Demokrazia

Demokrazia

Demokrazia egitura politiko bat da. Bere oinarrizko ideia zera da: boterea herriaren esku dago eta pertsona guztiak askeak eta berdinak dira legearen aurrean. Beste hitzetanhiritar guztiak, eskubide eta betebehar berberak dituzte, inolako bereizketarik gabe.

Demokraziaren sorrera Antzinako Greziari lotuta dago. Garai haietan, herriko gizonak erabakiak hartzeko biltzen hasi ziren. Gaur egun demokrazia estatu-egitura politikorik zabalduena da eta munduko estatu nagusiak demokrazian antolatzen dira.

Erregimen politiko honen funtsezko ezaugarriak herritarren arteko berdintasuna,  norbanakoaren askatasuna, herritarren-partaidetza, eta botere-banaketa lirateke.  

Berdintasunak, esan nahi du, pertsona guztiek eskubide berberak dituztela politikan parte hartzeko. Pertsona guztiek dute bozkatzeko eskubidea. Pertsona bakoitzak, boto bat eman dezake.  

Demokrazia eta askatasuna  elkarrekin doaz. Gizarte demokratiko modernoetan ezinbestekoak dira hiritarrek dituzten eskubide zibil, politiko eta sozialak. 

Gaur egun, ezinezkoa litzateke herritar guztiek erabaki guztietan zuzenean parte hartzea, eta ondorioz sistema demokratiko gehienek ordezkaritzaren bidez funtzionatzen dute. Horri demokrazia ordezkatzailea esaten zaio. Hala, hauteskundeetan hautatutako ordezkariekin  bideratzen da herri-partaidetza..   

Botere-banaketa litzateke demokraziaren beste oinarria. Botere politikoa, hiru botere independenteetan banatzen da: botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala.

Herri bakoitzeko demokraziaren oinarriak bertako  Konstituzioan idatzirik daude.

Laburbilduz, demokrazia gehiengoaren agintea dela esan daiteke, beti ere gutxiengoaren eskubideak errespetatuz.

Antzinako Grezia: Atenas

DEMOKRAZIAREN SORRERA

Atenasen originaltasuna , egitura politiko berri bat ezartzea izan zen: demokrazia. Demokrazia (demos+krator= herriaren agintea grezieraz)  aginte-modu bat da, estatuaren zuzendaritza hiritarren eskuetan dago.

Hasiera batean, Atenasko hiri-estatua monarkia  bat zen, (mono + krator= bakarraren agintea grezieraz) errege batek agintzen zuen.

K.a. 753. urtean lur-jabe handiek  boterea kendu zioten erregeari eta egitura oligarkikoa ezarri zuten. Oligarkiarekin  (oligos + arkia = gutxi batzuen agintea) , boterea esku gutxi batzuetan zegoen, pertsona edo familia zehatzetan. Lurraldeko pertsona eraginkorrenak ziren eta  euren artean antolatzen zuten agintea. Horrela, oligarkia indarrean egon zen garai hartan, Atenasko aristokratak politika, armada eta justizia osoa kontrolatzera iritsi ziren. Lege idatzirik ez zegoenez, inork ezin zituen kritikatu. Estatu-hiriko administrazio politiko guztia berenganatu zuten eta armada zein justizia kontrolatu.

Pixkanaka, Atenasko politikan aldaketak gertatu ziren. Herria aberastu egin zen, merkataritza hobetu eta gerrarako bitarteko gehiago zituzten. Ez zuten jasan nahi oligarka haien menpe egotea eta haien kontrako altxaketak hasi ziren, baita idatzizko legeak eskatzen hasi ere.

K.a. 621. urtean Dracon legegileak legeak idatziz ezarri zituen Atenasko biztanleak ezagutu zitzaten. Hainbat lege oso zorrotzak ziren eta tiranoen (tyrannos= Jauna) bidez indarrez eta bortxaz inposatu ziren. Garai haietan mahastiak eta olibondoak ugaritu ziren, baita lan publiko handiak ere, langabezia murrizteko. Itsas merkataritzaren bilakaerari esker,  aberatsen eta pobreen arteko desberdintasuna txikituz joan zen.

