Eguzki-sistema

Planeta izena ematen zaie izar baten inguruan itzulika dabiltzan eta berezko argirik ez duten astroei. Eguzki-sistemak zortzi planeta ditu; ondorengo hauek, Eguzkitik gertuen dagoenetik hasita: Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno.

Eguzki-sistemako planetak, kokapena nahiz osaketa kontuan hartuta, bi multzotan banatzen dira:

  1. Barneko planetak edo planeta telurikoak (Lurraren antzekoak). Eguzkitik hurbilen daudenak: Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte. Tamaina nahikoa txikiko eta dentsitate handiko planetak dira.
  2. Kanpoko planetak edo planeta jobianoak (Jupiterren antzekoak). Gainerako guztiak: Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Erradio (eta tamaina) handiko eta dentsitate baxuko planetak dira.

Zenbat eta Eguzkitik urrunago egon, orduan eta handiagoa da planeten orbita; bai eta, ondorioz, itzulia egiteko behar duten denbora ere. Orbitak eliptikoak direnez gero, aldatu egiten da planeten eta Eguzkiaren arteko distantzia. Orbita bakoitzean, Eguzkitik gertuen dagoen puntuari afelioa deritzo eta Eguzkitik urrutien dagoenari, perihelioa.

Zerua

Gau oskarbietan ortzia izarrez betea agertzen da eta jende asko erakartzen du aztertzera. Izarrak identifikatzeko modurik egokiena argi-kutsadura txikiko leku batean zeruari begiratzea da, planisferio bat lagun dugula. Iluntasunean, izan ere, izar gehiago ikusten da, batetik, eta planisferio batean, bestetik, izarrek egun eta ordu bakoitzean duten kokapena adierazten da.

Zeruaren hegoaldea aztertzeko datarik egokiena Eguberri ingurua da, nahiko erraz identifika daitezkeelako Orion, Taurus, Gemini eta Canis Major konstelazioak. Konstelazio horietan kokatzen dira neguan ageri diren lau izar ederrenak, Lau ederrak deiturikoak: Aldebaran, Taurus konstelazioan; Betelgeuse eta Rigel, Orionen; eta Sirius, Canis Major konstelazioan.

Iparraldera begiratuz gero, Hartz handia eta Hartz txikia konstelazioak ikus daitezke urte osoan. Biek burruntzali-itxura dute eta elkarren aurkako noranzkoan daude bata eta bestea. Hartz txikiaren kirtenaren muturreko izarra oso distiratsua ez bada ere, oso garrantzitsua da orientatzeko: Ipar Izarra da. Konstelazio hau Ipar poloaren gainean egoten da beti eta, mugitzen ez den izar bakarra denez, kontuan hartu beharreko erreferentzia nagusia da orientatzeko orduan, orain bezala, baita historian zehar ere.

Esne-Bidea

Esne-Bidea da gure Lur planeta kokatuta dagoen galaxia; kiribil formakoa da. 200.000-400.000 milioi izarrek osatzen dutela kalkulatzen da. Esne-Bidearen erdigunea aztertzea zaila den arren, jakin, badakigu zulo beltz bat dagoela bertan eta bertatik lau beso ateratzen direla. Eguzki-sistema Esne-Bidearen beso horietako batean dago.

Lurretik begiratzean, ortzi guztia zeharkatzen duen kolore zurixkako lerro zabal bat ikusten da. Galaxiaren deitura bitxi honen jatorria Greziako mitologiatik dator: xingola zuri hori Juno jainkosak Herkules semeari titia ematen ari zitzaiola isuritako esnea omen zelakoan, Esne-Bidea deitu zitzaion (latinez, Via Lactea). Galaxiaren plano nagusiko izarrak lirateke xingola zurixka horretan ikusten direnak.

Galaxiak

Galaxiak milaka milioi izarrez osatutako sistemak edo taldeak dira. Galaxiak, gainera, elkarturik ager daitezke kumulu izeneko multzoetan. Gu Esne-Bidea izeneko galaxiaren ertz batean gaude.

Unibertsoan ikusi diren galaxiak lau multzotan bana daitezke:

1.    Kiribilak. Nukleo batez eta nukleo horretatik irteten diren besoez osatutako galaxiak dira. Galaxien ia erdiak kiribilak dira, baita geurea ere (Esne-Bidea). Eguzkia Esne-Bidearen beso baten kanpoko aldean dago.

2.    Barradunak. Nukleotik ateratzen diren bi besoek barra-itxurako egitura osatzen dute galaxia-mota honetan. Esan genezake galaxia barradunak kiribilen antzekoak direla, baina pare bat beso bakarrik dutela.

