Sektore-diagrama

Grafiko hauek, bereziki, aldagai kualitatiboekin erabiltzen dira. Aldagaiak hartzen dituen balioen maiztasunak sektoreetan banatutako zirkulu baten gainean adierazten dira, sektorearen angelu zentrala maiztasunarekiko proportzionala izanik.

Adibidea:

Ingelesaren ezagutza maila aztertzea helburu duen ikerketa batean Easy English hizkuntza-zentruak 35 ikasleri ingelesez idazteko zuten gaitasunaz galdetu zien eta emaitza hauek lortu zituzten:

Histograma

Grafiko mota hau aldagai kuantitatibo jarraituekin edota balioak tarteetan multzokatuta dituzten aldagaiekin erabiltzen da. Ardatz horizontalean aldagaiaren balioak adierazten dituzten tarteak kokatzen dira eta ardatz bertikalean maiztasunak. Hori eta gero, tarte bakoitzaren zabalera hartuz, maiztasunak agintzen duen altuerako laukizuzenak adierazten dira.

Laukizuzenen goiko muturrak lotuta lerro poligonal bat lortzen da; lerro hori maiztasun-poligonoa da.

Adibidea:

Harriazpi ikastolan DBH 1eko ikasleen pisua aztertu dute, hona hemen lortutako datuak:

Barra diagrama

Grafiko mota hau aldagai kualitatibo eta kuantitatibo diskretuetan erabiltzen da. Eraikitzeko garaian, ardatz horizontalean aldagaiak hartzen dituen balioak kokatzen dira, bertikalean, aldiz, maiztasunak. Ondoren, aldagaiaren balio bakoitzetik maiztasunarekiko proportzionalak diren barrak irudikatzen dira.

Gaur egun, hedabideetan gero eta sarriago barra horizontalak erabiltzen dira; hau da, ardatzak trukatuz lortutako barra-diagramak, alboko irudian ikus daitekeen moduan.

Ondoko taulan ikus daitezke barra diagamak erabili diren bi kasuren adibideak.

Iturria: www.berria.info

1. adibidea: 25 elementuko lagin batetik abiatuz, odol-motari buruz egindako ikerketa batek datu hauek eman ditu.

2. adibidea: Harriazpi eta Mendibide ikastoletako DBH 1eko kideei gustukoen duten kirola zein den galdetu zaie eta  datuak grafiko honetan adierazi dituzte.

Metal Aroa euskal lurraldeetan: gizartea

Gizarte-antolaketa

Baliteke gure artean Neolito-Metal Aroetan  tribu, leinu  edo antzeko taldetan antolatuta egotea. Leinuak edo tribuak giza talde antolatuak ziren, eta gehienetan bertako kideek familia loturak izaten zituzten.

K.a. 2000 bukatzean, Europa mendebaldeko eta erdialdeko hainbat giza talde hona iristeak bertako biztanlerian eragin zuen, eta gizarte konplexuagoak sortu ziren. Garai haiek, dirudienez, ez ziren oso baketsuak izan; izan ere, sortu ziren herrixka gehienak haranen arteko pasaguneak, zintzurrak edo estuguneak kontrolatzeko asmoz eraiki zituzten; aztarnategiek era berean  argi uzten dute biztanleak lurralde osoan barreiatuta zeudela bi isurialdeetako herrixkatan.

Jabetza

Lurren jabetze prozesua gatazka-gai bilakatu zen. Zenbat eta lur eta abere gehiago eduki, orduan eta aberatsagoa eta boteretsuagoa izango zen lur-jabea. Arabako La Hoya herrixkan zeuden hainbat eratako etxeek adierazten dute gizartean nolabaiteko mailaketa bat zegoela.

Herriak

Garai haietako herrixkak harresiz inguratuta agertzen dira, gehienak haranen arteko pasaguneak, zintzurrak edo estuguneak kontrolatzeko asmoz eraiki zituzten; erraz defendatzeko asmoarekin eraiki ziren, erliebegunerik aproposenetan, harresi egokiak altxatzeko.

