Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: merkataritza

Erdi Aroan hiri ugari sortu ziren eta merkataritzak ere nabarmen egin zuen aurrera. Merkataritzari dagokionez, hasieran eskualdeko nekazari eta artisauen arteko produktuen trukea egiten hasi ziren, baina pixkanaka komunikabideak hobetu ahala, eta bideetan bakea nagusitu ahala, merkataritza-sare zabalak antolatu zituzten. Garraioa bereziki itsasoz egiten zen. Lurreko garraiorako, erromatarren garaiko galtzada zaharrak eta zubiak konpontzeari ekin zioten, eta baita bide berriak sortzeari ere; hiri ingelesak, flandriarrak eta italiarrak lotu zituzten horrela.

Aurrerapen horiei esker, inguruko herrientzako azokaz gainera, eskualdeko eta Europa osoko feriak egiten hasi ziren. Garai hartako azokarik ezagunenak Frantziako Champagne eskualdekoak ziren. Genovatik eta Veneziatik eramandako produktuak, Flandria aldeko oihalak, etab. aurki zitezkeen han, lau gurpileko gurdi berrietan garraiatuak. Merkataritza errazteko hainbat sistema sortu edo zabaldu ziren: diruaren erabilera, mailegu-sistemak, bankuak (Genovan XII. mendean).

Euskal itsasertzetik Europako iparraldera zihoazen merkataritza-bideak igarotzen ziren. Gaztelako artilea, Bizkaiko burdina eta Nafarroako ardoa, olioa eta laboreak esportatzen ziren hortik, Flandriako oihalen, Errusiako larruaren eta Normandiako ehunen truke.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: artisautza

Arlo honi dagokionean, burdingintza, ontzigintza eta artisau jarduerak aipa daitezke.

Burdingintza, batez ere, burdinoletan egiten zen. Hasieran, mendietan kokaturik zeuden burdinolak, baina XIV. mendetik aurrera haranetan eraikitzen hasi ziren. Erdi Aroaren bukaeran hirurehun burdinola baino gehiago zeuden euskal lurraldeetan, horietako asko ahaide nagusienak. Nekazaritzako tresnak, arrantzarako arpoiak, ontzigintzarako tresnak, etab. egiten zituzten. Armagintzak ere garrantzi handia izan zuen. Burdina, Gaztelako artilearekin batera, Europa iparraldera esportatzen zuten nagusiki.

Gipuzkoan eta Bizkaian, orobat Lapurdin, izugarri hasi zen beste jarduera bat ontzigintza izan zen. Loraldi hori arrantzaren eta balea-ehizaren parean garatu zen, batez ere XIII. mendetik aurrera. Euskal itsasontziak gerrarako, arrantzarako zein garraiorako erabiltzen ziren, hainbat diseinu berezitu egonik. Ontziolarik handienak Bilbon zeuden, baina ontziola txikiagoak euskal kostalde osoan aurki zitezkeen, Bizkaitik Lapurdiraino.

Bestelako artisau-jarduerak batez ere hiriguneetan egiten ziren. Batzuk metalen lanketarekin lotuta zeuden (errementariak, sarrailagileak, eztainugileak, zilarginak, labangileak, armagileak…); beste batzuk ehunekin eta jantziekin (ilaginak, ehuleak, brodatzaileak, jostunak, zapatariak, sokagileak, uhalgileak…); edo larruarekin (zamarginak, tindatzaileak, poltsagileak, pergaminogileak…); eraikuntzarekin zein etxeko tresnekin (arotzak, harginak, tornulariak, pitxargileak…); etab. Artisau talde bakoitza gremio banatan antolatu ohi zen. Gisa hartako lanbideak hirietan zeuden. Lanbide horiek zeuden kaleek lanbideen izenak hartzen zituzten. Iruñean adibidez, izen hauek zituzten hiribilduko kaleek: Correría, Cuchillería, Carpintería, Zapatería, Herrería, etab. Eta gauza bera gertatzen zen beste hainbat hiritan ere (Gasteizko Correría, Cuchillería, etab).

Gremioak

Berant Erdi Aroan, hiriak eta artisautzak goraldi bat izan zuten, eta artisauen lana arautzen hasi ziren. Lanbide berean ziharduten pertsonek beren interesen alde egiteko elkarteak, gremioak, antolatu zituzten.