K.a 594. urtean Solon, merkatari aberats eta Atenasko estatu-gizona, erreforma politiko garrantzitsuak egiten hasi zen: bule (Boule)  izeneko hiritarren batzarra sortu zuten, hiriko gaiak jorratzeko arduradun ziren hiritarrentzako bakarrik zena. Bertako partaideak zozketaz aukeratzen zirenez, ez zen berdintasunean oinarritutako egitura, baina demokraziaranzko lehen pausoak izan ziren.

Herri-epaimahai bat ere sortu zuen, Heliee, eta, horhistoria, antzin aroa, grezia, Atenas, demokraziaren bidez, herriak bere eskubideak errespetatuak izatea lortu zuen. Solonek, era berean, partaidetza politikoaren lehen arauak ezarri zituen. Horien ondorioz, magistratu izatea ez zen jaiotzaz gertatzen,  aberastasunaren arabera baizik.

K.a 508. urtean, Klistenes aristokrata eta ideia berriko gizon politikoak Atenasko egitura politikoan aldaketak egitea erabaki zuen. Solonen erreformatan oinarrituta, Klistenesek erabaki zuen hiritar gehiagok parte hartzea bizitza politikoan eta baita Atenasko zuzendaritzari buruzko erabakietan ere. Lehen aberatsenak bakarrik parte hartzen zuten eta orain hiritar guztiek zuten horretarako eskubidea; hau da, gizonezko libre guztiak hasi ziren hiriaren agintean parte hartzen. Lege-gaitasunaren bidez, hiritarrek herriaren batzarrean edo ekklesian (ecclesia),  parte hartzen zuten eta aurkezten ziren legeen alde edo aurka botoa ematen. Hiritar guztiek parte har zezaketen erakunde politikoetan; hala nola, bulean, edo ekklesian. Demokraziaren hastapenak ziren.

K.a. 451. urtean , Perikles, Atenasko estatu-gizonak, stratega (armadako komandantea) kargu garrantzitsua lortu zuen. Hamabost aldiz jarraian hautatua izan ondoren, bere buruzagitza militarra inposatu zen Atenasko bizitza politikoan. Herri-batzarrean, ekklesian, zuen botere handia baliatuta, Atenasko esperientzia demokratikoak gorena jo zuen. Aristokratei boterea murriztu zien eta egitura oligarkikoaren arrastoei amaiera eman. Gainera, erakunde politikoetan parte hartzen zutenei ordainsari bat ezartzea erabaki zuen, aberastasun gutxiago zuten hiritarrek ere hiriaren administrazioan esku hartzeko aukera izan zezaten. Aginte-postuak hiritar guztiek betetzen zituzten txandaka eta herri-batzarraren boterea erabatekoa izatera iritsi zen.

Atenasko esperientzia demokratikoak, mende bakarra iraun zuen. Espartarekin izandako gerrak eta gaixotasunak Atenasen ahuldadearen hasiera izan ziren, eta K.a. 411. urtean Atenasek egitura oligarkikoa berrartu zuen.

Pixkanaka, Mazedoniako errege Filipo II.ak  Greziako lurralde guztiak  eskuratu zituen K.a. 346. urtean.  K.a. 336. urtean Alexandro Handia haren semeak,  inperio handi bat sortu zuen, baina,  33 urterekin hiltzean, Greziako lurraldeak, erresuma helenistiko txikietan zatitu ziren.

Antzinako Egipto: egitura politikoa

Egiptoko egitura politiko guztia faraoiarengan oinarritzen zen. Faraoia jainkoa zen, jainko nagusia, eta jainko gisa bere herriaren eta beste jainkoen arteko bitartekari lanak egiten zituen. Beraz, teokraziarik inon bazen, hori Egipton izan zela esan daiteke.