Arabako eta Nafarroako biztanleria, oro har, herrixka harresituetan bizi zen. Garaiera gutxiko muinoetan eraikitzen ziren herrixkak, ibaietatik eta iturburuetatik hurbil. Herrixka hauetan kaleen egitura antolatua antzeman daiteke.

Bizilekuak

Etxeak lurra sakonduz egiten ziren, bi oinplanori jarraituz: laukizuzenak eta zirkularrak (Araban, bakarrik).

Etxe mota hori eraikitzeko, lehenik, zorua prestatzen zen. Horretarako lurra metro erdi inguru sakontzen zuten, eta lurra zapalduz trinkotasuna ematen zioten zoruari. Oinarrietarako harria erabili zuten. Hormak adarrez egiten zituzten, maiz hurritz-adarrez, eta lurrez estaltzen ziren, isolatzailea zelako; hegoaldean adobea (lokatzez egindako adreiluak) ere erabiltzen zuten. Ertzetan zurezko zutoinak jartzen zituzten lurrean zuloetan zutik jarrita. Haien gainean teilatua jartzen zen, gehienetan lastozkoa, zurezko egitura batean eutsita. Lastozko teilatu hori nahikoa trinkoa izaten zen urari sartzen ez uzteko.  Metal Aroko eraikinetan metalezko piezak erabiltzen ziren, iltzeak, grapak eta errematxeak.

Etxebizitza laukizuzenek barne-banaketa izan ohi zuten, eta supazterrak (suaren inguruan jartzen ziren mahaiak), aulkiak eta beste hornidurak izaten zituzten. Gehienetan ez zen gelarik bereizten, txoko batean sua egoten zen janariak prestatzeko, beste batean lo egiteko oheak, beste batean janariak gordetzen ziren, etab.

Bizitzeko etxeez gain, beste eraikin batzuk ere izaten ziren: biltegiak, kortak, zeramika edo beste zerbait lantzeko tokiak, etab. Labeak etxetik kanpo, pareta baten alboan, adobea erabiliz eraikitzen ziren.

Etxeetan altzari eta objektu gutxi ziren garai hartan: zeramikazko ontziak, baita zurezko kaikuak eta edalontziak ere. Batzuetan elikagaiak ehotzeko barku formako esku-errotak ere izaten ziren.

Paleolitoa euskal lurraldeetan: gizartea-antolaketa

Gizarte-antolaketa

Ez dakigu zehatz Paleolitoko antolaketa soziala nolakoa zen; horregatik, gaur egun, oraindik ere, munduan garai hartako antolaketa bera duten tribuekin, hala nola, eskimal edo boskimanoen antolaketarekin konparatuz egiten dira ikerketak.

Pentsa liteke ez zela antolaketa oso hierarkizatua (mailakatua) izango, nahiko berdinkidea baizik.

Oinarrizko giza taldea banda zela dirudi. Banda giza talde txiki bat zen, gehienetan, kanpaleku berean bizi ziren pertsonez osatua. Talde bakoitzean hamar-berrogeita hamar pertsona artean bizi omen ziren, taldeko kide gehienak elkarren senideak, baina ez guztiak. Taldeek ezaugarri komunak zituzten inguruko beste zenbait, eta banden artean tribua osatzen zuten. Tribu bereko taldeek hizkuntza, erlijio eta kultura bera eta harreman estuak zituzten elkarren artean. Aldiro, taldeak elkarrekin hainbat ekintza egiteko elkartuko ziren: ehizaldi handiak egiteko, beste tribu batzuen aurka borrokatzeko, ospakizun berezietarako…

Botereari dagokionez, ehiztari-biltzaile gizarteetan ez zen egoten botere maila oso handia biltzen zuen buruzagirik, pertsona helduek izan ohi zuten agintea.

Jabetza

Jabetzari dagokionez, pertsonak zituen objektu pertsonalak, hala nola, arropak, ontziak, lanabesak… jabetza pribatukotzat hartzen ziren; mendiak, basoak, errekak eta halakoak, aldiz, jabetza kolektibotzat, baina, betiere, talde jakinen jabetzakoak ziren, ez edozeinen jabetzakoak; adibidez: ez zituzten jabetzak partekatzen inguruko beste talde batzuekin.

