Galaxiak

Galaxiak milaka milioi izarrez osatutako sistemak edo taldeak dira. Galaxiak, gainera, elkarturik ager daitezke kumulu izeneko multzoetan. Gu Esne-Bidea izeneko galaxiaren ertz batean gaude.

Unibertsoan ikusi diren galaxiak lau multzotan bana daitezke:

1.    Kiribilak. Nukleo batez eta nukleo horretatik irteten diren besoez osatutako galaxiak dira. Galaxien ia erdiak kiribilak dira, baita geurea ere (Esne-Bidea). Eguzkia Esne-Bidearen beso baten kanpoko aldean dago.

2.    Barradunak. Nukleotik ateratzen diren bi besoek barra-itxurako egitura osatzen dute galaxia-mota honetan. Esan genezake galaxia barradunak kiribilen antzekoak direla, baina pare bat beso bakarrik dutela.

3.    Eliptikoak. Arrautza baten tankera dute, gutxi gorabehera, galaxia-mota horiek: forma eliptikoa edo obalatua.

4.    Irregularrak. Galaxia gutxi batzuek ez dute forma zehatzik: galaxia irregularrak dira.

Galaxiak elkarrengandik aldentzen ari dira, unibertsoak oraindik ere hedatze-fasean jarraitzen duelako.

Galaxia kiribila
Galaxia eliptikoa
Galaxia irregularra
Galaxia barraduna

Gizakion nutrizioa

Gizakiok digestioaren bitartez bihurtzen ditugu janariak asimilagarri gure gorputzerako, baina hori gure nutrizioaren atal bat besterik ez da.

Mantenugaiak, energia-iturri bihurtzeko, oxigenoarekin erre behar dira zeluletan (zeluletako metabolismoa). Oxigeno hori lortzeko, arnas aparatuak arnasa hartzen du. Zirkulazio-aparatuak, bere aldetik, oxigenoa eta mantenugaiak eramaten ditu zeluletara.

Zeluletan gertatzen da mantenugaien errekuntza edo konbustioa. Horrek sorten du gorputzak beharrezko duen energia. Baina errekuntza horretan hondakinak sortzen dira, eta hondakin horiek gorputzetik kanporatzeko dugu iraitz-aparatua (aparatu escretorea).

Prozesu hori zehatzago ulertzeko, eta aparatuak koordinatuta lan egiten dutela ikusteko, hiru fase aipatuko ditugu: elikagaien garraioa, zeluletako metabolismoa eta hondakinen kanporatzea.

Elikagaien garraioa

Mantenugaiak hesteetatik odolera pasatzen dira, eta odolak garraiatzen ditu gorputzeko zelula guztietara. Odolak, bestalde, arnas aparatuak biriketan jasotako oxigenoa ere garraiatzen du. Mantenugaiak odolaren plasman egoten dira eta oxigenoa, berriz, globulu gorrietan.

Zeluletako metabolismoa

Zirkulazio-aparatuaren bidez, odola gorputzeko zelula denetara era bakoitzera iristen da. Zelularen barnean mantenugaiek oxigenoarekin erreakzionatzen dute (mantenugaien zelula barneko errekuntza). Errekuntza horretan sortzen da zelulak lan egiteko beharrezko duen energia, baina hondakinak ere sortzen dira, bide batez. Erreakzioan sortutako hondakin horiek (urea, azido urikoa, karbono dioxidoa…) pilatzen direnean, toxikoak bihurtzen dira zelulentzat, eta zelulek kanporatu egin behar dituzte. Zeluletan gertatzen den aldaketa horri deitzen zaio zeluletako metabolismoa.

Hondakinen kanporatzea

Zeluletako metabolismoak hondakinak sortzen ditu, eta hondakin horiek odolera pasatzen dira. Hondakin horietako bat, karbono dioxidoa, odoleko globulu gorrietara pasatzen da, eta  zirkulazio-aparatuaren bidez, biriketara heldu. Arnasketan, odolak karbono dioxidoa kanporatu eta oxigenoa jasotzen du.

Zeluletan sortutako gainerako hondakinak, zirkulazio-aparatuaren bidez, giltzurrunetara heltzen dira, eta urarekin batera, gernua osatzen dute. Gernu hori ureterretatik kanporatu, maskurian pilatu eta kanpora isurtzen dugu pixa egiten dugunean.