3.    Eliptikoak. Arrautza baten tankera dute, gutxi gorabehera, galaxia-mota horiek: forma eliptikoa edo obalatua.

4.    Irregularrak. Galaxia gutxi batzuek ez dute forma zehatzik: galaxia irregularrak dira.

Galaxiak elkarrengandik aldentzen ari dira, unibertsoak oraindik ere hedatze-fasean jarraitzen duelako.

Galaxia kiribila
Galaxia eliptikoa
Galaxia irregularra
Galaxia barraduna

Antzinako Egipto: emakumeen egoera

Legearen aurrean, Grezian eta Erroman ez bezala, emakumeek eta gizonek eskubide eta betebehar berdinak zituzten. Maila sozialaren arabera desberdintzen ziren eskubideak, goi mailako hiritarrak (emakume zein gizon) eskubide gehiago izanik. Legearen aurreko berdintasun hori, gaztetatik nabari zen, neskek, mutilek bezala, irakurtzen eta idazten ikasteko herriko ikastetxera joateko aukera baitzuten.

Emakumeek, armadan izan ezik, beste lanbide guztietan jardun zezaketen, gobernadore, idazle, epaile edo mediku izan zitezkeen.

Ezkontzeko orduan ere, emakumea gizonaren parekoa zen, bikotekide bakoitzak ezkondu aurretik zituen ondasunak mantentzen zituen, baita bakoitzak bere abizenak ere. Emakumeek senarra aukeratu zezaketen eta banatzeko aukera ere bazuten. Alargunduz gero, bikotearen jabetzak oinordekotzan jasotzen zituen. Berak ere bere ondasunak oinordekoei uzteko aukera izaten zuen.

Dena den emakumeek, gizonezko gehienek bezala, ez zuen botere politikorik Egipton. Egipto teokrazia bat izanik, faraoiak botere guztia bere esku zuen, eta goi mailako karguek lagunduta agintzen zuen. Historian izan dira emakumezko faraoiak: Hatseput, Nefertiti, Kleopatra, baina salbuespenak izan dira 3000 urteko historian. Era berean, funtzio erlijioso eta administratibo nagusiak, oro har, gizonen eskuetan zeuden eta emakumeak gehienetan etxeko arduretara mugatzen ziren.

Antzinako Grezia: emakumeen egoera

Atenasko emakumeek ez zuten eskubide politikorik, ezta legearen aurrean ere; beraz, ezin zuten politikan parte hartu, ezta ondasunik izan ere.

Bizitza osoan adin txikiko edo esklabo baten pareko estatusa mantentzen zuen emakumeak. Beti gizonen baten mendean bizi zen: lehendabizi aitaren mende, ondoren senarraren mende eta, alargunduz gero, semea edo beste senitartekoren bat izaten zuen tutorea.

Ezkontzea eta umeak izatea zen gizartearen aurrean emakumeak zuen eginkizun bakarra, eta, oro har, 15 eta 18 urteko adin-tartean ezkontzen zen. Handik aurrera senarrarekiko leialtasuna erabatekoa izan behar zuen; aldiz, senarrak etxean bertan beste emakume bat izan zezakeen.

Emakumeen agerpen publikoak erlijioarekin lotutakoak izaten ziren, ostean ia bizitza osoa ginezeoan, emakumeentzat berezia zen gelan, igarotzen zuen.

Emakumeen artean analfabetismoa oso hedatua zegoen; izan ere, jasotzen zuten hezkuntza apurra inguruko emakumeengandik jasotakora mugatzen zen.

Muga horiek izanda, bere eginkizuna etxeko lanetara mugatzen zen, etxea eta umeak zaindu eta etxekoen arropak ehuntzen zituen. Etxeko ekonomian laguntzeko artisautza-lanak egiten zituen eta barazki edo fruituak ekoiztu, senarrak saltzeko.

Antzinako Erroma: kultura

Erromak guregan izan duen eragina handia dela nabarmena da.

Guk erabiltzen dugun alfabetoa erromatarra da; mendeak eta beste hainbat gauza zehazteko erabiltzen ditugun zenbakiak ere erromatarrak dira (I, III, V, X, M, C); gaur egun erabiltzen dugun egutegia haiek sorturikoa da.

Europako hizkuntza asko latinetik datoz (gaztelania, frantsesa, italiera, portugesa, katalana) eta beste hainbatek latinaren eragin handia izan dute (ingelesa, alemana, euskara).

Erromatarren garaiko hirigintza ere ezin ahaztu, haiek sortutako hirietan bizi baikara oraindik; gure zuzenbidea ere ez litzateke ezer izango oinarri erromatar guztiak kenduko bagenizkio.

Egutegia

Hasieran, erromatarrek 304 eguneko urtea zuten, martxoan hasitako hamar hilabetetan banatuta: Martius, Aprilis, Maius, Junius, Quintilis, Sextilus, September, October, November eta December, lehen laurak jainkoei eskainiak. K.a. 700. urtean beste bi hilabete erantsi zizkioten: Ianuarius eta Februarius.

