Antzinaroa iberiar penintsulako iparraldean

Gure inguruko lurralde hauei buruz dagoen lehen erreferentzia historikoa K.a. 195. urtekoa da, Katonena.

Penintsulako iparraldean, Pirinioetatik Ozeano Atlantikora, hainbat herri zeuden: baskoiak, kantabriarrak, asturiarrak eta galaikoak. Jatorri indoeuroparra zutela dirudi. Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten omen zituzten, baina euskararen kasua izan ezik, ez da ia hizkuntza horien aztarnarik gelditzen.

Ingurune honek, hainbat herrialderen ibilera jaso zuen, zelta herriena bereziki, eta horien eraginez metalaren erabileran trebatu ziren K.a. 1000. urtetik aurrera.

Elkarren arteko inbasioak eta borrokak ugariak ziren, eta harresiz inguratutako herrietan bizi ziren gehienetan. Hiri gutxi osatu zituzten eta txikiak ziren, gainera. Batzuetan errege edo agintariren bat izan ohi zutela dirudi.

Leinu edo klanetan antolaturik zeuden, baina borroka-garaietan tribuak elkartu egiten ziren, armada handiagoak osatzeko.

Tribu erako antolaketa zuten, hirigintza oso urria, lurralde eta jabetza komunala zen nagusi, eta leinuetako buruzagien batzorde batek osatu ohi zuen agintaritza. Ekonomia abeltzaintzan oinarritzen zen bereziki, eta lusitaniarrak adibidez, oso pobreak zirenez, inguruko herrien lurrak eta abereak lapurtzen zituzten sarritan.

Europako iparraldetik etorritako herrien eraginez, soldadu onena leinuen buru ezartzeko ohitura ere hartu zuten. Buruzagiek funtzio erlijiosoak izan zitzaketen. Aginte-sistema bat ere ezarri zuten: Zaharren kontseiluak osaturiko gobernua.

K.a. 19. urtean Oktavio Augusto, Erromako enperadoreak penintsulako kantabriar lurraldeak konkistatu zituen eta ordutik aurrera Erromako Inperioaren zati izan ziren inperioa erori zen arte.

Enpresak kokatzeko faktoreak: kapitala

Kapitala (dirua, eraikinak, makineria … beharrezkoa da enpresa bat sortzeko.

Kapitala, banako pribatuek jar dezakete (enpresa pribatuak sortuz) edo Estatuak (Estatuaren edo erakunde publikoen enpresak).

Enpresa pribatuak banakakoak izan daitezke (pertsona bakar batek jartzen du kapitala) edo kolektiboak (pertsona askok jartzen dute kapitala). Bigarren kasuan, kooperatiba (sozietate kooperatiboa) edo sozietate anonimoa izango da.

Publikoa

Gobernua (edo beste erakunde publiko bat) da enpresaren jabea. Gehienetan langileak funtzionarioak izaten dira. Ospitale eta eskola publikoetan edo administrazioko beste alorretan lan egin dezakete.

Pribatua

  • Jabe bakarra. Pertsona bakarrarena da enpresa. Jabe horrek hartzen ditu enpresari dagozkion erabaki guztiak, eta irabaziak eta galerak ere bere gain hartzen ditu.
  • Kooperatiba. Helburu bera duen talde batek osatzen du. Helburu hori ekonomikoa, kulturala edo soziala izan daiteke. Bazkidetza boluntarioa da eta edonor egin daiteke bazkide. Taldean edo kooperatiban sartzerakoan, bazkide bakoitzak kopuru berbera ordaintzen du. Erabakiak hartzerakoan, berriz, “langile bat, boto bat” printzipioari jarraitzen zaio.
  • Sozietate anonimoa. Enpresa honetako hasierako kapitala akzioetan banatuta dago. Erabaki nagusiak akziodunen batzarretan hartzen dira, eta, kideek, zenbat akzio, hainbeste boto izango dituzte. Irabaziak ere modu berean banatzen dira, hau da, akzio kopuruaren arabera. Galerak baleude, akziodunek akzioak erosterakoan jarritako dirua baino ez lukete galduko.

Enpresak kokatzeko faktoreak: gobernuaren laguntza

Gobernuak enpresa bati proiektua finantzatzen, mailegua merkeagoa lortzen, lantegia eraikitzen edo langile berriak trebatzen lagundu diezaioke. Zergak ere murriztu diezazkioke (lur-eremuen edo irabazien gainekoak) edo arauak malgutu (adibidez, ingurumenarekin zerikusia dutenak).