Laburtuz, gure gorputzaren nutrizioa ez da elikatzea bakarrik, prozesua konplexuagoa da. Nutrizioan, jateaz gain, elikagaien garraioa, zelulen metabolismoa, han sortutako hondakinen kanporaketa eta gasen trukaketa ere gertatzen dira.

Zentzumenak zaintzeko aholkuak

Zentzumenen bidez inguruko informazioa jasotzen dugunez, zentzumenak kaltetzen dituzten bizi-ohiturak ekiditen ahalegindu behar gara. Jarraian gomendioetako batzuk dituzu:

Dastamena:  Janari oso hotzak edo oso beroak kaltetu dezakete dastamena. Arnasa ahotik hartzerakoan mingaina lehortzen da eta dastamenean eragin dezake. Alkoholak eta tabakoak dastamenaren gaitasuna gutxitzen dute, eta oro har, ahoa eta hortzen garbiketa sistematikoak dastamen osasuntsua mantentzen laguntzen du.

Entzumena: Entzumena kaltetzen duten hainbat ohitura aipatzen dute adituek:

  1. Belarriaren barruan ez sartu objekturik (giltzak, arkatzak…).
  2. Zarata handiko gune eta uneak ekidin (petardoak…).
  3. MP3, aurikularrak eta antzeko tresnak ahal den gutxien erabili, entzumen gaitasuna murrizten dute.
  4. Belarria garbitzeko itsas ura erabili. Ez sartu kotoia duen makila belarriaren barruan. Kanpoaldetik toalla muturrarekin garbitu.

Ikusmena:  Ikusmena osasuntsu izateko askotan garatzen ditugun hainbat ohitura ekidin beharko genituzke:

  1. Argitasun gutxirekin irakurri edota lanean aritu (miopia sortarazten du).
  2. Argitasun handitik babestu behar gara.
  3. Hizki oso txikiak dituzten liburuak ez irakurri denbora luzean.
  4. Irakurtzerakoan gutxienez 20 cm-tako tartea utzi.
  5. Ordenagailua edo antzeko tresnen aurrean denbora  asko ez igaro, ikusmena asko nekatzen du.
  6. Esku zikinekin ez ukitu begiak.

Ukimena: Ukimen osasuntsua izateko garbitasuna eta higieneko ohiturak erregularki mantentzea aholkatzen dute adituek.

Usaimena: Usaimena osasuntsu mantentzeko sudurrean objekturik ez sartu kaltegarria baita, hautsa, kea edota holako substantziak ekidin edota hauen aurrean sudurra babestu. Sudurra erregularki garbitzea (mukiak kendu…) garrantzitsua da usaimen ona izateko.

Entzumena

Entzumena da gure inguruko soinuak jasotzen dituen zentzumena.

Hotsak airean zehar belarriraino iristen dira eta, gero, belarriko zulotik tinpanoraino. Tinpanoa mintz bat da eta, hots-uhinek kolpatzen dutenean, bibratu egiten du. Bibrazio horrek belarri barruan dauden hiru hezurtxo (mailua, ingudea eta estriboa) mugitzen ditu. Hezur txiki horiek kokleara bidaltzen dituzte soinu-uhinak. Koklea nerbio batzuei lotuta dago eta nerbioek garunera bidaltzen dituzte seinaleak, garunak seinale horiek interpreta ditzan.

Ikusmena

Gizakiok ikusmena dugu zentzumenetatik garrantzitsuena. Berari esker bereiz ditzakegu gauzen kolorea eta itxura. Dena dela, guk ikusi ahal izateko behar-beharrezkoa da argia.

Argirik gabe ezinezkoa litzaiguke ikasturte honetan egin dugun bidaia miragarria egitea eta ikustea: unibertsoa, atmosfera, hidrosfera, litosfera, lurreko ekosistemak eta gizakia. Ikusi dugun guztia eguzkiaren argiari esker ikusi dugu.

Ikusmenaren organo nagusia begia da. Begiak baditu, gainera, bere hurbilean beste atal babesgarri batzuk: betazalak, bekainak, malko-guruinak, etab.

Begiaren azala edo pareta hiru geruzaz osaturik dago: esklerotika, koroidea eta betsarea (erretina).

Esklerotika. Kanpoaldeko geruza da, zuria eta gogorra, eta marruskaduren aurkako babesa ematen dio begiari.

