Uraren kutsadura

Naturan den urari ezaugarri kimiko eta fisikoak aldatzean, kutsatu egiten da. Ura kutsatzeko era asko dagoen arren, kutsadura-iturri handienak hurrengo hiru multzo hauetan bana daitezke: hirietan sortutako kutsadura, nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokiona eta industriari lotua.

Hirietan sortutako kutsadura: Hiriak gero eta handiago egiten ari dira eta, populazioa handitu ahala, biderkatu egiten da hondakinen arazoa ere: hondakin solidoak, estolda-urak… Hirietako hondakin horiek, bere aldetik, inguruko urak kutsatzen dituzte, batzuetan hondakinak uretara jaurti direlako zuzenean eta, bestetan, ura filtratu egiten delako zabortegietara.

Nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokiona: elikagaien eskaria handitu dela-eta, nekazaritzaren produktibitatea ere handitu egin behar izan da. Arazo horri eman zaion irtenbidea ekoizpena handiagotzea izan da, hainbat substantzia kimiko erabiliz: ongarriak, pestizidak, herbizidak… Substantzia horietako zenbaitek, azkenean, inguruko uretan amaitzen dute eta kutsadura kimikoa eragiten; areago: horien arteko batzuk hainbat mikroorganismoren elikagai direnez, kutsadura biologikoa ere sorrarazten dute. Abeltzaintzan ere gero eta ustiategi handiagoak eraikitzen dira eta horietako hondakin organikoek, askotan, kutsatu egiten dituzte inguruko urak.

Industriari lotua: hainbat gai eta tresnaren egungo eskaera asetzeko, gero eta lehengai, energia eta produktu landu gehiago behar dira. Horretarako egiten diren prozesu industrialetan, kutsatzaile kimiko ugari isurtzen da uretara. Bestalde, industriak dira kutsadura termikoaren erantzule nagusiak; hots, horiek dira uren tenperatura igotzearen eragile nabarmenenak, eta hori oso kaltegarria da, bereziki, ekosistema urtarretan.

Uraren erabilerak

Gizartea garatuz doan neurrian, handituz joan da ur-eskaria ere. Hasiera batean, aski zen edateko eta garbitzeko ura edukiz gero. Gaur egun, berriz, izugarri handitu da gizartean norbanakoaren ur-kontsumoa: garbiketarako eta kontsumorako erabiltzeaz gain, beste hainbat erabilera ematen zaizkiolako, nekazaritzan, abeltzaintzan, industria-prozesuetan edo aisialdian, esate baterako.

Munduko biztanleria ugaltzean, jendetza horren janari-eskaria asetzeko, lehen sektoreak elikagai ugari ekoitzi behar izaten du eta, horretarako, ur asko behar da: lurrak ureztatzeko, abereei edaten emateko…

Industriako prozesuetan ere ur-kopuru handiak erabiltzen dira, bai lehengai gisa, bai substantzia disolbatzaile edo hoztaile gisa.

Aisialdiko ohiturak aldatzeaz bat, ur kontsumoa ere handitu egin da; adibidez, igerilekuak betetzeko, golf-zelaiak edo lorategiak berde mantentzeko…

Ur geza da aipatu ditugun prozesuetan erabiltzen dena; baina berau ur guztiaren % 6 besterik ez da.

Ur gezaren erreserbak izateko, urtegiak eraiki dira ibaietan. Horrez gain, eskualde batzuen ur-eskariari erantzuteko, itsasoko ura gezatzeko instalazioak ere eraiki behar izan dira, urtegietako ura ez zelako nahikoa.

Era bat edo besteko prozesuetan erabiltzen den ura, sarritan, kutsatu egiten da.Ur hori araztegian tratatu egin behar izaten da, kutsatu den uraren kalitatea hobetzeko; hau da, edangarri bihurtzeko edo, naturari itzultzerakoan, kalterik eragin ez diezaion.

Ura

Ura bi hidrogeno atomok eta oxigeno atomo bakarrak osatzen duten molekula da; substantzia konposatua da, beraz. Bere izozte-puntua 273 K da (0 ºC) eta irakite-puntua, 373 K (100 ºC); horregatik aurkitzen da naturan likido-egoeran, gehienbat. Dentsitateari dagokionez, urak portaera ezohikoa du: likido-egoeran duen dentsitatea 1.000 kg/m3 da (edo beste era batera esanda, 1 kg/L, hau da, kilo bat litro bakoitzeko), hots, solido-egoeran baino handiagoa (917 kg/m3). Ezaugarri horri esker, ur-masa handi bat izoztean (laku edo itsaso bat, adibidez), izotza beti goialdean eta likidoa azpialdean kokatzen dira eta, horrela, ur azpiko ekosistemek bizirik mantentzeko aukera dute.