Gremio ezagunenak honako hauek ziren: errementariak, olagizonak, ehuleak, larrugileak, tindatzaileak, etxegileak, ontzigileak, armagileak, teilagileak, eta, Flandrian eta Italian nagusi zirenak, oihalgintzarekin lotutakoak. Esate baterako, Parisen, XIII. mendearen bukaeran, 130 gremio inguru zeuden araututa.

Gremioen araudietan gauza asko zehazten ziren (langile motak, lan egiteko era, salneurriak…). Artisautza-sistema hark Industria Iraultzaren garaira arte, XVIII. mendera arte, iraun zuen. Gremioetan hiru langile mota bereizten zituzten:

-Maisua. Lanabesen eta lantegiaren jabea.

-Ofiziala. Soldata baten truke lan egiten zuena. Urte askoan lanean aritu eta maisulana egiten bazuen, maisu bihur zitekeen, lantegia edo denda zabaltzeko nahiko diru izanez gero, behintzat.

-Ikaslea. Oso gazterik lantegian hasitakoa. Bost edo sei urtez ikasten aritu behar izaten zuen. Gehienetan, maisuaren etxean bizi zen, lanaren truke mantenua doan zuela. Batzuetan gurasoek ordaindu ere egiten zioten maisuari, semeari ofizioa irakasteagatik.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: basoari eta fruta-arbolei lotutako jarduerak

Basoari eta fruta-arbolei lotutako jarduerei dagokionez, nekazaritzak eta abelazkuntzak baino garrantzia gutxiago zuten, baina kontuan hartzeko modukoak ziren. Basoan, bereziki udaberritik aurrera, hegaztiak, untxiak, erbiak, basurdeak, oreinak eta beste animalia jangarri batzuk harrapa zitezkeen. Nekazariek tranpak eta sareak erabiltzen zituzten batez ere.

Basoak garrantzia handia zuen egurra lortzeko ingurune gisa, eta landare jatorriko elikagai-iturri gisa: sustraiak, masustak, basa-fruituak… Baziren horiez gain fruta-arbolak ere. Euskal Herriko alde atlantikoan garrantzia berezia zuten sagastiek. Baina horiez gain, gaztainondoak, intxaurrondoak, udareondoak, aranak, eta beste ere hazten ziren.

Basoko ekoizpena ere nahiko garrantzitsua zen. Basotik ateratzen ziren sutarako zein ikatza egiteko egurra, ganaduaren oheak egiteko orbelak, baita basa-fruituak, perretxikoak eta inoiz ehizakiren bat ere. Gizakiak basoaren gainean eragin zuzen-zuzena zuen, baliagarriak zitzaizkion zuhaitz espezieak landatzen edota babesten baitzituen: haritzak (ikatza egiteko, eraikuntzarako, ezkurrekin txerriak elikatzeko…), lizarrak (ikatzetarako zein eraikuntzarako), intxaurrondoak (eraikuntzarako, eta jaki gisa), gaztainondoak (ikatz, eraikuntza eta jaki gisa), hurritzak (jaki gisa, hesiak egiteko), etab. Basoa, bada, ez zen lehen begiratuen eman zezakeen eremu naturala, gizakien mendetako jarduerak eraldatu eta moldatu baitzuen.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: arrantza

Erdi Aroan, euskal lurraldeetan bi arrantza mota egiten ziren: ibaiko eta itsasokoa arrantza. Batetik ibai eta erreketako arrantza zegoen. Amuz zein sarez arrantzatzen zen, baita urak kare bidez “kutsatuz” ere. Errekako espezie estimatuenak izokina, aingira, gaizkata eta kolaka ziren.

Baina Berant Erdi Aroan indarra hartu zuen itsasoko arrantzak, ibaietakoak baino askoz jende gehiago enplegatzen zuen. Lehenago, Goiz Erdi Aroan, 1000. urtean adibidez, itsas arrantza jarduerak oso urriak izan ziren euskal kostaldean. XII.-XIII. mendeetatik aurrera, berriz, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldea suspertu egin zen. Hiribilduak fundatzeak babes juridikoa eta bultzada ekonomikoa eman zien kostaldeko hainbat guneri. Inguru hartan ezarri edo indartu ziren guneen artean aipa litezke Portugalete, Plentzia, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Donostia, Hondarribia, Angelu, Biarritz eta Baiona. Halako guneen inguruan, hurrengo puntuan azalduko denez, ontzigintzak eta beste jarduera batzuk, aparteko loraldia izan zuten Berant Erdi Aroan. Ekoitzitako itsasontzien parte bat arrantzarako erabili zen, eta biztanleria gune haietako jende asko bihurtu zen arrantzale. Euskal arrantzaleek sardina, bisigua, legatza, bokarta, antxoa, itsas-aingira, meroa eta beste espezie asko harrapatzen zituzten.

