Industria Iraultzak

Lehenengo Industria Iraultza

Lehenengo Industria Iraultza ia soilik Ingalaterran gertatu zen eta Bigarren Industria Iraultza Europako beste herrialdeetara eta AEB eta Japonia bezalako herrialdeetara zabaldu zen. Hirugarrena, XX. mende erdialdean izandakoa, kolonia ohietan hedatu zen eta garatutako herrialdeen (Europaren, AEBen…) industria mota aldatu zuen ordenagailuen sorreraren ondorioz.

Lehenengo Industria Iraultza antolatu gabeko langileek Ingalaterran garatutako ehungintzan oinarritu zen hasieran. XVIII. mendea baino lehen, ehungintza etxeko ekoizpen-sisteman oinarrituta zegoen. Baina Ingalaterrako biztanleria azkar hazten hasi zen XVIII. mendean eta arropa ekoizteko beharra handitu zen. Arropa Indiatik inportatutako kotoiarekin egiten zen.

Hainbat asmaketek kotoiaren ekoizpena azkartu zuten eta azkarrago eta merkeago ekoizten hasi ziren. Berrikuntzarik handiena James Watten lurrun-motorra (1786) izan zen, kotoi-errotetan lurrunaren energia erabiltzen baitzuen. Lehenengo Industria Iraultzaren beste elementu garrantzitsu bat ikatza izan zen, lurruna ikatza erreaz lor zitekeelako.

Energia-iturrien aldaketa garrantzitsu horrek ondorio handiak izan zituen. Aldaketa hori gabe mundua ez zatekeen garatu den bezala garatuko. Lurrun-motorrik gabe, ikatza ez zatekeen hain erraz aterako. Ondoren, lurrun-motorra kotoi-errotetan, lurrun-ontzietan, lurrun-traktoreetan eta burdina eta altzairua egiteko labeetan erabiltzen hasi ziren. Lurrun-motorraren garapenak gizartearen itxura aldatu zuen, errotak edo lantegiak ez zirelako ur ondoan egon behar nahitaez.

Bigarren Industria Iraultza

Bigarren Industria Iraultzan, industriako energia-iturrietan funtsezko aldaketa gertatu zen. Kausa-ondorioei dagokienez, makinak biderkatu ziren heinean, energia gehiago beharrezkoa zen. Gehienbat langile espezializatuak zeuden eta sindikatuetan antolatuta zeuden. Ez zegoen ikatz nahikorik, beraz, poliki-poliki, petrolioa erabiltzen hasi ziren. Autoa asmatu zen eta, harekin batera, baita petrolioaren eskaera handitu zen. Autoaren asmaketak iraultza ekarri zuen garraiobideetan eta horrek, era berean, industria eta merkataritza berriak bultzatu zituen. Altzairua, esaterako, makinetan, trenbideetan, ontzietan, autoetan, burdinazko eraikinetan… behar zen. Gero eta industria-eskualde eta lantegi gehiago sortu zirenez, kapital gehiago behar zen eta, ondorioz, banketxeak handitu ziren. Elektrizitateari dagokionez, ekoizpen-elektrikoaren oinarriak Michael Faraday ingelesak ezarri zituen 1831ean, baina bonbilla Thomas Edison ipar amerikarrak asmatu zuen 1879an. Urte berean, lehenengo energia-estazio komertziala ireki zen San Franciscon (AEB). 1900eko hamarkadaren hasieran etxerako hainbat gailu elektriko asmatu ziren (labea, xurgagailua, garbigailua) eta horiek mundua goitik behera aldatu zuten.

Izan ere, Britainia Handiarekin lehiatzen hasi ziren Ipar Amerika eta Alemania bezalako industria-botere berrien sorrera izan zen Bigarren Industria Iraultzaren ezaugarri nagusia. 1870ean, Alemaniako estatua eratu zenean, Rhin eta Ruhrreko bailarek ikatz asko zuten. Horrek burdin eta altzairu-industria suspertu zuten, baina baita industria kimikoa ere, tindagaietan eta aspirinan oinarritua zegoena. Bayer enpresa protagonista nagusi bilakatu zen, eta XIX. mende amaierarako, Alemania industria kimikoko munduko nagusia zen eta munduan zehar lantegiak ezarri zituen.

Utzi erantzuna