Paleolitoko ehiztari-biltzaileen artean ondasun materialak metatzeko aukerak urriak ziren eta baliabide ekonomikoak, gehienetan, guztienak ziren: ehiza, fruituak eta lehengaiak naturan zeuden, ez zuten jabe pribaturik izaten, eta taldeko edonork ustia zitzakeen. Gainera, ibiltariak zirenez, zaila izaten zen behin bildutakoa edo ehizatutakoa luzaroan gordetzea. Horregatik, ehiztari-biltzaile gizarteetako kideek antzeko ondasunak, antzeko bizimodua eta antzeko estatusa izaten zuten, eta beren artean ez zen ohiko hierarkia handirik sortzea.

Bizilekuak

Batik bat, haitzuloak erabiltzen ziren bizilekutzat. Hegoaldera begira zeudenak aukeratzen zituzten, argitasun eta eguzki gehiago zutelako. Ikusgarritasun ona ere nahi izaten zuten, ingurua kontrolatzeko.

Haitzuloaren barnealdean egokitzapenak egiten zituzten, ahalik eta erosoen bizitzeko: zorua lautu, gune lokaztuak lehortu…

Haitzuloak, bereziki neguan, babesleku erakargarriak ziren garai haietan, kontuan izaten badugu barnealdean tenperatura konstantea izaten zutela, 14 ᵒC inguru, urte osoan. Hala ere, kanpoko argiaz baliatzeko bizimodua haitzuloaren sarreran egiten zen. Haitzuloaren barnealdeko leku ilunetara gizakiak gutxitan sartzen ziren, soilik margotzeko eta grabatuak egiteko erabiltzen zituzten, leku magikotzat baitzituzten.

Haitzulo horietako batzuk urte osoan okupatzen zituzten, edo urteko hilabeterik gehienetan behintzat. Baziren denbora-tarte batean soilik okupatzen ziren haitzuloak ere, animalia espezie jakin bat ehizatzeko edo lehengairen bat lortzeko.

Aire zabaleko bizilekuei buruz oso gutxi dakigu, euskal lurraldeetan gisa horretako aztarnategi banaka batzuk aurkitu baitira. Pentsa liteke Europako beste lekuren batzuetan aurkitu direnen antzekoak izango zirela. Indioen denden antzekoak zirela uste da, oinarri zirkularrean paratutako makilek sostengatutako larruzko estalkiez babestuak.

Gizakion nutrizioa

Gizakiok digestioaren bitartez bihurtzen ditugu janariak asimilagarri gure gorputzerako, baina hori gure nutrizioaren atal bat besterik ez da.

Mantenugaiak, energia-iturri bihurtzeko, oxigenoarekin erre behar dira zeluletan (zeluletako metabolismoa). Oxigeno hori lortzeko, arnas aparatuak arnasa hartzen du. Zirkulazio-aparatuak, bere aldetik, oxigenoa eta mantenugaiak eramaten ditu zeluletara.

Zeluletan gertatzen da mantenugaien errekuntza edo konbustioa. Horrek sorten du gorputzak beharrezko duen energia. Baina errekuntza horretan hondakinak sortzen dira, eta hondakin horiek gorputzetik kanporatzeko dugu iraitz-aparatua (aparatu escretorea).

Prozesu hori zehatzago ulertzeko, eta aparatuak koordinatuta lan egiten dutela ikusteko, hiru fase aipatuko ditugu: elikagaien garraioa, zeluletako metabolismoa eta hondakinen kanporatzea.

Elikagaien garraioa

Mantenugaiak hesteetatik odolera pasatzen dira, eta odolak garraiatzen ditu gorputzeko zelula guztietara. Odolak, bestalde, arnas aparatuak biriketan jasotako oxigenoa ere garraiatzen du. Mantenugaiak odolaren plasman egoten dira eta oxigenoa, berriz, globulu gorrietan.

