Gizartearen zatirik handiena herri xeheak osatua zen. Herritar xeheek lan egin eta zergak ordaindu behar zituzten. Erdi Aroko gizartean herri xehearen funtzioa lan egin eta beste bi taldeak bizitzeko behar zutena hornitzea zen. Hasieran, eta hainbat mendez, nekazariek soilik osatzen zuten talde hori, eta biztanleen % 80-90 inguru hartzen zuen; gehienak feudoetan lan egiten zuten jaun feudalarentzat edo monasterioentzat.
Nekazarien artean hainbat egoera bereizten ziren. Nekazari libreak zeuden egoera onenean, baina oso gutxi ziren. Euren lurren jabe ziren eta, zenbait zerga ordaindu behar izan arren, ez zuten goi-mailakoekiko beste eginbeharrik. Erregearen esanetara zeuden, eta hark askotan deitzen zien gerrarako.
Nekazari gehienak, ordea, jopuak ziren, eta ia esklabotza-egoeran bizi ziren. Asko lurrari atxikita bizi ziren, jauntxoen mende zeuden eta ezin zuten lantzen zuten lurra utzi. Lantzen zuten lurraldean bizi behar zuten, handik alde egiteko eskubiderik gabe. Krisi-garaietan oso larria izaten zen nekazari haien egoera. Lurrak ez ziren beraienak, nobleenak eta elizarenak baizik. Nobleek edo elizak zenbait lursail uzten zizkieten, familiarentzat janaria eskura izan zezaten. Utzitako lur horien truke, errenta finkoak ordaintzeaz gain, lur-jabeen sailak landu behar izaten zituzten.
Zenbait jopu Antzinaroko esklaboen ondorengoak ziren, eta jaunak emandako lurretan (mansus) egiten zuten lan. Beste batzuk epailearen zigor baten ondorioz ziren jopu. Txiroenak, irauteko bitartekorik ez zutenak, “borondatez” bihurtu ziren jopu, beren burua jaunari entregatuta.
Beste jopu batzuk nekazariak eta lurren jabeak ziren, baina beren burua jaun bati gomendatu ziotenez, lur guztiak jaun horri eman behar izan zizkioten babes truke. Batzuetan, gainera, herri osoa gomendatzen zitzaion jaunari.
Ugariak ziren, halaber, nekazari jabe txikiak; baina jabe horiek ere ez zeuden lurraldean agintzen zuen jaunaren agindupetik kanpo, zentsu (census) ugari ordaindu behar izaten baitzituzten: uzta zati bat edo kopuru finko bat urtero, kanon bat, errotak, labeak, larreak… erabiltzeagatik. Oinordekotza-banaketa zela eta, gainera, lursailak gero eta txikiagoak ziren, eta ez zuten jaunari ordaintzeko eta familia elikatzeko adina ematen.
Joputza, jatorria edozein izanik ere, ondorengotzan jasotzen zen. Jopuen arteko desberdintasun bakarra lantzen zuten lursailaren tamainan eta nekazaritzako tresnak edo abereak izatean edo ez izatean zetzan. Horrez gain, inor ez zegoen libre jaunen gehiegikerietatik, ezta jornaleroak ere.