Definizio arruntenaren arabera, ura substantzia usaingabea, koloregabea eta zaporegabea izan arren, edaten dugun ur bakoitzak zapore desberdina duela nabaritzen dugu. Horren zergatia da aurreko definizioak ur puruaren kasurako bakarrik balio duela. Uraren disolbagarritasuna handia delako, ordea, gatz eta mineral ugari disolbatzen dira naturan aurkitzen dugun uretan eta, hain zuzen, naturan bildutako solutu horiek dira urari zaporea ematen diotenak.

Uraren eroankortasun elektrikoari dagokionez ere antzeko egoera gertatzen da. Inolako substantziarik disolbatu gabeko ura ―ur purua― eroale elektriko txarra bada ere, eskueran dugun ur guztia oso eroale elektriko ona da, disolbatuta dituen substantziengatik.

Uraren beste ezaugarri bat bere bero espezifikoa da: 1 cal/g; hau da, altua, beste substantzia batzuen bero espezifikoaren aldean. Horregatik, ur-masa handien inguruan, kostaldean edo laku handien inguruan, adibidez, urak tenperatura-erregulatzaile funtzioa betetzen du. Urak bero espezifiko altua duela diogunean, esan nahi da urak bero asko xurgatzen duela, tenperatura 1 ºC igotzeko. Era berean, 1 ºC jaisteko, bero asko askatzen du. Horrek eragin handia du ur-masa handien (itsasoak, aintzirak…) inguruko lurraldeetan.

Euri azidoa

Nekazariak betidanik egon dira zeruari begira, euria noiz egingo zain, ereindako haziek edota landatutako landareek ura behar-beharrezkoa dutelako. Industrializazioaren ondorioz, euria, Ipar Amerika eta Europa erdialdean gehienbat, oparotasun-iturri izatetik arazo izatera igaro da, euri azidoak (euriarekin, elurrarekin, lainoekin eta abarrekin batera erortzen dena) kalte egiten dielako uztei, basoei, ekosistema urtarrei eta eraikinei beraiei ere.

Euri azidoa erortzean, izenak dioen bezala, ur horren azidotasuna ohi baino handiagoa da. Azidotasun horren jatorria industriak, zentral termikoek eta ibilgailuek isuritako gasetan dago, erregai fosilak erretzean sortzen diren nitrogeno (NO, NO2, N2O5 …) eta sufre oxidoak (SO2, SO3 …) atmosferara isurtzen baitira. Gas horiek ur-lurrunarekin erreakzionatzean, azido nitrikoa (HNO3) eta azido sulfurikoa (H2SO4) sortzen da eta txikiagotu, euri-uraren pH-a, hau da, euria azidoagoa egiten dute.

Kutsadura horren ezaugarrietako bat da euri azidoa gas kaltegarriak isuri diren lekutik oso urrun eror daitekeela. Horregatik, nahiz eta herrialde aberatsek sortutako kutsadura izan, planeta osoak jasaten ditu ondorioak. Europan, adibidez, Erresuma Batuko zentral termikoen kutsadurak eragindako euri azido gehiena Norvegia eta Suediako basoetan erortzen da.

Kutsadura hori eteteko bidea gas-isurketak kontrolatzea da eta azken urteetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira euri azidoa murrizteko.

Izpi-ultramoreak

Lurrak hainbat izpi-mota jasotzen du Eguzkitik; eta erradiazio (izpi) horietako batzuk dira izpi ultramoreak. Gizakiok ez ditugu izpi ultramoreak ikusten. Izan ere, ikus ditzakegun izpi-mota laburrenak dira kolore morearenak: are eta laburragoen artean daudenez izpi ultramoreak, ez ditugu ikusten. Beste animalia batzuek (erleek, esaterako) badute izpi horiek ikusteko ahalmena eta hainbat gauzatarako erabiltzen dute: janaria lokalizatzeko, adibidez.Guk ez ditugu izpi ultramoreok ikusten, nahiz eta bai jasan gizakioi eragiten digun ondorio nagusia: azal-erreketak, alegia.

