Erdi Aroko gizarte-antolamendua: feudalismoa eta basailutza

Erdi Aroan, bereziki IX.-XV. mendeetan, Erromatar Inperioaren desagertzearekin, erregeek ez zuten ia botererik eta ezin zuten beren lurra erasoetatik babestu. Nekazariek erregearen babesik ezean, nobleengana jo zuten. Haiek beren armada eta gazteluak zituzten. Babesaren truke nekazariek jauntxoentzako lan egin behar zuten, eta nobleen agindupean jarri. Askotan, beren lurrak ere galtzen zituzten eta, nekazariak maizter gisa lan egin ohi zuten jaunari errenta bat ordainduz. Zenbaitetan nekazariak lurrari atxikiak zeuden, eta ez zuten jaurgotik alde egiteko eskubiderik, jaunaren basailu ziren. Eskubiderik gabeko nekazari horiek jopuak ziren. Hori izango litzateke feudalismoaren oinarria, pertsona askeen artean adostutako basailutza mendekotasun-harremana. Basailua, erregimen feudalean, zerbitzu batzuen truke, gehienetan Erdi Aroko egoera nahasian babes truke, jaun baten babes eta mendean jartzen zen gizabanako askea zen.

Feudalismoan, basailutza nobleen artean ere gertatzen zen: jauntxoak beren mendeko basailu ziren jauntxoek eskainitako leialtasunaren eta gerratan bere alde borrokatzearen truke, babesa eskaintzen zien, epaiketetan babestu egiten zituen eta feudoak ematen zizkien, hau da lursailak edo horiek lantzen zituzten nekazariak. Horregatik deitzen zaio gizarte hari gizarte feudala. Mendeko jaunek omenaldi-zeremonia baten bidez erregeari leialtasuna zin egiten zioten. Emandako lurren gainean aginduko zutela zin egiten zuten eta erregeari zaldunak eman eta bere alde borrokatu, behar zenean. Jaun haiek, era berean, beste jauntxo batzuek zituzten euren azpian, haiek ere leialtasuna zin egiten zuten eta feudo txikiagoak eskuratu.

Feudoetan jaunaren gazteluaz gain, nekazarien herrixkak egoten ziren, nekazari-lurrak, belardiak eta basoak. Jauntxoa zen bere feudo edo jaurgoan epailea eta zerga-biltzailea. Nekazariek zergak ordaindu behar zituzten errota, labea edo prentsa erabiltzeko. Era berean, jauntxoaren lurretatik pasatzen ziren merkatariek zerga bat ordaindu behar zuten, herrixkako zubitik pasatzeko (zubisaria), edota barrura sartzeko (bidesaria).

Erdi Aroko gizarte-antolamendua: herri-xehea

Gizartearen zatirik handiena herri xeheak osatua zen. Herritar xeheek lan egin eta zergak ordaindu behar zituzten. Erdi Aroko gizartean herri xehearen funtzioa lan egin eta beste bi taldeak bizitzeko behar zutena hornitzea zen. Hasieran, eta hainbat mendez, nekazariek soilik osatzen zuten talde hori, eta biztanleen % 80-90 inguru hartzen zuen; gehienak feudoetan lan egiten zuten jaun feudalarentzat edo monasterioentzat.

Nekazarien artean hainbat egoera bereizten ziren. Nekazari libreak zeuden egoera onenean, baina oso gutxi ziren. Euren lurren jabe ziren eta, zenbait zerga ordaindu behar izan arren, ez zuten goi-mailakoekiko beste eginbeharrik. Erregearen esanetara zeuden, eta hark askotan deitzen zien gerrarako.

