Ezaugarri makroskopikoak:
Txapela: 5-10 cm diametrokoa, aski mamitsua, arre-arrosa, kolorez marroi-arreak diren ezkatez, estu egokitutako ezkata luzeez estalia, txapel-azala txapelaren ertza bera baino handiagoa, sarri askotan luzanga.
Himenioa / orriak: hasieran arrosa samarrak diren orriz osatua, ertz grisaxka, zahartzean marroi-grisaxka iluna bihurtzen dena.
Oina: txapelaren diametroa baina motzagoa, 4-7 x 1-2,5 cm-koa, ia zilindrikoa, zuria eta gorrixka, batez ere oinarri aldean. Eraztun estua, lodia, lepoko baten antzekoa. Zenbaitetan itxura soilagoko eraztuna izan dezake.
Mamia: zuria, gorrixka samarra, zenbaitetan arrosa-gorrixka ebakitzean, usain atsegina, fruta-antzekoa.
Ezaugarri mikroskopikoak:
Esporak: Eliptiko zabalak, 7-9 x 5-6 μm-koak, eskuarki gutula (tanta) txiki batzuekin.
Basidioak: gehienak bisporikoak (bi luzakin edo esterigma espora banarekin), gutxi batzuek 1-3 edo 4 esterigmak dituzte, 20-28 x 7-8 μm-koak.
Zistidioak: ugari dira, borra-formakoak, 20-35 x 8-12 (15) μm-koak.
Esporak: onddoek sortzen dituzten ugal zelula dira.
Basidioak: onddoen himenioko zelulak dira. Bertan esporak eratzen dira.
Zistidioak: onddoen himenioan aurkitzen diren zelula antzuak dira. Esporen hazkunderako eta banaketarako lagungarriak dira
Beste zenbait ezaugarri:
Basoko zoko misteriotsuetan begiratu beharrik gabe lor dezakegu txanpiñoia, eta gehien kontsumitzen dugun perretxikoa da, dudarik gabe. Agaricus bisporus izenaz ezagutzen da, eta bere ekoizpena aski zabalduta dago gure artean, joan den mendetik bederen. Frantziako sukaldaritzan aurkitu zen hari buruzko lehenengo aipamena, eta horregatik deitu ohi zaio Parisko perretxikoa. Dirudienez ez da zaila ekoizten, iluntasuna eta lur organikoa ezinbestekoak baditu ere. Zuria da, hain zuzen argitasunik behar ez duelako eta klorofilarik ekoizten ez duelako.
Berdetasunik ez duen arren, bere osagai nutritiboak aztertuta erraz antzeman dezakegu barazkien familiako kideen antza duela. Ura da bere osagairik nagusiena, % 80-92 bitartean, jarraian karbohidratoak, % 3-5 bitartean, eta horietatik % 2-3 zuntz, zelulosa motakoa. Proteina gutxi dituen arren, % 2-3, kalitate biologiko oso onekoak dira. Alde batetik, kitina eta azido nukleikotan aberatsa delako, ez da gomendagarria hezueria dutenentzat eta, beste alde batetik, txanpiñoiak dituen proteinak ahoan oso ondo murtxikatzea komeni da, digestioa astuna izan ez dadin.
Barazkien antzera ia koiperik ez du, eta oso garrantzitsua da dituen substantzia erregulatzaileengatik. Bitaminei dagokienez, tiamina, riboflabina, niazina eta folatoak ditu, eta, gatz mineralak, berriz, fosforoa, potasioa eta burdina. Beste elementuen artean, gainera, kobrea eta zinka ditu. Argi dago janari erregulatzailea dela eta kilokaloria-kopurua oso baxua duela, 100 g bakoitzeko 25 kilokaloria. Ezaugarri horiei guztiei esker, primerako jakia da diabetikoentzat, zuntzari esker, eta argaldu nahi duten pertsonentzat.
Nahiz eta ez duen onddoen bezalako zaporerik, asko erabiltzen da gure sukaldaritzan, haragiari laguntzeko, tortillak alaitzeko edo plater bereziagoak prestatzeko, dilistak txanpiñoiekin, esate baterako. Prestatzeko moduak garrantzi handia du: frijituta olio asko xurgatzen dute eta, ondorioz, energia-kopurua nabarmen igotzen da. Aurrez prestatutako txanpiñoiak ere eros ditzakegu, horiekin egindako zopa, hain zuzen ere.
Mota honetako zopa guztiekin gertatzen den bezala, nutritiboki oso txiroa da, eta txanpiñoi freskoek dituzten abantaila ugari galtzen ditu; gainera, oso egokiak ez diren beste ezaugarri batzuk ere baditu, gatz-kantitate handia esaterako. Ondorioz txanpiñoia berez tentsio altua dutenentzat ona den arren, horrelako zoparik ez zaie komeni. Txanpiñoiak kontsumitu behar baditugu, ahal dela freskoak izan daitezela, bereak diren bitamina eta gatz mineral guztiekin eta inongo gehigarririk gabe.
Iturriak:
Lorenzo, Arantza; Arantza, Ane Miren, Txanpinoi edo barrengorria Elhuyar aldizkaria
Arrillaga Anabitarte, Pedro: Agaricus L.: Fr. generoa Euskal Herrian eta inguruetan, Aranzadi Zientzi Elkartea, Mikologia Saila
Argazkia: Enrique Rubio, asturnatura.com