Desindustrializatu den eremu batean lanpostu asko galdu badira, gobernuek edo Europar Batasunak esku har dezakete, ingurua eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetze aldera. Kasu horietan, diru-laguntzen eta beste hobarien bidez, enpresak eremu horretan kokatzen sustatu dezakete.

Esaterako, Europa ekialdeko herrialdeetan, Errumania, Polonia, Eslovenia, Txekiar Errepublika eta Eslovakia mota honetako onurak izaten hasi ziren 2004tik, Europar Batasunean sartu zirenetik, alegia. Herrialde horiek teknologia aldetik garatu gabe daude eta laguntza handia ari dira jasotzen egituratu eta lehiakor bilakatzeko.

Enpresak kokatzeko faktoreak: merkatua

Mendez mende, lantegiak merkatutik gertu egotea faktore garrantzitsuenetako bat izan da, batez ere produktu galkorren kasuan.

Lantegi moderno asko ere jende asko bizi den inguruetan kokatzen saiatzen dira. Izan ere, gaur egungo industriek merkatu handiak behar dituzte euren produktuak saltzeko.

Industria mota batzuk kontsumitzaileak dauden lekutik gertu kokatzen dira hainbat

  • Zenbait salgai galkorrak direlako (eguneko ogia, adibidez)
  • Beste batzuk (ehungintza, altzarigintza edozein lekutan koka daitezke, baina askotan hirietatik gertu kokatzen dira, merkatutik eta langileengandik hurbil.

Enpresak kokatzeko faktoreak: garraioa eta komunikazioa

Industria motaren arabera, lantegira lehengai astunak edo arinak eraman beharko dira, baita ekoitzitako produktuak merkatura ere. Beraz, garraio-sare batetik edo merkatutik gertu egotea faktore garrantzitsua izan 

  • Ekoitzitako produktuak merkaturatu egin behar dira eta garraio-gastua handia izan daiteke. Merkatua urrun egon daiteke edo garraio gastuak eragin handia izan dezake produktuaren prezioan, gehienbat bolumen handiko produktuen kasuan, adibidez, 
  • Produktu batzuk garraiatzea oso arriskutsua izan daiteke, azido sulfurikoa, 
  • Goi-teknologiako enpresek autobideetatik edo bide egokietatik hurbil egon nahi izaten dute, baita aireportutik hurbil ere, nazioarteko lotura bertan izateko.

Enpresak kokatzeko faktoreak: langileak

Enpresa batek behar duen langile kopurua eta euren kalifikazioa oso faktore garrantzitsuak izan daitezke lantegia non kokatu erabakitzeko.

Enpresa batzuek, esaterako goi-teknologiako lantegiek, kalifikazio altuko eta ondo trebatutako langileak behar dituzte. Horren ondorioz, ikerketa guneetatik edo unibertsitateetatik gertu kontatzen dira.

Beste enpresa batzuek, adibidez ehungintzakoek, normalean kalifikazio gabeko langileak behar dituzte. Beraz, lantegi asko langileen soldatak baxuak diren eta langileen eskubideak murriztuta dauden herrialdeetan kokatzen dira.

Herrialde garatuetan lan-orduak kontrolatuta daude eta langileen eskubideak, adibidez elkartzeko edo greba egiteko eskubideak, onartuta. Langileek ordaindutako oporrak izaten dituzte, langabeziaren onurak eta osasun asegurua.

Garatzeko bidean dauden herrialdeetan, berriz, lan-egunak oso luzeak dira, oso atseden gutxi izaten dute eta osasun eta segurtasun baldintza minimoak ez dira errespetatzen. Soldatak ere oso baxuak dira, eta langileek gehienetan ez dute langabeziako onurarik eta osasun asegururik jasotzen.

Europa ekialdeko herrialdeetan (Errumania, Polonia, Eslovenia, Txekiar Errepublika eta Eslovakia) esaterako, 2004az geroztik, Europar Batasunean sartu zirenetik, langileak onura horiek izaten hasi dira. Euren hezkuntza-mailaren ondorioz, langile trebatuak dira, baina soldata baxuak dituzte.

Txinan eta Indian, Erresuma Batuan baino % 25 merkeagoa da ustiapen gastua. Gaur egun, gero eta gehiago nahi izaten dira produktu merkeak, adibidez, ehungintzan eta elektronika. Gainera, Txinak eta Indiak eskulan ugari dute.

