XIX. mendeko iraultzak

Vienako Kongresuaren ondoren, ideia liberalak eta nazionalistak aise zabaldu ziren Europako testuinguru berrian. Matxinadak fenomeno arrunta bihurtu ziren, bereziki arazo sozioekonomikoak zeuden lurraldeetan.

  • 1820KO IRAULTZAK

Iraultza-sail horietako lehena Espainian gertatu zen 1820an. 1812an konstituzio liberala adostu zuten (Cadizeko Konstituzioa), baina Vienako Kongresuaren ondoren, Fernando VII.a erregeak Konstituzioari entzungor egin zion. 1820an Riego jeneralaren gidaritzapean altxamendu militarra egon zen ideia liberalak berrezartzeko helburuarekin, eta Fernando konstituzioa onartzera behartu zuten. 1823an Veronako Biltzarrak soldadu frantsesak (San Luiseko 100.000 semeak) bidali zituen Fernandoren agintea berrezartzeko eta matxinoak garaitzeko.

Hala eta guztiz ere, ideia liberalak azkar zabaldu ziren Portugal, Napoles, Piemonte eta estatu alemaniar batzuetan zehar, baina toki guzti horietan armadak iraultzak zapaldu zituen.

1812an greziarrak turkiar otomandar menderatzaileen aurka matxinatu ziren —Grezia turkiarren inperioaren barruan zegoen—. Greziako Independentzia Gerrak 1829 arte iraun zuen eta 1832an Grezia estatu burujabetzat aitortu zen.

  • 1830EKO IRAULTZAK

Frantzian 1830ean beste iraultza bat egon zen, ideia liberalek bultzatuta. “Uztaileko Iraultza” deritzaionaren bidez, Karlos X.a errege Borboi ultrakontserbadorea tronutik kendu eta liberalagoa zen Luis Filipe I.a errege izendatu zuten. Karlos absolutismoaren aldekoa zen eta Antzinako Erregimena berrezartzen saiatu zen, baina goi burgesia eta itzal handiko hainbat liberal haren aurka zeuden, eta herria haren aurka matxinatzera animatu zuten. Frantzia monarkia konstituzional bilakatu zen.

Belgika. Vienako Kongresuaren ondoren ezarritako Herbehereetako Erreinuak hegoaldean lurralde berri bat bereganatu zuen (egungo Belgika), katolikoa eta gehienbat frantsesez egiten zuena. Iparraldeak (egun Holanda) nederlanderaz egiten zuen eta protestantea (kalbinista) zen. 1830ean Bruselan matxinada hasi zen eta Belgikako independentziarekin amaitu zen (1831). Herrialde berriaren erregea Leopoldo I.a zen eta erregimen liberala ezarri zuen.

1815. urteaz geroztik, Poloniak “Poloniako Erreinua” zuen izena, baina errealitatean Errusiako Inperio handira anexionatua zegoen Nikolas I.a tsarraren gobernupean. 1831n Nikolasek tropa poloniarrak borrokatzera bidali zituen Frantziako eta Belgikako iraultzaileen aurka, baina poloniarrak iraultzaileen alde jarri ziren eta beren iraultza propioa hasi zuten! Errusiatik independente zirela aldarrikatu zuten, baina matxinada zapaldua izan zen eta Polonia are askatasun gutxiagorekin geratu zen.

Iraultza horien ondoren, gobernu liberalak Europa osoan zehar zabaldu ziren. Soilik Erdialdeko Europak, Alemaniako eta Italiako estatuek (Savoia ezik) eta Errusiako, Austriako eta Otomandar Inperioek jarraitu zuten absolutista izaten.

  • 1848KO IRAULTZAK

1848. urtea urte berezia izan zen Europako historian, iraultzak eta altxamenduak nonahi eman baitziren. Historialariek urte horri “Nazioen Udaberria” deitzen diote. Aurreko iraultzetako faktoreez gain, honako hauek izan ziren kausak:

  • Aurreko iraultza batzuk eragina izaten hasi ziren, Frantzian, esaterako.
  • Absolutismoak indarra zuen herrialdeetan burgesia haren kontra altxa zen. Baina dagoeneko monarkia konstituzionala zuten herrialdeetan, politikari erradikalak —normalean proletarioak, demokratak deituak—  beren gobernu parlamentarioentzako aldaketa handiagoak nahi zituzten (sufragio unibertsala, besteak beste).
  • Industrializazioaren ondorioz, gizartean aldaketa teknologikoak gertatzen ari ziren eta klase berri bat sortzen ari zen: proletariotza.
  • Aldaketa teknologikoek ere prentsa hedatu zuten eta ideiak azkarrago eta gizarteko pertsona gehiagoren artean zabaltzen lagundu zuten.
  • Nazionalismoak indarra hartzen ari ziren.
  • Sozialismoa agertu zen eta azkar hazi zen Marxek eta Engelsek 1848an Manifestu Komunista argitaratu eta gero.
  • Beste faktoreetako bat 1846an Europan izandako uzta kaxkarrak ziren. Horren ondorioz krisialdi ekonomikoa egon zen, eta nekazariengan eta langile-klase berriengan atsekabea eragin zuen.

1848ko iraultzak Europako erdialdeko eta mendebaldeko herrialde gehienetan gertatu ziren (Frantzia, Danimarka, Suedia, Suitza, Polonia, Belgika, Irlanda…), baita Hego Amerikako leku batzuetan ere, hala nola Brasilen. Altxamendu horietako batzuek elementu nazionalistak ere bazituzten, esaterako Italiako eta Alemaniako lurraldeetan.

Iturri gehiago: Iraultza burgesak

Utzi erantzuna