Faraoia errege-tronuan esertzean Horus, Osiris eta Isisen seme bihurtzen zen eta haien izpirituak bereganatzen zituen. Horrela, erregea jainkoen pareko zen, beste jainko bat gehiago. Faraoia gizakien eta jainkoen arteko lotura bilakatzen zen.

Legegile, administratzaile eta apaiz izateaz gain, gerlari ona zela ere erakutsi behar zuen, bere herria etsaiengandik babesteko eta erresumako mugak defendatzeko gai zela ziurtatzeko

Faraoia lurraren eta beronen gainean hazi edo bizi zen guztiaren jabe zen: apaiz nagusia, epaile gorena eta armadako buruzagi nagusia. Harrobiak, urre-meategiak eta Niloko ura soroetara zeramaten ubideak haren manupean zeuden. Uzta eskaseko urteetan, haren ale-biltegiari esker elikatzen zen herria. Atzerriko politika eta harreman komertzialak ere faraoiak erabakitzen zituen.

Faraoiak berak bakarrik lan hori guztia ezin zuen antolatu; bera, apaizei eta nobleei lur esparru handiak ematen zizkien. Apaizen beste zeregin bat tenpluetako otoitzak zuzentzea zen, subiranoaren izenean. Gobernuaren arduraduna bisir edo lehen ministroa zen, baina egunero eman behar zion faraoiari egiten zuenaren berri. Faraoia funtzionario batekin oso pozik zegoenean, jauregira ekarrarazten zuen eta zeremoni balkoitik urreak eta bitxiak botaz saritzen zuen.

Antolaketa aldetik, Egipto bi zati nagusitan banatzen zen: Egipto Beherea, Nilo ibaiaren delta hartzen zuena, eta Egipto Garaia, handik Nubiako (gaurko Sudan) mugaraino. Alde bakoitzeko buru bisir bat zegoen. Horren eginkizunak, nekazaritzako lanak kontrolatzea, justizia egitea, zergak biltzea eta bakeaz arduratzea ziren.

Administrazio aldetik, lurraldetan edo probintziatan zatituta zegoen estatua. Nomarkak ziren lurralde horietako gobernadoreak.

Egitura honetan garrantzi berezia zuten tenpluek, eta Faraoiaren mende egon arren, autonomia handia zeukaten. Ezin dugu ahaztu Inperio Berrian Amonen tenpluko apaiz nagusia faraoi bihurtu zela, horrela beren nagusitasuna inposatuz eta agerian jarriz.

Antzinako Erroma

Antzinako Erroma, Erroma hiriaren inguruan sortu zen. Elezaharraren arabera, Romulo eta Remo bikiek sortu zuten K.a. 753. urtean. Hamabi mendetan zehar hiru sistema politiko izan zituen: monarkia, errepublika eta inperioa.

Mediterraneo itsasoko ingurua menderatu zuen armadaren eta asimilazio kulturalaren bidez. Halaber, Antzinako Erromak gainbehera handia jasan zuen, eta 476. urtean desagertu zen inperio handia.

Erromako zibilizazioak gaur egungo mendebaldeko zibilizazioaren oinarriak ezarri zituen, besteak beste, lege, gerra, arte, hizkuntza, arkitektura eta literatura alorretan.

Antzinako Erroma: bilakaera historikoa

Elezaharraren arabera, Romulo eta Remo bikiek sortu zuten Erroma K.a. 753. urtean.

Lehen erregea Romulo bera izan omen zen; batasun politikoa lortu zuen eta monarkiak 250 urte iraun zuen. K.a. 509. urtean herritarrek Tarkino erregea kargutik bota egin zuten eta Errepublika ezarri.

K.a VI. mendetik aurrera Erromako Errepublikak Mediterraneo inguruan lurralde handiak konkistatu zituen. Denborarekin, gatazka ugari izan ziren eta Julio Zesar diktadore jarri zuten. Egonkortasun apur bat ekarri zion Erromari. Zesar erail zutenean, Oktavio Augustok, K.a. 27an, eskuratu zuen boterea eta, errepublika deseginda, inperioa ezarri zuen: botere militarra, politikoa eta erlijiosoa eskuratu zituen.