Nekazari gehienak, ordea, jopuak ziren, eta ia esklabotza-egoeran bizi ziren. Asko lurrari atxikita bizi ziren, jauntxoen mende zeuden eta ezin zuten lantzen zuten lurra utzi. Lantzen zuten lurraldean bizi behar zuten, handik alde egiteko eskubiderik gabe. Krisi-garaietan oso larria izaten zen nekazari haien egoera. Lurrak ez ziren beraienak, nobleenak eta elizarenak baizik. Nobleek edo elizak zenbait lursail uzten zizkieten, familiarentzat janaria eskura izan zezaten. Utzitako lur horien truke, errenta finkoak ordaintzeaz gain, lur-jabeen sailak landu behar izaten zituzten.

Zenbait jopu Antzinaroko esklaboen ondorengoak ziren, eta jaunak emandako lurretan (mansus) egiten zuten lan. Beste batzuk epailearen zigor baten ondorioz ziren jopu. Txiroenak, irauteko bitartekorik ez zutenak, “borondatez” bihurtu ziren jopu, beren burua jaunari entregatuta.

Beste jopu batzuk nekazariak eta lurren jabeak ziren, baina beren burua jaun bati gomendatu ziotenez, lur guztiak jaun horri eman behar izan zizkioten babes truke. Batzuetan, gainera, herri osoa gomendatzen zitzaion jaunari.

Ugariak ziren, halaber, nekazari jabe txikiak; baina jabe horiek ere ez zeuden lurraldean agintzen zuen jaunaren agindupetik kanpo, zentsu (census) ugari ordaindu behar izaten baitzituzten: uzta zati bat edo kopuru finko bat urtero, kanon bat, errotak, labeak, larreak… erabiltzeagatik. Oinordekotza-banaketa zela eta, gainera, lursailak gero eta txikiagoak ziren, eta ez zuten jaunari ordaintzeko eta familia elikatzeko adina ematen.

Joputza, jatorria edozein izanik ere, ondorengotzan jasotzen zen. Jopuen arteko desberdintasun bakarra lantzen zuten lursailaren tamainan eta nekazaritzako tresnak edo abereak izatean edo ez izatean zetzan. Horrez gain, inor ez zegoen libre jaunen gehiegikerietatik, ezta jornaleroak ere.

Erdi Aroko gizarte-antolamendua: gutxiengo baztertuak

Baziren beste talde batzuk, bereziki arrazoi erlijiosoak zirela medio, gizartetik at zeudenak. Gizarte kristau hartan, kristau ez zirenak eta sinesgabeak gizartetik kanpo edo gizarteko azken mailan zeuden, inolako eskubiderik gabe. Egoera horren ondorioz, mespretxuak eta erasoak ugari izaten ziren.

Juduak, noizbait egiazko fedea hartuko zutelakoan onartzen zituzten, eta aljama deituriko auzoetan bizi ziren. Jarduera bereziak egiten zituzten: lanbide liberalak zituzten (mediku, itzultzaile…), erregeen diru-biltzaile ere bai batzuk, edo diru-maileguak egiten zizkieten bai herritar xeheei bai diru beharrean zeuden jaunei edo erregeei ere, inoiz lukurreriara ere jotzen zuten (maileguz ematen zen dirutik ateratzen zen gehiegizko irabazia). Eliza katolikoak halako jarduerarik onartzen ez zuenez, juduek egiten zituzten garai hartan maileguak. Herritar xeheek gorroto zieten juduei, beste era batekoak zirelako, bai erlijioz, bai ohituraz. Txiroen bizkar aberasten zirela esaten zuten, eta, askotan, eliza katolikoak bultzaturik, gaitz guztien errudun egiten zituzten (ekaitzen, uzta txarren, izurriteen errudun). Horregatik, bereziki krisi garaian, pogromak edo haien auzoen kontrako erasoak ugari izaten ziren.

Juduen aljama ugari zeuden euskal hiribilduetan, Nafarroan bereziki. 1118an kristauek Tutera eskuratu zutenean, estatutu berezia eman zien Alfontso I.a Borrokalariak hango juduei. Tuterako foru berezi horretan, haien eskubideak eta betebeharrak zehazten ziren: erlijioa, jabetza, zuzenbide-eskubideak… XII. mendean, foru hura inguruko herrietako judu auzoetara zabaldu zen (Viana, Lizarra, Erribera…).