Ozonoa

Ozonoa hiru oxigeno atomoz osatutako molekula da. Usain atsegin eta kolorerik gabeko gasa da. Estratosferan izpi ultramoreak xurgatzen dituelako da ezaguna. Eragin onuragarri hori, ordea, ez da ematen troposfera deritzon geruzara jaitsiz gero. Ozonoaren oxidazio-gaitasunagatik, kaltegarria da bizitzarako, kontzentrazio jakin batetik gora. Bestalde, oxidazio-gaitasun handi horri esker, desinfektatzaile gisa erabiltzen da ur-araztegietan eta medikuntzan.

Kopenhageko biltzarra

Kopenhageko Biltzarraren (2009) helburu nagusia zen parte hartzen zuten herrialdeek akordio bat izenpetu eta 2012an indarrean jartzea, hots, Kiotoko Protokoloa ez bezala, juridikoki loteslea izango zena.

Proposatzen zen akordioaren helburu nagusia, funtsean, zen 2050 urtea baino lehen erdira jaistea 1990ean isuritako berotegi-efektuko gasen igorpena . Hitzarmenak epe ertaineko helburuak ere zehazten zituen: herrialde garatuek, 2020rako % 20 eta % 40 artean murriztea, alegia, beren gas-igorpenak.

Biltzarrean elkartu ziren herrialdeetako agintariek ez zuten akordiorik lortu azken gauera arte. Herrialde batzuek (Txina, AEB, India, Brasil eta Hegoafrika) gutxieneko akordioa lortu zuten gau hartan, baina garapen-bidean diren herrialde-multzo batek ez zuen onartu . Kopenhageko Biltzarrean, askoren iritziz, galdu egin zen, beste behin, aldaketa klimatikoa eteteko aukera.

Kiotoko protokoloa

Herrialde boteretsuenek 1997an ingurumenari buruz, eta batik bat berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketa kontrolatzeko helburuz sinatutako nazioarteko protokoloa da. Horretarako, bertan adierazten da herrialde bakoitzak atmosferara isur dezakeen berotegi-gas kopurua.

Protokoloa 1997ko abenduaren 11an onartu zen, Kioton (Japonia) egindako biltzarrean. 2005eko otsailaren 16an jarri zen indarrean, 2004ko azaroan Errusiak onartu eta gero. Izan ere, hitzarmena abian jartzeko, planeta osoko gas-isurketen % 55aren erantzule ziren herrialdeek onartu behar zuten protokoloa eta hori, Errusiak onartzean lortu zen. Halere Ameriketako Estatu Batuek, hots, berotegi-gas gehien isurtzen duen herrialdeak, protokoloa berretsi gabe jarraitzen zuen artean 2009an.

Urte horretan bertan Kopenhageko Klima Aldaketari buruzko XV. Biltzarra egin zen, Kyotoko protokoloa gainditzeko asmoz.

Ozono-geruzaren zuloa

Ozono-geruza estratosferan dago eta atmosferan ohi baino ozono-kontzentrazio (O3) handiagoa du.

Zer da, baina, ozonoa? Ozonoa hiru atomo oxigenoz osatutako molekula da; gizakiarentzat kaltegarria da, arnasten badu; baina atmosferako goiko geruzetan mesedegarria, planetako bizidunentzat.

Eginkizun nagusia Lurra babestea du Eguzkitik datozen erradiazio ultramoreetatik; izan ere, eguzki-izpiak, ozono molekulekin talka egitean, ez baitira Lurrera iristen.

Azken hamarkadetan zientzialariak konturatu dira ozono-geruza gero eta meheagoa dela; hau da, ozono-kontzentrazioa gero eta baxuagoa dela, Antartika gainean zulo handi bat sortzera iristeraino. Hori dela-eta, handitu egin da lurrera iristen diren erradiazio ultramoreen kopurua.

Zientzialariek aztertu zuten zein zen ozono-kontzentrazioa hain nabarmenki jaistearen arrazoia eta erantzule nagusiak CFC (klorofluorokarbonatu) konposatuak eta abioi supersonikoak zirela ondorioztatu zuten. CFC-ak gizakiak sortutako konposatuak dira eta esprai, hozkailu eta aire girotuko instalazioetan erabiltzen dira, gehienbat. 1987an, nazioarteko itun bat sinatzea lortu zen, naziorik aurreratuenek 2000 urtetik aurrera produktu horien ekoizpena eten zezaten. CFC konposatuek iraupen luzea dutenez, urteak beharko dira neurri horien emaitzak ikusteko.