Enpresak kokatzeko faktoreak: energia

Energia-iturriak beharrezkoak dira makinak martxan jartzeko, eta, zenbat energia behar den kontuan hartuta, enpresa baten kokapena energia-iturrien gertutasunaren arabera alda daiteke. Izan ere, energia ikaragarri behar bada, aurreztu nahi izanez gero, enpresa energia-iturritik gertu kokatzea beharrezkoa izango da.

Gaur egun, energia-iturrien gertutasuna ez da faktore erabakigarria izaten. Hala ere, energia kontsumoa, gehienetan elektrizitatea, oso altua bada, enpresek hainbat herrialdetako elektrizitatearen prezioari erreparatzen diote non kokatu erabaki aurretik.

Bi energia-iturri mota daude:

a) ez-berriztagarriak: petrolioa, gasa, ikatza, uranioa… Lurrean energia hauetako kantitate jakin batzuk daude eta, kontsumitu ahala, gutxitzen doaz; noizbait agortzeko arriskua ere bada. Gainera, erregai horiek asko kontsumitzeak kutsadura handia sortzen du.

b) berriztagarriak edo alternatiboak; energia-iturri naturalak eta amaiezinak dira (energia hidroelektrikoa, eguzki-energia, marea- eta olatu-energia, eolikoa, biomasa…).

Gaur egun, gehien erabiltzen diren energia-iturriak hauek dira: ikatza, petrolioa, gasa, ura eta energia nuklearra.

Garai batean, ikatza zen gehien erabiltzen zen energia-iturria, baita egur-ikatza eta egurra ere. Gaur egun, berriz, askoz gutxiago erabiltzen da. Batez ere zentral termikoetan erabiltzen da elektrizitatea sortzeko. Industria kimikoan ere baditu beste erabilera batzuk, esaterako, plastiko edo desinfektatzaileak ekoizteko.

Herrialde ekoizle nagusiak: Txina, AEB eta India.

Petrolioa hainbat substantziaren nahasketa da eta, destilatuta, honako erregaiak sortzen dira: gasolina, kerosenoa, gasolioa eta parafina. Horietako batzuk ibilgailu motordunek erabiltzen dituzte. Petrolioak ikatzaren lekua hartu du esparru askotan, berokuntzan esaterako. Ikatzak bezala, petrolioak ere baditu beste erabilera batzuk industria kimikoan, adibidez, plastikoen fabrikazioan.

Herrialde ekoizle nagusiak: Saudi Arabia eta Errusia.

Gasa, energia-iturri moduan, gero eta gehiago erabiltzen da. Ikatzak edo petrolioak baino kutsadura gutxiago sortzen du.

Herrialde ekoizle nagusiak: Errusia, AEB eta Kanada.

Energia hidraulikoa batez ere elektrizitatea sortzeko erabiltzen da. Urtegietan edo anteparetan pilatutako ura askatzean, turbinak martxan jartzen dira eta elektrizitatea sortzen dute. Energia mota hau oso erabilgarria da inguru menditsuetan.

Herrialde ekoizle nagusiak: Kanada, Brasil, AEB, Txina eta Errusia.

Energia nuklearra atomoko nukleoa zatitzean sortzen da; prozesu horri fisio nuklearra esaten zaio. Nukleoaren fisioaren (zatitzearen) eraginez, beroa sortzen da eta bero horrek ura bihurtzen du ur-lurrun. Ur-lurrun horrek elektrizitatea sortzen duten turbinak martxan jartzen ditu. Arriskuak daude energia nuklearra sortzeko prozesuan, horietan guztietan nabarmenena ingurumena erradioaktibitatez kutsatzea da.

Herrialde ekoizle nagusiak: AEB, Frantzia eta Japonia.

Energia-iturri berriztagarriak

Gaur egun gehien erabiltzen diren energia-iturriek arazoak sortzen dituzte. Energia fosilak deritzatenak (ikatza, petrolioa eta gasa), gehiegi erabiltzen direnez, bukatzen ari dira, eta, gainera, kutsadura handia sortzen dute. Energia berriztagarri edo alternatiboak, berriz, ez dira behar beste erabiltzen, eta gehiago erabili behar ditugu, batetik, kutsadura murriztu behar delako eta, bestetik, fosilak agortzen ari direlako. Hemen dituzue energia alternatibo batzuk:

Eguzki-energia: eguzkiaren argia elektrizitate bihurtzen da, gehienbat zelula edo plaken bidez. Arazo nagusia da plakak garestiak direla. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta merkeago izan daitezke.