Aurrealdetik gardena da, argiari pasatzen utzi ahal izateko, eta zati horri kornea deitzen zaio.

Koroidea. Begi-muina barrualdetik estaltzen duen mintz iluna da koroidea, eta begi-barnea ilun gordetzen du.

Koroidearen aurrealdea hainbat koloretakoa izaten da, pertsonen arabera. Irisa deitzen zaio mintz berezi horri. Irisaren erdigunean zulo bat dago, betsein edo begi-nini izenekoa.

Begi-nini hori beltza izan ohi da beti, hain zuzen argia pasatzen uzteko zuloa besterik ez delako. Begiaren barnealdea erabat beltza delako ikusten da beltza begi-ninia.

Betsarea edo erretina. Barne-barneko mintza da eta horixe bakarrik da argiarekiko sentikorra. Mintz horretan, betsarean, eratzen dira irudiak. Begi-nerbioarekin komunikatzen da betsarea, eta informazioa garunera bidaliz ikustea ahalbideratzen du.

Orain arte aipatutako hiru geruza horien barneko begi-globoaren barrunbea bi departamentutan zatiturik dago. Bata, kornearen eta irisaren artekoa, humore urtsua izeneko likidoz betea dago; bestea, betsarearen eta irisaren artekoa, humore beirakara izeneko likidoz betea.

Bi likidoen artean, juxtu begi-niniaren atzean, lente bikonbexu bat dago: kristalinoa.

Lente hori, kristalinoa, behar-beharrezkoa da, kristalinoan zehar pasatzen baitira betsareko zelulak inpresionatuko dituzten argi-izpiak.

Adina aurrera doan neurrian, askotan, kristalinoak gardentasuna galtzen du edo opaku bihurtzen da, halakoetan ikusmen-galtze bat gertatzen da, kataratak edo begi-lausoa izeneko gaixotasuna, alegia.

Usaimena

Usaimenaren bidez hainbat usain bereizten ditugu. Usainak bereizten dituzten zelula sentikorrak sudurzuloko usaimen mintzean (mintz pituitarioan) aurkitzen dira. Zelula horiek bidalitako kinada nerbiosoak sudur-nerbioen bidez garunera iristen dira.

Zentzumen hau oso garatuta dago zenbait animaliarengan, eta ez horrenbeste gizakiengan.

Usainen sailkapena egitea ez da gauza erraza. Honelako bat egin genezake: lurrintsuak edo atseginak, kiratsak edo usain txarrak eta usainak edo arruntak, ez txarrak ez gozoak.

Ukimena

Ukimenaren bidez gure inguruko gauzen forma, hotz-beroa eta bibrazioak jaso ditzakegu.

Azalak bi zati nagusi ditu: epidermisa edo kanpoaldea eta dermisa edo barnealdea. Azken atal hori da sentikorra dena. Hemen aurkitzen dira nerbioguneak eta hainbat organotxo kanpoko sentipenak jasotzeko. Ikusi hemen alboko marrazkia.

Ukimenaren sentikortasuna ez da berdina gorputz guztian. Alde sentikorrenak atzamar puntetan aurkitzen dira. Barneko organoetan ere baditugu sentipen-organotxoak, eta tendoi eta muskuluetan aurkitzen dira batik bat.

Dastamena

Dastamenaren bidez jaten ditugun janarien zaporeak bereizten ditugu. Janarien zaporeen sentipenak papilen bidez jasotzen ditugu, horiek kinada bihurtzen dituzte sentipenak, eta nerbioen bidez garunera bidali.

Kinada horiei erantzun ezberdinak eman ahal dizkie garunak, ahoko edo gorputzeko muskuluei esker. Honela, janari hori irents dezakegu, edo ahotik atera, gustukoa ez bazaigu.

Garunaren erabakia irenstea denean, digestioaren prozesuak aurrera dihardu, eta bai masailezurrek, bai mihiak eta bai faringeak, beren mugimenduekin, digestioko ahoko fasea osatzen laguntzen dute.

Papilak hainbat motatakoak izan daitezke beren izaera eta formen arabera. Mota bakoitzak zapore klase bat identifikatzen du (gozoa, garratza, mingotsa eta gazia).

 

Zentzumenak

Gizakiok mugitu eta mezuak jaso behar ditugu erlazionatzeko. Hezur, muskulu eta abarren laguntzaz mugitzen gara, eta kanpoko mezuak jasotzeko zentzumenak erabiltzen ditugu.