Zeluletako metabolismoa

Zirkulazio-aparatuaren bidez, odola gorputzeko zelula denetara era bakoitzera iristen da. Zelularen barnean mantenugaiek oxigenoarekin erreakzionatzen dute (mantenugaien zelula barneko errekuntza). Errekuntza horretan sortzen da zelulak lan egiteko beharrezko duen energia, baina hondakinak ere sortzen dira, bide batez. Erreakzioan sortutako hondakin horiek (urea, azido urikoa, karbono dioxidoa…) pilatzen direnean, toxikoak bihurtzen dira zelulentzat, eta zelulek kanporatu egin behar dituzte. Zeluletan gertatzen den aldaketa horri deitzen zaio zeluletako metabolismoa.

Hondakinen kanporatzea

Zeluletako metabolismoak hondakinak sortzen ditu, eta hondakin horiek odolera pasatzen dira. Hondakin horietako bat, karbono dioxidoa, odoleko globulu gorrietara pasatzen da, eta  zirkulazio-aparatuaren bidez, biriketara heldu. Arnasketan, odolak karbono dioxidoa kanporatu eta oxigenoa jasotzen du.

Zeluletan sortutako gainerako hondakinak, zirkulazio-aparatuaren bidez, giltzurrunetara heltzen dira, eta urarekin batera, gernua osatzen dute. Gernu hori ureterretatik kanporatu, maskurian pilatu eta kanpora isurtzen dugu pixa egiten dugunean.

Laburtuz, gure gorputzaren nutrizioa ez da elikatzea bakarrik, prozesua konplexuagoa da. Nutrizioan, jateaz gain, elikagaien garraioa, zelulen metabolismoa, han sortutako hondakinen kanporaketa eta gasen trukaketa ere gertatzen dira.

Zentzumenak zaintzeko aholkuak

Zentzumenen bidez inguruko informazioa jasotzen dugunez, zentzumenak kaltetzen dituzten bizi-ohiturak ekiditen ahalegindu behar gara. Jarraian gomendioetako batzuk dituzu:

Dastamena:  Janari oso hotzak edo oso beroak kaltetu dezakete dastamena. Arnasa ahotik hartzerakoan mingaina lehortzen da eta dastamenean eragin dezake. Alkoholak eta tabakoak dastamenaren gaitasuna gutxitzen dute, eta oro har, ahoa eta hortzen garbiketa sistematikoak dastamen osasuntsua mantentzen laguntzen du.

Entzumena: Entzumena kaltetzen duten hainbat ohitura aipatzen dute adituek:

  1. Belarriaren barruan ez sartu objekturik (giltzak, arkatzak…).
  2. Zarata handiko gune eta uneak ekidin (petardoak…).
  3. MP3, aurikularrak eta antzeko tresnak ahal den gutxien erabili, entzumen gaitasuna murrizten dute.
  4. Belarria garbitzeko itsas ura erabili. Ez sartu kotoia duen makila belarriaren barruan. Kanpoaldetik toalla muturrarekin garbitu.

Ikusmena:  Ikusmena osasuntsu izateko askotan garatzen ditugun hainbat ohitura ekidin beharko genituzke:

  1. Argitasun gutxirekin irakurri edota lanean aritu (miopia sortarazten du).
  2. Argitasun handitik babestu behar gara.
  3. Hizki oso txikiak dituzten liburuak ez irakurri denbora luzean.
  4. Irakurtzerakoan gutxienez 20 cm-tako tartea utzi.
  5. Ordenagailua edo antzeko tresnen aurrean denbora  asko ez igaro, ikusmena asko nekatzen du.
  6. Esku zikinekin ez ukitu begiak.

Ukimena: Ukimen osasuntsua izateko garbitasuna eta higieneko ohiturak erregularki mantentzea aholkatzen dute adituek.

Usaimena: Usaimena osasuntsu mantentzeko sudurrean objekturik ez sartu kaltegarria baita, hautsa, kea edota holako substantziak ekidin edota hauen aurrean sudurra babestu. Sudurra erregularki garbitzea (mukiak kendu…) garrantzitsua da usaimen ona izateko.

Entzumena

Entzumena da gure inguruko soinuak jasotzen dituen zentzumena.