Herrialde ekoizle nagusiak: AEB, Alemania, Australia eta Kanada.

Marea- eta olatu-energia: zenbait lekutan, marea aldaketak energia sortzeko aprobetxatzen duten instalazioak eraiki dira. Olatuek ere energia handia sor dezakete, baina ez dira kontrolatzen errazak eta, gainera, elektrizitatea sortzeko ekipoak puska ditzakete.

Herrialde ekoizle nagusiak: Frantzia, Erresuma Batua eta Kanada.

Energia geotermikoa: planetaren lurrazalaren azpian dauden harriak bero egoten dira. Leku batzuetan, lurra zulatuta harri beroak aurki daitezke, eta bero hori ura berotzeko eta elektrizitatea sortzeko erabil daiteke.

Herrialde ekoizle nagusiak: AEB, Filipinak eta Mexiko.

Energia eolikoa: haize-turbina modernoek (haize-errotak) haizearen energia erabiltzen dute elektrizitatea sortzeko. Gaur egun, energia-iturri hori munduko hainbat lekutan erabiltzen da. Adibidez, Nafarroan oso ugariak dira haize-errotak.

Herrialde ekoizle nagusiak: Alemania, Espainia, AEB eta Danimarka.

Biomasa: energia hau iturri biologikoetatik sortzen da, adibidez, uztetako hondakinetatik, animalien simaurretik, landareak filtratzean sortutako hondakinetatik eta etxeko zaborren errefusatik (baldin eta zati organikoa aldez aurretik bereizi ez bada).

Horiek guztiek, hartzidura prozesuaren ondorioz, metano gasa isurtzen dute. Isurkin hori edukiontzietan gordetzen da, eta, beste hainbat gasen moduan, berokuntzarako edo elektrizitatea sortzeko erabil daiteke.

Herrialde ekoizle nagusiak: AEB, Frantzia eta Suedia.

Enpresak kokatzeko faktoreak: lehengaiak

Industriek hainbat baliabide behar izaten dituzte. Esaterako, lehengaiak, makinak eta elektrizitatea euren makinak martxan jarri eta produktuak sortzeko. Ikatza eta burdina nagusi ziren garaietan, herrialde baten garapena lehengaiak edukitzearekin zuzen-zuzenean lotuta zegoen.

Lehengaiak industria-eraldaketako oinarria dira. Hainbat jatorri izan ditzakete, funtsean, landare-jatorria (lihoa, kotoia eta kautxua), animalia-jatorria (artilea eta zeta) eta mineral-jatorria (hau da industria gehienek erabiltzen duten baliabidea).

Mineral-jatorriko lehengairik garrantzitsuenak dira bauxita, zinka, kobrea, burdina, fosfatoak, urrea, altzairua, azido sulfurikoa eta zementua.

Mineralak hainbat motatako produktuak sortzeko erabiltzen dira:

  • Bauxita: hegazkingintzan, hegalak egiteko erabiltzen da (aluminioaren mea nagusia da); elikagaigintzan janaria biltzeko eta berotik babesteko.
  • Zinka: burdinaren eta altzairuaren galbanizaziorako erabiltzen da (herdoiltzetik babesteko).
  • Kobrea: industria elektrikoan erabiltzen da, bereziki hodiak eta kableak egiteko.
  • Fosfatoak: garbiketako produktuak egiteko erabiltzen dira.
  • Burdina: aleazioak (metal nahasketak) egiteko erabiltzen da, baita industriarako eta etxerako erreminta sendoak egiteko ere.
  • Urrea: txanponak urreztatzeko eta ingeniaritza aeronautikoan erabiltzen da, baina batez ere bitxigintzan.
  • Beruna: X izpien eta erradiazioaren efektu toxikoetatik babesteko erabiltzen da.
  • Altzairua: eraikuntzan oso garrantzitsua da.
  • Azido sulfurikoa: uztak hazteko ongarriak eta konpostak egiten laguntzen du.
  • Zementua: eraikuntzarako oinarrizkoa.
LehengaiakHerrialde sortzaileak
Bauxita (Aluminioa)Australia
ZinkaKanada, Austria, Errusia
KobreaChile, AEB, Kanada
FosfatoakAEB, Errusia, Maroko
BurdinaBrasil, Txina, Australia
UrreaHego Afrika, AEB, Errusia
BerunaAustralia, AEB, Errusia
AltzairuaJaponia, AEB, Errusia
Azido sulfurikoaAEB, Japonia, Txina
ZementuaTxina, Japonia, Errusia