Zentzumenak arduratzen dira kanpotik jasotzen ditugun zirrarak (beroa, argia, kolorea…) kinada bihurtzen. Kinada horiek, nerbioen bidez, garunera bidaltzen dira eta garunak, muskulu eta hezurrei aginduak ematen dizkie zirrara horien aurrean egin beharreko mugimenduak egiteko (korrika, salto, eskua kendu, idatzi…). Horretarako zentzumen bakoitzak eginkizun bereziak ditu.

Gizakiok bost zentzumen ditugu: dastamena, ukimena, usaimena, entzumena eta ikusmena.

Perretxikoen pozoidurak

Noizbehinka perretxikoek eragindako pozoidura desberdinak gertatzen dira. Dena den, Euskal Herrian egun dagoen mikologi kultur maila  nahiko altua dela esan dezakegu, eta nahiz azken urte hauetan perretxikozaleen kopurua nabarmen handitu, pozoidurak ez direla ugaritu aipatu behar da.

Gai honen inguruan, aurreko mendean gertatutako egoerak gogora ekarri nahiko genituzke: 1936-39ko Gerra-Zibilaren ondoko “gose garaian” pozoidura asko gertatu ziren Euskal Herrian.

Bizkaian 1948. urtean heriotza ekarri zuten 16 pozoidura izan ziren. Katalunian esate baterako, 1972-1982 tartean izandako 51 kasutatik 5 hil egin ziren, hauetako 19 kasu Hiltzaile berdeak  (Amanita phalloides) espezieak eragin zituen, 4 heriotza sortuz. 1982-1986 tartean 190 pozoidura izan ziren, hauetariko  %38,5-a hiltzaile berdeak eragindakoak izan ziren, beste %5,8 inguruan lepiota txikiek eraginda Ondorio modura, lehenago aipaturiko 190 pozoidura horietatik 5 hil egin zirela aipatu behar da.

Rogen Hein frantsez adituaren datuen arabera, aurreko mendearen hasieran mundu zibilizatuan gertatzen ziren urteroko 1500 heriotzen erruduna A. phalloides izan zen. Giacomi doktoreak egindako ikerketa desberdinen datu batzuk azalduko ditugu: Frantziako hego-mendebaldean 1885. urtean 100 hildako urtero; oro har Frantzia osoan 1912ko abuztu eta irailean 100 hildako, 1924. urteko udazkenean 40 hildako, 1930. urtean 15 egunetan 153 hildako, 1942. urtean aste batean 42 hildako … Bornet-ek ere Suitzako datu batzuk plazaratu zituen:  1967-1976 tartean 1200 pozoidura izan ziren.

Benetan, garai hartako datuak izugarriak ziren eta gaur egun zorionez ez dela berdin gertatzen esan behar dugu.

Gaur egun, Euskal Herrian hiltzaile berdeak pozoitutako kasurik aurkitzea gutxietan gertatzen da, eta are eta arraroagoa hildakoren baten berririk izatea. Garai batean, perretxiko hilgarriak jaten zituztenetatik %80a hiltzen zen. Gaur egun, zientziaren aurrerapen, medikuen espezializazio eta gure ospìtaleen ekipamendu hobeei esker eria lehen sintomak agertzearekin batera ospitaleratzen bada, hiltzeko arriskua %5 eta %10 besterik ez litzateke.

Bi perretxiko hauek ez nahasteko inoiz ez errotik erauzi, beti azpitik labana sartuz moztu, perretxikoa oso-osorik ateraz, hiltzaile berdeak bolba eta eraztuna baititu eta gibelurdinak ez!

Perretxikoak biltzeko kontutan hartu behar diren neurriak:

  1. Perretxikoen ezaugarri nagusiak kontutan hartu behar dira (txapela, orriak, eraztuna eta bolba)
  2. Perretxikoak ez jaso inoiz zatika. Perretxiko osorik atera behar da.
  3. Perretxikoak ez bildu plastikozko poltsetan (puskatu eta nahasten dira…). Saski edo otarretan bildu.
  4. Zalantzaren aurrean inoiz ez jan perretxikorik. Zure herrian adituren batekin kontsultatu.
  5. Perretxikoak jan ondoren sintomarik edo nabaritzen baduzu (tripako mina…) sendagilerengana joan.