Tenperatura eta tenperaturaren faktore eragileak

Eguraldiaz edota klimaz hitz egiten hasten garenean, tenperatura da gehien aipatzen dugun elementua. Horrek badu bere arrazoia: tenperatura da geure gorputzean eraginik handiena duena, eta errazen nabarmentzen duguna. Izan ere, tenperaturek bizitzarako garrantzi handia dute. Bizitza ere tenperatura tarte jakin batean ager daiteke: ura likido izateko aukera ematen duen tenperatura tartean. 0 °C azpitik ura izoztu egiten da eta 100 °C-tik gora irakin egiten du lurrundu baino lehen, gas bihurtuz; eta guk, izaki bizidunok, ur likidoa behar dugu, ez digu balio ez izotzak ezta lurrunak ere. Eguzki-sisteman Lurrak bakarrik gordetzen du tenperatura tarte hori. Lurreko batez besteko tenperatura 15 °C-koa da. Beste planetetan askoz bero edota hotz handiagoa egiten du. Beraz, horietan egon daitekeen ura lurrunduta, edo izozturik egongo da. Bi egoera horiek bizitza galarazi egiten dute, guk ezagutzen dugun bizitza mota bederen. Nola lortzen du gure planetak tenperatura hori mantentzea? Eguzki-izpiak iristen dira gure planetara, eta atmosferan gertatzen den negutegi efektu naturalari esker (ikusi atmosferari buruzko informazioa), energia horren zati bat Lurrean bertan geratzen da. Baina gaur egun ongi dakigun bezala, energia hori ez da era homogeneoan banatzen lurrazalean, eta lurrazaleko bi lekuetan tenperatura ezberdina egon daiteke. Esate baterako, alde handia dago ekuatore aldeko eta polo inguruetako tenperaturen artean. Bestalde, leku bereko tenperaturak ere asko aldatzen dira egunetik gauera edo urtaro batetik bestera. Gauaren eta egunaren arteko ezberdintasun nabarmen horiek aparte utzita, leku bakoitzari dagokion tenperaturan lau faktorek izaten dute eragin garbia. Faktore hauek, prezipitazioen kasuan bezala, honako hauek dira:

Prezipitazioen faktore eragileak

Troposferaren osagaiak berdintsuak dira lurrazal osoan. Baina prezipitazio kopurua ez da hala izaten. Leku batzuetan, ekuatore aldean, adibidez, ia egunero egiten du euria, eta basamortuetan, berriz, oso gutxitan. Egoera honen aurrean, galdera asko egin geniezazkioke geure buruari. Basamortuez, esate baterako. Nola izan daiteke Peru eta Txileko kostaldean, itsasotik hurbil, munduko basamorturik lehorrenetakoa egotea? Ez al dira horra iristen itsasertzeko prezipitazioak? Edo, zergatik dago tropikoetatik hain urrun Gobi desertua, basamortuak berez tropiko inguruetan egoten badira? Galdera ugari egin daiteke, eta ez basamortuei buruz bakarrik. Nola banatzen dira prezipitazioak lurrazalean? Zein dira prezipitazioen faktore eragileak? Azkeneko galdera horri erantzuna eman nahiz abiatuko gara gure azterketan. Hauek dira prezipitazioen banaketan kontuan izan behar ditugun faktoreak:

  1. Altuera
  2. Latitudea
  3. Kontinentaltasuna
  4. Itsas korronteak

Prezipitazioak

Prezipitazio hitza entzundakoan, euria datorkigu berehala burura. Baina ez da hori prezipitazio-mota bakarra. Horrez gain, kontuan hartu beharko genituzke, esate baterako, elurra eta txingorra edo kazkabarra ere. Izan ere zer da, funtsean, elurra edo txingorra? Ur izoztua, ur solidoa, besterik ez.

Prezipitazio-kopurua neurtzeko, plubiometroa izeneko tresna erabiltzen da.

Prezipitazioak bi ikuspegitatik sailka daitezke: erori diren moduaren arabera edota sorrarazi dituzten fenomenoen arabera.

Prezipitazio-motak erortzen diren motaren arabera:

Prezipitazio-motak sorrarazten dituzten fenomenoen arabera:

Haizeak

Lurrazaleko zenbait lekutan behe-presioak egon daitezke eta beste batzuetan goi-presioak. Hau da, presio ezberdina duten inguruak aurki ditzakegu lurrazalaren zenbait lekutan. Dena dela, atmosferak badu leku horien arteko presioak berdintzeko joera; horregatik aire-multzoak mugitu egiten dira goi-presioak dauden aldeetatik behe-presioak dauden aldeetara. Airearen mugimendu horri haizea deitzen diogu. Hor beheko eskeman atmosferaren sekzio bertikal bat ikus dezakezu, atmosfera labana batez goitik behera ebaki bagenu bezala. Bertan ikus liteke nola sortzen diren haizeak.