K.a. 46. urtean Julio Zesarrek, urtea eguzkiaren arabera antolatu zuen, 365 egun eta sei orduko iraupena emanez. Sei ordu horiek zirela eta, lau urtetik behin egun bat gehiago erantsi zitzaion urteari otsailean. Urtea urtarrilaren batean hasi zen handik aurrera. Apirila, ekaina, iraila eta azaroak 30 egun izango zituzten, otsailak 28 eta besteek 31.

Zuzenbidea

Erromatarrak senatuan harreman pertsonal pribatuak eta publikoak arautzen hasi ziren. Legezko arau horiekin bilduma edo kode batzuk egin zituzten. Horiei esker hiritarren eskubideak babes zitezkeen, eta gainera, inperio osorako lege komunak zirenez, horrek epaileen lana asko erraztu zuen.

Zuzenbide erromatarra inperio osoan zabaldu zen, eta inperioa desagertuagatik ere mantendu egiten da, gaur egun mendebaldeko herrialde gehienen zuzenbidearen oinarri bihurtu baita.

Hizkuntza

Erromatarren jatorrizko hizkuntza latina zen. Inperioko hedapenak latina zabaldu eta sakabanatu zuen. Denborak aurrera egin ahala hizkuntza garatu eta zatitu zen. Latinezko literaturak greziar egileen eragin handia jaso zuen eta, gauza bera, musika arloan.

Erlijioa

Erromako erlijioak hainbat ezaugarri izan zituen. Oro har, K.o. IV. mendean kristautasuna onartu arte erlijioa politeista zen.

Jainko ugari zituzten, baina nagusiak Jupiter (jainkoen eta gizakien aita eta erregea), Juno (Jupiterren emaztea eta arreba, ezkontzaren babeslea) eta Minerva (jakinduriaren jainkosa) ziren.

Greziarrekin izandako harremanen ondorioz, haien jainkoak bereganatu zituzten, eta jainkoek giza irudia hartu zuten. Olinpokoak ziren jainko nagusiak, publikoak, eta estatua zen haien gurtzaren zaintzailea eta arduraduna.

Jainko bakoitzak bere eguna zuen egutegian, eta egun horretan festa eta joko ugari antolatzen ziren. Jaiak eta errituak (fruituen eta animalien sakrifizioak) apaiz berezien ardura ziren.

Augusto enperadorearen garaian, enperadore bera ere jainkotu egin zen eta horri ere festa, otoitza eta gurtza egiten zitzaizkion.

Kristautasuna. Erlijio monoteista da (mono + theos: jainko bakarrekoa) eta hori ez zetorren bat ordura arteko erlijioekin eta ohiturekin; gainera, ez zuen onartzen enperadoreari egindako gurtzarik ere. Hori zela eta, gatazka ugari izan ziren kristautasunaren eta bere jarraitzaileen aurka.

Kristautasuna ekialdeko probintzietatik sartu zen pixkanaka Erromara. Erlijio horrek hedapen handia izan zuen herri xehean, plebeioen eta esklaboen artean, batez ere; kristautasunak gizaki guztiak askeak eta berdinak direla aldarrikatzen baitzuen.

Erromako apezpikua eliza katolikoko agintari goren bihurtu zen. K.o. 313. urtean Konstantino enperadoreak kultu askatasuna onartu zuen.

Antzinako Erroma: egitura politikoa

Erromako zibilizazioak iraun zuen hamabi mendeetan, lau aginte-modu ezagutu zituen: monarkia, errepublika, diktadura eta inperioa.

Monarkia

Erromako lehen erregea Romulo izan omen zen; batasun politikoa lortu zuen, monarkiak iraun zuen 250 urtean. Erromako azken monarka Tarkino Harroa izan zen. Bere agintaldian tirania ezarri zuen.

Errepublika

Tarkino erregeak tirania ezarri nahi zuelako, K.a. 509. urtean herritarrek kargutik bota egin zuten eta errepublika ezarri zen.

Magistratu edo senatari izendatua izateko, aberastasun propioa eduki behar zenez, Erromako Errepublika oligarkia dela esaten da eta ez demokrazia. Erromako agintari gorenak bi kontsul izaten ziren; urtero aldatzen zen bietako bat. 

K.a. VI. eta K.o. II. mendeen artean Erromak Mediterraneo inguruan lurralde handiak konkistatu zituen. Konkista gerra guztien ondorioz Errepublika krisian sartu zen.

