginez tolestu egiten dira arrokak, eta hartzen duen egiturari tolestura deitzen zaio. Beste batzuetan, arrokak deformatu eta tolestu beharrean, hautsi egiten dira, pitzatu. Horren ondoren, hautsitako bi arroka zatiak desplazatzen badira, failak sortzen dira.

Jatorriaren arabera, edo beren osakera dela medio, hainbat arroka mota bereizten direla esan dugu lehen, eta guk orain arrokak sailkatzeko jatorria hartuko dugu irizpide nagusi bezala. Irizpide horren arabera, hiru talde nagusitan banatzen dira arrokak.

Lurraren kanpoaldea: erliebea

Guk ikusten dugun Lurreko zati solidoa lurrazalekoa da. Lurrazala, hitzak dioen bezala, Lurraren kanpoko geruza solidoa da, eta harriz eta substantzia mineralez osatutako gure planetaren gainazal osoa estaltzen du. Lurrazalaren kanpoko itxurari erliebea deritzo, eta dituzten ezaugarrien arabera, hainbat erliebe mota bereiz daitezke. Honako testu laburretan ikusiko dituzu horietako hainbat, Euskal Herriko deigarrienetakoak. Testu horiek irakurriz, erliebe mota horiek elkarren artean dituzten desberdintasunak konpara ditzakezu, eta, gainera, horko argazkien bidez Euskal Herriko hainbat erliebe garrantzitsu identifikatzen ikasiko duzu.

Itsasadarrak

Ibaien bukaerak izaten dira, itsasoaren eta itsasgoren eragina izaten dutenak. Txingudi, Bidasoa ibaiaren bukaeran, eta Urdaibai, Gernika inguruan, dira Euskal Herriko itsasadar ezagunenetako bi. Urdaibai Biosfera Erreserba da, eta Txingudi, Parke ekologikoa.

Kareharrizko mendilerroak (karstikoak)

Kareharria disolbatu egiten da, neurri batean euriuraren eraginez, eta paisaia bereziak eratzen ditu. Horrez gain, haitzuloak edo leizeak sortzen dira harriaren barnean osatzen diren zuloetan.

Kareharrizko mendilerroetan osatzen diren erliebe mota garrantzitsu hauek 1.300 m-tik gorako gailurrak dituzte Euskal Herrian.

Basamortua

Euskal Herrian badugu basamortuaren itxurako erliebe mota: Bardeetakoa, Nafarroako eta Aragoiko mugan. Paisaia desertikoa da, eta klima, oso lehorra: euri gutxi egiteaz gain, bero handiek (udan) eta haizeak (ziertzoa) areagotu egiten dute uraren lurrunketa.

Lautada

Euskal Herria menditsua da, orokorrean hartuta, baina lautada bat baino gehiago ditu, eta guztien artean Arabako Lautada aipa genezake erliebe mota horren adierazgarri bezala. Probintzia horretako eskualderik zabalena eta populatuena da Arabako lautada, eta mendilerroz inguratuta dago. Klima ozeanikoaren eta mediterraneoaren artekoa du: neguan hotza, eta udan, egunez bero, eta gauez freskoa.

Arroila, zintzurra

Mendien artean urek (errekak, ibaiak…) sortutako haran edo pasagune estuari deitzen zaio arroila. Era berean, mendien edo haitzen arteko iraganbide estuari zintzurra deritzo.

Zuberoan, Santa Grazin, Lakora eta Binbaleta mendien arteko arroila da Euskal Herrian erliebe mota honek duen adibide adierazgarriena. Lau kilometro eta erdiko luzera eta 60 m-tik 200 m bitarteko altuera du. Bertako haizpitartean haitzulo eta ur-jauzi ugari dago.

Kontuan izan aurreko horiek erliebe mota batzuk besterik ez direla, eta beste batzuk ere badaudela: hondartzak, golkoak, uharteak, haranak…

Urtegia

Gizakiak ibaietan egindako ur-biltegi erraldoiak dira. Urtegien helburu nagusia ur gezaren erreserbak edukitzea da, bai kontsumorako, bai lurrak ureztatzeko. Urtegiak, berez, kutsatzaileak ez badira ere, eraikitzean izugarrizko eragina ekartzen dute paisaiara eta ibaia bitan zatituta geratzen da.

Urtegiak argindarra sortzen duten zentral hidroelektrikoak jartzeko ere erabiltzen dira.

Uraren kutsadura kimikoa

Kutsadura honen jatorri nagusia nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako ongarri eta substantziak eta industria-prozesuetan isuritako hondakinak dira. Materiak izaera ez-organikoa eta organikoa izan dezake. Materia ez-organikoen artean sartzen dira pH-a aldatzen duten azidoak eta baseak, zianuroaren edo metal astunen antzeko substantzia toxikoak, eta eutrofizazioa sortzen duten substantzia nutritiboak. Materia organikoak, bere aldetik, biodegradagarria denez, beste era bateko kutsadura sortzen du: biologikoa; substantzia organiko horien deskonposizio-prozesuan uretako oxigenoa kontsumitzen da eta horrek arazoak dakarzkio ekosistemari.

Uraren kutsadura fisikoa

Kutsadura fisikoa hainbat motatakoa izan liteke: hondakin solidoek eragina, kutsadura termikoa, erradioaktiboa… Nabarmenena hondakin solidoek sortzen dutena izan arren, larriagoa da, askotan, ikusezinak diren kutsadura termikoa eta erradioaktiboa.

Kutsadura termikoaren eraginez, uraren tenperatura igotzen denean, uretako oxigeno-kontzentrazioa txikitu egiten da eta horrek kalte handia eragiten die ekosistema urtarrei.

Kutsadura erradioaktiboari dagokionez, urak daramatzan partikula erradioaktiboek bizidun guztiak kaltetzen dituzte, begiz ikusezina bada ere kutsadura hau.

Uraren kutsadura biologikoa

Kutsadura hau uretan hainbat motatako mikroorganismo kaltegarriak ugaltzen direnean sortzen da. Mikroorganismo kaltegarri horiek bakterioak, algak, onddoak edo antzeko izaki bizidunak dira; eta, elikagai ugari aurkitzen dutenean, modu esponentzialean ugaltzen dira. Mikroorganismoen ugalketa ahalbidetzen duen elikagaien ugaritasun horrek bi jatorri ditu, nagusiki: batetik, gizakiek isuritako hondakin organikoak eta, bestetik, nekazaritza intentsiboan erabilitako ongarri edo substantzia kimikoak.