Baina atmosferaren sekzio bertikal hori ez da nahikoa, haizearen norabidea behar bezala ezagutzeko. Ikus dezagun orain zer gertatzen den hori bera goialdetik ikusiko bagenu. Lurrazalari goitik begiratzen badiogu, eta bertan lehen aipatu ditugun isobarak markatu, eguraldi-mapen antzeko zerbait lortuko dugu. Baina nondik nora joaten da haizea? Nola jakin dezakegu hori? Haizeak lurrazalean egiten duen mugimendu hori ez da goi-presioak dauden lekuetatik zuzenean egiten behe-presioak daudenetara. Gogoan izan behar dugu Lurra biraka dabilela bere ardatzaren inguruan eta, Lurrarekin batera, biraka dabiltzala atmosferako gasak ere. Horren ondorioz, haizearen norabidea zurrunbilo baten joaten da. Zurrunbilo hori eskuinaldera doa ipar-hemisferioan eta ezkerretara, hego-hemisferioan. Horregatik, goi-presioak dauden lekuetatik abiatzen diren haizeek, erlojuaren orratzek egiten duten mugimendu bera egiten dute ipar hemisferioan. Behe-presioak dauden aldeetan, aldiz, haizeek zurrunbiloaren barruan hartzen duten mugimendua alderantzizkoa da. Hori dena argi ikus dezakezu goiko eskema horretan.

Eguraldi-mapa bat begi aurrean dugunean, bertan suma dezakegu haizeei buruz aipatutako hori guztia. Horrez gain, haizeak izango duen indarra ere ikus daiteke, isobarei esker. Zenbat eta elkartuagoak egon isobarak, hainbat eta haize zakarragoa izango da eta, alderantziz, elkarrengandik zenbat eta urrunago egon isobarak, hainbat eta ahulagoa, haizea. Haizearen indarra neurtzeko, anemometroa erabiltzen dute meteorologoek; norabidea ezagutzeko, berriz, kanpandorreetan hain ugariak diren haize-orratzak.

Presio atmosferikoa

Lurrazalean, kokapenaren arabera, erradiazio edo eguzki-izpi kopuru ezberdina jasotzen denez, airea leku batzuetan besteetan baino beroago egoten da. Airea beroa dagoen aldeetan igotzeko joera izaten du, aire beroa hotza baino arinagoa baita. Airea gora igotzen den puntu horretan, aire-kopurua txikiagoa izango da eta haren pisua ere bai. Aire horrek eragiten duen presioa, beraz, txikiagoa izango da. Airea hotzagoa den aldeetan, ordea, aire gehiago egongo da, pisu handiagoa izango du eta handiagoa izango da pisu horrek sortutako presioa ere. Aireak duen pisuaren eta presioaren arabera, behe-presio (depresio) eta goi-presio uneak sor daitezke lurrazaleko lekuetan. Milibara da atmosferaren presioa neurtzeko erabiltzen den neurria, segundoak denbora neurtzeko edo metroa luzera neurtzeko erabiltzen ditugun bezala. Leku jakin bateko presioa 1.013 milibaretik beherakoa bada, behe-presioaz ari gara eta hortik goragokoa bada, berriz, goi-presioaz. Behin edo behin ikusiko zenituen, agian, eguraldi-mapak. Mapa horietan lurrazalaren zati bat agertzen da (Europako mendebaldea, esate baterako) eta, marra batzuen bidez, inguru horretan presioak nola banatzen diren adierazten da. Bai al dakizu zer diren marra horiek? Lurrazal-zati horretan presio berbera duten puntuak marra batez lotzen baditugu, isobara izeneko marrak sortzen zaizkigu, hau da, presio bereko puntuen marra. Meteorologoek eguraldi-mapetan agertzen dizkiguten marra horiek dira, hain zuzen, isobarak; eta marra bakoitza presio jakin bati dagokio. Askotan, presio hori milibaretan adierazita etortzen da marran bertan, goiko irudian ikus dezakezun bezala.

Presio-banaketa

Gauza jakina da gure planetan eguraldia oso aldakorra dela. Hori goi-presioen eta behe-presioen kokapenaren ondorioz gertatzen da kasu askotan, mugitu egiten baitira. Dena den, eta Eguzkitik jasotako energiaren zein Lurraren mugimenduen ondorioz, goi-presio eta behe-presio horiek planetan zehar gerriko gisa kokatzen dira, ondoko irudian adierazten den erara. Horrek izugarrizko eragina du klimaren eta eguraldiaren aniztasuna ulertzeko.