K.o. III. mendetik aurrera inperioa krisian sartu zen: barne zatiketa handiak gertatu ziren, enperadore-aldaketa asko, estatu-kolpeak eta gerra zibilak noiznahi. 476. urtean Romulo Augustulo, azken enperadorea agintetik kendu zuten barbaroek. Erromatar Inperioa desagertzearekin batera Antzinaroari amaiera eman zitzaion.

Estatistika historian zehar

Zaila da estatistikaren jatorria zehaztea. Zibilizazioen hasieratik azaldu izan dira estatistikaren zantzuak; horren adierazle dira, adibidez, larruetan, harkaitzetan, makiletan eta leizeetako hormetan agertu diren zenbait irudi, kontaketarako erabiltzen zirenak.

Estadistika Antzinaroan eta Erdi Aroan

Hala ere, estatistikaren hastapena Antzinaroko Egipton koka dezakegu, izan ere, K. a.ko 3.050 urte inguruan, bertako faraoiek, piramideen eraikuntza helburu izanik, datu mordoa bildu zuten populazioari eta herrialdearen aberastasunari buruz. Horrekin batera, Ramsés II.ak lurren banaketa berria bideratzeko baliagarria zen lurren zentsua egin zuen. Era berean, Bibliako Zenbakien Liburuan, eta txinatarrek eta greziarrek egindako lanetan ere  datu estatistikoen erreferentziak ageri dira. Nolanahi ere, erromatarrak izan ziren estatistikaren tresnak erabiltzen trebeenak. Bost urtez behin populazioaren zentsuak egiten zituzten eta bertako funtzionarioek abereen eta konkistatutako lurretako aberastasunen kuantifikazioaz gain, jaiotzak, heriotzak eta ezkontzak erregistratzeko ardura zuten.

Erromatar Inperioa erori ondorengo mila urtetan ez zen garapen handirik izan estatistikan. Bi lan dira aipagarrienak garai horretan; batetik, Frantzian Karlomagnok bere jabetzaren eta elizaren ondasunen erregistroa osatzeko eskaera egin zuen 762an eta, bestetik, 1066 urtean, Ingalaterrako Gilen I.a, Konkistatzaileak, Europako lehenengo katastrotzat jotzen dena osatzeko agindu zuen. Hala ere, Karlomagno eta Gilen I.a erromatarren teknikak piztu nahian aritu arren, metodo estatistikoak ez ziren ilunpetik atera Erdi Aroan zehar.

Estadistika Aro Modernoan

Aro Modernoan kokatuta, 1532an, Ingalaterrako Henrike VIII.ak izurriari zion beldurrak eraginda, heriotzak erregistratzen hasi ziren eta, garai berean, Frantziako legediak bataioen, heriotzen eta ezkontzen datuak jasotzera behartu zituen apaizak. 1500. urte inguruan Ingalaterran izandako izurritean, gobernua heriotzen asteroko estatistikak kaleratzen hasi zen eta ohitura horrekin urte askoan jarraitu zuen. 1662an, barruko arropaz arduratzen zen John Graunt izeneko merkatariak Londresen 1604-1661 urte bitartean izandako jaiotze- eta heriotza-tasak eta gertakari horietan arrazoi naturalek, sozialek eta politikoek zuten eragina jaso zituen. Hori da populazioari buruz egindako lehen ganorazko ikerketa estatistikoa.  Urte batzuk beranduago, Edmund Halley (1656- 1742) astronomoak egungo ikerketen oinarritzat jotzen den lehenengo heriotza-taula argitaratu zuen. Taula hori, oraindik ere, aseguru-etxeei ordaindu beharreko urteko ordainketak finkatzeko erabiltzen diren tresnen oinarri da.