Industrializazioa hasi zenean, duela 200 urte gutxi gorabehera, garraio sistema oso txiroa zen. Ez zegoen kamiorik, ezta trenik ere; ez autobiderik, ezta trenbiderik ere. Lehengaiak astunak ziren, eta garestia zen alde batetik bestera eramatea, beraz, industria gehien ikatza edo burdina zegoen inguruetan kokatzen zen. Gaur egun, mendebaldean baliabide mineral gehienak gastatu ditugunean, burdin-mea esaterako, lehengaiak kanpotik ekartzen dira itsasoz, eta, horren ondorioz, industria gehien bat portu inguruetan kokatzen da.

Enpresak kokatzeko faktoreak

Arrazoi bat baino gehiago egon daiteke enpresa bat leku jakin batean kokatzeko; adibidez, kokapena erabaki daiteke industria motaren eta bere ezaugarrien arabera.

Beste faktore batzuk

Lehengaiak: industria batek lehengai asko behar baditu, haietatik hurbil egotea oso garrantzitsua izan daiteke, batez ere mineralak erabiltzen dituzten industrientzat.

Langileak: egiten den produktuaren arabera, langile gehiago edo gutxiago beharko dituzte, eta trebatuak edo trebatu gabeak. Adibidez, enpresa batek arropak egiten baditu, normalean aparteko trebakuntzarik gabeko langile ugari beharko du; beraz, hobe hiri handi batetik gertu egotea. Goi teknologiako enpresa batek, berriz, langile gutxiago beharko ditu, baina trebatuak; horren ondorioz, hobe izango luke ikerketa zentroetatik gertu egoten.

Merkatua: gaur egun garraioa merkeagoa da, eta, beraz, ez da hain garrantzitsua merkatuetatik gertu egotea. Hala ere, jateko galkorrak edo gai merkeak sortzen baditugu, merkeagoa izan daiteke hiri handi baten ondoan egotea eta garraioan dirua alferrik ez gastatzea.

Energia: garai batean, ibai batetik gertu egotea aukeratzen zuten askok, energia eskura edukitzeko. Gaur egun, berriz, malgutasun handiagoa dago; hala ere, enpresa batek energia asko kontsumitzen badu, oso kontuan hartuko du zein energia mota erabili (eolikoa, hidroelektrikoa, eguzki-energia…) edota hainbat herrialdetako tarifak begiratuko ditu kokapena erabaki aurretik.

Garraioa: oinarrizkoa da lehengaiak eta langileak fabrikara eramateko, baita produktuak merkatuetara eramateko ere. Produktuen tamaina eta pisua direla eta, garrantzitsua izan daiteke garraio sare batetik gertu egotea.

Nazioarteko merkataritza: esportazioak

Nazioarteko merkataritza bi herrialderen artean gaiak eta zerbitzuak trukatzea da, baina herrialde bakoitzak zenbat edo zer esportatzen duen kontuan hartuta, herrialde horren ekonomia hobetu edo okertu egin daiteke.

Gehienetan, ekonomikoki gehien garatutako herrialdeek balio handiko produktuak esportatzen dituzte eta merkeagoak diren lehengaiak inportatu; adibidez, mineralak, tea eta kafea. Ekonomikoki gutxien garatutako herrialdeetan justu kontrakoa gertatzen da; hau da, batez ere lehengaiak eta prozesatu gabeko gai merkeak saltzen dituzte. Garatutako herrialdeek, aldiz, zuzenean kontsumitzeko gaiak saltzen dizkiete; esaterako, teknologia eta automobilak. Joera horrek garatutako herrialdeei egiten die mesede: lehengaien prezioak behera eta fabrikatutako produktuenak gora doaz.

Salerosketa desorekatu horrek nabarmen kaltetzen ditu berez gutxien garatutako herrialdeak. Eta, gainera, garatutako herrialdeek sarri inportazioen gaineko tasa eta kuotak inposatzen dizkiete. Tasek kanpoko produktuen kontsumoa garestitzen dute; kuotek, aldiz, inportazioen kopurua mugatzen dute, betiere, ekonomikoki gehien garatutako herrialdeen mesedetan.