Balearen ehiza

Itsasoko arrantzarekin oso lotuta balearen ehizak ere garrantzia handia hartu zuen Berant Erdi Aroan. Euskaldunek gehien ehizatzen zuten balea mota sardako balea zen (Eubalaena glacialis), 15 metroko luzera izatera heltzen zena eta 50 tonako pisua. Balea hori neguko migrazioetan Ozeano Atlantikoaren iparraldetik euskal kostaldera gerturatzen zen, eta une hori baliatzen zen ehizatzeko, batez ere urtarril aldean.

Kalkulatzen denez euskal kostaldeko herri bakoitzak, batez beste, urtean bizpahiru balea ehizatzen zituen (urte txarretan bat ere ez). Itxuraz ez da asko, baina baleak hain animalia handiak zirenez eta hain prezio altukoak (baleen olioa, haragia, bizarrak, eta beste parte guztiak aprobetxatzen ziren), urtero balea bakar bat harrapatzeak ere izugarrizko aberastasuna zekarkion herriari. Horregatik, kostaldeko hiribilduek inguruko tontorretan zaintza-postu iraunkorrak jartzen zituzten, talaiak, eta balea bistaratzean, zaindariak abisua eman orduko (kanpaiz edo bestela zaratotsak ateraz), herriko arrantzaleak traineruetan ateratzen ziren balea harrapatu eta arpoiz hiltzera.

Ehiza etengabe horrek baleak urritzea ekarri zuen euskal kostaldean. Ondorioz, euskal arrantzale batzuk baleen bila urrunagoko itsasoetara joaten hasi ziren. Jada XIV. mendean, Ingalaterra eta Irlandako itsasoetan dokumentatzen dira euskal balea-ehiztariak. XV. mendean Islandian. Eta azkenik, XVI. mendean, Ternuan (Ipar Ameriketan). Balearen ehizak Berant Erdi Aroan (eta geroago) zuen garrantziaren lekuko, euskal kostaldeko hainbat udalerrik beren armarrietan animalia haren irudia ezarri zuten. Eta armarri horietan ikus litezke gaur egun ere.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: abelazkuntza

Abelazkuntza arloan, behiak, ardiak, ahuntzak eta txerriak ziren abere ugarienak eremu kristauan. Musulmanean horiek berak, salbu txerria. Tokien arabera batzuk edo besteak ziren ugariago, baina leku guztietan nahiko ugari ziren abere horiek. Horien atzetik zaldiak eta astoak zeuden, baina askoz urriago. Animalia txikiagoen artean ahateak, antzarak eta oiloak ere hazten ziren.

Ganadu handiaren parte bat, herrietatik hurbil samarreko larreak aprobetxatu ostean, inguru garaiagoetara aldatzen zuten uda partean. Litekeena da Euskal lurraldeetako biztanleriaren parte bat artzain- edo abeltzain-jardueretan espezializatuta egotea, eta urte-sasoien arabera bizitza erdi-nomada egitea, animalientzako larre eta janari bila toki batetik bestera, lurralde atlantikotik mediterraneora. Abeltzaintzak eskura jarri zituen, besteak beste, haragia, gantza eta esnea, baina jaki horiez gain hainbat lehengaitarako iturri ere bazen: artilea, larrua edo adarra, baliagarriak guztiak ehunak eta funtsezko beste artikulu batzuk egiteko. Gainera, idi eta zaldien bidez bazuten indarra lurra goldatzeko, gurdiak garraiatzeko edota toki batetik bestera mugitzeko.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak: nekazaritza

Erdi Aroan, biztanleriaren % 90 nekazaria zen. Erdi Aroan lurra dena zen. Europako biztanleria ia osoak lurreko jardueretan egiten zuen lan, hau da, nekazari-abeltzain jardueretan. Jendearen bizibidea lurrari lotuta zegoen, urtaro bakoitzeko lanei, uzta on edo txarrei. Lurra zen aberastasun-iturria.