XVII. mendean eta XVIII. mendearen hasieran, Bernoulli, Maseres, Lagrange eta Laplace-k probabilitateen teoria garatu zuten eta, ondorioz, estatistikak bide berri bat hartu zuen: estatistika inferentziala. Estatistikaren adar horrek, batetik, lagin baten azterketatik abiatuz, biztanleria osoari buruzko ondorio orokorrak ateratzen ditu eta, bestetik, probabilitatearen teoria baliatuz, emaitza horien fidagarritasuna eta esangura-maila ere aztertzen ditu.

Estadistika Aro Garaikidean

XIX. mendean natur eta gizarte-zientzietako fenomenoen ikerketan murgildu zen estatistika. Galton eta Pearson estatistika modernoaren sortzaileak dira; horiekin batera, R. A. Fisher-ek egungo estatistikaren oinarriak finkatu zituen eta estatistika ezagutarazi zuen gaur egun duen itxurarekin.

XX. mendearen erditik aurrera, ordenagailuen hedapenak estatistika modernoaren garapena ekarri zuen. Horien bidez, metodologia estatistikoa aplikatzen hasi ziren datu eskerga handietan. Horrekin batera, programazio matematikoaren aurrerakuntzari esker, estatistikaren adar berriak sortu ziren, besteak beste, ekonometria eta ikerketa operatiboa.

Unibertsoa

Unibertsoaren sorrera

Gizakia betidanik ahalegindu da bere ingurunea ulertzen: unibertsoak nahiz haren sorrerak jakin-min handia piztu du antzinako zibilizazioetatik hasi eta gaurdaino; jakintsuenek beraiek ere, ziur asko, zailtasun handiak izan dituzte betidanik unibertsoaren egitura eta hango gertaerak azaltzeko.

Unibertso izena ematen zaio astro guztien multzoari eta horiek betetzen duten espazioari. Onartuen dagoen teoriaren arabera ―Big Bang teoriaren arabera―, unibertsoa ez da gauza estatikoa. Orain dela 15.000 eta 20.000 milioi urte artean, materia guztia puntu bakar batean zegoen elkartuta. Leherketa baten ondorioz, ordea, hedatzen hasi zen eta horrela jarraitzen du, oraindik ere fase horretan baikaude. Prozesu horretan hainbat egitura sortuz ,antolatu da materia.

Galaxiak

Unibertsoa galaxiez osatua dago. Galaxiak izar multzo handiak dira eta horiek unibertsoaren osaketan bertako “adreiluak” bezala kontsidera ditzakegu. Unibertsoan 100.000.000.000 galaxia inguru daudela uste da, eta horien guztien artean gaude gu, Esne Bidea galaxian. Gugandik gertuen dauden galaxia pare bat aipatzekotan, Magallanesen Hodei Handia aipatuko genuke, 160.000 bat argi-urteko distantziara (1.500.000.000.000.000.000 km) dagoena, eta Andromeda, 2.200.000 argi-urteko distantziara dagoena.

Izarrak

Izarrak berezko argi-beroak igortzen dituzten astroak dira; haietan gertatzen diren erreakzio termonuklearrengatik gertatzen da hori. Zientzialarien ustez, 200 eta 400 mila milioi arteko izar multzoa dago Esne-Bidean; tartean, Eguzkia. Horregatik, milaka izar ikusteko aukera izaten da zeruan gau oskarbietan. Horietako batzuk talde edo irudiak osatzen dituztela ikus dezakegu; izar-multzo horiek hainbat konstelaziotan bildu izan ditu gizakiak antzinatik.

Lurretik gertuen dagoen izarra Eguzkia da; argiak, hala ere, Eguzkitik Lurrera iristeko, 8 minutu eta 20 segundo behar ditu (kontuan izan argiak 300.000 km egiten dituela segundoko eta denbora hori behar dutenez argi-izpiek eguzkitik Lurrera iristeko, 150.000.000 kilometroko tartea legoke Lurretik haraino). Eguzkitik gertuen dagoen izarra Proxima Centauri da; haren argiak, berriz, 4,22 urte behar ditu Lurrera iristeko. Unibertsoaren distantziak hain direnez handiak, unitate bereziak erabiltzen dira tarte horiek neurtzeko: argi-urtea eta unitate astronomikoa, esaterako.