Juduak, euskal lurraldeetan ere artisautzan, merkataritzan, mediku-lanetan… aritzen ziren, erregearen gorterako zerga-biltzaile eta administrazio karguetan ere aritzen ziren. Erregeei maileguak ematen zizkieten diru-beharra zutenean.

Krisi-garaian Nafarroan ere juduen aurkako jarrerak bizi-bizian agertu ziren: 1328ko pogromak Lizarran, 1355-61ekoak Iruñean, Tuteran, eta Lizarran.

Nafarroaz gainera, beste lurralde batzuetan ere aljama garrantzitsuak sortu ziren, bereziki Gasteizen, Balmasedan, Arrasaten eta Seguran.

Musulmanei mairu deitzen zitzaien. Nafarroako hegoaldean ziren ugarien, garai batean mairuen esku egondako lurretan alegia (Valtierran, Arguedasen, eta, jakina, haiek IX. mendean fundatutako Tuteran). Zerga bereziak ordainduz gero, beren auzoetan aske bizitzeko aukera zuten. Artisau- eta nekazari-lanetan aritzen ziren, eta estatutu berezi batek mugaturiko eskubideak zituzten.

Kristau ez ziren beste erlijio batzuetako taldeekiko harremanak onak izan ziren XII. eta XIII. mendeetan. Erregeak babes berezia ematen zien, eta juduekiko zuen harreman ona nabarmen erakusten zuen. Hala ere, ikusi dugun bezala, XIV. mendean, eliza katolikoak bultzatuta, juduen aurkako mugimenduak zabaldu ziren, eta 1517an Nafarroatik ere kanporatu egin zituzten, Gaztela eta Frantziaren presioaren ondorioz.

Erdi Aroan lurralde musulmanak gizarte hiritarrak zirela esan daiteke, batez ere garai hartako Europarekin konparatzen baditugu. Hiri haien gunea medina gune gotortua zen. Horren inguruan antolatzen zen hiria, auzotan banatutako inolako ordenarik gabeko kale estuen sarea. Hirietan bi motatako eraikin publikoak zeuden: batetik, eginkizun erlijiosoa zutenak, meskitak, eta bestetik herri xehearentzako bainuetxeak.

Erdi Aroko gizarte-antolamendua: burgesia

XI.-XII. mendeen inguruan, beste talde ekoizle bat agertu zen: burgesia osatzen zuten artisau eta merkatariena. Hirietan bizi ziren, eta egitura feudaletik at zeuden. Pribilegiorik gabea ziren, gizarteko talde hori ez zegoen jaunen mende eta erregeak ezarritako zergak bakarrik ordaintzen zituen. Euskal lurraldeetan hiribildu asko sortu ziren mende horietan, eta horrekin batera, burgesak ugaritu egin ziren. Hiri askok itsas merkataritza zuten oinarri (Bilbo, Donostia, Hondarribia…), baina barrualdean ere baziren garrantzi handiko hainbat hiribildu: Gasteiz, Agurain… Baziren artisau-hiriak ere (arrantza Bermeon, oihalgintza Durangon, armagintza Markinan…).

Euskal lurraldeetan bi artisautza-jarduera nagusi zeuden Erdi Aroan: burdingintza eta ontzigintza. Burdingintza batez ere burdinoletan egiten zen. Hasieran, mendietan kokaturik zeuden burdinolak, baina IV. mendetik aurrera haranetan eraikitzen hasi ziren. Nekazaritzako tresnak, arrantzarako arpoiak, ontzigintzarako tresnak, etab. egiten zituzten. Metala lantzearekin lotuta, beste hainbat artisau lanbide zeuden: errementariak, sarrailagileak, eztainugileak, zilarginak, labanagileak, armagileak… Ontzigintzari dagokionez, euskaldunek normandiarrengandik ikasi zituzten lehen itsas teknikak, XI. mende inguruan. Industria horren garapenean hiru arrazoi aipatu ohi dira: itsasoaren gertutasuna, arrantza eta merkataritza. Beste artisau batzuk ehunekin eta jantzigintzarekin lotutakoak ziren (ehuleak, zapataginak, sokagileak…), baita larruarekin lotutakoak ere (larrugileak, tindatzaileak, poltsagileak…), eraikuntzarekin edo etxeko tresnekin lotutakoak (arotzak, harginak, pitxargileak …). Artisau talde bakoitza gremio banatan antolatuta egon ohi zen.