Gizartean, patrizioen eta plebeioen arteko desberdintasun sozialak areagotu egin ziren eta  horrek  gatazka sozial ugari sortu zituen 

Testuinguru horretan ugariak ziren armadako buruen arteko gatazkak eta horiek eragindako gerra zibilak

Diktadura

Errepublikak bizi zuen giro nahasi horretan, K.a. 54an, Julio Zesarrek Erromako agintea bereganatu zuen.diktadura gisa,

Julio Zesar diktadore jarri ondoren, egonkortasuna nabaritu zen Erroman. Baina,  ez zen denbora asko igaro azpijokoen bidez diktadorea erail zuten arte. 

Inperioa

Julio Zesarren erailketaren ondoren, Zesar Oktavio Augustok, K.a. 27an, boterea  eskuratu zuen eta enperadore bihurtu zuen bere burua.. 

Enperadorea botere ororen jabe egin zen. Alde batetik, botere militarra (imperator) eta politikoa (princeps) eskuratu zituen, eta bestetik, botere erlijiosoa, apaiz gorenaren kargua (maximus pontifex), jainkotasun kutsua (augusto) bereganatuz.

Europa osoko milioika pertsonarengan botere zentralizatzailea eta autoritarioa ezarri zuten bost mende luzetan  laurogei enperadorek.

Augustok ezarritako pax romanari esker (zapalketa bidez lortutako bakea), Erromak garai lasaiak bizi izan zituen berrehunen bat urtetan. Haren ondorengoek mugak sendotu zituzten, Mauritania menderatu eta Britainia Handia bereganatu.

K.o. III. mendetik aurrera Inperioa krisian sartu zen: barne zatiketa handiak gertatu ziren, enperadore-aldaketa asko, estatu-kolpeak eta gerra zibilak noiznahi. Berrogeita hamar urtean hamabost enperadore egon ziren, jeneral eta soldaduek erailak guztiak. Kanpoko erasoak ere gero eta nabariagoak ziren.

395. urtean Teodosio enperadorea hiltzean, inperioa bitan banatu zen:

  • Mendebaldeko Inperioa
  • Ekialdeko Inperioa

476. urtean Romulo Augusto, azken enperadorea agintetik kendu zuten barbaroek. Erromatar Inperioa desagertzearekin batera Antzinaroari amaiera eman zitzaion. Erromatar Inperioak ekialdean iraun zuen, Bizantziar Inperioa izenarekin, 1453an turkiarren eskutan erori zen arte.

Antzinako Erroma: ekonomia-jarduerak

Bereziki nekazaritzan eta merkataritzan oinarritu zen.

Nekazaritza

Nekazaritzan mahastiak, zerealak eta olibondoak lantzen ziren bereziki. Patrizioen eskuetan zeuden lursail handiak izaten ziren gehienetan, esklaboen esku-lanaz baliatuta. Hirietatik gertu zeuden eremuetan frutak eta barazkiak ere lantzen ziren, hirietako merkatuak hornituz.

Artisautza

Hiriak ugaritzeak eta handitzeak artisautza ere zabaldu zuen. Landa-ingurunetan nekazaria askotan artisau ere bazen, baina hiriak denda eta lantegi txikiz beteta zeuden: zapatariak, bitxigileak, zeramikagileak, okinak, harakinak… Eraikuntza arloko artisauak ere ugari zeuden: igeltseroak, arotzak, iturginak, margolariak, harginak…

Lanbide libreetan aritzen zen jendea ere ugari zen: medikuak, irakasleak, bankariak, eta, zer esanik ez, merkatariak.

Merkataritza

Merkataritza, batez ere elikagaiena, oso garrantzitsua zen, bereziki hirietan. Arlo horretan oso kontuan hartzekoa da Erromak zuen hedadura. Europa, Asia eta Afrikako hainbat lurralde bereganatzean, Mare Nostrum (Mediterraneoa) ingurua merkataritzagune izugarria bihurtu zen. Lehorreko merkataritzak garrantzi handia hartu zuen. Erromatarrek inperio osoa elkartzen zuen 90.000 km-ko galtzada-sare handia eraiki zuten, merkataritzarako ere oso baliagarria izan zena.

Antzinaroa

K.a. 3000 urte aldera bai Mesopotamian eta bai Egipton, lehen testu idatziak agertu ziren, eta gertaera hori hartzen da Historiako hasierako une. Historiako lehen aroa da Antzinaroa , eta Erromatar Inperioaren erorketarekin batera amaitzen da. Antzinaroa oso garai ezberdinetan hasi zen lekuen arabera, honela euskal lurraldeetan Antzinaroa Erromatarren etorrerarekin ( K.a. II. mendean) hasten esaten da.

Antzinaroan zibilizazio ugari garatu ziren, besteak beste Mesopotamian  (gaurko Irak), EgiptonIndo ibaiaren arroan (gaur egungo Pakistan), TxinanGrezian eta Erroman.

Antzinaroko zibilizazio horietan gure zibilizazioaren jatorria topa dezakegu, izan ere gureak jotzen ditugun hainbat gauza haietatik jaso ditugu.