Nekazaritza herri xehearen giza taldekoen ekonomia-jarduera zen eta batez ere herrietan eta herrixketan gauzatzen zen jarduera hori. Nekazari esklaboak baziren, baina nekazari gehienak nekazari libreak ziren. Halere, nekazari gehienak libre izateak ez zuen esan nahi soilik beren buruentzat lan egiten zutenik. Nekazari libreen artean mota askotakoak zeuden. Batzuk ez zuten lur propiorik eta jaunen lurretan egiten zuten lan errenta edo alokairu bat ordaintzearen truke, jopuak ziren. Beste batzuk lursail txikien jabe ziren, baina haiek ere uztaren zati bat erregeari edota elizari eman behar zioten zerga gisa. Elizari emandakoak hamarrena izena hartzen zuen, uztaren ehuneko hamarra eman behar zielako.

XI. mendetik aurrera, pixkanaka hainbat aldaketa eta teknika berri agertzen joan ziren: lugorri uzten ziren zenbait sail, lurrari atsedena emanez abereak bazkatzeko erabiltzen ziren lurrak; txandakatze-sistema, urte batetik bestera lursail bati erabilera desberdinak emanez, tartean urtebete lugorri utzita; animalien lepokoak eta ferrak, errazago eta azkarrago lan egin zezaten; errotak, lehenik laboreak ehotzeko eta, gero, beste hainbat gauzatarako, uraren eta airearen indarra erabiliz; haziak hobeto aukeratzea: golde handiagoak eta hobeak. Golde horiei esker, hainbat basotako lurra ere lantzen hasi ziren.

Bestalde, nekazaritza-lur gehiago erabiltzen hasi ziren, biztanleriaren igoerak eta birpopulatzeak bultzatuta, lur berri ugari egokitu baitzituzten. Horrekin guztiarekin, lurrari etekin handiagoa atera zioten, eta pixkanaka XIII. mendetik aurrera soberakinak sortzen hasi ziren. Horrek merkataritza indartzea eta hiriak sortzea ekarri zuen.

Nekazaritza euskal lurraldeetan

Nekazaritza Euskal lurralde osoan hedatzen zen. Landutako zereal nagusiak garia, garagarra eta artatxikia ziren. Bestalde, lekaleak ere ekoizten ziren: baba eta ilarra besteak beste. Nekazaritza tekniken artean zerealen eta lekaleen txandakatze-sistema ohikoa zen. Landareen ezaugarriak tarteko, ereintza udazken-neguan eta udaberri aldean egingo zen, eta bilketa berriz uda partean. Lihoa ere landatzen zuten, ehunak egiteko erabiltzen zena. Bestalde, mahastiak ere lantzen zituzten.

Euskal lurraldeetako alde mediterraneoan, aurreko landareez gain, olibondoak ere hazten zituzten. Lurra lantzeko burdinazko nabardun (puntadun) goldeak erabiltzen zituzten, idiz edo zaldiz tiratuak, eta zerealak biltzeko metalezko igitaiak. Irina lortzeko harrizko esku-errota zirkularrak arruntak ziren. Produktuak gordetzeko eskuz edo tornuz egindako zeramikazko ontziak zeuden. Lurrean egindako zulo sakonak ere erabiltzen zituzten biltegi gisa.

Erdi Aroko ekonomia-jarduerak

Erdi Aro osoan nekazaritza eta abelazkuntza izan ziren euskal lurraldeetako, Europako eta munduko ekonomiaren funtsa. Lurreko lanek biztanleriaren gehiengo zabala enplegatzen zuten, eta lurra zen aberastasun-iturri nagusia. Edonola ere, Goiz Erdi Aroan ez bezala, Berant Erdi Aroan hiriek eta hari lotutako merkatari- eta artisau- jarduerek loraldia bizi izan zuten. Hortaz, 1400. urte aldera, ekonomiaren barruan lehen sektorea zen nagusi, baina haren aldamenean artisautza eta merkataritza arloko jarduera aipagarriak garatu ziren.

