Itsas korronteen eragina prezipitazioetan

itsas-korronte-tenp-aurrebi.jpg

Faktore hau aztertu aurretik, ohar gaitezen gauza harrigarri batez. Munduko basamorturik lehorrenetakoak itsasertzean daude: Atakama (Txileko basamortua) eta Namib (Namibiako basamortua). Nola izan daiteke hori? Itsasertzean eta basamortua? Hainbat arrazoi egon daitezke, mendietan sortzen den foehn efektua, esate baterako. Baina arrazoi nagusia beste bat da: basamortu horien aurreko korronte hotzak. Namib eta Atakama, biak kontinentearen mendebaldean daude, biak itsasertzean eta biek itsas korronte hotz bat dute aurrean (Benguela Namib basamortuak eta Humboldt Atakama basamortuak). Korronte hauen eragina bikoitza da: alde batetik, hotzak direnez, korronte hauetan lurruntzea zailagoa da eta bestetik, aire heze eta epelak korronte hauen gainetik pasatzen direnean, hoztu egiten dira, hezetasunez aseta geratu, hezetasuna berehala kondentsatu, eta prezipitazioak hasten dira… baina itsasoan. Airea kostalderaino heltzen denean, hezetasunik gabe heltzen da, eta zerbait gorde badu, lurraren parean berotu egiten da airea, asetasun puntua igoz eta prezipitazioak sortzeko gaitasuna galduz.

Utzi erantzuna