Planetak

Planeta izenez ezagutzen dira izar baten inguruan itzulika dabiltzan eta berezko argirik ez duten astroak. Eguzkiaren inguruan zortzi planeta dabiltza itzulika, tartean Lurra. Planeta horiek osatzen dute eguzki-sistema, Eguzkiarekin eta beste hainbat gorputzekin batera (kometak, asteroideak…).

Aipatu asteroideak eta kometak Eguzkiaren inguruan biraka dabiltzan beste astro batzuk dira, planetak baino txikiagoak.

Asteroideak

Asteroideak planeta txikitzat har daitezke. Marteren eta Jupiterren artean horrelako asko daude eta asteroide-gerrikoa deritzona osatzen dute. Asteroideren bat planeta batera asko inguratzen bada, planeta horrekin talka egitera irits liteke, bien grabitate-indarrak eraginda. Horren adierazgarri dira hainbat planetatan ikusten diren kraterrak.

Kometak

Kometak, berriz, asteroideak baino materia gutxiagoko gorputzak dira; lurretik isats argidun objektu gisa ikusten dira. Asteroideek ez bezala, orbita oso eliptikoa dute eta noizbehinka Eguzkira inguratzen dira. Horren eraginez hedatzen dute isats hain ikusgarria.

Sateliteak

Eguzki-sisteman badira, Eguzkiaren inguruan biratu ordez, planeten inguruan biraka ari diren astroak ere; satelite izenez ezagutzen ditugu. Sateliterik ezagunena Ilargia da eta Lurraren inguruan dabil biraka. Gainerako planetek ere (Merkuriok eta Artizarrak izan ezik) badituzte beren sateliteak.

Galaxien arteko espazioa

Lehen uste zen galaxia batetik beste galaxia arteko espazioa hutsik zegoela, baina gaur egun ikerlariek uste dute hainbat eratako materia aurki daitekeela espazio horretan: hauts intergalaktikoa, gasak… oso kontzentrazio baxuan, betiere.

Ziurtasun handiagoz dakigu izarren artean badagoela gasa eta hautsa; eta nebulosa izeneko masa lainotsuak sortzen direla haiek trinkotzen diren zenbait puntutan. Badirudi nebulosa horien erdiguneetan eratzen direla izar berriak.

Eguzki-sistemari eta unibertsoari buruz dakiguna ezagutu aurretik ere bazegoen, noski, unibertsoari buruzko hainbat teoria. Dena dela, ezin dugu ahaztu, unibertsoa aztertzeko teknologiek izan duten garapenarekin batera, hobetu eta gero eta zehatzagoak egin direla unibertsoaren ereduak ere.

Lurraren irudikapena: mapak

Gizakiak antzinatik aritu dira beren bizitokia den mundua irudi bidez adierazteko eginahalean. Horretatik sortu ziren mapak: gure planeta nahiz horren eskualde bat grafikoki agertzen duten irudikapenak. Arazoa da lurra esferikoa dela eta mapak, aldiz, lauak, normalean. Hiru dimentsioko ingurune bat (Lur planeta), beraz, bi dimentsioko azaleran (mapa batean) agerrarazi behar da; hor dago lehen zailtasuna.