Merkataritzari dagokionez, hasieran eskualdeko nekazarien eta artisauen arteko produktuen trukea egiten hasi ziren, baina pixkanaka komunikabideak hobetu ahala, eta bideetan bakea nagusitu ahala, merkataritza-sare zabalak antolatu zituzten. Garraioa bereziki itsasoz egiten zen. Lurreko garraiorako, erromatarren garaiko galtzada zaharrak eta zubiak konpontzeari ekin zioten, eta baita bide berriak sortzeari ere, hiri ingelesak, flandriarrak eta italiarrak lotu zituzten horrela.

Burgesiaren barruan, maila asko bereizten ziren: merkatari- edo gremio-maisu aberats batzuen ondoan, lanbide liberalak zituztenak zeuden (irakasle, mediku, bankari). Burgesak ez zuten talde handia osatzen, baina garrantzi ekonomiko handia lortzen joan ziren heinean, haien boterea handitu egin zen.

Erdi Aroko gizarte antolamendua

Erdi Aroan gizartea, estamentutan banatuta zegoen. Pertsona bat gizatalde bateko edo besteko kide izatea ez zegoen bere egoera ekonomikoaren esku, gaur egun bezala. Jaiotzak egiten zuen pertsona estamentu bateko kide, bizitza guztirako. Era berean, gaur egun, gizartea ondasunek mailakatzen badute ere, oro har guztiok eskubide berberak ditugu. Erdi Aroan aldiz, estamentuen arabera eskubide gehiago edo gutxiago zituzten. (Hiru estamentu zeuden: 1. estamentua: noblezia, 2. estamentua kleroa eta 3. estamentua herri xeheak osatua)

Gizarte feudalaren gailurrean erregea zegoen kokatua eta bere mendean bi gizarte-talde zituen: pribilegiodunak eta pribilegiorik gabeak.

Pribilegiodunak gutxi batzuk ziren, lur gehienen jabe ziren eta ez zuten zergarik ordaintzen. Ez zuten eskulanik egiten eta erabateko boterea zuten hainbat arlotan: militarrean, politikoan, ekonomikoan eta erlijioan. Bi estamentuk osatua zegoen: nobleziak eta kleroak.

  • Nobleen (erregea, jauntxo, konde, dukea, zaldun…) funtzioa borroka egitea zen eta gazteluetan eta dorretxeetan bizi ziren. Noble boteretsuena erregea zen.
  • Kleroaren (fraide, moja, apaiz…) funtzioa otoitz egitea zen eta komentu nahiz elizetan bizi ziren. Erdi Aroan erlijioak bizitzako alderdi guztiak baldintzatzen zituenez, botere handia zuten.

Pribilegiorik gabeen estamentua bi azpi-estamentutan banatua zegoen: nekazariak eta burgesak. Pribilegiorik gabeen eginkizuna lan egitea eta beste estamentuak mantentzea zen: pribilegiodunen mendean zeuden eta ez zuten inolako eskubiderik.

  • Nekazariek osatzen zuten gizarteko talderik handiena. Gehienek jaunen lursailak lantzen zituzten eta herrietan bizi ohi ziren.
  • Burgesak merkatariak eta artisauak ziren eta hirietan bizi ziren.

Azkenik, gizartetik baztertutako hainbat talde zeuden: juduak, musulmanak, esklaboak, agotak…Ez zuten inolako eskubide edo pribilegiorik.