Euskal Herriko Industrializazioa

Industrializazioa oso garrantzitsua izan zen Euskal Herrian, baina ez zen ez leku guztietan ezta garai berean ere gertatu. Hala ere, ezaugarri komun batzuk egon ziren. Industria Iraultza poliki garatu zen eta Bizkaian XIX. mende erdialdean, Gipuzkoan XIX. mende amaieran eta Araban eta Nafarroan XX. mende erdialdean hasi zen.

Atzerriko kapitalari, portuak eta banku-sare berriak zabaltzeari eta trenbidearen ondorioz sortutako azpiegitura berriei esker Bizkaia azkar garatzen hasi zen. Euskal Herriko lehenengo burdin-faktoria modernoa Santa Ana de Bolueta, S.A. izan zen, 1841ean sortutakoa. 1859an Barakaldon Altos Hornos (Labe Garaiak) sortu zen eta ia jarraian Bilbo inguru osoa industrializatu zen. 1870erako Bizkaia Europako burdin esportatzaile handiena zen. Burdin-esportazioek eta trenbide-konpainiek Bizkaiko burgesia industrialari aberastasuna eta boterea eman zioten. Merkataritza-jarduera sustatu egin zen eta mende amaieran ontziola garrantzitsuak sortu ziren Sestaon (Astilleros de Sestao, Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques); 1902an Altos Hornos de Vizcaya altzairu-fabrika handia eta garrantzitsua sortu zen. XIX. mende amaiera eta XX. hasiera aldera, Euskal Herriko eta Espainiako beste lurraldeetako jende asko Bizkaiko industriaguneetara joan zen bizitzera.

Gipuzkoan, industrializazioa bestelakoa izan zen. Zenbait burdingintza-lantegi baziren, baina ekoizpen-eredu horrekin lotutako beste industria batzuk agertu ziren. Industria gehienak XIX. mende amaieratik aurrera sortu baziren ere, beste batzuk XIX. mende erdialdean sortu ziren, esaterako Bergarako ehungintza-industria —Algodonera San Antonio 1846an—, Oria inguruko paper-industria —La Esperanza Tolosan 1841ean— eta Beasaingo Fábrica de Trenes San Martín 1860an, CAFen aurrekoa zena. XX. mendean La Papelera Española sortu zen Errenterian 1902an. 1906an Arrasaten Unión Cerrajera eta 1920an Alfa, joste-makinak egiten zituen lantegia sortu siren. Lantegi horiek, oro har, txikiak ziren, bertako kapitalarekin sortzen ziren eta langileak gipuzkoarrak izaten ziren.

Araban eta Nafarroan, eta bereziki Ipar Euskal Herrian, industrializazioa ez zen XX. mende erdialdera arte hasi. Salbuespen bakarra Baionako Forge de l’Adour (1884) izan zen, Bizkaiko burdina eta Ingalaterrako kokea erabiltzen zituena. 

Utzi erantzuna