Historian hainbat soluzio garatu dira. Mapagintzak edo kartografiak, izan ere, mende askotako ibilbidea du. Erdi Aroan edota lehenago egiten ziren mapetan ez zen Lurraren biribiltasuna kontuan hartzen, biribila zela jakin arren. Garai hartan, Lurraren zati txiki bat marraztu ohi zen mapetan ―Europa, adibidez―  eta, halako lurralde bat marrazteko, aski zen Lurra laua balitz bezala hartzea. Izan ere, nola kezkatu planetaren biribiltasunaz, Europatik urrun ziren lurraldeak ―Amerika, adibidez― ezezagunak baziren? Erdi Aroan, beraz, ez zioten jaramonik egin arazo horri. Gauzak aldatzen hasi ziren XV-XVI. mendeetan. Garai horretan, europar itsasgizonek esplorazio-bidaia handiak egin zituzten: Afrikako kostaldea inguratu, Indiara iritsi, Amerika aurkitu eta planeta osoari bira eman zioten. Hala, beharrezkoa ikusi zuten lur osoa mapa bakar batean marraztea. Eta orduan azaleratu zen planeta biribila mapa lau batean agerraraztearen zailtasuna. Arazoari irtenbidea aurkitzeko, XVI. mendean bertan egin ziren lehen proposamenak eta ordutik gaurdaino kartografoek hainbat mapa-proiekzio aurkeztu dituzte. Proiekzio bat bera ere ez da perfektua. Batzuk ezagunagoak ditugu besteak baino.

Mapen osagaiak

Hiru dimentsioko mundua bi dimentsioko mapa batean adierazteko zailtasuna ez dator planetaren forma orokorretik soilik. Mendiak edo haranak ere hiru dimentsioko formak dira, eta zailtasunak daude mapa lau batean adierazteko. Kartografoek, horregatik, erliebea irudikatzeko teknikak asmatu dituzte. Izan ere, mapa batean ez da kontinenteen forma agertzen soilik, mendi edo bestelako elementu geografikoei buruzko informazioa ere jaso lezake baizik: ibaiena, muga politikoena, errepideena… Mapa-motaren arabera, era bat edo besteko informazioa agertuko da; eta elementuen esanahia azaltzeko, ikursistema bat erabiltzen da. Nolanahi ere, mapetan ez dira errealitatean diren elementuak soilik irudikatzen (ibaiak, mendiak…), sarritan koordenatu izena duten eta toki bakoitza Lur planetaren baitan kokatzeko balio duten irudimenezko lerroak ere adierazten dira.

Mapa batean irudikatzen den lurralde-eremua handia (planeta osoa edo kontinente bat, adibidez) edota txikia izan liteke (probintzia bat, adibidez). Mapako neurrien eta egiazko neurri geografikoen artean dagoen proportzioa ezagutzeko, mapetan eskala adierazten da. Halaber, arau batzuk ere betetzen dira ohiz mapetan. Iparraldea, adibidez, goiko partean jartzen da mapa gehienetan eta hegoaldea, beheko partean. Baina hori ez da arau natural bat, kartografoek finkatu duten ohitura baizik.

Mapa-motak

Ikusten denez, mota askotako mapak daude eta, egiterakoan, hainbat arau jarraitzen da. Oso lurralde-eremu txikiak agertzen dituzten mapei, bestalde, edota hiri bat edo etxe bat agertzen dutenei plano deitzen zaie, normalean. Erliebea zehaztasun handiz agertzen duten mapak, berriz, (mendien mapei) mapa topografikoak izenez ezagutzen dira. Mapak biltzen dituzten liburuei, berriz, atlas izena ematen zaie.
Azkenik, badira hiru dimentsioko mapak ere. Halakoetan ez dago proiekzioaren arazorik, baina, urrutiko lurraldeak konparatzeko, ez dira mapa lauak bezain erosoak. Hiru dimentsioko mapa klasikoena munduko bola da. Gaur egun, ordea, ezagunagoak dira ordenagailuetan ikus ditzakegun hiru dimentsioko bola birtualak, sateliteko argazkiak eta erliebea konbinatzen dituztenak. Halakoek aukera ematen diote erabiltzaileari, planeta birtualean zehar mugitzeko eta, hainbat angelu eta distantziatan kokaturik, zehaztasun handiko irudiak eskaintzen dituzte. Google Earth edo Nasa World Wind ditugu mota horretako bola birtual ezagunenak.