Erdi Aroko lehen mendeetan ekonomia buruaskia zen nagusiki, hau da, beharrak asetzeko behar zutena haiek lortu edota ekoizten zuten; ekoizten zutena haientzat zen. Batez ere, nekazaritza iraupenezkoan oinarritua, lan asko eginda ere, jateko ozta-ozta ateratzen zuten garai hartan, ekoizpena eskasa baitzen: lurrak agortu egiten ziren, tresneria traketsa zuten, eguraldiaren mende bizi ziren… Soberakinik ez zuten sortzen, eta beharrezko guztia eurek sortu eta landu behar izaten zuten: lanerako tresnak, oihalak…

Antzinako Txina: ekonomia-jarduerak

Ibaien inguruko nekazaritza garrantzitsua zen, bereziki arroza, garia, garagarra, azukre kanabera eta tea lantzen zituzten. Zetazko harrarentzat masustondoak ere landatzen zituzten. Abeltzaintzan behiak, txerriak, ardiak, eta oiloak zituzten. Zaldi ugari zituzten gauzak eta pertsonak garraiatzeko eta gurdiak tiratzeko.

Metalgintzaren artisautza ongi ezagutzen zuten, bereziki brontzea, burdina, beruna, kobrea eta urrearen lanketa.

Merkataritza suspertzeko, inperioaren bazter guztietara hedatzen zen komunikazio-sarea antolatu zen. Unitate guztiak, pisua eta txanpona gehien bat, estandarizatu ziren. Txina osoan legeria bera izatera iritsi ziren.

Garai hartan sortu zen Zetaren bidea. Gainera, Txinak zetaren monopolioa zuen eta hari buruzko argibideak inperiotik kanpora zabaltzeak heriotza-zigorra zekarren. Hasiera batean, zetaren erabilera enperadorearen pribilegioa zen. Gero, gizartearen goi-mailakoen artean ere hedatzen joan zen. Zetaren bidearen bidez merkataritza Persiaraino eta Erromaraino iritsi zen.

Antzinako India: ekonomia-jarduerak

Lanbide nagusiak nekazaritza eta abeltzaintzari lotuak zeuden.

Nekazaritzan garia, garagarra sesamoa eta kotoia lantzen zituzten, eta arioen etorrerarekin, baita arroza ere. Bufaloak, gameluak eta ahuntzak hazten zituzten.

Artisauek, brontze, kobre, berun eta eztainuzko lan bikainak sortzen zituzten, lur azpiko ubide eta ura lortzeko putzu ugari eraiki zuten. Indiako industria oihalgintzarekin lotuta egon zen beti. Horrez gain, zeramika eta bolia lantzen iaioak izan ziren.

Merkataritzak indar handia hartu zuen Ashokaren garaian Egipto, Pertsia eta Greziarekin gehienbat. Garraiorako elefante-karabana luzeak erabiltzen omen ziren.

Antzinako Erroma: ekonomia-jarduerak

Bereziki nekazaritzan eta merkataritzan oinarritu zen.

Nekazaritza

Nekazaritzan mahastiak, zerealak eta olibondoak lantzen ziren bereziki. Patrizioen eskuetan zeuden lursail handiak izaten ziren gehienetan, esklaboen esku-lanaz baliatuta. Hirietatik gertu zeuden eremuetan frutak eta barazkiak ere lantzen ziren, hirietako merkatuak hornituz.

Artisautza

Hiriak ugaritzeak eta handitzeak artisautza ere zabaldu zuen. Landa-ingurunetan nekazaria askotan artisau ere bazen, baina hiriak denda eta lantegi txikiz beteta zeuden: zapatariak, bitxigileak, zeramikagileak, okinak, harakinak… Eraikuntza arloko artisauak ere ugari zeuden: igeltseroak, arotzak, iturginak, margolariak, harginak…

Lanbide libreetan aritzen zen jendea ere ugari zen: medikuak, irakasleak, bankariak, eta, zer esanik ez, merkatariak.

Merkataritza

Merkataritza, batez ere elikagaiena, oso garrantzitsua zen, bereziki hirietan. Arlo horretan oso kontuan hartzekoa da Erromak zuen hedadura. Europa, Asia eta Afrikako hainbat lurralde bereganatzean, Mare Nostrum (Mediterraneoa) ingurua merkataritzagune izugarria bihurtu zen. Lehorreko merkataritzak garrantzi handia hartu zuen. Erromatarrek inperio osoa elkartzen zuen 90.000 km-ko galtzada-sare handia eraiki zuten, merkataritzarako ere oso baliagarria izan zena.