Hotsak airean zehar belarriraino iristen dira eta, gero, belarriko zulotik tinpanoraino. Tinpanoa mintz bat da eta, hots-uhinek kolpatzen dutenean, bibratu egiten du. Bibrazio horrek belarri barruan dauden hiru hezurtxo (mailua, ingudea eta estriboa) mugitzen ditu. Hezur txiki horiek kokleara bidaltzen dituzte soinu-uhinak. Koklea nerbio batzuei lotuta dago eta nerbioek garunera bidaltzen dituzte seinaleak, garunak seinale horiek interpreta ditzan.

Ikusmena

Gizakiok ikusmena dugu zentzumenetatik garrantzitsuena. Berari esker bereiz ditzakegu gauzen kolorea eta itxura. Dena dela, guk ikusi ahal izateko behar-beharrezkoa da argia.

Argirik gabe ezinezkoa litzaiguke ikasturte honetan egin dugun bidaia miragarria egitea eta ikustea: unibertsoa, atmosfera, hidrosfera, litosfera, lurreko ekosistemak eta gizakia. Ikusi dugun guztia eguzkiaren argiari esker ikusi dugu.

Ikusmenaren organo nagusia begia da. Begiak baditu, gainera, bere hurbilean beste atal babesgarri batzuk: betazalak, bekainak, malko-guruinak, etab.

Begiaren azala edo pareta hiru geruzaz osaturik dago: esklerotika, koroidea eta betsarea (erretina).

Esklerotika. Kanpoaldeko geruza da, zuria eta gogorra, eta marruskaduren aurkako babesa ematen dio begiari.

Aurrealdetik gardena da, argiari pasatzen utzi ahal izateko, eta zati horri kornea deitzen zaio.

Koroidea. Begi-muina barrualdetik estaltzen duen mintz iluna da koroidea, eta begi-barnea ilun gordetzen du.

Koroidearen aurrealdea hainbat koloretakoa izaten da, pertsonen arabera. Irisa deitzen zaio mintz berezi horri. Irisaren erdigunean zulo bat dago, betsein edo begi-nini izenekoa.

Begi-nini hori beltza izan ohi da beti, hain zuzen argia pasatzen uzteko zuloa besterik ez delako. Begiaren barnealdea erabat beltza delako ikusten da beltza begi-ninia.

Betsarea edo erretina. Barne-barneko mintza da eta horixe bakarrik da argiarekiko sentikorra. Mintz horretan, betsarean, eratzen dira irudiak. Begi-nerbioarekin komunikatzen da betsarea, eta informazioa garunera bidaliz ikustea ahalbideratzen du.

Orain arte aipatutako hiru geruza horien barneko begi-globoaren barrunbea bi departamentutan zatiturik dago. Bata, kornearen eta irisaren artekoa, humore urtsua izeneko likidoz betea dago; bestea, betsarearen eta irisaren artekoa, humore beirakara izeneko likidoz betea.

Bi likidoen artean, juxtu begi-niniaren atzean, lente bikonbexu bat dago: kristalinoa.

Lente hori, kristalinoa, behar-beharrezkoa da, kristalinoan zehar pasatzen baitira betsareko zelulak inpresionatuko dituzten argi-izpiak.

Adina aurrera doan neurrian, askotan, kristalinoak gardentasuna galtzen du edo opaku bihurtzen da, halakoetan ikusmen-galtze bat gertatzen da, kataratak edo begi-lausoa izeneko gaixotasuna, alegia.

Usaimena

Usaimenaren bidez hainbat usain bereizten ditugu. Usainak bereizten dituzten zelula sentikorrak sudurzuloko usaimen mintzean (mintz pituitarioan) aurkitzen dira. Zelula horiek bidalitako kinada nerbiosoak sudur-nerbioen bidez garunera iristen dira.

Zentzumen hau oso garatuta dago zenbait animaliarengan, eta ez horrenbeste gizakiengan.

Usainen sailkapena egitea ez da gauza erraza. Honelako bat egin genezake: lurrintsuak edo atseginak, kiratsak edo usain txarrak eta usainak edo arruntak, ez txarrak ez gozoak.